23. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASCANTE

Ordenantza, Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Cascanteko Udalak, 2021eko azaroaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza. Hura 2021eko 272. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 30ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi da. Hona hemen haren testua:

Cascanten, 2022ko urtarrilaren 18an.–Alkate udalburua, Alberto Añón Jiménez.

ORDENANTZA FISKALA, CASCANTEKO UDALAREN ERAIKUNTZEN, INSTALAZIOEN ETA OBREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua.

Ordainarazpen hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 167.etik 171.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren babesean ezarri da.

Ezaugarriak eta zerga-egitatea

2. artikulua.

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga zeharkako tributua da eta haren zerga-egitatea da udal-mugartean zernahi eraikuntza, instalazio edo obra egitea, baldin hartarako beharrezkoa bada hirigintza edo obra lizentzia bat, lizentzia hori erdietsia izanik ala izan gabe, edo erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiko komunikazioaren aurkezpena eskatzen bada, baldin zerga ezartzen duen udalari badagokio lizentzia ematea, lizentzia emateari buruzko txostena (Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legearen 39. artikuluan xedatua) edo kontrola.

Salbuespenak

3. artikulua.

Zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da baldin eta horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomia erkidegoak, edo Nafarroako toki-erakundeak, eta baldin, zergapekoak direlarik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepide, burdinbide, aireportu, lan hidrauliko, hiri saneamendu edo haien hondakin uren saneamendurako, nahiz eta erakunde autonomoek kudeatu, dela eraikuntza berriko lana, dela kontserbatzekoa.

Halaber, zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da etxebizitzetan eraikuntza, instalazioa edo obra egitea baldin eta, etxebizitzen jabeak Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua edo Nafarroako toki-erakundeak izanik, eta horiek irabazi asmorik gabeko erakundeei lagata egonik, arazo ekonomikoak dituzten pertsonei laguntzeko badira.

Subjektu pasiboak

4. artikulua.

1. Ordainarazpen honen subjektu pasiboak hauek dira, zergadun gisa: pertsona fisiko eta juridikoak eta Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren erakundeak, baldin eraikuntza, instalazio edo obraren jabe badira, hura egiten den higiezinaren jabe izan ala ez.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, eraikuntza, instalazio edo obraren jabetzat hartuko da hura egitearen gastuak edo kostua ordaintzen dituena.

2. Eraikuntza, instalazioa edo obra subjektu pasibo zergadunak egiten ez duenean, zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat joko dira kasuko lizentziak eskatzen, kasuko erantzukizunpeko adierazpen edo aurretiazko komunikazioak aurkezten, edo eraikuntzak, instalazioak edo obrak egiten dituztenak.

Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako tributu-kuotaren zenbatekoa.

Zerga-oinarria, kuota eta sortzapena

5. artikulua.

1. Zerga-oinarria eraikuntza, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoa da, eta holakotzat hartzen da, ondorio hauetarako, haren exekuzio materialari dagokiona, proiektuan diren elementu guztiak barrenean hartuta, eta lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren helburu den eraikuntzari, instalazioari edo obrari dagokionez berezitasun edo nortasun propiorik ez badute. Zerga-oinarriaren zati ez dira ez balio erantsia, ez araubide bereziko antzeko zergak, tasak, prezio publikoak, ez tokiko izaera publikoko ondareko gainerako prestazioak, horiek eraikuntza, instalazio edo obra alorrekoak badira, ez eta profesionalen ordainsaria, kontratistaren enpresa-mozkina edo beste edozein kontzeptu, hori exekuzio materialaren kostuan sartzen ez badira.

2. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikaturik ateratzen dena.

3. Karga-tasa %2aren eta %5aren artekoa izanen da. Udalaren osoko bilkurak erabakiko du tasa zehatza, tarte horren barruan.

4. Zerga hau, eraikuntza, instalazioa edo obra hasten delarik sorrarazten da, hartarako lizentziarik lortu ez bada ere.

Hobariak

6. artikulua.

Eraikuntza, instalazio edo obrek %95eko hobaria izanen dute EIOZaren kuotan, baldin eta ohiko etxebizitzako autokontsumorako sistemak ezartzen badituzte eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako. Hobari hori aplikatuko da, soil-soilik, sistema horien exekuzio materialaren kostuari dagokion zatiaren gainean. Horretarako bete beharreko baldintza izanen da beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea.

Eraikuntza, instalazio edo obra osoan sartzen diren edo erlazionatzen diren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemen kopurua alde batera utzita, EIOZaren kuotari aplikatu beharreko hobariaren gehieneko zenbatekoa ez da izanen 300 eurotik gorakoa.

Kudeaketa

7. artikulua.

1. Aginduzko lizentzia ematen denean, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean, edo, lizentzia eskatu, eman edo ukatu edota erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu baino lehen, eraikuntza, instalazioa edo obra hasi bada, konturako behin-behineko likidazio bat eginen da, eta honela zehaztuko da zerga-oinarria:

a) Interesdunek aurkeztutako aurrekontua aintzat hartuta, betiere dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia, hori aginduzko betebeharra denean.

b) Aurrekonturik ez dagoen kasuetan eta ordenantza fiskalak hala aurreikusten duenean, horretarako ezartzen dituen indize edo moduluen arabera.

2. Ikusirik egiazki egin diren eraikuntzak, instalazioak eta obrak, baita horien benetako kostua ere, Udalak, dagokion administrazio egiaztapenaren bidez, aurreko zenbakian aipatutako zerga-oinarria aldatuko du, hala badagokio, dagokion behin betiko likidazioa eginez, eta subjektu pasiboari eskatuz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuliz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan berariaz jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta harekin bat heldu den legeria aplikatuko dira.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean jarraituko du berariaz indargabetzen edo aldatzen ez den bitartean.

Ordenantzaren 6. artikulua, indarrean dagoenean, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin aplikatzen ahalko da.

Ordenantzaren behin betiko onespenaren aurka, eta Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren, martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitakoaren, 19. artikuluaren arabera, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan ezarritakoa bete beharrez.

Iragarkiaren kodea: L2200873