230. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroaren 9an hartua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileentzat ezarritako 2021eko ordainsariak ehuneko 1,5 igotzen dituena, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 6. artikuluak lehenengo apartatuan ezartzen du Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen eta estatutupeko langileen ordainsariei Estatuko legedian sektore publikoko langileentzat 2022rako ezartzen den gehieneko igoera globala ezarriko zaiela 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, deusetan galarazi gabe, hala dagokionean, ordainsarietan behar diren doikuntzak egitea ziurtatzeko ezen lanpostu bakoitzari esleitutako ordainsariak bat datozela lanpostuaren zailtasun tekniko bereziekin, arduraldiarekin, erantzukizunarekin, arriskugarritasunarekin edo nekagarritasunarekin.

2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Lege horren beraren 7. artikuluak, bestalde, lehen apartatuan ezartzen du ezen, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lan kontratudunen ordainsariak haien hitzarmen kolektiboan zehazten direnak izanen direla, foru lege horretan funtzionarioentzat finkatutako irizpideekin bat etorriz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileei dagokienez, abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 8. artikuluaren 3. apartatuak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileen ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dutela.

Ildo berean, arestian aipatutako abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 9.11 artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi kargudunen eta gainerako behin-behineko langileen 2022ko ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dute.

Horiek horrela, kontuan izanik Nafarroako Gobernuak nahitaez aplikatu behar dituela arestian aipatutako legezko xedapenak, behin 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legea onartu eta indarra hartu ondoren, langile publikoen ordainsariak igotzeko beharrezkoak diren funtsak –kasuan kasuko legezko xedapenari jarraikiz– onetsi eta hartarako gaikuntza eman arte itxarotea besterik ez zegoen.

Ildo horretan, 2021eko abenduaren 29an, 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2021 Legea argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean (312. zenbakia). Lege horren 19. artikuluko bigarren apartatuan xedatzen zenez, 2022an, sektore publikoko langileen ordainsariek ezin izanen dute ehuneko 2,0tik gorako igoera orokorrik izan oinarritzat harturik 2021eko abenduaren 31n indarra zutenak, alderaketaren bi aldietarako homogeneotasunaren arabera, bai langileen kopuruari bai antzinatasunari dagokienez.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak 2022ko otsailaren 2an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei 2021rako ezarritako ordainsariak ehuneko 2,0 igo zitzaizkien, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2022ko urriaren 19an, urriaren 18ko 18/2022 Errege Lege Dekretua argitaratu zen (251. Estatuko Aldizkari Ofiziala, urriaren 18koa), sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsarien arloko neurriak jasotzen zituena. Errege lege-dekretu horren 23. artikuluaren 1. apartatuan xedatzen denez: "2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 28ko 22/2021 Legearen III. tituluko I. eta II. kapituluetan eta harekin bat datozen gainerako manuetan xedatutakoaz gain, sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsariek ehuneko 1,5eko igoera gehigarria izanen dute 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, oinarritzat harturik 2021eko abenduaren 31n indarra zutenak". Manu horrek honako hau gaineratzen du: "autonomia erkidegoen eta toki-erakundeen eremuan, ordainketa 2022ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da, eta, nolanahi ere, 2023ko martxoaren 31 baino lehen".

Ondorioz, eta 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 6. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen ordainsariak ehuneko 1,5 igotzea, oinarritzat harturik 2021eko abenduaren 31n indarra zutenak.

Kontuan hartuta badagoela aurrekontu kontsignazio nahikoa lansari igoera horren ondoriozko zenbatekoak ordaintzeko, 21.853.151 euroko balioetsitako kostua baitu, 2022ko azaroko nominan ordainduko da, eta atzeraeragina izanen du 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei 2021erako ezarritako ordainsariak ehuneko 1,5 igotzea, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2. Igoera aplikatzea, orobat, Nafarroako Gobernuko kideei, goi kargudunei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako gainerako behin-behineko langileei.

3. Erabaki hau Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igortzea, langileen kudeaketa sisteman behar diren neurriak har daitezen erabaki hau betetzearren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparru guztietan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 9an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2214979