23. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

164/2021 FORU AGINDUA, abenduaren 31koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren egitura organikoa garatzen duena bulegoen mailan.

Azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gazteriaren Institutua sortu eta haren estatutuak onetsi ziren.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 34.4 artikuluan ezartzen du ezen, bulegoak eta ataletatik beherako unitateak sortu, aldatu eta kentzeko, unitate horiek zein departamentutan sartuko diren, hango titularraren foru agindua beharko dela.

Horrekin bat etorriz, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Estatutuen 21. artikuluak xedatzen duenez (azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsitako estatutuak), bulegoak eta bulegoekin parekatutako beste unitate administratibo edo teknikoak gazteriaren arloan eskumena duen kontseilariaren foru aginduaren bidez sortu, aldatu edo kenduko dira, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendariak edo zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik txostena emanda funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek.

Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren bulego mailako egitura egokitzearren, bidezkoa da araudi berria onestea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenekin bat etorriz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren egitura garatzea, bulegoen mailan eta ataletatik beherako beste mailetan.

2. artikulua. Nafarroako Gazteriaren Institutuaren egitura.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak bulego hauek ditu bere egituran:

a) Administrazio eta Kudeaketa Atalaren menpe:

–Gazteriaren Etxeen Bulegoa.

b) Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalaren menpe:

–Argibide eta Prestakuntza Bulegoa.

–Parte-hartzearen eta Sormenaren Bulegoa.

c) Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalaren menpe:

–Aisialdi Hezigarriaren Bulegoa.

–Gazte Entitateen Bulegoa.

3. artikulua. Gazteriaren Etxeen Bulegoa.

Gazteriaren Etxeen Bulegoak, Administrazio eta Kudeaketa Atalari atxikirik, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Gazteriaren etxeen programazioa, proposamenak eta segimendua egitea.

b) Obra-proposamenak egitea, eskurapenak, eta proiektuak garatzea bere instalazioetan.

c) Gazteentzako instalazioetako prebentzio neurriak ezartzea eta haien jarraipena egitea.

d) Gazteentzako instalazioetarako dirulaguntzen deialdia prestatzea eta haien gaineko ebazpen proposamena egitea.

e) Gazte-aterpe berriak sartzeko protokoloak ezartzea, dagokion araudi sektorialaren arabera, eta Gazte aterpeen Espainiako Sarearen partzuergoan sarturik dauden gazte instalazioak gainbegiratzea, Gazteriaren Zuzendariordetzarekin lankidetzan.

f) Aurrekontuen exekuzioaren, prozedura eta prozesu ekonomiko-administratiboen eta aurrekontuaren analisia eta jarraipena egitea, kontuan harturik Nafarroako Gazteriaren Institutuaren unitate organikoek ematen duten informazioa.

g) Espediente arruntak izapidetzeko prozesuen jarraipena egiten laguntzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari.

h) Laguntza administratiboa ematea berariazko espedienteetan (urte anitzeko gastuenak, aurrekontu aldaketenak, Gobernuaren baimenenak eta bestelakoak).

i) Nafarroako Gazteriaren Institutuaren kontabilitate orokorrerako laguntza ematea eta horren jarraipena egitea.

j) Espedienteetan lagundu, haien jarraipena egin, tramitatu eta ixtea, agiri guztiak osatu arte, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Artxibo Nagusiari entregatzea.

k) Bere eskumenen esparruko espedienteen jarraipena egitea eta artxibatzea.

l) Aipatutakoen antzekoa edo osagarria izanik, Administrazio eta Kudeaketa Atalak agintzen dion beste edozein eginkizun.

4. artikulua. Argibide eta Prestakuntza Bulegoa.

Argibide eta Prestakuntza Bulegoak, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolaren (NGJE) programaziorako proposamenak egitea.

b) Ofizialki onartutako aisialdiko eskolen prestakuntza gainbegiratzea, eta eskola horientzako dirulaguntzen deialdiak prestatu eta ebaztea.

c) Tituluak eta diplomak ematea, bere eskumenen barruan, eta horien erregistro-liburuak eramatea.

d) Prestakuntza beken deialdiak prestatzea eta haien gaineko ebazpen proposamena egitea.

e) Gazteriaren arloko teknikarien eta espezialisten prestakuntza antolatzea eta sustatzea.

f) Gazteentzako Dokumentazio eta Informazio Zentroaren eguneratze lanak eta jarraipena egitea.

g) Nafarroako Gazteentzako Informazio Sarea dinamizatzea eta haren jarraipena egitea, eta hango errolda eguneraturik edukitzea (altak eta bajak).

h) Aldian behingo informazio aldizkariak egitea, sarearen bidez zabaltzeko.

i) Gazteentzako informazio zerbitzuetarako dirulaguntzen deialdia prestatzea eta haren gaineko ebazpen proposamena egitea.

j) Bere eskumenen esparruko espedienteen jarraipena egitea eta artxibatzea.

k) Gazteen jarduerak programatzea eta horien jarraipena egitea, bere bulegoari dagozkionak, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren instalazioetan, Gazteriaren Etxeen Bulegoarekin lankidetzan.

l) Aipatutakoen antzekoa edo osagarria izanik, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalak agintzen dion beste edozein eginkizun.

5. artikulua. Parte-hartzearen eta Sormenaren Bulegoa.

Parte-hartzearen eta Sormenaren Bulegoak, orain arte Gazteen Sormenaren eta Beste Zerbitzu Batzuen Bulegoa deitzen zenak, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalari atxikirik, honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Gazteek Foru Komunitatearen garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean parte har dezaten sustatzeko programak garatzea.

b) Entitateekin akordioak egitea, jende gaztearen artean parte-hartzea garatzeko.

c) Beste departamentu batzuekin zeharka egindako jarduerak garatzea eta jarraipena egitea.

d) Bere eskumenen esparruko espedienteen jarraipena egitea eta artxibatzea.

e) Gazteentzako jardueren programazioa eta jarraipena egitea, bere bulegoari dagozkionak, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren instalazioetan.

f) Aipatutakoen antzekoa edo osagarria izanik, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalak agintzen dion beste edozein eginkizun.

6. artikulua. Aisialdi Hezigarriaren Bulegoa.

Aisialdi Hezigarriaren Bulegoak, orain arte Gazte Mugikortasunerako Bulegoa deitzen zenak, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalari atxikirik, honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Gazteen mugikortasunerako programak eta jarduerak arautzen dituzten prozesuak koordinatzea eta haien jarraipena egitea.

b) Gazteriaren arloko Europako programak antolatzea, sustatzea eta garatzea.

c) Kultura arteko ikaskuntzara bideratutako gazte mugikortasunerako beste programa batzuk antolatzea.

d) Europako proiektuetan interesa duten erakundeei eta gazteei informazioa, prestakuntza eta laguntza ematea.

e) Europako programen agentzia nazionalen kudeaketa teknikoan parte hartzea: haien txostena, balorazioa eta koordinazioa egitea.

f) Gazte boluntarioentzako programa orokorrak sustatzea eta antolatzea.

g) Bere eskumenen esparruko espedienteen jarraipena egitea eta artxibatzea.

h) Gazteen jarduerak programatzea eta horien jarraipena egitea, bere bulegoari dagozkionak, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren instalazioetan, Gazteriaren Etxeen Bulegoarekin lankidetzan.

i) Aipatutakoen antzekoa edo osagarria izanik, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak agintzen dion beste edozein eginkizun.

7. artikulua. Gazte Entitateen Bulegoa.

Gazte Entitateen Bulegoak, orain arte Toki Entitateen eta Gazte Elkarteen Bulegoa deitzen zenak, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalari atxikirik, honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Toki entitateei zuzendutako gazteriaren arloko politika publikoak bultzatzeko laguntzen deialdiak prestatzea eta haien gaineko ebazpen proposamena egitea.

b) Gazte elkarteentzako laguntzen deialdiak prestatzea eta haien gaineko ebazpen proposamena egitea.

c) Nafarroako Gazte Entitateen Errolda kudeatzea.

d) Nafarroako Gazte Kontseiluarekin dagoen hitzarmenaren eta ezartzen diren bestelako hitzarmenen jarraipena eta kontrola egitea.

e) Gazte elkarteek egindako jardueren jarraipena egitea.

f) Aire zabaleko gazte jardueretarako baimen eskaerak kudeatzea.

g) Bere eskumenen esparruko espedienteen jarraipena egitea eta artxibatzea.

h) Gazteen jarduerak programatzea eta horien jarraipena egitea, bere bulegoari dagozkionak, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren instalazioetan, Gazteriaren Etxeen Bulegoarekin lankidetzan.

i) Aipatutakoen antzekoa edo osagarria izanik, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak agintzen dion beste edozein eginkizun.

Lehen xedapen gehigarria.–Izen eta atxikipen aldaketa.

–Gazteen Sormenaren eta Beste Zerbitzu Batzuen Bulegoak bere izena aldatu du, aurrerantzean Parte-hartzearen eta Sormenaren Bulegoa izanen baita, eta Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalari atxikita egonen da.

–Gazte Mugikortasunerako Bulegoak bere izena aldatu du, aurrerantzean Aisialdi Hezigarriaren Bulegoa izanen baita, eta Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalari atxikita egonen da.

–Toki Entitateen eta Gazte Elkarteen Bulegoak bere izena aldatu du, aurrerantzean Gazte Entitateen Bulegoa izanen baita, eta Gazteentzako Programen eta Erakundeekiko Harremanen Atalari atxikita egonen da.

Bigarren xedapen gehigarria.–Izendapenak.

1. Foru agindu honetan ezarritako egituraren arabera izen berari eusten dioten bulegoetako buruen izendapenak berresten dira, haiek egin zireneko baldintza berberetan.

2. Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

–Gazte Mugikortasunerako Bulegoko buruarena, aurrerantzean Aisialdi Hezigarriaren Bulegoko burua izanen baita.

–Toki Entitateen eta Gazte Elkarteen Bulegoko buruarena, aurrerantzean Gazte Entitateen Bulegoko burua izanen baita.

–Sormenaren eta Beste Zerbitzu Batzuen Bulegoko buruarena, aurrerantzean Parte-hartzearen eta Sormenaren Bulegoko burua izanen baita.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzeak.

Indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko abenduaren 31n.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2200044