231. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 21a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ORBAIBARKO ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN BATASUNA

Deialdia, lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera

Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko buruak, 2022ko azaroaren 11n, 2022-0009 Ebazpena eman zuen. Hona hemen haren testu osoa:

Buruaren 2022ko maiatzaren 5eko Ebazpen baten bidez onetsi da Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren lan publikoaren eskaintza 2022rako, ezartzen dituena enplegua egonkortzeko prozesuak eta deialdi berezia, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko). Ebazpen hori 2022ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 12an.

Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunak 2022ko irailaren 29ko batzarren hartutako erabaki baten bidez, toki erakunde hau partez atxikitzen zaio uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan jasotako erregulazioari, foru lege horren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien Legea).

Horiek horrela, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legearen 21.1. artikuluan ezarritako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Deialdia eta haren oinarriak onestea I. eranskinean zehazten diren lanpostu hutsetarako, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera.

Bigarrena.–Deialdi hau, oinarriak eta eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai eta Batasunaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan ere.

Hirugarrena.–Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta haren berri ematea Batasunari egiten duen hurrengo ohiko batzarrean.

Garinoainen, 2022ko azaroaren 11n.–Batasuneko burua, María Rosario Guillén Guillén.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak betetzea, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak betez, eta merezimendu-lehiaketaren prozeduraren bidez, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen babesean eginiko aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek beren lanpostuari dagozkion eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, eta I. eranskinean zehaztutako araubidean eta mailan sailkatuta geldituko dira.

Eskainitako lanpostu guztiak txanda irekiaren bidez beteko dira, eta ez da egonen igoera txandarik, ez eta desgaitasuna dutenentzako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako lanpostuen erreserbarik ere.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Merezimendu-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) I. eranskinean zehazten den nazionalitateari buruzko baldintza betetzea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Ezin izanen dute parte hartu deialdia egin duen toki erakundean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

g) B motako gidabaimena izatea.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko unean eta indarrean egon beharko dute lanpostuaren jabetza hartu arte.

4.–Eskabideak, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak bide telematikoz aurkeztu beharko dira nahitaez, Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren egoitza elektronikoaren bidez (ezaugarrien taulan zehaztuta dago).

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, eta parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide aurkeztu beharko dituzte.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Merezimenduen autobaloraziorako inprimakia (III. eranskina), behar bezala betea, eta merezimenduen frogagirien kopiak, merezimenduen autobaloraziorako inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta.

Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean lehen aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

–%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

a) IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapena Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan argitaratuko da (ezaugarrien taulan zehaztuta dago egoitza elektronikorako sarbidea).

5.2. Epaimahaia osatzerakoan, gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Epaimahaia osatzen duten kideek ez dute zertan izan lanpostuan sartzeko eskatzen den titulazioaren ezagutza-arlo berekoa eta ikasketa maila berekoa edo handiagokoa den titulaziorik.

5.4. Baldin eta kasu bakoitzean eskumena duen Langileria Batzordeak ez badu epaimahai bakoitzean dagokion kidea izendatzeko proposamenik egiten eskatzen zaionetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.5. Epaimahaia merezimendu-lehiaketaren balorazioa egin aurretik eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.6. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.7. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.8. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Behin bukaturik eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila Batasunaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta Batasunaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan.

6.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak Batasunaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta horiek ebatzita, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta argitaratuko da Batasunaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan.

6.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Merezimendu-lehiaketaren bidezko salbuespenezko prozeduraren nondik norakoak: baloratuko diren merezimenduak.

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 60 puntu.

Administrazio publikoetan deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 60 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunean, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 3 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Administrazio zerbitzuen beste batasun edo mankomunitate batzuetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 1,25 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3 Beste toki erakunde batzuetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 1,00 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.4) Aurreko puntuetan adierazitakoez bestelako administrazio publikoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 0,75 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.1, a.2, a.3 eta a.4 apartatuetarako oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Gehienez 60 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

Merezimendu profesionalak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagirian agertu behar dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta amaiera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota.

Batasunari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.

b) Beste merezimendu batzuk, gehienez ere 40 puntu:

b.1.) Lanpostua: Administrari-ofiziala - Diruzaintza (arlo ekonomikoa):

i. Ikasketak: 15 puntu emanen dira Ekonomia Zientzietako graduaren edo lizentziaren titulua edo haien baliokidea akreditatzeagatik.

ii. Deialdiko lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak: gehienez ere 25 puntu eskuratzen ahalko dira.

Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroengatik, eman dituztenean zentro ofizial publikoek, funtzionarioentzako prestakuntza zentroek eta titulu ofizial aitortua duten unibertsitateek, edo eman dituztenean etengabeko prestakuntzarako planetan sartuta dauden entitateek nahiz prestakuntza zentroek, betiere lanpostuari dagozkion gaien inguruko ikastaroak direnean, honako baremoaren arabera:

10 ordu baino gutxiagoko ikastaroak ez dira puntuatuko.

(a) 10 ordutik 20 ordura bitarteko ikastaroak: 1 puntu.

(b) 20 ordutik 50 ordura bitarteko ikastaroak: 5 puntu.

(c) 50 ordu edo gehiagoko ikastaroak: 10 puntu.

b.2.) Lanpostua: Administrari laguntzailea.

i. Deialdiko lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak: gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira.

Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroengatik, eman dituztenean zentro ofizial publikoek, funtzionarioentzako prestakuntza zentroek eta titulu ofizial aitortua duten unibertsitateek, edo eman dituztenean etengabeko prestakuntzarako planetan sartuta dauden entitateek nahiz prestakuntza zentroek, betiere lanpostuari dagozkion gaien inguruko ikastaroak direnean, honako baremoaren arabera:

(a) 1 ordutik 6 ordura bitarteko ikastaroak: 1 puntu.

(b) 6 ordutik 11 ordura bitarteko ikastaroak: 2 puntu.

(c) 11 ordutik 21 ordura bitarteko ikastaroak: 3 puntu.

(d) 21 ordutik 30 ordura bitarteko ikastaroak: 4 puntu.

(e) 30 ordu edo gehiagoko ikastaroak: 5 puntu.

Jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatutako kopiak aurkeztu behar dira.

Merezimenduak baloratzeko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7. oinarri honetan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

Behin merezimenduen balorazioa aurreko atalek ezarritakoari jarraikiz eginda, ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa frogatzen duten pertsonek lorturiko puntuazioari 1,5 puntu gehituko zaizkio guztira, zuzenketa-faktore gisa.

8.–Kalifikazioa.

8.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak merezimenduen behin-behineko balorazioa argitaratuko du Batasunaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan, eta 5 egun balioduneko epea emanen da alegazioak aurkezteko.

8.2. Behin 5 egun balioduneko epea iraganik, aurkeztutako alegazioak ebatziko dira, halakorik izan bada, eta merezimenduen behin betiko balorazioa eginen da. Ondoren, epaimahaiak izangai bakoitzak lortutako puntuazioak organo eskudunari helaraziko dio, betebeharrak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko tramiteak egiteko.

8.3. Merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko prozeduran parte hartzen dutenen artean puntu-berdinketarik gertatuz gero, merezimendu profesionalen atalean puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da; eta, berdinketak badirau, atal horren azpiatal bakoitzean lortutako puntuazio handiena hartuko da kontuan, zerrendatzen diren hurrenkeran.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.4. Prozedura honetatik ez da sortuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendarik.

9.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

9.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:

a) Eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) B motako gidabaimenaren kopia.

9.2. Tramite hori egin eta gero, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori Batasunaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan argitaratuko da.

Ondoren, izangaiek, ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

10.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

10.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendapen edo kontratazio proposamen hori argitaratuko da Batasunaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan.

10.2. Toki erakundearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, Batasunaren egoitza elektronikoan izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

10.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

10.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 8. eta 9. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 10.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

11.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

11.1. Funtzionario izendatuko dira, edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko dira, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie.

11.2. Izendapenak edo kontratazioak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bilakatuko du izendatua, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean segitzea, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

11.4. Izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean hartuko da lanpostuen jabetza.

11.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek, toki erakundeko funtzionario edo lan-kontratudun langile finko izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 10.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

11.6. Funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangairen bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 10.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

11.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean funtzionario edo lan-kontratudun langile finko berriei esleituko zaizkie.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, Batasunaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan argitaratuko da (ezaugarrien taulan zehazten da).

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Honako deialdi honen ezaugarrien taula: deialdia, lanpostu huts batzuk bete daitezen merezimendu-lehiaketaren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek premiazko neurri batzuk ditu hizpide, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan).

1.–Lanpostuen identifikazioa, behar dituzten tituluak eta eginkizunak:

Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunak toki erakundearen izaera du eta administrazioaren, kontabilitatearen, diru-bilketaren eta idazkaritzaren arloko zerbitzuak ematen dizkie udal hauei: Garinoain, Oloritz (4 kontzejuz osatutako udalerria da), Orisoain, Puiu eta Untzue. Halaber, zerbitzu horiek Batasunari berari ere ematen dizkio.

Hauek dira lehiaketako lanpostuak:

1.1. Arloko ekonomikoko administrari-ofiziala (diruzaina). lanpostu bat.

Eskatutako tituluak: Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea.

Lanpostu huts bat. Araubidea: lan-kontratudun finkoa. Lanaldi osoa. C maila. Mailako osagarria (%12), lanpostuko osagarria (%8,36) eta diruzaintzako osagarria (%5).

Destinoa: Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren egoitza, Garinoainen.

Eginkizunak honako hauek dira, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:

Lanpostuko eginkizunak aurrera eramanen dira aipatutako udaletan eta Batasunean bertan:

–Kontabilitate arloko eginkizunak:

  • Batasunaren aurrekontua prestatzea eta alkatetzari, idazkaritzari eta kontu-hartzaileari laguntzea udaletako aurrekontuak prestatzen.
  • Ekitaldien kontabilitate-irekiera.
  • Kontabilitatez arduratzea eta hura gauzatzea eta aurrekontuen betearazpenaren jarraipena egitea.
  • Idazkaritzari eta kontu-hartzailetzari laguntzea aurrekontu-kredituak aldatzen.
  • Aurrekontuz kanpoko kontzeptuak kontabilizatzea eta kontrolatzea.
  • Ekitaldia ixteko aurreikuspena egitea, aurrekontu-aldaketak egiteko egon daitezkeen beharrak zehazteko eta hurrengo urteko aurrekontua egiteko oinarri gisa balio dezan.
  • Aurrekontuen likidazioa eta kontu orokorra egitea.
  • Ekitaldien kontabilitate-itxiera egitea.
  • Ondasunen inbentario-liburuaz arduratzea.
  • Hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea prestatzea.
  • BEZaren eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren aitorpenak egitea.
  • Dirulaguntzen justifikazioetan, eranskin ekonomikoak egitea.

–Diruzaintzaren arloko eginkizunak:

  • Diruzaintza-planak egitea eta funtsen zaintza antolatzea.
  • Obligazioen jarraipena eta kontrola egitea eta ordainketa-aginduak ematea.
  • Eskubideen jarraipena eta kontrola egitea eta kobrantzak egitea.

–Diru-bilketaren arloko eginkizunak:

  • Kobrantzak kontrolatzea, eta eska daitezkeen errekarguak eta berandutze-interesak likida daitezen adostea.
  • Itzulitako ordainagiriak kudeatzea.
  • Ordainketak geroratzeko eta zatikatzeko eskaerak izapidetzea, alkatetzari lagunduz horiek ebazten.
  • Zergadunen kontsultei erantzutea eta arazoak konpontzea diru-bilketaren arloan.
  • Diru-bilketa betearazpen-bidetik izapidetzea eta diru-biltzaile exekutibo gisa jardutea.

1.2. Administrari laguntzailea. 3 lanpostu.

Eskatutako tituluak: Eskola Graduatua, Lanbide Heziketako lehen maila edo baliokidea.

2 lanpostu huts. Araubidea: lan-kontratudun finkoa. Lanaldi osoa. D maila. Mailako osagarria (%12) eta lanpostuko osagarria (%7,99).

1/3 lanpostu hutsaren destinoa: Garinoaingo eta Untzueko udalak.

2/3 lanpostu hutsaren destinoa: Puiuko eta Olorizko udalak.

Lanpostu huts bat. Araubidea: lan-kontratudun finkoa. Lanaldia: %20. D maila. Mailako osagarria (%12) eta lanpostuko osagarria (%7,99).

3/3 lanpostu hutsaren destinoa: Orisoaingo Udala.

Eginkizunak honako hauek dira, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:

Lanpostuko eginkizunak aurrera eramanen dira aipatutako udaletan:

–Eginkizun administratiboak betetzea dagokion udalaren egoitzan:

  • Erregistro presentzialaren edo elektronikoaren, telefonoaren, posta elektronikoaren eta/edo faxaren bidez jasotako gaiei erantzutea, zalantzak argituz, arreta espezifikoagoa behar duten gaiak iragazi eta bideratuz, espedienteen egoerari buruzko informazioa emanez eta espedienteak arduradunei bideratuz, ebatz ditzaten.
  • Agiriak konpultsatzea.
  • Ziurtagiriak ematea (errolda, auzotasuna, bizikidetza, ondasunak, bizilekua, heriotza, EJZ, katastroa, etab.), behar diren kontsultak eta egiaztapenak eginez.
  • Jasotako eta igorritako eskaeren, gutunen, dokumentuen, jakinarazpenen eta abarren sarrera- eta irteera-erregistroa egitea, ezarritako jarraibideen arabera, eta dagokion langileei bidaltzea, zehaztutako epeetan.
  • Korrespondentzia ofiziala berrikustea, sailkatzea eta erregistratu eta banatzea.
  • Dokumentu-sistema kontrolatzea eta eguneratzea (fisikoa eta informatikoa), idazkaritzak ezarritako irizpideen, arauen eta antolamendu-jarraibideen arabera.
  • Sarrera eta Irteeren Erregistro Liburuaz arduratzea, bai eta urteko zerrenda eta edizioaz ere.
  • Proposamenak, ebazpenak, dekretuak, bandoak, abisuak eta/edo komunikazioak dagozkien jarraibideen arabera transkribatzea edo idaztea, herritarren postontzietan banatzeko.
  • Udaleko iragarki-taula eguneratzea, haren jarraipena egitea eta kontrolatzea, eta informazioa –iragarkiak, ediktuak, jakinarazpenak eta abar– eguneratuta eta behar bezala eskuragarri dagoela zaintzea.
  • Laguntza administratiboa ematea teknikariei eta alkatetzari, era guztietako dokumentuak transkribatuz (gutunak, abisuak, ebazpen-ereduak, ofizioak, etab.), jasotako deiak helaraziz, agenda kudeatuz...
  • Biztanleen Errolda, Estatistika eta Hauteskunde Errolda jasotzea eta izapideak egitea, eta eguneratzea: altak, bajak, aldaketak, zuzenketak, INErekiko buletin demografikoak, jendaurrean jartzea, dagozkion organoei jakinarazpenak egitea, etab.
  • Udal-katastroari buruzko izapideak jasotzea eta bideratzea eta hura eguneratzea. Katastroko aldaketak egitea (DIGIT).
  • Idazkaritzaren jarraibideei men eginez, administrazio-izapideak egitea, hirigintza-espedienteetan, obra-lizentzien espedienteetan eta lehen okupazioko lizentzietan nahitaezko txostenak lortzeko.
  • Jarduera sailkatuen, jarduera kaltegabeen eta irekiera-lizentzien administrazio-izapideak egitea.
  • Hautaketari eta adjudikazioari buruzko administrazio-espedienteak prestatzea eta izapidetzea (adibidez, arauzko iragarkiak, eskaintzak eskatzea, etab.).
  • Kontratazio-espedienteen jarraipenean administrazio-laguntza ematea.
  • Dirulaguntza ofizialak edo partikularrak eskatzeko eta benetan jasotzeko espedienteak izapidetzen eta horien jarraipena egiten laguntzea programatzen diren jardueretan.
  • Udalaren lokalen eta/edo tresnen erabilera lagatzeko eskaerak kontrolatzea.
  • Erregistro Zibileko idazkaritza-lanak egitea, eta jaiotza-, ezkontza- eta heriotza-espedienteak izapidetzea.
  • Euskarri informatikoan eta horniduran egon daitezkeen premiak, ezbeharrak eta abar jakinaraztea. Bulegoko materiala eskatzea.
  • Atzemandako beharren arabera, ekipamendu eta bitarteko berrien erosketa proposatzea, eta horiek eskuratzeko beharrezkoa den informazioa ematea.
  • Zerbitzuaren hobekuntza bulkatzea eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatzea.
  • Lana antolatzea, ezarritako xedeak beteko direla bermatu beharrez.
  • Zerbitzuari atxikitako gainerako langileekin aritzea lana metatzen denean edo norbait kanpoan edo eri dagoenean.
  • Herritarrari egiten zaion zerbitzuaren hobekuntza bulkatzea eta horretan laguntzea. Hartara, kasuren batean behar izanez gero, egokitu beharko du, bere lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta Udalaren beharrak betetzeko.
  • Aipatuez gain, bestelako zereginak beteko ditu, bere karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortu beharrez agintzen zaizkionak.

–Administrazio arloko laguntza ematea alkatetzari eta idazkaritzari:

  • Osoko Bilkurak aztertu beharreko gaiak berrikusten eta espedienteak izapidetzen laguntzea, dokumentuak gehituz eta haien eskumeneko gaien jarraipena eginez.
  • Idazkaritzari laguntzea eguneko gai-zerrendan jasotako espedienteak zaintzen, eta dokumentazioa idazkaritzaren gidalerropean edukitzea, aztertu nahi duten organoko kideen eskura, dagozkien argibideei jarraiki, eta Idazkaritzari horri buruz gertatutakoaren berri ematea.
  • Baldintza-agirien, ordenantzen eta abarren ereduak bilatzen eta/edo transkribatzen laguntzea, gero idazkaritzak osatu/eraldatzeko.
  • Udaleko administrazio-artxiboa eguneratuta mantentzeaz arduratzea, eta espedienteetako dokumentuak jasotzea, haien konfigurazioa egiaztatuz (ordena, foliatua, etab.), erregistratzeko eta artxibatzeko, Idazkaritzak ezarritako irizpideen arabera.
  • Idazkaritzari laguntzea hauteskundeetatik eratorritako administrazio-izapideetan: udalekoak, probintziakoak, estatukoak eta Europakoak. Erroldaren erakusketa publikoa, alegazioak jasotzea, hauteskunde-mahaien zozketa, jakinarazpenen transkripzioa, dokumentazioa prestatzea, etab.

–Administrazio arloko laguntza ematea kontu-hartzailetzari:

  • Diru-bilketaren arloan erabiltzaileen kontsultei erantzutea eta sor daitezkeen arazoak konpontzea: informazioa, ordainagiriak kobratzea eta frogagiriak ematea, erreklamazioak, ziurtagiriak eskatzea, kontuak helbideratzea.
  • Fakturak ordaintzeko behar den dokumentazioa biltzea.
  • Udal-zergen erroiluak sortzea.
  • Administrazio-izapideetan laguntzea, hala nola zerga-erroldak egitea eta eguneratzea (herri-lurrak, etxez etxeko laguntza, errentamenduak, isurketak, musika-eskola, haur-eskola).

Olorizko Udaleko lanpostuaren kasuan, arestian aipatutako guztiaz gain, administrazio arloko laguntza emanen zaie udalerriko 4 kontzejuei (Etxague, Mendibil, Oloritz eta Soltxaga).

Garinoaingo Udaleko lanpostuaren kasuan, arestian aipatutako guztiaz gain, Udaleko haur-eskolaren eta musika-eskolaren matrikulazioaz eta administrazio-lanez arduratuko da.

2.–Baldintzak:

2.1. Espainiako nazionalitatea izateko betebeharra duten lanpostuak (plaza zenbakiak adierazi): batere ez.

2.2. Sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketarengatik, epai irmo baten bidez, kondenatua ez izateko betebeharra duten lanpostuak (plaza zenbakiak adierazi): batere ez.

2.3. B motako gidabaimena izatea.

3.–Tasa:

Ez dago tasarik, horiek arautzen dituen ordenantzarik ez dago eta.

4.–Deialdiaren web fitxa toki erakundearen atarian: (Helbide elektronikoa)

https://serviciosadministrativosvaldorba.sedelectronica.es/transparency/211e953f-1b77-477a-9851-b4712c5f1a07/

5.–Lan publikoaren eskaintza onesten duen ebazpena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka.

Mankomunitateko buruaren 2022/0002 Ebazpena, 2022ko maiatzaren 5ekoa, 2022ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 12an.

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/92/107.

6.–Deialdia onesten duen ebazpena.

Mankomunitateko buruaren 2022/0009 Ebazpena, 2022ko azaroaren 11koa

II. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

https://serviciosadministrativosvaldorba.sedelectronica.es/transparency/211e953f-1b77-477a-9851-b4712c5f1a07/

III. ERANSKINA

Aldi baterako enplegua egonkortzeko
eta finkatzeko lehiaketako merezimenduen autobaloraziorako agiria

https://serviciosadministrativosvaldorba.sedelectronica.es/transparency/211e953f-1b77-477a-9851-b4712c5f1a07/

Iragarkiaren kodea: L2215200