232. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Udal ordenantza, ezkontzak egitea eta baimentzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Gesalazko Udalak, 2022ko abuztuaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ezkontzak egitea eta baimentzea arautzen duen udal ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2022ko 162. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 16an.

Jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu; beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsitzat jo da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, behin betiko testuarekin batera.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen harik eta haien testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu arte eta behar den epea amaitzen den arte, Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak erabil dezaten beren ahalmena toki-erakundeei eskatzeko deusezta ditzatela egin dituzten egintzak edo hartutako erabakiak. Beraz, argitaratu egiten da.

Muetzen, 2022ko azaroaren 10ean.–Alkatea, Raquel Muñoz Lamoneda.

EZKONTZAK EGIN ETA BAIMENTZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da ezkontzak egin eta baimentzeko modua arautzea Gesalazko Udalaren mugapean eta zergapeko egintza ezkontzak egiteko zerbitzu publikoa ematean datza, Kode Zibilaren aldaketari buruzko abenduaren 23ko 35/1994 Legeak eta hura garatzeko gainerako araudiak ezarri bezala.

2. artikulua. Ezkontza zibila egin gogo dutenek kasuan kasuko eskaera aurkeztuko dute Gesalazko Udaleko bulegoetan, bi hilabete lehenago. Eskaera eginda, aurkeztu beharreko agirien zerrenda emanen da.

Ezkontza bake-epaileak egin behar badu, larunbatean izan beharko du.

Ezkontza alkateak edo hark eskuordetutako udalbatzako kide batek egin behar badu, eguna aukeratzen ahalko da, baina haien aukerak kontuan hartuta.

3. artikulua. Eskaera ebatziko da, ezkontza egiteko eguna eta ordua zehaztuz, eta interesdunei jakinaraziko zaie.

4. artikulua. Zerbitzu hau eskatzen dutenak behartuta daude tasa bat ordaintzera, nahiz eta ezkontza ez gauzatu, interesdunengatik bada. Ordainagiria eskaeraren gainerako agiriekin batera aurkeztuko da.

Gainera, udaletxean egin litekeen edozein kalte edo hondatzeren erantzuleak izanen dira.

5. artikulua. Ordaindutako zenbatekoa itzuliko da ezkontza ez bada gauzatzen interesdunei egotzi ezin zaizkien arrazoiengatik.

6. artikulua. Zerbitzuagatik ordaindu beharreko tasen zenbatekoa, ondokoa izanen da:

–Ezkontideren bat erroldatuta badago: 0 euro.

–Ezkontideetako inor ez badago erroldatuta: 50 euro.

7. artikulua. Ezkontza erlijiosoen kasuan, herriko parrokoarekin izapidetuko dira oso-osorik.

8. artikulua. Tasak KPIren arabera eguneratuko dira urtero, eurotan biribilduta.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitako epea iraganik.

Iragarkiaren kodea: L2215011