231. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 21a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRURTZUNGO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, familia-langilearen lanpostu hutsak oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera

Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak 2022ko urriaren 26ko Batzarrean hartutako erabaki baten bidez, toki erakunde hau partez atxikitzen zaio uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan jasotako erregulazioari (foru lege horren bidez premiazko neurri batzuk hartzen dira egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 20/2021 Legeak hizpide ditu premiazko neurri batzuk, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko).

Horiek horrela, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1. artikuluan ezarritako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia eta haren oinarriak onestea I. eranskinean zehazten diren lanpostu hutsetarako, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera.

2. Deialdi hau eta bere oinarri eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Irurtzunen, 2020ko urriaren 28an.–Mankomunitateko burua, Eduardo Murugarren.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean familia-langilearen lanpostu hutsak betetzea, I. eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, betiere betez lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak, eta oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen babesean eginiko aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, hizpide dituena premiazko neurriak, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Lanpostu huts horiek txanda irekian beteko dira, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera:

1.3. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek edo halakoen gisan kontratatzen direnek beren lanpostuei dagozkien eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte eta, arau horretan ezarritako mailen artetik, ezaugarri teknikoen taulan zehazten den mailan sailkatuta geldituko dira.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

b) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den euskararen edo beste hizkuntza batzuen hizkuntza-eskakizuna izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Euskarari dagokionez, dauden titulazio ofizialez gain, aurkez daitezke Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak emandako egiaztagiriak, maila-proben ondoriozkoak, aplikatuta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarria (foru lege horren bidez neurri batzuk hartzen dira, egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 20/2021 Legeak hizpide ditu premiazko neurri batzuk, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko). Maila-proba horiek deialdi hau argitaratu ondoren egin daitezke eta, horrenbestez, deialdia argitaratu ondoren aurkez daitezke egiaztagiriak. Nolanahi ere, izangaiak, hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabidearekin batera, adierazitako probetara aurkezteko konpromisoa aurkeztu beharko du.

g) B motako gidabaimena eta norberaren ibilgailua.

4.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Erregistroan aurkeztu beharko dira (Foruen plaza z.g., Irurtzun, 31860 Nafarroa), 9:30etik 14:00etara, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, 30 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea nahitaez aurkeztu beharko dute II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; epe hori luzaezina da.

4.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa ezaugarrien taulan zehazten dena da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5.2. Epaimahaiak osatzerakoan, espezialitatearen printzipioa betetzen dela zainduko da, eta, horretarako, epaimahaikideen gehiengo osoak sartzeko eskatzen den ezagutza-arlo bereko titulazioa izan beharko du, maila akademiko berekoa edo goragokoa, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Deialdia egiten duen organoak langileen ordezkari bat izendatuko du; ordezkari hori Mankomunitateko idazkaria izan daiteke.

5.4. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.5. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.7. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Behin bukaturik eskabideak aurkezteko 30 egun naturaleko epea, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

6.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Erregistroan aurkeztu beharko dira.

6.3 Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko da.

6.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Oposizio-lehiaketa prozeduraren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldian, proba bat eginen da, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruz.

b) Merezimenduen balorazioko fase edo lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren puntu honen hirugarren apartatuan dagoen baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

7.2. Oposizioaldia: 60 puntu.

7.2.1. Oposizioaldian proba bakarra izanen da: test bat, eta baztertzailea izanen da. Gainditzeko, 30 puntu eskuratu beharko dira.

7.2.2. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztuko dira probaren ezaugarriak eta edukia.

7.2.3. Proba egiteko eguna, tokia eta ordua aditzera emanen da prozeduran onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean.

7.2.4. Oposizioaldiko probarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.2.5. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztutako probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak iragarki-taulan argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, eta 15 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea amaituta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.2.6. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratzearekin batera, 30 egun naturaleko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, aurkez ditzaten III. eranskinaren araberako autobalorazio inprimakia, behar bezala betea, eta merezimenduak justifikatzeko agirien kopiak, inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.3. Lehiaketaldia: 40 puntu.

7.3.1. Lehiaketaldian merezimendu hauek baloratuko dira:

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 30 puntu.

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 30 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Deialdia egiten duen toki erakundean, familia-langilearen lanpostuan, egindako zerbitzuak: 3 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Beste administrazio publiko batzuetan, familia-langilearen lanpostuan, egindako zerbitzuak: 1,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Gehienez 30 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

b) Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 10 puntu.

b.1) Deialdia egiten duen administrazioan edo beste administrazio publiko batzuetan familia-langile gisa (aldi baterako edo behin betiko langile gisa) aritzeko hautaprobetako ariketa guztiak gainditu izana: 2 puntu prozesu bakoitzeko. (Gehienez ere 5 puntu).

b.2) Administrazio publikoetako langileen etengabeko prestakuntzarako planen esparruan prestakuntza-ikastaroak egiteagatik, familia-langilearen lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko. 0,05 puntu emanen dira prestakuntza ordu bakoitzeko. Gehienez ere 5 puntu emanen dira apartatu honetan.

7.3.2. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, 7.2.6. oinarrian horretarako ezartzen den epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7.3.1. atalean merezimenduen atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

7.3.3. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak, toki-erakundearen iragarki-taulan, eta bost egun balioduneko epea emanen da, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, bide telematikoz, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

7.3.4. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira iragarki-taulan.

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.

7.4.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da 7.3.a.) apartatuan puntuaziorik handiena duen pertsonaren alde; eta, hor ere berdinketa egonez gero, 7.3.b) apartatuan puntuaziorik handiena duenaren alde. Horrela ere berdinketa egonez gero, atal horren barnean azpiatal bakoitzean puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da, azpiatal horiek zerrendatuta agertzen diren hurrenkerari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu prozesua gainditu dutenen zerrenda, toki-erakundearen iragarki-taulan, hautapen-prozesuan guztira eskuratu duten puntuazioaren arabera ordenaturik, eta, halaber, organo eskudunari igorriko dio, baldintzak frogatzeko izapideak egin daitezen.

8.–Baldintzak frogatzea.

8.1. Organo eskudunak hamar egun balioduneko epea irekiko du gaindituen artean lanpostua lortu duten izangaiek aurkez dezaten dokumentazioa, honako baldintza hauek betetzen dituela egiaztatzeko:

a) Deialdiaren ezaugarrien taulan eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea. Dauden titulazio ofizialez gain, aurkez daitezke Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak maila-proben bidez emandako frogagiriak, hain zuzen ere uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarria aplikatuz antolatutako maila-proben bidez emandako frogagiriak (foru lege horren bidez neurriak hartzen dira egonkortze-prozesuak gauzatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz). Maila-proba horiek deialdi hau argitaratu ondoren egin daitezke eta, horrenbestez, deialdia argitaratu ondoren aurkez daitezke egiaztagiriak.

c) B1 motako gidabaimena.

9.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin baldintzak frogatzeko aurreko izapidea bukaturik, epaimahaiak igorriko du, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena: puntuazio handiena lortu duten izangaiak proposatuko dira.

Izendapen edo kontratazio proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Proposatutako izangaiak ez badira toki erakundearen zerbitzuko langile finko, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, Nafarroako Aldizkari Ofizialean izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdiaren xedeko lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen diren izangaiei eskatuko zaie, eta hark deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Izendapena, lanpostu hutsaren adjudikazioa eta jabetza hartzea.

10.1. Toki erakundeko lan-kontratudun langile finko izendatuko dira, lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsa esleituko zaie.

10.2. Izendapenak edo kontratazioak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako lan-kontratudun langile finko bilakatuko ditu izendatuak, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

10.4. Hautatutako izangaia izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko da lanpostuaz.

10.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek, toki erakundeko lan-kontratudun langilea izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

10.6. Baldin lan-kontratudun finko bihurtzen den izangai bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzen duen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

11.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

11.1. Oposizio-lehiaketa bidez izapidetzen diren egonkortze prozeduren ondorioz, eratuko dira aldi baterako kontratatzeko izangai zerrendak, jarraikiz aplikatu beharreko araudiari.

Zerrenda horiek subsidiarioki aplikatuko dira, funtzio publikoan sartzeko hautapen-prozesu baten ondorioz indarrean dauden kontrataziorako izangaien zerrenden atzetik.

11.2. Deialdi honen ondoriozko hautapen-prozesuen ondoriozko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda onetsiko da, eta toki erakundearen iragarki-taulan argitaratuko da, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Deialdi honen ezaugarrien taula: Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen deialdia, familia-langilearen lanpostu hutsa oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea).

DEIALDIA EGITEN DUEN TOKI ERAKUNDEA

IRURTZUNGO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

1.–Lanpostuen identifikazioa.

PLAZAREN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

BEHAR DEN TITULAZIOA

NAHITAEZKO HIZKUNTZAK

Familia-langilea

D

LK

%100

Etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren (ELZ) programa

Honako titulu hauetariko bat edukitzea:

1) Gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria (SSCS0208 kodea).

2) Etxean laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria (SSCS0108 kodea).

3) Etxeko laguntzako laguntzailearen profesionaltasun ziurtagiria (SSCS30 kodea).

4) Ezohiko gaikuntzaren ziurtagiria. 

5) Aurrekoen baliokideak diren beste titulazio ofizial edo profesionaltasun ziurtagiri batzuk; honako titulu edo ziurtagiri hauetakoren batekin egiaztatu beharko da:

1. Erizaintzako Zainketa Lagungarrietako teknikariaren titulua (LOGSE).

2. Klinikako teknikari laguntzailearen titulua (LH1).

3. Psikiatriako teknikari laguntzailearen titulua (LH1).

4. Erizaintzako teknikari laguntzailearen titulua (LH1).

5. Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko teknikariaren titulua (LOE).

6. Arreta soziosanitarioko teknikari titulua (LOGSE).

7. Gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria.

8. Etxean laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria.

9. Etxeko laguntzailearen profesionaltasun ziurtagiria.

10. Gizarteratzeko goi-mailako teknikariaren titulua, baldin eta izangaiak laguntzaile pertsonalaren edo etxez etxeko laguntzailearen kategorian lanean ari badira erabaki hau argitaratzen den egunean.

Ezohiko gaikuntza dutenek, lan-ondorioetarako, goian aipatutako titulu edo ziurtagiriren bat dutenen gisa egonen dira akreditatuta.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

Euskara, B2

Familia-langilea

D

LK

%50

Etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren (ELZ) programa

Gauza bera.

Euskara, B2

Familia-langilea

D

LK

%50

Etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren (ELZ) programa

Gauza bera.

Euskara, B2

2.–Baldintzak.

1. Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

2. Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo horien baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

3. Eskatzen den eta laburpen taulan adierazten den titulazioa edukitzea.

4. Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

5. Ez egotea desgaiturik edo gabeturik eginkizun publikoetan aritzeko, eta ez egotea bereizirik administrazio publiko baten zerbitzutik.

6. B motako gidabaimena izatea, baita ibilgailua ere.

3.–Tasa:

1.1. Ordaindu beharreko zenbatekoa: 10 euro.

1.2. Ordaintzeko modua: Dirua sartzea Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen kontuan.

4.–Oposizioko probak:

LANPOSTUA

PROBA BAKARRA

Familia-langilea

Lehen ariketa: proba teorikoa. Test motako zenbait galderari erantzunen zaie, idatziz, II. eranskineko gaiei buruz. Proba horretarako ordu bat izanen da, gehienez ere.

60 puntu emanen dira, gehienez.

5.–Gai-zerrenda.

LANPOSTUA

PROBA

Familia-langilea

1.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzkoa. Atariko titulua: xedapen orokorrak. II. titulua. Gizarte zerbitzuen sistema. I.tik V.era bitarteko kapituluak.

2.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua: Mendekotasuna dutenen Autonomiarako eta Arretarako Sistema. II. kapitulua: autonomiarako eta mendekotasunaren arloko laguntzarako sistemaren prestazioak eta zerbitzuen katalogoa. III. kapitulua. Mendekotasuna eta haren balorazioa. IV. kapitulua. Eskubidea aitortzea.

3.–Irurtzungo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea. Etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza. 2022ko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 22an.

4.–Autonomia Pertsonala Sustatu eta Mendekotasuna duten Pertsonei Laguntzeko Programa oinarrizko gizarte-zerbitzuen esparruan. Etxeko laguntza zerbitzua. Definizioa. Hartzaileak. Laguntzaren xede diren egoerak.

5.–Familia-langileak etxeko laguntza zerbitzuan: lanaren egitekoak eta ezaugarriak. Etika profesionala oinarrizko gizarte zerbitzuen esparruan, eta informazio konfidentzialaren erabilera.

6.–Komunikazioa eta trebetasun sozialak familia-langilearen lanean. Gatazka egoerak menderatzea. Talde lana gizarte-zerbitzuen esparruan.

7.–Adinekoak. Ezaugarriak eta aldaketa garrantzitsuenak, fisikoki, psikikoki eta sozialki. Eritasun arruntenak. Etxeko laguntza-zerbitzuaren beharra izan dezaketen egoerak.

8.–Desgaitasun fisikoak, psikikoak eta zentzumenezkoak. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza-zerbitzuaren beharra izan dezaketen egoerak.

9.–Ohitura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura, ariketa fisikoa eta loa. Istripuen prebentzioa. Lehen sorospenak. Laguntza teknikoak honako zeregin hauetarako: zainketa pertsonalak, mugikortasuna, elikadura eta etxearen egokitzapena.

10.–Eri terminala artatzea. ELZren artatze-lana eta sostengua, heriotza prozesuan. Familia-langilearen egitekoa, eriarekiko eta haren ahaideekiko harremana. Arreta doluari.

6.–Lan publikoaren eskaintza onesten duen ebazpena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka.

Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruaren Ebazpena, 2022ko maiatzaren 19koa (2022ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 26koa).

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/103/52

7.–Deialdia onesten duen ebazpena.

Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruaren Ebazpena, 2022ko urriaren 28koa.

II. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua.

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/ANEXO_II_SOLICITUD_C_OPOSICION_E.pdf

III. ERANSKINA

Merezimenduen autobaloraziorako agiria

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/ALOCAL/L2215184_ANEXO_III.doc

Iragarkiaren kodea: L2215184