23. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LAPOBLACIÓN

Ordenantza, Lurgainaren, lurzoruaren eta lurpearen tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Lapoblación-Meanoko Udalak, 2021eko urriaren 8an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Lapoblación-Meanoko Lurgainaren, lurzoruaren eta lurpearen tasak arautzen dituen ordenantza. Iragarkia 2021eko 258. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 11n.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi, eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lapoblación-Meanon, 2022ko urtarrilaren 19an.–Alkatea, Ernesto Apiñániz Remírez.

LURGAINAREN, LURZORUAREN ETA LURPEAREN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza honen helburua da Udalaren bide publikoetako lurzoru, lurpe edo lurgainean hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek egiten duten erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziaren tasa arautzea, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean, betiere Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen artikuluen babespean.

2. artikulua. Tasa honen zerga-egitatea dira Udalaren bide publikoetako lurzoru, lurpe edo lurgainean hornidura zerbitzuen enpresa edo entitateek egiten dituzten erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

Bereziki, zerbitzu horien barrenean egonen dira ur, gas, argindar, telefonia finko eta mugikor eta beste komunikabide moten hornidurak, ematen direnean Udalaren jabari publikoa okupatzen duten sare edo antena finkoen bitartez, osorik nahiz partez.

3. artikulua. Tasa horren subjektu pasiboak dira aurreko ataleko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten zerbitzu enpresak, bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak badira, bai sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak badira.

Horri dagokionez, zerbitzu horiek ustiatzen dituzten enpresen artean sartzen dira banaketarako eta merkaturatzeko enpresak.

4. artikulua. Tasa horren zenbatekoa, hurrengo apartatuan jorratuko den telefonia mugikorreko kasuan izan ezik, udal-mugartearen barnean enpresek urtero lortzen duten fakturazioaren diru-sarrera gordinen %1,5ekoa izanen da, tasa horri lotuta badaude.

Ondorio horietarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ezta hirugarrenen kontura kobratutako partida edo zenbatekoak ere, baldin ez badira entitatearen diru-sarrera berekiak, alegia, tasaren zenbatekoa zehazteko araubide hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berekiak. Orobat, ez dira fakturazioaren diru-sarreren barnean hartuko Ekonomia Ministerioaren energia elektrikoa sortzeko instalazioen erregistro administratiboaren 1. eta 2. ataletan inskribatutako instalazioetan erabiltzen diren hornidura zerbitzuen zenbatekoak, baldin eta erabiltzen badira araubide berezi horretan tributatu dezakeen energia sortzeko beharrezko lehengai gisa. Hornidurak egiteko beste batzuen sareak erabiltzen dituzten enpresek beren fakturazioko diru-sarrera gordinetatik kenduko dituzte beste enpresa batzuei ordaindu dizkieten zenbatekoak, haien sareak eskuratzeagatik edo haiei lotzeagatik. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetan.

Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki-erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna beharturik dago horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera, bai eta aurretik zenbateko horren gordailua egitera ere, ezertan ukatu gabe tasaren ordainketa.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen du ordainetan onuradunak.

5. artikulua. Telefonia mugikorreko enpresak araubide orokorrari lotuko zaizkio tasa zehazteko, jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia dela eta. Horretarako, erabileratik edo aprobetxamendutik eratorritako onurak merkatuan izanen lukeen balioa hartuko da oinarri, ukitutako ondasunak jabari publikokoak ez balira.

Tasa zehazterakoan, gainera, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan: aprobetxamenduaren iraupena eta operadore bakoitzari egotz dakiokeen berariazko koefizientea merkatu-kuotaren arabera. Hala, tasa lortuko da merkatuaren balioa biderkatuz iraupenarekin eta operadore bakoitzaren berariazko koefizientearekin.

6. artikulua. Tasa urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortuko da, eta zergaldia urte naturalekoa izanen da, erabilera pribatiboa hasteko edo uzteko kasuetan izan ezik, kasu horretan urte naturalaren zenbatekoa proportzionalki hainbanatuko baita.

7. artikulua. Zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresetan tasa ordaintzera beharturik daudenek hiru hilean behin aurkeztu beharko dute udal-mugartean erdietsitako diru-sarrera gordinen aitorpena, aurreko hiruhilekoari dagokiona hain zuzen ere.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

Aitorpena aurkeztearekin batera, dagokien tasaren zenbatekoa ordaindu beharko dute enpresek.

8. artikulua. Ordenantza honetan arautzen den tasa bateragarria da –independentea baita– toki-erakundearen eskumeneko jarduerak egiteagatik edo zerbitzuak emateagatik ezar daitezkeen beste tasa batzuekin, salbu eta erabilera pribatiboarekin edo aprobetxamendu bereziarekin ikusteko duten tasekin, horiek baitira ordenantzaren berezko xedeak.

9. artikulua. Tasa hau kudeatzeko, toki-erakunde honek hitzarmenak egin ditzake beste erakunde batzuekin, tasa kudeatu eta likidatzeko prozedura errazteko eta arintzeko.

Iragarkiaren kodea: L2200845