232. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLAIBAR

Ordenantza, Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duena.
Behin betiko onespena

Olaibarko Udalak, 2022ko ekainaren 29an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Olaibarko trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2022ko 199. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 6an.

Hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, eta inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, ordenantzaren aldaketaren onespena behin betikotzat jotzen da, eta haren testu osoa iragarki honen bidez argitaratzen da, beharrezkoak diren ondorioetarako.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen harik eta haien testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu arte eta behar den epea amaitzen den arte, Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak erabil dezaten beren ahalmena toki-erakundeei eskatzeko deusezta ditzatela egin dituzten egintzak edo hartutako erabakiak (6/1990 Foru Legea, Toki Administrazioari buruzkoa).

Olaibarren, 2022ko azaroaren 10ean.–Alkatea, María Carmen Lizoain Osinaga.

OLAIBARKO UDALAREN ORDENANTZA FISKALA, TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua.

Ordainarazpen hau ezarri da martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko V. kapituluko 159.etik 166.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren babesean (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Ezaugarriak eta zerga-egitatea

2. artikulua.

1. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga da zuzeneko tributu bat, karga ezartzen diena horrelako ibilgailuen titularrei, ibilgailuok bide publikoetan ibiltzeko gai badira, edozein izanik ere mota eta kategoria.

2. Zirkulatzeko gai den ibilgailutzat hartzen da egoki den erregistro publikoetan matrikulatutakoa, horietan baja ematen ez zaion bitartean. Zerga honen ondorioetarako, zirkulatzeko gai diren ibilgailutzat hartuko dira, orobat, aldi baterako baimenak eta matrikula turistikoa dituztenak.

3. Ibilgailuek ez dute zerga hau izanen baldin erregistroetan baja eman bazaie modeloa zaharregia izateagatik, nahiz eta baimena izan salbuespenez zirkulatzeko, erakustaldietarako, lehiaketetarako edo horrelako ibilgailuetara mugatutako lasterketetarako.

Salbuespenak

3. artikulua.

1. Honako hauek daude zerga honetatik salbuetsiak:

a) Nafarroako Foru Komunitatearen, Estatuaren eta toki-erakundeen ibilgailu ofizialak.

b) Bulego kontsularren eta Espainian akreditazioa duten karrerako funtzionario kontsularren ibilgailuak, baldin horiek beren herrialdeetako herritarrak badira, eta, orobat, baldin kanpotik identifikaturik badaude eta elkarrekikotasunik bada hedaduran eta graduan.

Era berean, Espainian egoitza edo bulegoa duten nazioarteko erakundeen ibilgailuak, bai eta haietako funtzionarioen edo estatutu diplomatikoa duten kideenak ere.

c) Anbulantziak eta osasun laguntza emateko zuzenean erabiltzen diren gainerako ibilgailuak, Espainiako Gurutze Gorriarenak eta DYA Elkartearenak direnak.

c’) Desgaitasuna duten pertsonak eramateko ibilgailuak, irabazi-asmorik gabeko erakundeen izenean matrikulatutakoak.

d) Bereziki egokitutako ibilgailuen titularrak. Salbuetsirik egonen dira, halaber, %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenen izenean matrikulatutako ibilgailuak baldin, desgaitasunaz gain, ezaugarri hauetakoren bat badute:

1. Mugikortasun murriztua izatea, bat etorriz abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinarekin. Errege-dekretu horrek hizpide du desgaitasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedura.

2. Defizit kognitiboa, intelektuala edo nahasmendu mentala izatea.

3. Begirik hoberenean ikusmen-zolitasuna 0,1 edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

4. Adingabea izatea.

Muga hauek izanen ditu zerga-salbuespenak: gehienez 12 zaldi fiskal dituzten ibilgailuak, eta ibilgailu bat pertsonako.

e) Garraio publikoari atxikitako hiri barneko autobusak, baldin kontzesio administratiboaren araubidea badute eta araubide hori onartu badie zerga ezartzen duen udalak berak edo, zerbitzu hori zenbaiten artean ematen denean, araubide hori onartu badie udala kide den toki-erakunde batek.

f) Nekazaritzako inskripzio txartela duten traktoreak, atoiak, erdi-atoiak eta makinak.

2. Baliatu ahal izateko artikulu honen 1. apartatuko d) eta f) letretan aipatzen diren salbuespenak, interesdunek eskatu egin beharko dute, adieraziz ibilgailuaren ezaugarriak, matrikula eta onura izateko arrazoia. Toki-erakundeak salbuespena deklaratu ondoren, hala dela frogatzen duen agiri bat eginen da.

3. d) apartatuan aurreikusitakoaren ondorioetarako, interesdunek aurkeztu beharko dituzte, eskabidearekin batera (hartan adieraziko da zerga-salbuespenerako ibilgailuaren matrikula), honako agiri hauek:

–Nortasun agiriaren fotokopia: NANa edo AIZa.

–Desgaitasun mailaren ziurtagiria, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emana.

Subjektu pasiboak

4. artikulua.

Zergaren subjektu pasiboak honako hauek dira: pertsona fisiko nahiz juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak eta bestelako erakundeak baldin, nortasun juridikorik izan gabe, unitate ekonomikoa edo ondare banandua badira eta zirkulazio baimenean haien izenean agertzen bada ibilgailua.

Kuota

5. artikulua.

1. Urtero indarrean den tarifen koadroarekin bat eskatuko da zerga.

2. Udalak honako hobari hauek ezartzen ditu zerga-kuotan:

a) %50eko hobaria ECO ibilgailuendako.

b) Zergaren %100eko hobaria, matrikularen 1. urtetik 5.era bitarte, eta %50ekoa, 6. urtetik aurrera, hori barne, 0 isurpeneko ibilgailuendako.

3. a) "ECO ibilgailuak" dira:

Turismoak eta merkataritzako ibilgailu arinak, Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu entxufagarriak, ibilgailu hibrido ez-entxufagarriak (HEV), gas natural konprimatuz higiarazitako ibilgailuak (GNC) edo petrolio-gas likidotuz higiarazitakoak (GLP). Betiere, parametro hauek ere bete beharko dituzte: gasolina erregaia duten ibilgailuak, EURO 4/IV, 5/N edo 6/VI emisio-mailakoak, edo diesel erregaia, EURO 6N1 emisio-mailakoa.

8 eserlekutik gorako ibilgailuak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuak, Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu entxufagarriak, hibrido ez-entxufagarriak (HEV), gas natural konprimatuz higiarazitako ibilgailuak (GNC), gas natural likidotuz (GNL) edo petrolio-gas likidotuz higiarazitakoak (GLP). Betiere, ibilgailuen emisio-maila EURO 6/NI izatea ere bete beharko dute, erregai-mota edozein izanda ere.

Ibilgailu arinak (L kategoria), Ibilgailuen Erregistroan 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu hibrido entxufagarri (PHEV) gisa sailkatuta daudenak, edo entxufagarriak ez diren ibilgailu hibridoak (HEV).

Edo Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak halakotzat sailkatutako beste batzuk.

b) "Zero isurpeneko ibilgailuak" dira: ziklomotorrak, trizikloak, kuatrizikloak eta motozikletak; turismoak; furgoneta arinak, 8 eserlekutik gorako ibilgailuak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: bateriako ibilgailu elektrikoak (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoa (REEV), 40 kilometroko gutxieneko autonomia duten ibilgailu elektriko hibrido entxufagarria (PHEV) nahiz erregai-pilako ibilgailuak, bai eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak halakotzat sailkatutako beste batzuk ere.

4. Hobari horiek lortzeko, ibilgailuen titularrek udalerri honetan egon beharko dute erroldaturik, eta hobaria eskatu egin beharko dute, adieraziz ibilgailuaren ezaugarriak, matrikula eta onuraren zergatia, eta frogatu beharko dute adierazitakoa egia dela, frogagiriak aurkeztuta.

5. Hobaria jasotzeko, Udalak aldez aurretik onartu egin beharko ditu, eta ondorioak izanen ditu eskaera egin eta hurrengo zergaldian. Nolanahi ere, matrikulazio berriko ibilgailuek 2 hilabeteko epea izanen dute, Trafiko Burutzan alta hartzen dutenetik, hobaria eskatzeko, urte horretan bertan ondorioak izateko.

6. Gainera, hobaria jasotzeko baldintza izanen da egunean egotea zergaren ordainketan; halaxe eskatuko da hobaria onartzeko, eta, betetzen ez bada, hobaria galdu eginen da.

Zergaldia eta sortzapena

6. artikulua.

1. Zergaldia, oro har, bat etorriko da urte naturalarekin. Ibilgailuak lehen aldiz erosten direnean, erosketarekin batera hasiko da aldi hori.

2. Zergaldiaren lehen egunean sortuko da zerga.

3. Hiruhileko naturalen arabera hainbanatuko da zerga-kuota, lehen erosketaren kasuan edo ibilgailuari behin betiko baja ematen zaionean.

4. Transferentzia egiten bada, edo helbide aldaketarik bada eta horrek eraginik badu tributazioan, kuota ezin izanen da murriztu, eta zerga ordaintzera behartuta dagoena izanen da urtarrilaren 1ean ibilgailuaren zirkulazio-baimenean agertzen den titularra, eta, lehen erosketako kasuetan, erosketa egiten den egunean zirkulazio-baimenean agertzen den titularra.

Kudeaketa

7. artikulua.

Olaibarko Udalari dagozkio kudeaketa, likidazioa, ikuskapena eta diru-bilketa, bai eta tributu-kudeaketan izandako egintzak berrikustea ere, baldin ibilgailuaren zirkulazio-baimenean ageri den helbidea Olaibarko udal-mugartean badago.

8. artikulua.

1. Autolikidazio araubidean kudeatuko da zerga hau, ibilgailuek tributuan alta ematen dutenean matrikulatzearen eta birgaitzearen ondorioz, ibilgailuak baja ematen duenean, aldi baterakoa nahiz behin betikoa, Probintziako Trafiko Burutzaren Erregistroan, edo zergaren ordainketa frogatu behar denean, baldin Udalak ez badu oraindik likidatu.

2. Zerga ordainduko da autolikidazioa aurkezten denean edo zenbatekoa sartuz Udalak baimendutako finantza-erakundeetan.

3. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga ordaindu izanaren frogagiria, edo hura ordaintzetik salbuetsia egotearena, Probintziako Trafiko Burutzan aurkeztu beharko dute ibilgailua matrikulatu, birgaitu edo transferitu nahi dutenek.

4. Autolikidazioa behin-behinekoa izanen da, harik eta Udal-administrazioak egiaztatzen duen arte behar bezala egin dela, zergaren araudiak egoki aplikatuta.

9. artikulua.

1. Ibilgailua jada matrikulaturik badago edo zirkulaziorako gai deklaratua aurreko ekitaldietan, ordainagiria emanez kobratuko dira kuotak, oinarri harturik urteroko errolda edo matrikula bat, non agertuko baitira zergari lotutako ibilgailu guztiak; horiek, hain zuzen, bat etorriko dira, behar den erregistro publikoan, Olaibarko udal-mugartean egoitza duten pertsonen edo erakundeen izenean inskribatutako ibilgailuekin.

2. Ordainagiriak ordainduko dira Udalak baimendutako finantza-erakundeetan.

10. artikulua.

1. Ibilgailuari behin betiko baja ematen zaionean, edo behin-behineko likidazioan gehiegi ordaindu denean, subjektu pasiboaren aldeko kuota proportzionalak subjektu pasiboei itzuliko zaizkie, ibilgailuaren behin betiko bajaren eta matrikulazioaren frogagiriak aurkezten dituenean.

2. Orobat, behar den erregistro publikoan ibilgailuari aldi baterako baja ematen bazaio, ebasketagatik, galtzeagatik edo borondatezko bajagatik, halakoetan ere kuota hainbanatu eginen da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan zehazki arautzen ez den orotan, aplikatuko dira martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea) eta Udalak onetsitako ordenantza fiskal orokorra.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean jarraituko du harik eta berariaz indargabetzen edo aldatzen den arte.

Iragarkiaren kodea: L2215116