232. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLAIBAR

Ordenantza fiskala, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Olaibarko Udalak, 2022ko ekainaren 29an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Olaibarko Udalaren Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2022ko 199. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 6an.

Hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, eta inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, ordenantzaren aldaketaren onespena behin betikotzat jotzen da, eta haren testu osoa iragarki honen bidez argitaratzen da, beharrezkoak diren ondorioetarako.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen harik eta haien testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu arte eta behar den epea amaitzen den arte, Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak erabil dezaten beren ahalmena toki-erakundeei eskatzeko deusezta ditzatela egin dituzten egintzak edo hartutako erabakiak (6/1990 Foru Legea, Toki Administrazioari buruzkoa).

Olaibarren, 2022ko azaroaren 10ean.–Alkatea, María Carmen Lizoain Osinaga.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA ERAIKUNTZA,
INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGA OLAIBARKO UDALEAN

1. artikulua.

Ordainarazpen hau ezarri da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko IV. kapitulua, 167. artikulutik 171. artikulura bitartekoak, biak barne (foru lege horrek Nafarroako Toki Ogasunak ditu hizpide).

Ezaugarriak eta zerga-egitatea

2. artikulua.

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga zeharkako tributua da, eta udal-mugarteko edozein eraikuntza, instalazio edo obra egiteak sortzen du haren zergapeko egitatea, horretarako nahitaezko baldintza bada obra- edo hirigintza-lizentzia edukitzea –lizentzia hori lortua izanik nahiz izan gabe– edota aurkeztea erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa; betiere, zerga ezartzen duen udalari badagokio lizentzia ematea, hura emateko txostena egitea –Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluan xedatutakoaren arabera–, edo kontrol-jarduera gauzatzea.

Salbuespenak

3. artikulua.

Zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da baldin eta horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomia erkidegoak, edo Nafarroako toki-erakundeak, eta baldin, zergapekoak izanik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepide, burdinbide, aireportu, lan hidrauliko, hiri saneamendu edo haien hondakin uren saneamendurako, nahiz eta erakunde autonomoek kudeatu, dela eraikuntza berriko lana, dela kontserbaziokoa.

Halaber, eraikuntza, instalazioa edo obra egitea zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da baldin eta etxebizitzen jabeak badira Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua edo Nafarroako toki-erakundeak, eta baldin eta, irabazi asmorik gabeko entitateei lagata egonik, arazo ekonomikoak dituzten pertsonei laguntzeko badira.

4. artikulua.

1. Zerga honen subjektu pasiboak hauek dira, zergadun gisa: pertsona fisikoak, pertsona juridikoak eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren entitateak, baldin eraikuntza, instalazio edo obraren jabe badira, hura egiten den higiezinaren jabe izan zein ez.

Aurreko paragrafoan aurreikusi ondorioetarako, eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren jabetzat hartuko da bere gain hartzen dituena haiek egitearen ondoriozko gastuak edo kostua.

2. Eraikuntza, instalazioa edo obra ez badu egiten subjektu pasibo zergadunak, zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat joko dira kasuko lizentziak eskatzen dituztenak, kasuko erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak aurkezten dituztenak, edo eraikuntzak, instalazioak edo obrak egiten dituztenak.

Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako tributu-kuotaren zenbatekoa.

Zerga-oinarria, kuota eta sortzapena

5. artikulua.

1. Zerga-oinarria da eraikuntza, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoa, eta halakotzat hartzen da, ondorio hauetarako, haren gauzatze materialari dagokiona, barnean hartuta proiektuan diren elementu guztiak, baldin berezitasun edo nortasun propiorik ez badute lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren xede den eraikuntza, instalazio edo obrarekiko. Zerga-oinarriaren zati ez dira ez balio erantsia, ez araubide bereziko antzeko zergak, tasak, prezio publikoak, ez tokiko izaera publikoko ondareko gainerako prestazioak, baldin horiek eraikuntza, instalazio edo obra alorrekoak badira, ez eta profesionalen ordainsaria, kontratistaren enpresa-mozkina edo beste edozein kontzeptu, baldin ez bada aipatu den gauzatze materialaren kostuaren barnekoa.

2. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik ateratzen dena.

3. Karga-tasa %2ren eta %5en artekoa izanen da. Udalak osoko bilkuran erabakiko du tasa zehatza, tarte horren barruan.

4. Zerga hau sortzen da eraikuntza, instalazioa edo obra hasten denetik, hartarako lizentziarik lortu ez bada ere.

Udalak erabaki du zergaren kuotaren ehuneko 95erainoko hobari bat ezartzea, eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak txertatzen dituzten eraikuntza, instalazio edo obretarako. Hobari hori aplikatzeko, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea eta instalazioa autokontsumorako izatea.

Kudeaketa

7. artikulua.

Zerga kudeatzeko, Lizentziak emateko eta hirigintzako jarduketak egiteko tasak arautzen dituen Olaibarko Udalaren ordenantza fiskalean ezarritakoari jarraituko zaio. Ordenantza horretan jasota ez dagoen orotan, berriz, Nafarroako toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 171. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan zehazki arautzen ez den orotan, aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Udalak onetsitako ordenantza fiskal orokorra.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean jarraituko du harik eta berariaz indargabetzen edo aldatzen den arte.

Iragarkiaren kodea: L2215106