23. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BEARIN

Aldaketa, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Bearingo Kontzejuak (Deierri), 2021eko azaroaren 19an egindako bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketa.

Hasierako onespenaren iragarkia 2021eko 275. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 7an.

Jendaurreko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da ordenantza hura.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela ondorio juridikorik sortuko haien testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen ez den bitartean.

Behin betiko onespen honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bearinen, 2022ko urtarrilaren 10ean.–Kontzejuko burua, Servando Jesús Vergara Alecha.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Bearingo Kontzejuaren udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; 280/1990 Foru Legea, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duena; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herri-lurrei buruzko ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuko arauak, deusetan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluaren hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Bearingo Kontzejuari dagokio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan ezartzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Bearingo Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Bearingo Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Bearingo Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Bearingo Kontzejuak begiratuko du herri-ondasunak zain du, defendatu, berreskuratu eta hobetu daitezen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiakerari edo horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua. Bearingo Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Bearingo Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Bearingo Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Bearingo Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa beharko du aldez aurretik, baldin eskualdaketarik egin nahi badu ondasunak herriaren ondarerako berreskuratzearren.

11. artikulua. Bearingo Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Bearingo Kontzejuak, herri-lurrei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Bearingo Kontzejuak bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean herri-lurretako ondasunak defendatzeko, herritarren ekimenaren txanda izanen da zehaztuko den moduan. Ekimen horrek aurrera eginez gero, Bearingo Kontzejuak sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herri-lurren aprobetxamendua erlategia jartzeko.

e) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Bearingo Kontzejua herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.

16. artikulua.

1. Orokorrean, Bearingo Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Bearingo Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea sei (6) urteko antzinatasunez.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak Bearingo Kontzejuak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

17. artikulua. Herri-lurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Bearingo Kontzejuko Alkatetzak idatzizko baimena ematea. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inolaz ere batera hesitu.

18. artikulua. Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu baldin interesdun nahiz ukituek ez badute aldez aurretik eskabide bateratua egin eta ez baldin badute euren adostasuna erakutsi eta Kontzejuaren baimena izan.

19. artikulua. Kontzejuak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, sustatzen dituenean zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak, baldin eta eragiten badiete onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei, behin-behineko zein behin betiko. Hori egin baino lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.

Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

20. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Bearingo Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak

21. artikulua.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duen kiderik baldin badago, agiri bidez frogatuta, kide bakoitzeko kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen zergapeko kapitala, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

22. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreak badira, eta Kontzejuak baimena ematen badu, epe hori laborearen balio-bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

23. artikulua. Bearingo Kontzejuko batzarrak urtero onetsiko du herri-lurretako lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %50 baino gutxiago.

Kontzejuak finkatuko du herritar bakoitzari esleituriko laborantzako lurraren azalera, kontuan harturik herri-lurrak norainoko aukerak ematen dituen.

24. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikaturiko lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

25. artikulua. Ordenantza honen ondorioetarako, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da baldin adjudikaziodunak berak edo haren familia-unitateko kideek egiten badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu horretara behartzen badituzte urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko, Kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako beste arrazoi batengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Bearingo Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat behin betikoa bada, Kontzejuaren iritzian, eta herri-lurrak norberak zuzenean ezin baditu landu, 26. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

26. artikulua. Ezintasun fisikoagatik edo beste arrazoiren batengatik, titularrak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, dela adjudikatzeko unean, dela aprobetxamenduaren epean zehar, hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez adjudikatuko ditu Kontzejuak lurzati horiek, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Bearingo Kontzejuak lurzatien titularrei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Kontzejuak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian ematen edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epea bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

27. artikulua. Bearingo Kontzejuak noiznahi egiten ahal ditu egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztatzeak, ziurtatzeko lurzatien laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela.

Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ari

a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez badira erabiltzen adjudikaturiko herri-lurrak lantzeko.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez direnean, egin beharra izanda.

c) Adjudikatutako herri-lurzatiak sartzen ez dituztenean familia-unitateko kideen nekazaritzako politika bateratuaren laguntzen aitorpenean, edo hura ordezka dezakeenean, eta ustiategien erregistroari dagokionez ondorioak baditu.

d) Adjudikatutako lurzatien barnean lantzeko modukoak diren lurren %80 gutxienez lantzen ez badira. Halakoetan kanona ordaindu beharko da nolanahi ere.

e) Baldin laborantzako lurren jabe izanik, errentan eman badizkiete hirugarren batzuei.

f) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko aitorpena edo nekazaritzako politika bateratuko laguntzena, edo ustiategien erregistroko ziurtagiria aurkezten ez badute, Kontzejuak datuak egiaztatzeko eskatutakoan.

g) Ondoko alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.

Zuzeneko laborantzatzat hartuko da:

a) Belarrak eta bazka: moztu gabe saltzen ahalko dira, baina ereintza eta gainerako lanak adjudikaziodunak berak egin beharko ditu.

b) Laboreak: onartuko da kontratatzea herbizida botatzea, uzta biltzea eta fardoak egitea.

2. ATALA

Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

28. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoan, gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan eta ondokoetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak diren herritarren artean.

29. artikulua. Kontzejuak finkatuko du herritarrendako adjudikazio zuzeneko loteen azalera, eskura diren lurren arabera.

30. artikulua. Adjudikazio epea 22. artikuluan esan den bera izanen da. Loteak zozketa bidez adjudikatuko dira.

31. artikulua. Aprobetxamendu mota honetan, herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona onetsiko du Aberingo Kontzejuak, lur motaren arabera. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino gutxiago.

Zenbateko horiek kanonari dagozkio, eta urtero proposatuko da, aurreko urteko kontsumoko prezioen indizearen arabera eguneratuz (goiti egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; beheiti egiten badu, berriz, bere horretan utziko da).

32. artikulua. Adjudikazio-hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 24., 25., 26. eta 27. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

33. artikulua. Kontzejuak beretako gordeko du laborantzako herri-lurren azaleraren %5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei esleitzeko.

3. ATALA

Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

34. artikulua. Aberingo Kontzejuak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren laborantzako lurra soberan baldin bada, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 24., 25. eta 26. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

Kontzejuak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; inguruko gisako lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

35. artikulua. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Bearingo Kontzejuaren iragarki oholean ediktua agertuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

36. artikulua. Eskaerei erantsiko zaie honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazioa:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez sei urte lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai kontzeju honetan bai besteetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan bai besteetan, lehorreko lurrak diren edo ureztatzekoak zehaztuta.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai udal-mugarte honetan bai besteetan.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Bearingo Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 21.3 artikuluan zehazten den bezala.

37. artikulua. Bearingo Kontzejuak osoko bilkuran onetsiko du adjudikazio modu bakoitzera –lehentasuna duten herritarrena nahiz zuzeneko adjudikazioa– onartu direnen zerrenda. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

38. artikulua. Aprobetxamendu modu bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Kontzejuaren iragarki-taulan jarriko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

39. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta modu bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

40. artikulua. Ikusita herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrenda, adjudikatuko dira ordenantza honetan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Kontzejuak, zozketa bidez, laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia-unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen araberakoak izanen dira.

Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, Kontzejuaren iragarki-taulan. Zerrendak Kontzejuak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

41. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegaziorik baldin bada, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

Osoko bilkurak laborantzako herri-lurren aprobetxamendurako onartzen dituen oinarrietan, adjudikazioaren hasieran ordaindu beharreko fidantzaren zenbatekoa finkatuko da; zenbateko hori adjudikazioa bukatzean itzuliko da.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

42. artikulua. Bearingo Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modu hauetan eginen da, lehentasun-ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

43. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak izanen dira herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda izan beharko dituzte eta ustiapen liburuan ere jasorik.

44. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku dira azpierrentamendua eta lagapena. Hori dela eta, Bearingo Kontzejuak uste izanen du ez direla herrilarreak zuzenean aprobetxatzen familia unitateko bizilagun titularrek haien azienda kentzen dutenean Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abeltzaintzako Zentsuaren Erregistrotik.

45. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria izanen du, dioena indarra duten arauetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.

Nafarroako Foru Komunitateak baimentzen dituen abeltzaintza-espezieak larratzen ahalko dira bertan.

46. artikulua. Bearingo Kontzejuak, aurretik onuradunei ohartarazita, eraginik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien adjudikazioak, herri-lurretan hobekuntzak egitea bultzatzen duenean.

47. artikulua. Herritarren arteko banaketan larrerik soberan gelditzen bada, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, Bearingo Kontzejuak osoko bilkuran erabakitzen duen denborarako eta indarra duen araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari loturik.

48. artikulua. Aprobetxamenduaren banaketa zehazteko, azienda moten arteko baliokidetasun hauek finkatu dira:

a) Behor aziendako abelburu bakoitzeko behi 1.

b) Behi aziendako abelburu bakoitzeko 8 ardi.

c) Ahuntz azienda bakoitzeko ardi 1.

Bearingo Kontzejuak onetsiko du herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona.

Proposatutako kanona urtero eguneratuko da aurreko urteko kontsumoko prezioen indizearekin (goiti egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; beheiti egiten badu, berriz, bere horretan utziko da).

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

49. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Bearingo Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

50. artikulua. Bearingo Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori Bearingo Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

51. artikulua. Egur-loteak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.

52. artikulua. Egurra banatzerakoan, Bearingo Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emanen die diru aldetik familia-unitate apalenei.

53. artikulua. Zehaztearren aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak, Bearingo Kontzejua oinarrituko da irizpide objektiboetan, ordenantza honen 21. artikuluan islatzen den bezala.

54. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Kontzejuak aurrekontu arruntean.

55. artikulua. Onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; dena dela, hondakin horiek ezin dira bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bestelako tokietan pilatu. Ingurua garbi utzi beharko da, hondarrik eta adarrik gabe.

Eskatzaileek urtebeteko epean egin eta bildu beharko dute epaitza, hurrengoa eskatu aurretik.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

56. artikulua. Haizeak edo elurrak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsitakoak egurretarako aprobetxatzen ahalko dira salbuespen gisa, baldin zura egiteko aprobetxatzerik ez badago. Betiere beharko da basozainaren eta Bearingo Kontzejuaren onespena.

Zuhaitz berberei buruzko eskaera bat baino gehiago badago, izen-emateen araberako zerrenda bat sortuko da, eta, ahal bada, banaketa bidezkoa eginen da eskatzaileen artean. Ezinezkoa bada, ordena horren arabera banatuko da.

Izena eman dutenetako batek mota horretako aprobetxamenduren bat jaso badu eskabidea egin duen urtean bertan edo aurrekoan, automatikoki zerrendan azken postura igaroko da.

V. KAPITULUA

Ehizaren aprobetxamendua

57. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua gaiari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

VI. KAPITULUA

Herri-lurren aprobetxamendua erlategia jartzeko

58. artikulua. Zerga-egitatea da herri-lurrak okupatzea/lagatzea erlauntzekin erlezaintzan aritzeko.

59. artikulua. Erlategiak paratzeko herri-lurren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Kontzejuak aurrekontu arruntean.

60. artikulua. Herri-lur aski izan eta aldez aurretik desafektatzeko espedientea izapidetu eta Nafarroako Gobernuak baimena emanik (Herri-lurren Departamentua), Bearingo Kontzejuak baimena emanen die ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

61. artikulua. Herri-lurren erlezaintzako aprobetxamendurako baimenak arautuko dira kasu bakoitzean Kontzejuak, osoko bilkuran, onesten dituen baldintza-agirien bidez.

Erlezain orok indarra duen legeriak ezartzen dituen betebeharrak izanen ditu.

Erlezaintzako ustiategien titularrek erlauntz bakoitza identifikatu beharko dute, ikusteko moduko tokian eta irakurtzeko maneran, marka ezabaezin baten bidez; zer ustiategitakoa den, harexeri esleituriko kodea agertuko da bertan. Orobat, ohartarazi beharko da hor erleak daudela, ikusteko moduko lekuan eta erlategitik hurbil. Ohartarazpen hori ez da beharrezkoa izanen finka hesiturik baldin badago eta erlauntzak hesitik 25 metrora baldin badaude, gutxienez.

Segurtasun-eremua: erletxe edo erlategi orok babesteko itxitura bat izan beharko du, inguruan aziendarendako dagoenaren antzekoa.

Erlauntzetarako, kalteen eta erantzukizun zibilaren gaineko asegurua izan beharko du, indarrean.

VII. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

62. artikulua. Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Bearingo Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen dira. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VIII. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

63. artikulua.

1. Bearingo Kontzejuak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hauetarako erabili nahi baldin badira:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, laguntza emateko inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan jarraiki beharreko prozedura:

a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

64. artikulua. Toki erakundeak onetsiko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Kontzejuak ebatzi beharko ditu.

IX. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

65. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

c) Bizilagunendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Aprobetxamenduaren %80, gutxienez ere, ez erabiltzea.

e) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.

f) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Udalak adjudikatu gabe herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, soro utziak.

h) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta arbolak etab.), Kontzejuaren baimenik izan gabe.

i) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

j) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta hura garatzen duen Erregelamendua.

k) Animalia hilak abandonatzea, ingurumenari eta osasunari buruzko arauak urratuz.

l) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

m) Herri-lurra itxi, okupatu edo bertan eraikitzea.

n) Herri-lurren sarbideak okupatzea.

o) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

66. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d) eta l) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezarri ahal dituzten zehapenak ukatu gabe, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratzea, halakorik gertatu bada.

–i) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteetan, egindako kaltearen balioaren halako bostetik halako hamarrera bitarte ordaindu beharko da, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratu beharko da, halakorik gertatu bada. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10 euro eta 1.202,02 euro bitarteko zehapena ezarriko da.

–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera bideratuko da zehapen-prozedura.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau behin betiko onestean indarrik gabe geldituko dira Bearingo Kontzejuaren lehenagoko ordenantzak, arautzen dituztenak Bearingo mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2200314