233. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

375E/2022 EBAZPENA, urriaren 26koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ofizioz berrikusten baita Tuterako udal mugartean dagoen hegazti hiltegi industrial baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra UVE SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ekainaren 15eko 324/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 276E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak txosten lotesle berri bat egin du Montes del Cierzo industrialdeko hondakin-uren isurketaren onargarritasunari buruz, eta baldintza berriak ezarri ditu, instalazio horren ingurumen baimen integratuan sartu behar direnak; izan ere, instalazioaren isurketa industrialde horretako euri-uren kolektorera husten baita.

Txosten lotesle horretan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak zenbait muga ezartzen ditu industrialdeko euri-uren kolektorearen efluenteak jabari publiko hidraulikora isuritako kargarako, eta horien artean honako hauek daude: emaria 1.050 m³ eguneko; solido esekiak 31 Kg eguneko; OEK, 81 Kg eguneko; OEB5, 16 Kg eguneko, fosforoa guztira, 1,5 Kg eguneko; olioak eta gantzak guztira, 12 Kg eguneko nitrogenoa guztira, 12,16 Kg eguneko; nitrogeno amoniakala, 2 Kg eguneko.

Instalazioaren ingurumen baimen bateratuak produktu amaituaren 5,5 m³/t-ko muga-balioa ezartzen du hondakin-uren araztegiaren efluenterako, bai eta kontzentrazio-balio batzuk ere parametro bakoitzerako (solido esekiak, OEB5, OEK, P guztira, olioak eta gantzak guztira), baina ez dute bermatzen instalazioko hondakin-uren araztegiaren efluenterako baimendutako isurketak posible egitea Ebroko Konfederazio Hidrografikoak industrialde osoko euri-uren kolektorearen efluenterako ezarritako emari- eta karga-balioak betetzea. Bestalde, ingurumen baimen integratu horretan muga-balio bat ezartzen da NTK parametroarentzat, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txosten lotesleak, berriz, nitrogeno amoniakalaren eta guztizko nitrogenoaren parametroak mugatzen ditu.

Horrenbestez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak euri-uren kolektorearen efluenteari ezarritako emariaren eta kargaren muga-balioak betetzen direla bermatzeko, eta %20ko erreserba mantenduz emariarentzat eta isuritako kargarentzat (solido esekiak, OEB5, OEK, P guztira, olioak eta gantzak guztira, nitrogeno amoniakala eta guztizko nitrogenoa), industrialdeko beste instalazio posible batzuei eslei dakiekeena, beharrezkoa da parametro horietarako isurketa-baldintzak egokitzea.

Kasu honetan, ondorioztatu da gertatzen direla Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26.4. artikuluaren e) letran aurreikusitako inguruabarrak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen lege hori), eta, horrenbestez, bidezkoa da ofizioz berrikustea ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak, bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatu eta Industriako Isurien Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16.5 artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin.

Hasierako ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon zen 15 egunez. Aurkeztutako alegazioen ondorioz, bigarren ebazpen proposamena prestatu zen, berriro ere titularrari entzuteko tramitean egon zena 15 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Ofizioz berrikustea Tuterako udal mugartean dagoen hegaztien hiltegi industrial baten ingurumen baimen integratua, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Instalazioaren titularra UVE SA da.

Bigarrena.–Eguneratzea hondakin urak udal kolektoreen sarera isurtzeko baimena, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, automatikoki berrituko da bost urtetik bost urtera.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea UVE SAri, Tuterako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 26an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2214360