23. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SAN ADRIÁN

2022ko lan egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa

4/2022 Ebazpena, 2022ko urtarrilaren 14koa, alkate udalburuak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2022. urteko lan-egutegia eta jaiegunak San Adriango Udalaren zerbitzuko langileentzat.

Ezarrita Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2022ko jaiegunen egutegi ofiziala, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 18ko 217/2020 Ebazpenaren bidez.

Kontuan harturik 154/2021 Foru Agindua, abenduaren 16koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 2022ko lan-egutegia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat.

Horrenbestez, eta esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onestea 2022ko lan-egutegia eta izanen diren jaiegunen egutegia; hona hemen:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Apirilaren 14a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 15a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 18a: Pazko astelehena.

–Uztailaren 25a: Santiago eguna.

–Uztailaren 26a, 27a, 28a 12:00etatik aurrera eta 30a: herriko jaiak; San Adrianen lan egiten dutenek jai izanen dute. Herriko jairik ez badago, COVID-19aren pandemiaren ondorioz, egun horiek gehituko zaizkie San Adriango Udalaren zerbitzuko langileek urtean zehar dituzten opor-egunei.

–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.

–Irailaren 8a: Herriko jaia.

–Urriaren 12a: Espainiako jai nazionala.

–Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 26a: Eguberri biharamuna.

Bigarrena.–San Adriango Udalaren bulegoetan, eguneko lanaldia 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da, astelehenetik ostiralera, 218 benetako lanaldi edo egunetan. Urteko lanordu kopurua 1592 izanen da, eta ordutegi orokorra, 08:00etatik 15:00ak artekoa.

Jendea hartzeko eta aurrez aurreko Erregistro Orokorra irekitzeko ordutegia izanen da 08:30etik 13:30ak artekoa. Erregistro elektronikoa urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan egonen da erabilgarri. Uztaileko herriko jaietan, Udalaren bulegoak itxita egonen dira uztailaren 26tik 29ra, biak barne.

Ezarritako lanaldiaren banaketa ez zaie aplikatuko, zerbitzuaren beharrak direla eta, lanaldi berezia duten langileei, ez eta ordu konpentsazioren bat dutenei ere (txandakako lana, gauekoa, etab.), horiek lan egutegi berariazkoa izanen baitute.

Hirugarrena.–Gazte asteburuan (uztailaren 16an eta 17an) eta uztaileko herriko jaietan (uztailaren 26an, 27an, 28an, 29an eta 30ean) egin behar diren zerbitzuak jaiegunekotzat hartuko dira, ordainsariei dagokienez soil-soilik, baldin eta uztaileko herriko festak bertan behera gelditzen ez badira COVID-19aren pandemiaren ondorioz; azken hori gertatzen bada, ez dira jaiegun gisa konputatuko.

Laugarrena.–San Adriango Udaleko kontratudun langileei 12 ordu eta 40 minutuko poltsa emanen zaie, herriko jaietan hartzeko, hau da, uztailaren 28an 8:00etatik 12:00etara eta uztailaren 29an, eta beste poltsa bat, ordu 1 eta 20 minutukoa, urtean zehar hartzeko.

Bosgarrena.–Oporrak 2022. urtean hartu beharko dira nahitaez, eta 2022ko abenduaren 31n azkenduko da opor horiek hartzeko eskubidea. Zerbitzuaren beharrek hartarako bidea ematen badute, 2023ko urtarrilaren 31ra arte hartzen ahalko dira, gehienez.

Seigarrena.–Ebazpen hau langileen ordezkariei igortzea, bai eta Kontu-hartzailetzara eta Langileria Alorrera ere, eta argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta San Adriango Udalaren Gardentasun Atarian eta iragarki-taulan, eta horren berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo osoko bilkura arruntean.

San Adrianen, 2022ko urtarrilaren 14an.–Alkate udalburua, Emilio Cigudosa García.

Iragarkiaren kodea: L2200599