231. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 21a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MURILLO EL FRUTO

134/2022 Ebazpena, Murillo el Frutoko Udaleko alkate udalburuak emana, zeinaren bidez onesten baita zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu hutsa oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraituz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien Legea)

Alkate udalburuaren maiatzaren 3ko 43/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen udal honetako 2022rako lan publikoaren eskaintza, aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuak eta deialdi bereziak ezartzen dituena, abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa). Aipatu ebazpena 2022ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 12an.

Alkatetzak azaroaren 9an hartutako erabaki baten bidez, toki erakunde hau guztiz (edo partez) atxikitzen zaio uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan jasotako erregulazioari (foru lege horren bidez neurriak hartzen dira Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz egonkortze-prozesuak gauzatzeko).

Horiek horrela, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1. artikuluan ezarritako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia eta haren oinarriak onestea I. eranskinean zehazten diren lanpostuetarako, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera.

2. Deialdi hau eta bere oinarri eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Murillo el Fruton, 2022ko azaroaren 11n.–Alkatea, Arancha Murillo Tanco.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsa betetzea, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak betez, eta oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen babesean eginiko aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen den izangaiak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen ditu eta, arau horretan ezarritako mailen artetik, ezaugarri teknikoen taulan zehazten den mailan sailkatuta geldituko da, deialdi honen I. eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera.

1.3. Deialdi honen ondorioz izendatzen den lagunak bere mailari eta kategoriari eta deialdian eskatzen diren ikasketei dagozkien eginkizun eta lanak eginen ditu, bereziki ondotik aipatzen direnak, bestelakorik izaten ahal bada ere:

–Zerbitzu anitzetako eta garbiketako lan taldearen koordinazioa, plangintza eta jarraipena, eta haren ardura izanen da eraginkorrak izan daitezela esleitutako giza baliabideak eta baliabide materialak. Bere kargu dauden langileen antolaketa eta plangintza.

–Udalaren eraikin, azpiegitura eta berdeguneetan honako lan hauek antolatu eta eginen ditu: igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, uraren ingurukoak, garbiketa, lorezaintza, pintura, zurgintza eta mantentze-lanak, baita beste arlo batzuetan laguntza emanen ere, beharrezkoa denean.

–Kanpoko zerbitzuekin koordinatzea eta kudeaketa egitea, eta haien lanak koordinatzea, beharrezkoa denean.

–Materialaren edo tresnen erosketa aurreikustea, organo eskudunak ikus-onetsi ondoan, eta erosketa horiek kontrolatzea.

–Egitea lanpostuari lotutako memoria txikiak, idazkiak eta proposamenak.

–Arduratzea materialaren, tresnen, ibilgailuen eta gainerako makineriaren kontrolaz, inbentarioaz eta mantentze-lanez.

–Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturak kontrolatzea eta horiez arduratzea; eta horiei buruzko proposamen eta aurrekontu osoak egitea.

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea eta betearaztea, behar bezala baliatuta lan bakoitzean erabiltzen diren babes ekipo egokiak.

–Zerbitzuak hobetu daitezela sustatzea eta horretan laguntzea, eta proposatzea hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintzak eta aldaketak. Ezagutzea eta aplikatzea lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak.

–Noizbehinka, egoerari egokitzea, bere lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.

–Udalaren ordenantzak betetzen ote diren kontrolatzea eta begiratzea, eta ikuskapena egitea hirigintza eta ingurumen gaietan, begiratuta ea jasotzen eta betetzen ote den araudia honako hauen gainean: lizentziak eta obrak, bide publikoaren okupazioa, isurketak eta abar.

–Kontrolatzea bide eta espazio publikoen, landa-bideen eta mendien egoera zuzenaren berrikuspena eta/edo horien hobekuntzak egitea.

–Kontrolatzea udal-zerbitzuei agindutako laguntza-lanak eta mandatuak.

–Iragarkiak, bandoak, Udalaren publizitatea banatu eta jartzea, baita bankuak ere, agiriak eraman eta haien legezko jakinarazpenak egitea, gauzak garraiatzea eta pertsonak leku batetik bestera eramatea.

–Udal-mugartearen zaintza-lanak egitea aparkatzeari eta eremu publikoaren okupazioari dagokienez.

–Udalaren instalazio eta eraikinen, kaleen, bide eta gainerako ondasunen mantentze-lanak eskatzen dituen zereginak, halako espezializazio baten beharrik ez dutenak, baina bai lanbidea nolabait ezagutzea edo hartan trebetasuna izatea.

–Larrialdi eta ezusteko saihetsezinetan laguntzea (edo laguntza koordinatzea), ohiko lan ordutegitik kanpo.

–Edozein eratako udal zerbitzuak ematea, eta Alkatetzak bere esku uzten dituen beste edozein zeregin; betiere, bere eskumen, maila eta kategoriaren barrenean.

–Ekipoak mantendu eta konpondu eta/edo aldatzeko koordinazio lanetan kultura energetikoa sustatzea eta ingurumen irizpideak aplikatzea, betiere helburu izanik energia kontsumoaren murrizketa eta ingurumeneko baliabideen aprobetxamendu jasangarria.

–Hilero, instalazio publikoen energia kontsumoa kontrolatzea (elektrizitatea, gasa, gasolioa, ura), eta hura murrizteko neurriak proposatzea.

–Kanpoan lan egiten duten udal langileen laneko arriskuen prebentzioa kontrolatzeko lanen arduraduna izatea.

–Gidatzea udal-ibilgailuak (hondeatzeko pala, kamioia, furgoneta, dumperra, etab.) eta sar daitezkeen beste batzuk; eta udaleko makineria, erremintak eta lanabesak maneiatzea, mantentzea eta konpontzea. Oinarrizko mantentze- eta zaintza-lanak egitea lanean erabiltzen diren ibilgailuetan.

–Mantentze-lanak, zaintza eta kontrola egitea udal igerilekuetan eta bertako ekipamendu eta instalazioetan, barnean direla araztegia, ekipamenduetako neurketak eta kontrol sanitarioak.

–Laguntzea Murillo el Frutoko Udalak programatzen dituen jaietarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan, bai eta Murillo el Frutoko Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere.

–Altzariak eta gauzak lekualdatzea eta paratzea. Muntatzea eta desmuntatzea agertokiak, hesiak eta beste jai eta ekitaldi publikoetan.

–Hiri-altzariak instalatzea eta mantentzea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta gisakoak.

–Mantentze- eta garbiketa-lanak egitea udal hilerrian, bai eta agindutako beste lan batzuk ere.

–Biltegiko kontrola.

–Udalak manatzen dizkion beste guztiak, dagokion kategoriaren barnean sartzen badira, betiere.

1.4. Kontratuduna goizez arituko da normalean eta urteko denboraldi batzuetan, goizez eta arratsaldez, betiere zerbitzuaren beharren arabera.

1.5. Eskainitako lanpostu guztiak txanda irekiaren bidez beteko dira, eta ez da egonen igoera txandarik, ez eta lanpostuen erreserbarik ere desgaitasuna dutenentzat edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

2022ko azaroaren 9ko Alkatetzaren ebazpen baten bidez, Murillo el Frutoko Udala partez atxikitzen zaio uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan jasotako erregulazioari, zehazki, 5., 6., 8. artikuluetan (1., 2., 3., 4., 5., 6., 7., 8., 9., a), 10., 14. eta 16. paragrafoetan xedatutakoari (foru lege horren bidez neurriak hartzen dira Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz egonkortze-prozesuak gauzatzeko).

3.–Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako lehen mailako titulua edo horien baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Ezin izanen dute parte hartu deialdia egin duen toki erakundean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, deusetan ukatu gabe 3.1.f. oinarrian ezarritakoa.

4.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak bide telematikoz aurkeztu beharko dira nahitaez, Murillo el Frutoko Udalaren webgunetik sarbidea duen egoitza elektronikoaren erregistroaren bidez:

https://sedeelectronica.murilloelfruto.es/carpeta-ciudadana/

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea (http://www.murilloelfruto.es/ Murillo el Frutoko Udalaren webgunean ere eskuragarri).

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Tasak.

Ez da tasarik ordaindu behar azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik, halakorik ez baitago jasota udal araudian.

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea aurkezteko unean (II. eranskina), izangaiek telematikoki aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:

–Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena (indarrean den agiriarena betiere).

–Merezimenduen autobaloraziorako inprimakia (III. eranskina), behar bezala betea, eta merezimenduen frogagirien kopiak, merezimenduen autobaloraziorako inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta.

Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean lehen aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori Murillo el Frutoko Udalaren webgunean argitaratuko da: http://www.murilloelfruto.es/.

5.2. Epaimahaiak osatzerakoan, espezialitatearen printzipioa betetzen dela zainduko da, eta, horretarako, epaimahaikideen gehiengo osoak sartzeko eskatzen den ezagutza-arlo bereko titulazioa izan beharko du, maila akademiko berekoa edo goragokoa, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Baldin eta langileen ordezkariek ez badute dagokien kidea izendatzeko proposamenik egiten hala eskatzen zaienetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.4. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.5. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.7. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Behin bukaturik eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila Murillo el Frutoko Udalaren webgunean: http://www.murilloelfruto.es/.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila Murillo el Frutoko Udalaren webgunean: http://www.murilloelfruto.es/.

6.2. Behin-behineko zerrenda webgunean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak bide telematikoz aurkeztu beharko dira, Murillo el Frutoko Udalaren webgunetik sarbidea duen egoitza elektronikoaren erregistroaren bidez: https://sedeelectronica.murilloelfruto.es/carpeta-ciudadana/

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratzeko aginduko da Murillo el Frutoko Udalaren webgunean: http://www.murilloelfruto.es/.

6.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdi honen xedeko prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Oposizio-lehiaketa prozeduraren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldian, proba bat eginen da, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruz.

b) Merezimenduen balorazioko fase edo lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren puntu honen hirugarren atalean dagoen baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

7.2. Oposizioaldia: 60 puntu.

7.2.1. Oposizioaldia baztertzailea izanen da. Gainditzeko, 30 puntu lortu beharko dira.

7.2.2. Test motako proba bakarra eginen da, eta haren edukia izanen da deialdi honetan jasotako gai-zerrendari buruzkoa.

7.2.3. Proba egiteko eguna, tokia eta ordua aditzera emanen da prozeduran onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean bertan.

7.2.4. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Plika sistemaren bidez eginen da proba teorikoa.

7.2.5. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean halakorik eskatu badute.

7.2.6. Oposizioaldiko probaren kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak lortutako kalifikazioen zerrenda argitaratuko du, pliken zenbakiekin, Murillo el Frutoko Udalaren webgunean: http://www.murilloelfruto.es/.

Emaitzak argitaratzen diren egunean berean iragarriko dira, aipaturiko webgunean, plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua.

Plikak jendaurreko ekitaldian ireki eta gero, kalifikazio epaimahaiak argitara emanen ditu, aipatu webgunean, aurkeztutako izangaien zerrenda, lortu dituzten behin-behineko kalifikazioekin, eta 5 egun balioduneko epe bat irekiko du interesdunek alegazioak egin ditzaten, bide telematikoz (erregistro elektronikoa), beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.3. Lehiaketaldia: 40 puntu.

7.3.1. Lehiaketaldian merezimendu hauek baloratuko dira:

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 28 puntu.

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 28 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Murillo el Frutoko Udalean eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean egindako zerbitzuak: 2,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Murillo el Frutoko Udalean eta haren erakunde autonomoetan, beste lanpostu batzuetan egindako zerbitzuak: 1,75 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,86 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Gehienez 28 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

Merezimendu profesionalak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagirian hauek jaso beharko dira: zerbitzuaren iraupena, bete den lanbide-kategoria, eta lanpostuari dagokion maila. Horrez gain, lan bizitzari buruzko txostena aurkeztuko da. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta amaiera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota.

Deialdia egiten duen toki erakundeari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.

b) Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 12 puntu.

b.1) Prestakuntza: gehienez ere 12 puntu:

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten ikastaroak, 15 ordu edo gehiagoko iraupenarekin: puntu 1; gehienez 8 puntu.

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten ikastaroak, 5 ordutik 14 ordura bitarteko iraupenarekin: 0,5 puntu; gehienez, 4 puntu.

Ez dira kontuan hartuko 5 ordutik beherako ikastaroak.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7. oinarri honetan apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

7.3.2. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, 6.1 oinarrian eskabideak aurkezteko ezartzen den epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7.3.1. atalean merezimenduen atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

Ez dira baloratuko oposizio-fasea gainditu ez duten izangaien merezimenduak, 7.2.1 apartatuan ezarritakoaren arabera.

7.3.3. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak, Murillo el Frutoko Udalaren webgunean (http://www.murilloelfruto.es/), eta bost egun balioduneko epea emanen da, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, bide telematikoz, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

7.3.4. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira aipatu webgunean.

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.

7.4.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da 7.3.a.1) atalean puntuaziorik handiena duen pertsonaren alde; eta, hor ere berdinketa egonez gero, 7.3.b.1) atalean puntuaziorik handiena duenaren alde. Horrela ere berdinketa egonez gero, atal horren barnean 7.3.a eta 7.3.b azpiatal bakoitzean puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da, zerrendatuta agertzen diren hurrenkerari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiek eginen duten berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu prozesua gainditu dutenen zerrenda, Murillo el Frutoko Udalaren http://www.murilloelfruto.es/ webgunean, hautapen-prozesuan guztira eskuratu duten puntuazioaren arabera ordenaturik, eta, halaber, organo eskudunari igorriko dio, baldintzak frogatzeko izapideak egin daitezen.

8.–Baldintzak frogatzea.

8.1. Organo eskudunak 10 eguneko epea irekiko du, lehen postuan hautaturik geratu eta lanpostua eskuratu duen izangaiak aurkez dezan behar den titulazioa (3.1 oinarria) frogatzeko dokumentazioa, hots, eskatzen den tituluaren kopia edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

8.2. Deialdi honetan ez dago lanpostu hutsak hautatzeko egintzarik, lanpostu bakarra baitago.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio izendapen proposamena, espediente osoarekin batera. Proposamenean jasoko da, puntuazio handiena izateagatik, deialdiko lanpostu bakarrean sartuko den izangaia.

Izendapen proposamen hori Murillo el Frutoko Udalaren webgunean argitaratuko da.

9.2. Murillo el Frutoko Udalaren webgunean proposatzen den izangaiak agiri hauek aurkeztu beharko ditu argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Osasun txosten ofiziala, frogatzen duena zerbitzu anitzetako enplegatuaren karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela.

b) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

c) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta zerbitzu anitzetako enplegatuaren karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu agiri horiek aurkezten ez dituen izangaia, ez eta deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzen ez duena ere, eta baliorik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe haren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, baja beteko da prozesua gainditu dutenen zerrendan hurrengoa den eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duen izangaia Murillo el Frutoko Udaleko funtzionario izendatuko da, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan jardun dezan.

10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko du izendatua, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

10.4. Hautatutako izangaia izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko da lanpostuaz.

10.5. Izendatuak ez badu jabetza hartzen emaniko epearen barnean, ezinbesteko kasuetan salbu, Murillo el Frutoko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

10.6. Funtzionario bihurtzen den izangaiari ematen bazaio, berak eskatuta, borondatezko eszedentzia, lanpostuan batere aritu gabe, jabetza hartzen duen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere beteko da deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan.

11.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

11.1. Oposizio-lehiaketa bidez izapidetutako egonkortze-prozedura honen ondorioz, administrazio araubidean aldi baterako kontratatzeko izangai zerrenda bat eratuko da, aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz.

Zerrenda hori subsidiarioki aplikatuko da, funtzio publikoan sartzeko hautapen-prozesu baten ondorioz indarrean dagoen kontrataziorako izangai zerrendaren atzetik, halakorik baldin badago.

11.2. Kalifikazio epaimahaiaren proposamenaren arabera, Murillo el Frutoko Udalaren webgunean argitara emanen da deialdi honen ondorioz sortzen den aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiari eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, argitara emanen da http://www.murilloelfruto.es Murillo el Frutoko Udalaren webgunean.

13.–Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Murillo el Frutoko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Tratamenduaren helburua da lanpostu hutsak betetzea, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (bat etorriz abenduaren 28ko 20/2021 Legearekin –lege horrek hizpide ditu premiazko neurriak, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko– eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearekin –egonkortze prozesuak gauzatzeko neurriei buruzkoa–), langileak hautatzea eta deialdi honen xedeko lanpostua betetzea.

–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena.

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen lagapena eginen da legeak xedaturiko kasuetan, eta deialdian ezarritakoaren arabera emanen dira argitara.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo www.murilloelfruto.es egoitza elektronikoaren bidez.

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo aldez aurretik harremanetan jartzeko datuen babeserako ordezkariarekin, aipatutako helbidearen bidez.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

15.–Gai-zerrenda.

1.–Murillo el Frutoko udalerria: izena, mugarteak, kaleak, bideak, erretenak, herrilurrak, mendiak, alderdiak, udal ondarea, festak, historia, eta usadio-ohiturak. Plano eta mapen irakurketa eta interpretazioa, mugarteen, eraikinen eta lurzatien identifikazioa.

2.–Murillo el Frutoko Udala. Osaera, organoak, funtzionamenduko araubidea. Egintza eta ebazpenen jakinarazpena: epeak eta prozedura. Administrazio dokumentazioa, ofizioak, errekerimenduak, eskabideak, ziurtagiriak, erabakiak, ebazpenak eta bandoak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

3.–Hizkuntza, ortografia eta zenbakien arloetako gaitasuna. Oinarrizko informatika, Officeko erremintak.

4.–Elektrizitateko eta suteetako erremintak ezagutzea, maneiatzea eta mantentzea. Eraikinetako instalazio elektrikoen mantentze lanak, aginte-koadro orokorra eta babesa, bigarren mailako koadroak, mekanismoak, argiteria. Banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoa eta diferentziala. Ohiko argien eta fluoreszenteen zirkuituak: etengailuak, konmutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

5.–Iturgintzako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Iturgintza eta berokuntza instalazioen gaineko mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza eta klimatizazio zirkuituak, airea betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai nagusiak. Kloratze sistema eta metodoak, eta funtzionamendua. Igerilekuetako mantentze lanak.

6.–Zurgintzako erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak, bonbinak eta pertsianak. Egurrezko egiturak eta itxiturak, edo mistoak, muntatu eta desmuntatzea.

7.–Lorezaintzako produktuak eta erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Bide eta eremu publikoak garbitu, belar-sastrakak kendu eta mantentzea; berdeguneak ureztatu eta mantentzea.

8.–Mendiko produktuak eta erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Ureztatze sistemak. Ureztatzeko sareak diseinatzea, instalatzea, mantentzea eta programatzea. Drainatze sistemak. Ordenantza, Murillo el Frutoko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. 2021eko 150. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 29koa.

9.–Igeltserotzako produktu eta erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Ondasun eta eraikin publikoak mantentzeko obrak, obra-zuinketak, konponketak eta moldaketak eraikin eta eremu publikoetan. Hondakinen kudeaketa. Garbiketako produktu eta erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Pinturak: motak, produktuak, erremintak eta aplikazioa.

10.–Eraikinak eta hiri-altzariak ezagutzea, maneiatzea eta mantentzea. Oztopo arkitektonikoak. Pintura. Ordenantza, Murillo el Frutoko Udalaren eraikin, lokal, instalazio, makina eta materialen erabilera arautzen duena (2021eko 142. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 18koa).

11.–Udal hilerriak ezagutu, mantendu eta garbitzea. Ordenantza, Murillo el Frutoko udal hilerriaren erabilera arautzen duena (2021eko 142. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 18koa).

12.–Mekanikari buruzko oinarrizko ezagutzak: gauzatzea; maneiatzea; mantentze-lanak; udal makineria, ibilgailu, erreminta eta tresnen ohiko azterketa eta konponketak. Biltegiaren kontrola.

13.–Soldadurari buruzko oinarrizko ezagutzak: gauzatzea; maneiatzea; mantentze-lanak; soldadura-lanak ikuskatzea eta konpontzea. Soldadura sistema, geometria, materialen soldagarritasuna, makineria maneiatzea eta segurtasuna.

14.–Lan-arriskuen prebentzioko oinarrizko ezagutzak (31/1995 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa) eta haien harremana zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuarekin. Segurtasun-baldintzekin eta laneko ingurumenarekin lotzen diren arriskuak. Arriskuak kontrolatzeko oinarrizko sistemak: babes kolektiboak eta norbera babesteko ekipamenduak. Bide segurtasuna: lehen sorospenak. Metalezko hodi-aldamioak, eskailerak eta plataforma jasotzaileak modu seguruan erabiltzea. Makinen eta lanabesen alorreko segurtasuna.

I. ERANSKINA

Deialdiaren ezaugarri espezifikoen taula

Honako deialdi honen ezaugarrien taula: deialdia, lanpostu hutsak bete daitezen oposizio-lehiaketaren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek premiazko neurri batzuk ditu hizpide, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan).

PLAZAREN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE
JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

ESKATZEN DEN TITULAZIOA

3

Zerbitzu anitzetako enplegatua

D

Funtzionarioa

%100

Murillo el Frutoko Udala

Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako 1. mailakoa edo baliokidea

II. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

https://sedeelectronica.murilloelfruto.es/anuncios/convocatoria-para-la-provision-mediante-concurso-oposicion-de-la-vacante-de-empleado-de-servicios-multiples-correspondiente-al-proceso-extraordinario-de-estabilizacion-y-consolidacion-de-empleo-temp/

III. ERANSKINA

Aldi baterako enplegua egonkortzeko
eta finkatzeko lehiaketako merezimenduen autobaloraziorako agiria

https://sedeelectronica.murilloelfruto.es/anuncios/convocatoria-para-la-provision-mediante-concurso-oposicion-de-la-vacante-de-empleado-de-servicios-multiples-correspondiente-al-proceso-extraordinario-de-estabilizacion-y-consolidacion-de-empleo-temp/

Iragarkiaren kodea: L2215166