232. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1056E/2022 EBAZPENA, urriaren 26koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Nafarroaren Eskualde Garapeneko Europako Funtsen 2021-2027 programaren ingurumen adierazpen estrategikoa formulatzen duena, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak sustatua.

Eskualde Garapeneko Europako Funtsa (EGEF) Europaren kohesio politikaren finantza tresna nagusietako bat da. Helburua Europako eskualdeen garapen mailen arteko diferentziak murrizten laguntzea eta eskualde zaurgarriagoetako bizi baldintzak hobetzea da. Funtsaren bitartez, inbertsioak estatuko edo eskualdeko berariazko programen bidez laguntzen dira, hala nola Eskualde Garapeneko Europako Funtsen programaren bidez.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak "Nafarroako 2021-2027 EGEF Programa" aurkeztu du Zuzendaritza Nagusi honetan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 24. eta 25. artikuluetan aurreikusitakoari jarraiki, aztertu eta gero ingurumen adierazpen estrategikoa egin dadin.

1. Ingurumen ebaluazio estrategikoaren tramitazioa.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak "Nafarroako 2021-2027 EGEF Programa" aurkeztu zuen Zuzendaritza Nagusi honetan 2022ko martxoaren 2an, Hasierako Dokumentu Estrategikoarekin eta ingurumen ebaluazio estrategiko arruntaren abiarazte eskabide batekin batera.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 19. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, kontsulten tramitea egin zaie ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei: ingurumen organoak 33 erakunderi egin die kontsulta eta, horietatik, Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoak erantzun du, nahiz eta ez duen oharrik egin. Kontsulten eta jasotako erantzunen laburpena I. eranskinean biltzen da.

2022ko maiatzaren 30ean irismeneko dokumentua eman zuen Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak. Ohar orokor gisa, adierazi zuen zenbait jarduketak azpiegiturak eraikitzea edo hobetzea ekartzen dutela, eta horiek orotariko ingurumen eraginak izaten ahal dituztela inguruneko osagaietan, hala nola biodibertsitatean, faunan, habitatetan edo paisaian. Hori gertatzen da, adibidez, energia berriztagarriak sustatzean (2.2 HE), uholdeetatik babesteko jardueretan (2.4 HEn sartutakoak), ur hornidurako azpiegiturak hobetzean eta berritzean (2.5 HEn sartutakoak), eta hondakinen tratamendua hobetzean (2.6 HEn sartutakoak). Jarduketa horietako bakoitzerako txostenak ohar partikularrak aipatzen ditu (ikus I. eranskina ere). Gainera, irismeneko dokumentuak adierazten du etorkizuneko ingurumen azterketa estrategikoak ahalegin nagusia alternatiben analisian, efektuen ebaluazioan, neurriak zehaztean eta segimendua egitean kontzentratu beharko duela. Azkenik, ingurumen zaintzako programak adierazle sistema bat jasoko du, programan ingurumen alderdiak integratzea baloratzen laguntzeko, bai gaur egun eta bai segimendu fasean.

2022ko uztailaren 15ean, organo substantiboak "Nafarroako 2021-2027 EGEF Programaren hasierako bertsioa" argitaratu zuen bere ingurumen azterketa estrategikoarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialeko iragarkiaren bidez (Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 141. zenbakia), jendaurreko informazioaren tramitea abian jartzeko, berrogeita bost egun baliodunez, ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluarekin bat. Era berean, Nafarroako Gobernuaren webgune instituzionalean ezagutarazi zen (Nafarroako Gobernu irekia):

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/partaidetza/prozesuak/nafarroako-2021-2027-feder-programaren-ingurumen-ebaluazio-estrategikoa

Jendaurreko informazioaren aldian Azkoiengo Udalaren eta Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoaren ekarpenak jaso dira, eta adierazten dute ez dutela oharrik egiten prozeduraren fase honetan. Azkoiengo Udalaren idatzia kontuan hartu da, EGEF programa hiri barneko uholdeei aurre egiteko etorkizuneko defentsa proiektuak jasotzera irekita dagoelako. Halaber, ingurumen helburu horietan laguntzeko ezarritako puntuazioa argitzen da. Jendaurreko informazioaren fasean jasotako erantzunen laburpena II. eranskinean biltzen da.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak "Nafarroako 2021-2027 EGEF Programa" aurkeztu zuen (2022/06/13ko bertsioa) Zuzendaritza Nagusi honetan 2022ko irailaren 22an, ingurumen azterketa estrategikoarekin eta ondorengo ingurumen adierazpen estrategikoarekin batera.

2. Nafarroako 2021-2017 EGEF programaren edukia.

EGEF programak garapen jasangarria du helburu, lurralde estrategietan eta Europar Batasunaren sustapenean oinarrituta, erronka ekonomikoei, ingurumenekoei, klimatikoei, demografikoei eta sozialei aurre egiteko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko (EB) 2021/1058 Erregelamenduan, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari eta Kohesio Funtsari buruzkoan, deskribatzen den bezala.

Nafarroako 2021-2027 EGEF programak honako helburu politiko (HP) hauek jasotzen ditu (lehen aipatutako EE Erregelamenduaren 5. artikuluan definituta):

1. HP: Europa lehiakor eta adimentsuagoa, eraldaketa ekonomiko berritzaileagoa eta adimentsuagoa sustatuz, baita eskualdeetatik informazioaren eta komunikazioaren teknologietarako konektibitatea ere.

2. HP: Europa berdeagoa, karbonotan baxua, karbono emisio garbirik gabeko ekonomia erresiliente bateranzko trantsizioan, energia trantsizio garbia eta bidezkoa sustatzen duena, baita inbertsio berdea eta urdina, ekonomia zirkularra, klima aldaketa arintzea eta horretara egokitzea ere, arriskuen prebentzioa eta kudeaketa eta hiri mugikortasun jasangarria sustatuta betiere.

Jarraian hautatu diren Helburu Espezifikoak (HE) eta bakoitzaren barruan aurreikusitako jarduera ildoak aurkezten dira:

Trantsizio digital eta adimentsua (1. HE):

1.1. HE Ikerketa eta berrikuntza ahalmenak garatu eta hobetzea, eta teknologia aurreratuak erabiltzea:

–I+G+b proiektuak garatzeko enpresentzako laguntzak.

–Berrikuntza sustatzea erosketa publiko berritzailearen bitartez.

–Zero emisioko ibilgailuak garatzean zentratutako I+G+b proiektuak.

1.2. HE Digitalizazioak herritarrentzat, enpresentzat, ikerketa erakundeentzat eta administrazio publikoentzat dituen abantailak aprobetxatzea:

–Zerbitzu eta administrazio publikoen digitalizazioa eta modernizazio teknologikoa.

Trantsizio berdea (2. HE):

2.1. HE Efizientzia energetikoa sustatzea eta berotegi efektuko gasen emisioak murriztea:

–Eraikinetan eta azpiegitura publikoetan efizientzia energetikoa hobetzea.

–Etxebizitzen efizientzia energetikoa hobetzen laguntzea.

2.2. HE Energia berriztagarriak sustatzea, 2018/2001 (EB) Zuzentarauarekin bat:

–Autokontsumoko energia berriztagarriak ezartzea sustatzeko laguntzak.

2.4. HE Klima aldaketara moldatzea, hondamendi arriskuaren prebentzioa eta erresilientzia sustatzea, ekosistemetan oinarritutako ikuspegiak aintzat hartuta:

–Uholdeen aurrean prestatzeko, babesteko eta erantzuteko jarduketak. Uraldien prebentzioarekin zerikusia duten ekintzak proposatzen dira (meandroak kentzea, motak eraikitzea eta abar), uholde arrisku handiko eremuetan larrialdi planak garatzea, besteak beste: negozioak babesteko uhateak jartzea, ibilguen hiri drainatzeetarako klapetak jartzea...; eta uholdeen aurkako babes sistemak instalatzea. Honako hauek daude garatu nahi diren jardueren artean: uholdeen aurkako Faltzesko babesa, uholde arrisku handiko eremuetako jarduketak, Caparrosoko hirigunean dagoen Salado sakaneko uraldi eta uholdeen aurkako babesa, eta Ebro Resilience Estrategiaren baitako jardueren jarraipena (ez direnak izen bereko LIFE proiektuan sartu).

2.7. HE Naturaren, biodibertsitatearen eta azpiegitura berdeen babesa eta kontserbazioa sustatzea (baita hiriguneetan ere), eta kutsadura mota oro murriztea:

–Espazio degradatuak berreskuratzea eta leheneratzea: programak adierazten duen bezala, ekintza honen bidez, erauzketa jarduera zaharren bitartez degradatutako espazioak leheneratuko dira, "agregakin birziklatua eta hondakin geldoak erabiliz". Gainera, ur iragaziek ingurunea hondatu duten lixibiatuen hondakindegiak babesteari loturiko ekintzak egitea aintzatesten da.

3. Ingurumen azterlan estrategikoa

Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen azterketa estrategikoak hiru alternatiba planteatzen ditu Nafarroako 2021-2027 EGEF programarako. Hori aztertu ondotik, hasiera batean 0 alternatiba alde batera uzten da, hots, programa ez gauzatzea; izan ere, eskualdeari esleitutako baliabideak galtzea ekarriko luke eta garapena motelduko luke, ez bailirateke eginen Nafarroaren erronka eta behar sozioekonomiko eta ingurumenezkoei erantzutea ahalbidetzen duten jarduketak. Azkenik, 2. alternatiba aukeratzen da, ekarpen handiagoa egiten ahal den helburuetan baliabideak banatzeak zenbait abantaila baititu 1. alternatibarekin alderatuta. Azken horrek, helburu ugaritan jarduketak egitea planteatzen du, baina aldaketa esanguratsuak egiteko gaitasun txikiagoarekin.

Ingurumen azterketak, oro har, jotzen du programaren jarduketek ingurumenari onurak ekartzen dizkiotela, baita klima aldaketa arintzen dela eta horretara moldatzen laguntzen dela ere. Ekarpena handia edo oso handia da "efizientzia energetikoa sustatzea eta berotegi efektuko gasen emisioak murriztea" (2.1. HE) helburuan, "energia berriztagarriak ezartzea" (2.2. HE) helburuan eta uholdeen aurkako ekintzan (2.4. HE), zein "espazio degradatuak berreskuratzea eta leheneratzea" (2.7. HE) helburuan.

Hala ere, bi jarduera aipatzen dira, zehazki, energia berriztagarriak ezartzea (2.2. HE) eta uholdeen aurkako jarduketak (2.4. HE). Horiek, bestalde, "ingurumen eragin negatiboak sortzen ahal dituzte, lurraldean elementu berriak ezartzearen ondorioz, hala nola: lurzoruaren degradazioa, ekosistemen degradazioa, paisaiaren kalitatearen kalterako izatea edo biodibertsitatea kaltetzea, besteak beste".

Programazioaren fasean zenbait ingurumen eragin aurreikustea oso zaila denez, jarduketen definizio orokorraren ondorioz, ingurumen azterketa estrategikora ekarri da Nafarroako 2021-2027 EGEF programaren garapenaren ondorengo faseetan egin beharreko jarduketen hautagarritasunean eragina izaten ahal duten neurrien definizioa, jarduketak jasangarritasuneko eta ingurumena babesteko irizpideen arabera garatuko direla ziurtatzeko.

Nafarroako 2021-2027 EGEF programak klima eta ingurumen helburuak lortzeko orduan duen eragina ezagutzeko eta neurtzeko, haren eboluzioa ebaluatuko da, sustatzaileak ekartzen duen ingurumen adierazleetan oinarritutako segimendu sistema baten bitartez.

4. Ingurumen Ebaluazio Estrategikoa.

Programan jasotako ekintzak ebaluatu egin behar dira, ikusteko ea betetzen duten Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzko 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarritako printzipioa, klima eta ingurumen helburuei kalte nabarmenik ez eragitekoa (DNSH, ingelesezko siglak). Zehazki, jarraian zerrendatzen diren sei klima eta ingurumen helburuak dira: a) klima aldaketa arintzea; b) klima aldaketara moldatzea; c) ur eta itsas baliabideak modu jasangarrian erabili eta babestea; d) ekonomia zirkularra; e) kutsaduraren prebentzioa eta kontrola; eta f) biodibertsitatea eta ekosistemak babestea eta lehengoratzea.

Ildo horretan, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, behin Nafarroako 2021-2027 EGEF programa berrikusi ondotik, jakinarazi du programaren ekintza diruz lagungarriek ez dutela kalte nabarmenik eragiten goian aipatutako sei helburuetako bakar batean ere.

Espediente osoa aztertu ondotik, eta jendaurreko tramitean jarri izanaren emaitza analizatuta, jakinarazten da ingurumen azterketa estrategiko arrunta osorik egin dela, eta Nafarroako 2021-2027 EGEF programaren aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa ematea proposatzen da, ondorioztatu delako ez dela aurkako eragin esanguratsurik sortuko, betiere, harekin batera aurkezten den ingurumen azterketa estrategikoan jasotako prebentzioko eta eraginen zuzenketako neurriak betetzeaz gainera, ebazpen honetan jasotzen direnak ere betetzen badira.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskumenak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen adierazpen estrategikoa egiten da Nafarroako 2021-2027 EGEF programari buruz, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak sustatuta.

2. Plana garatu beharko da ingurumen azterketa estrategikoan dauden ingurumena babesteko irizpideei jarraituta eta hartan ezarritako neurri zuzentzaile guztiak aplikatuta. Gainera, honako neurri hauek beteko dira:

–Energia berriztagarriak sustatzeko laguntzak (2.2. Helburu Espezifikoan jasoak) autokontsumorako izanen dira, programak adierazten duen moduan. Ildo horretan, lehentasuna emanen zaie hiri eta industria lurzoruko eta eraikin edo azpiegituretako estalkietako instalazio fotovoltaikoei, landa eremuko landa lurzoruaren okupazioa eta paisaiaren gaineko eragina saihestuz.

–Uholdeen aurrean prestatzeko, babesteko eta erantzuteko jarduketetan (2.4. HEan jasotzen dira), programan adierazten denez: "naturan oinarritutako soluzioak barne hartzen dituztenak lehenetsiko dira" (hala nola Ebro Resilience proiektuaren esparruan azaldutakoak). Bereziki saihestu behar da Helburu Espezifiko horrek biodibertsitatearen babesaren eta leheneratzearen gainean kalterik eragitea (bereziki, urertzeko landarediaren eta habitaten gainean).

–Antzinako erauzketa jarduerek degradatutako espazioak leheneratzean (2.7. Helburu Espezifikoan jasoa), hondeatutako material naturalak (hondaketa lurrak) erabiltzen dituzten jarduketak lehenetsiko dira, agregakin birziklatuak edo bestelako hondakin geldoak erabili ordez. Azken erabilera hori testimoniala izanen da (esperimentala) eta, laguntza edo finantzaketa eman aurretik, Hondakinen Atalak zehaztu beharko ditu material horiek antzinako erauzketa jarduerak lehengoratzeko erabiltzeko baldintza teknikoak.

3. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak, organo substantiboa izaki, programa aplikatzean edo gauzatzean ingurumenean gertatzen diren efektuen segimendua egin beharko du, aurreikusi gabeko aurkako efektuak identifikatzeko eta programan aurreikusitako neurriak gauzatu ahal izateko, efektu horiek saihesteko edo murrizteko.

EGEF programaren ingurumen zaintza eta segimenduko sistematik lortzen diren emaitzak egiaztatu egin behar dira programaren tarteko eta azken ebaluazioetan, eta Urteko exekuzio txostenetan islatu beharko dira.

Txosten horiek jendearen eskura egonen dira Garapen Ekonomikorako eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko Departamentuetan, baita Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian ere.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea, baita Hondakinen Atalari ere, dagozkien ondorioetarako.

Iruñean, 2022ko urriaren 26an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egitea, eta irismeneko dokumentua prestatzea

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 19. artikuluan aurreikusitako tramite horretan, kontsulta egin zaie erakunde eta pertsona hauei:

–Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia.

–Basoak Kudeatzeko Atala. Basoen eta Ehizaren Zerbitzua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

–Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala. Basoen eta Ehizaren Zerbitzua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

–Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala. Biodibertsitatearen Zerbitzua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

–Ibai Ingurunearen Atala. Biodibertsitatearen Zerbitzua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

–Klima Aldaketaren Atala. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

–Hondakinen Atala. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

–Nekazaritzako azpiegituren zerbitzua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

–Lurralde Antolamenduaren Atala. Lurralde eta Paisaia Zerbitzua.

–Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia. Lurralde Kohesiorako Departamentua.

–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua. Garapen Ekonomikorako Departamentua.

–Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusia.

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

–Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoa.

–Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa.

–Ekologistak Martxan Iruñea-Ecologistas en Acción.

–Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa.

–Lurra, Lurraren Defentsaren Aldeko Elkartea.

–Nafarroako Ehiza Federazioa.

–Adecana, Nafarroako Ehiztarien Elkartea.

–UAGN (Nafarroako Nekazarien eta Abeltzainen Batasuna).

–EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna).

–Irache, Nafarroako Kontsumitzaile Elkartea.

–Nafarroako Mendi Federazioa.

–Nafarroako Arrantza Federazioa.

–Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa.

–Eder Partzuergoa.

–Nafarroako Erdialdeko tokiko ekintza taldea.

–Teder elkartea.

–Cederna-Garalur.

–Bidasoko Zerbitzuen Zentroa.

–Sakanako Zerbitzuen Zentroa.

–Pirinioetako Interpretazio Zentroa.

Kontsulta egin zaien 33 erakundeetatik, honako erantzun hauek jaso dira:

Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoa: Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoak, bidalitako dokumentazioa aztertu ondotik eta soilik bere eskumenak proiektatzen dituen lurralde esparrua kontuan hartuta, ingurumen organoak erreferentziako programari buruz duen erabakiari laguntze aldera, ez du horren inguruko oharrik egin prozeduraren fase honetan.

Biodibertsitatearen Zerbitzua (irismeneko txostena, 2022ko maiatzaren 30a): ohar orokorrez gainera, txostenak zenbait alderdi zehatz aurkezten ditu, ingurumen azterketa estrategikoan edo programan jaso daitezen:

–2.2. HE "Energia berriztagarriak sustatzea":

Programak saihestu egin behar du ereiten ahal diren lurzoru azalera handiak okupatzea, baita lurzoruan, landaredi naturalean, habitatetan eta paisaian eraginak izatea ere, hori guztia landa lurzoruan instalazio fotovoltaiko handiak ezartzearen ondorioz. Iradokitzen da instalazio fotovoltaikoak ezartzeko laguntzek lehentasuna eman behar diotela eraikin eta eraikuntzen estalki gaineko instalazioei, hau da, hiri edo industria lurzoruan eta kontsumo guneetatik hurbil kokatzeari.

–2.4. HE "Klima aldaketara moldatzea, hondamendi arriskuaren prebentzioa eta erresilientzia sustatzea":

Uholdeei aurre egiteko prestaketa, babes eta erantzun jarduketetan, oso justifikatuta dauden hiri zatietan izan ezik, bioingeniaritzako teknikak erabiliko dira. Ahal dela, ibilgu irekiak diseinatuko dituzte, ibaiertzetan landare jarraitutasuna izanen dute eta, ahal bada, ibai lurraldea handitu eginen dute.

–2.7. HE "Naturaren, biodibertsitatearen eta azpiegitura berdeen babesa eta kontserbazioa sustatzea, eta kutsadura mota oro murriztea":

Nafarroako EGEF programako 2.7. HEko jarduketak soilik antzinako erauzketa jardueren ondorioz degradatutako espazioak berreskuratzean eta lehengoratzean zentratzen dira. Horren harira, honako hau adierazten da:

Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planak (6.3.3.6. apartatua) meatzeak betetzeko eta lehengoratzeko agregakin birziklatua erabiltzeko aukera jasotzen du, baina birziklatzearen neurri osagarri gisa (azken horrek izan behar du fluxuaren zati handiena, ekonomia zirkularraren ikuspegitik). Nolanahi ere, programan zehaztu egin behar dira antzinako erauzketa jarduerak lehengoratzeko halako materialak erabiltzeko baldintza teknikoak.

Programan Nafarroako Azpiegitura Berdea garatu eta sendotzeko jarduketaren bat ere sartzea eskatzen da, bereziki Natura 2000 Sareko korridore ekologikoak.

II. ERANSKINA

Alegazioen laburpena

Azkoiengo Udala:

Adierazten dute Eraisketa eta Eraikuntza Hondakinei buruzko I. eranskineko esku-hartze esparruetan, 1 puntu eta 2 puntu ezartzen direla ingurumen helburuei % 40ko ekarpena egitean. Jotzen dute 2 puntuko balorazioan % 100eko ekarpena egin behar zaiela ingurumen helburuei.

Bestalde, hiriguneak uholdeetatik babesteko proiektuetan, Faltzesen (mota bat) eta Caparroson (Salado sakana) agertzen dira jarduketak, eta galdetzen dute zergatik dauden bi kasu horiek bakarrik.

Erantzuna:

Ingurumen azterketa estrategikoko eraginei buruzko apartatuan ingurumen helburuei laguntzeko ezarritako puntuazioari dagokionez, adierazten denez, % 40ko ekarpena 1 puntu da, eta % 100ekoa, berriz, 2 puntu.

Hiriguneak uholdeetatik babesteko proiektuei dagokienez, aipatutako udalerriak bat datoz proiektuak egiteko beharra identifikatu den udalerriekin, baina horrek ez du esan nahi beste udalerri batzuetan identifikatzen ahal diren proiektuak baztertzen direnik.

Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa.

Bidalitako dokumentazioa aztertu ondotik, Ingurumen Organoak ingurumen adierazpen estrategikoa eman dezan laguntze aldera, arro erakunde honek ez du oharrik egin prozeduraren fase honetan.

Iragarkiaren kodea: F2214361