230. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

770/2022 EBAZPENA, azaroaren 15ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez oneste baita Nafarroako enpresei laguntzak emateko deialdia, 2022an energiaren kostuen igoera konpentsatzeko. DDBN identifikazioa: 659206.

2022ko martxoaren 24an, argitara eman zen EBAOn (2022/C 131 I/01) Errusiak Ukrainiari eraso ondoren ekonomia sostengatzeko estatu-laguntzen gaineko neurrietarako aldi baterako esparrua.

2022ko ekainaren 13an, Europako Batzordeak Errusiak Ukraina inbaditu ondoren ekonomia sostengatzeko laguntzen arloko neurrietarako aldi baterako esparru nazionala onetsi zuen. Aldi baterako esparru nazional horretan xedatutakoarekin bat, agintari eskudunek aldi baterako laguntzak ematen ahalko dizkiete enpresa eta autonomoei, zehazki laguntza zenbateko mugatuak izanen dituzten aldi baterako laguntzak eta likideziarako laguntzak, bermeen eta mailegu subsidiatuen izaerakoak; laguntza horiek, betiere, aldi baterako esparru nazional horretan ezarritako gainerako baldintzak ere bete beharko dituzte.

2022an, Estatuak bi deialdi eman ditu argitara, gasaren erabilera intentsiboena egiten duten industria sektoreei gas kontsumoan laguntzeko. Horrela, 6/2022 Errege Lege-dekretuaren bidez eta 11/2022 Errege Lege-dekretuaren bidez dirulaguntza ematen zaie 2021ean CNAE kode hauetan aurreikusitako jardueretako bat, gutxienez, bete duten enpresei: 171, 206, 231, 232, 233, 089, 133, 201, 203, 234, 235, 239, 241, 244. Badira, ordea, beste sektore enpresarial batzuk zeinetan gasaren faktura altua baita oraindik eta, horrez gain, gasaren krisia eragin nabarmena izaten ari da elektrizitatearen prezioan.

Laburbilduz, azaldutako arrazoiak direla eta, egokia da Nafarroako enpresentzako laguntza batzuk onartzea, aurten gasak eta elektrizitatearen kostu energetikoek aurten izandako gorakadaren ondorioak apaltzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako enpresei laguntzak emateko deialdia, 2022an energiaren kostuen igoera konpentsatzeko

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 20.000.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honetatik sortutako konpromisoei erantzuteko, 2022ko gastuen aurrekontuko "Energiaren prezio altuek kaltetutako enpresentzako laguntzak" izeneko 810001 81100 4701 422204 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko azaroaren 15ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da energiaren prezioen bat-bateko igoera handiak Nafarroako enpresen ekonomian eragindako kaltea murriztea, jarduerari eta enpleguari eusten ahal izan diezaieten.

2. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunak izaten ahalko dira haien jarduera ekonomikoa Nafarroan 2021eko otsailaren 1a baino lehenagotik betetzen duten enpresak, edozein dela eta hain izaera juridikoa (merkataritza sozietateak, kooperatibak, nortasun juridikorik gabeko entitateak, enpresaburu autonomoak eta abar.).

Jarduera ekonomikoa betetzen dutela ulertuko da egoera hauetako batean baldin badaude adierazitako data horretan:

-EJZn (ekonomia-jardueren gaineko zerga) Nafarroan alta emanik egotea.

-Lehen sektoreko enpresaburuen kasuan, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan nekazaritzako profesionalak izatea (erregistro hori araututa dago Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan).

-Nafarroako ureztatzaileen elkarteen edo ureztaketarako sindikatuen kasuan, atxikita dagoen Konfederazio Hidrografikoaren Erregistroan izena emanik egotea.

2. Eskatzaileek, aurrekoez gain, baldintza hauek ere bete beharko dituzte eskaera egiten dutenean:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-kasuetan ez egotea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta deialdia tramitatzeko beharrezkoa den gainerako informazio fiskala ere.

b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

c) Kalte ekonomikoak izatea Ukrainako inbasioak, nazioarteko komunitateak ezarritako zehapenek edo hartutako kontraneurriek sortu dituzten ondorioak direla eta.

d) Errusiak Ukrainari eraso egin ondoren Europar Batasunak ezarri dituen zehapenen xede ez izatea. Muga horrek bere baitan hartzen ditu zehapen horiek ezarriak dituzten pertsonek, entitateek eta organoek kontrolatutako enpresak, bai eta zehapenen xede diren sektoreetan jardunean dauden enpresak ere.

Laguntzaren eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da eskatutako baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.

3. Eskatzaileek nortasun juridikorik ez dutenean, laguntza emateko ebazpenean adieraziko da unitateko kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa, haiek ere onuradunak izanen baitira.

4. Laguntza hauetatik kanpo daude:

a) Haien jarduera ekonomikoen barruan EJZaren modalitate hauetako batean alta emanik dauden enpresak:

–Finantza erakundeak (EJZak: 811, 812 eta 819).

–Energia elektrikoaren garraioa eta banaketa (EJZa: 1515).

–Gasaren fabrikazioa eta banaketa (EJZa: 152).

b) Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan zehazten diren sektore publikoko enpresak, bai eta bestelakoak ere, baldin haien akzio, partaidetza edo patronatukideen gehiengoa sektore publikokoa bada.

c) Gastu energetikoa etxeko kontsumoarekin zuzenean loturik duten enpresak:

–Jabekideen erkidegoak.

–Etxebizitzen alokairurako enpresak (JEZa: 8611).

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarria.

1. Gastu diruz lagungarria izanen da fakturatutako horniduren kostu orokorraren igoera (BEZa kenduta), 2022ko otsailaren 1etik irailaren 30era bitartekoa (epe diruz lagungarria), 2021eko epe berean izandakoarekin alderaturik, kontzeptu hauetan betiere:

–Elektrizitatea.

–Gas naturala.

–Solteko petrolio-gas likidotuak (PGL).

–Fluido termikoak (ur beroa, hotza, hozteko fluidoa edo lurruna), industrialde bateko azpiegitura komunen zentral batean sortutakoak.

Kostu igoera hori kalkulatzeko, kontuan hartuko dira eskatzaileak kontratatutako hornidura guztien fakturak.

2. Gastu horiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Eskatzailearen izenean dauden eta Nafarroako establezimendu iraunkorrei dagozkien fakturetan sartuta egon beharko dute.

Elektrizitatearen eta gas naturalaren gastuen kasuan, hornidura puntuen kode unibertsalek alta emanik egon beharko dute 2021eko otsailaren 1a baino lehenagotik, eta gutxienez 2022ko irailaren 30era arte.

b) Gastu diruz lagungarriak (fakturatutako horniduren kostu orokorraren igoera, BEZa kontuan hartu gabe), eskatzaile bakoitzeko, 2.000 eurokoa izan beharko du gutxienez.

c) Eskatzaileak 2021ean eta 2022an, aipatutako datetan, energia elektrikoa saldu badu, aldi horietan emandako salmenta-fakturak gehitu beharko ditu, elektrizitatea bide hauetatik ekoitzi denean:

–Kogenerazioa gas naturalarekin.

–Energia fotovoltaikoa edo haize-energia.

Saldutako energi elektrikoaren zenbateko horiek, BEZa gabe, gastu energetikoaren balioak gutxituko dituzte.

d) Enpresaren jarduera etxebizitza batean betetzen bada, jarduerari dagozkion fakturak diruz lagungarriak izanen dira behar bezala bereizirik badaude, etxebizitzakoaz beste kontagailu bat edukita.

e) Ez dira diruz lagunduko etxeko kontsumo energetikoak.

4. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzaren zenbatekoa gastu diruz lagungarriaren %100ekoa izanen da.

Laguntza, osotara, ez da inoiz ere izanen 500.000 eurotik gorakoa enpresa edo enpresa-talde bakoitzeko.

Nolanahi ere, enpresak nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean jarduten badu, laguntza, osotara, ez da 62.000 eurotik gorakoa izanen, ez eta 75.000 eurotik gorakoa ere arrantzaren eta akuikulturaren sektoreetako enpresen kasuan.

2. Gastu diruz lagungarria deialdiaren aurrekontu kreditua (20.000.000 euro) gainditzen badu, hainbanaketa eginen da eskatzaile guztien artean, haietako bakoitzaren gastu diruz lagungarriaren arabera.

Onuradun bati dagokion laguntza jaso dezakeen gehienekoa baino handiagoa bada, soberakina berriz hainbanatuko da gehieneko laguntza lortu ez duten eskatzaile guztien artean.

Prozedura hori behin eta berriz beteko da deialdiaren aurrekontu kreditua ahitu arte.

3. Enpresa taldeen kasuan, enpresa lotuek eta enpresa elkartuek osatuta daudenean (Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko 3. artikuluan jasotako definizioaren arabera), talde osoari dagokion laguntzak, guztira, ezin izanen du gainditu 1. atalean jasotako muga.

Horrela, eskatzaile batzuek enpresa taldea osatzen dutenean, behin eskatzaile guztiei laguntzaren ehunekoa aplikatuta, hauxe eginen da:

a) Lehenengo eta behin, egiaztatuko da taldeko enpresa bakoitzaren laguntzen baturak ez duela gainditzen talderako ezarritako muga.

b) Baldin taldearen mugak gainditzen ez badira, eskatzaile bakoitzaren banako mugak aplikatuko dira.

c) Baldin enpresa guztiei dagokien laguntzak taldearen muga gainditzen badu, gehieneko hori enpresen artean banatuko da, haietako bakoitzak eskatutako gastu diruz lagungarriaren proportzioan.

d) Ondoren, egiaztatuko da ea enpresaren batek gainditzen duen eskatzaile bakoitzaren gehieneko laguntza.

e) Baten batek gainditzen badu, banako muga horren soberakina banatuko da gehienekoa lortu ez duten taldeko enpresen artean.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022ko abenduaren 9an bukatuko, egun hori barne.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz www.navarra.es/eu (hemendik aurrera, "laguntzen fitxa"). Fitxa horretan eskaeraren inprimakirako web esteka bat egonen da.

3. Eskaeraren inprimakiko eremu guztiak bete beharko dira, 2. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena barne.

Eskaeran, halaber, beste erantzukizunpeko adierazpen bat dago, Ukrainiarako Europako Aldi Baterako Esparrua edo Errusiak Ukraina inbaditu ondoren ekonomia sostengatzeko laguntza neurriei buruzko Aldi Baterako Esparru Nazionala aplikatuta jaso diren beste edozein laguntzari buruzkoa. Era berean, kostu diruz lagungarri berberetarako jaso dituzten laguntzak deklaratu beharko dituzte.

4. Eskaeraren inprimakiari dokumentazio hau erantsi beharko zaio:

a) Excel liburua, inprimakian jaso beharreko zenbatekoak kalkulatzen laguntzeko, laguntzen fitxan dagoena. Excel liburuaren formatuarekin erantsiko da (ez pdf formatuan).

b) Gas naturalaren, elektrizitatearen, solteko petrolio-gas likidotuen (PGL) eta fluido termikoen fakturak, 2021eko eta 2022ko otsailetik irailera bitartekoak, eta 2022ko fakturen ordainketa agiriak.

c) Energia elektrikoaren salmenta kasuetan, salmenta hori frogatzen duten fakturak, 3.1.c) oinarrian ezarritako baldintzetan.

Fakturek eskaintzailearen izenean egon beharko dute eta berak ordainduta. Energiaren salmenta fakturen kasuan, eskatzaileak emanak izan beharko dute.

5. Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

6. oinarria.–Laguntzak ematea eta ordaintzea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Lehiakortasunaren Zerbitzuak) laguntzak eman eta ordaintzeari buruzko ebazpen proposamenak, edo ukatzekoak, hala badagokio, igorriko dizkio Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiari, huraxe baita dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa.

2. Ebazpenak bi hilabeteko epean emanen dira gehienez, eskaerak aurkezten diren egunetik hasita, eta argitara emanen dira laguntzen fitxan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta argitaratu gabe, laguntza-eskaera administrazio isiltasunez ezetsi dela ulertzen ahalko da.

7. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Onuraduna nortasun juridikoa duen entitate pribatu bat bada, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan dagoen ereduarekin bat datorrena, aurkeztu beharko du telematika bidez, dirulaguntza emateari buruzko ebazpena laguntzen fitxan argitaratzen denetik hilabeteko epean.

Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

Adierazpen hori 2022an jasotako beste dirulaguntza batzuk direla-eta aurkeztu baldin badu, ordea, ez du berriz aurkeztu beharko, baina eskaeran adierazi beharko du.

b) Enpresa deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

c) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla 3. oinarrian aurreikusitako gastuak, diruz lagundutakoak, finantzatzeko. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena.

d) Nekazaritzako produktuak eraldatzen eta merkaturatzen jarduten duten enpresei emandako laguntzetarako baldintza da lehen mailako ekoizleei ez jasanaraztea, osorik nahiz partez, eta ez finkatzea enpresa interesdunek merkaturatzen dituzten edo lehen mailako ekoizleei erosten zaizkien produktuen prezioaren edo kantitatearen arabera, salbu eta erositako produktu horiek kasuan kasuko enpresek ez badituzte merkaturatu ez erabili elikaduraz besteko xedeetarako, hala nola destilaziorako, metanizaziorako edo konpostatzerako.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

8. oinarria.–Itzulketa eta zehapenak.

1. Eskatzaileak laguntza emateko balio zuten datuak ezkutatzen edo faltsutzen baditu, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, baita kasuan kasko berandutze-interesak ere, sortuko direnak laguntza ordaintzen denetik itzulketa erabakitzen den egunera bitarte.

2. Halaber, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, bai eta sortutako berandutze-interesak ere, baldin onuradunak betetzen badu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. eta 37. artikuluetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako kausetako bat, edo oinarri arautzaile hauetan ezarritako betebeharrak konplitzen ez baditu.

Itzultzeko prozedurak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoaren arabera tramitatuko dira.

3. Halaber, itzulketa dakartzan inguruabarrak gertatuta, onuradunak borondatez egin dezake itzulketa, administrazioak aldez aurretik errekerimendurik egin gabe, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 90. artikuluan ezarritakoarekin.

Borondatezko itzulketen kasuan administrazioak berandutze-interesak kalkulatzeko, kontuan hartuko da Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 38. artikuluan aurreikusitakoa eta noiz egin duen benetan onuradunak itzulketa.

4. Arau-hausteei dagokienez, onuradunei aplikatu beharko zaie Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 5/2011 Foru Legean aurreikusitako zehapen-araubidea.

9. oinarria.–Ukrainiarako Europako Aldi Baterako Esparruko laguntzak.

1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak Errusiak Ukrainiari eraso ondoren ekonomia sostengatzeko estatu-laguntzen gaineko neurrietarako aldi baterako esparruko laguntzak dira. Esparru hori 2022ko martxoaren 24an eman zen argitara EBAOn (2022/C 131 I/01). Ondoren, 2022ko ekainaren 13an, Europako Batzordeak Errusiak Ukraina inbaditu ondoren ekonomia sostengatzeko laguntzen arloko neurrietarako aldi baterako esparru nazionala onetsi zuen (SA.102771).

2. Aldi baterako esparru nazional horrekin bat, enpresa edo enpresa talde bati emanen zaion laguntza, osotara, 500.000 eurokoa izanen da gehienez.

Nolanahi ere, laguntza, osotara, ez da 62.000 eurotik gorakoa izanen nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean jarduten duten enpresentzat, ez eta 75.000 eurotik gorakoa ere arrantzaren eta akuikulturaren sektoreetako enpresentzat.

Ondorio horietarako, enpresek deklaratu egin beharko dute eskaeraren inprimakian Ukraniarako Aldi Baterako Esparru Nazionalaren edo Ukrainarako Europako Aldi Baterako Esparruaren babesean jasotako laguntzak.

3. Enpresak jarduten badu gehieneko zenbateko desberdinak dituzten sektoreetan, bermatuko da jardueretako bakoitzari aplikatzen zaiola dagokion muga eta ez dela gainditzen, guztira, gehieneko zenbatekoa. Horretarako, neurri egokiak ezarriko dira, kontabilitate bereizia, adibidez.

10. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa arauak.

1. Laguntza hau bateragarria da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu berberetarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Gastu berberetarako emandako dirulaguntzen zenbatekoa, betiere, ez da izanen, bakarka nahiz guztira, onuradunak egindako gastua baino handiagoa.

2. Ukrainarako Europako Aldi Baterako Esparruko estatu-laguntzaren neurriak metatzen ahalko dira, bai eta de minimis erregelamenduen (Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamendua) edo kategorien araberako salbuespenen erregelamenduen (Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamendua) babesean emandako laguntzekin ere, baldin eta betetzen badira erregelamendu metaketaren arloan ezartzen diren arauak. Era berean, COVID-19aren aldi baterako esparruan emandako laguntzekin ere metatzen ahal dira, baldintza bera betez gero.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

2. Laguntza hauek emateko prozeduran eskatzaileei egin behar zaizkien komunikazioak eginen dira eskatzaileak eskaeraren inprimakian adierazitako helbide elektronikoa baliatuz, salbu eta dirulaguntza eman eta ordaintzeko ebazpenaren jakinarazpena, laguntzen fitxan argitaratuko baita.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lehiakortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/es/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuta egonen dira urtebetez (www.nafarroa.eus).

13. oinarria.–Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari aurkeztuta, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2215314