228. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALLIN

Administrazio-izapideen eta kontabilitate-espedienteen kudeaketa eta nahitaezko lege-aholkularitza esleitzeko hitzarmena

Allingo Udalak, 2019ko maiatzaren 22an egindako osoko bilkuran, borondatez onartzen duten kontzejuek administrazio-kontabilitate zerbitzuen eta espedienteen kudeaketa Allingo Udalari esleitzeko hitzarmena onetsi zen.

Eulzko eta Larriongo kontzejuetako batzarrek aipatutako hitzarmenari atxikitzea onetsi dute 2018ko urriaren 13an eta 2019ko maiatzaren 22an egindako bilkuretan, hurrenez hurren.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3.a) artikuluan xedatutakoarekin bat, kudeaketa esleitzeko tresna argitaratzen da.

Amillaon, 2022ko azaroaren 8an.–Alkate udalburua, Eduardo Martinicorena Mortal.

KONTZEJUEK ADMINISTRAZIO IZAPIDEEN ETA KONTABILITATE ESPEDIENTEEN KUDEAKETA ETA DERRIGORREZKO LEGE AHOLKULARITZA UDALARI ESLEITZEKO HITZARMENA

1. Sarrera.

Allingo Udalak osaera konplexua du, hamar kontzejuz eratuta baitago. Aski ezaguna da toki entitateek baliabide ekonomiko eta tekniko eta langile baliabide eskasak dituztela bete beharreko hainbat beharri erantzuteko eta, bereziki, eskatzen zaizkien lege eskakizunak betetzeko, zeinak derrigor bete behar dituzten.

2. Aplikatzekoa den legedia.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluak honako hau ezartzen du: Administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo bertze bateko organo edo zuzenbide publikoko entitate bati esleitzen ahal zaizkio, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, efikaziari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago.

Kudeaketa esleitzeak ez dakar ez eskumenaren titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea; horrelakoetan, kudeatzeko esleipena ematen duen organoaren ardura izanen da esleipenean emandako jarduera material zehatzari oinarria emanen dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.

Nolanahi ere, esleipena jasotzen duen entitate edo organoa izanen da kudeaketa esleipena egikaritu bitartean eskuratzen dituen datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna, eta datu pertsonalen babeserako araudian xedatuta dagoena aplikatuko zaio. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57. artikulua.

3. Hitzarmenaren xedea.

Udalak, egoera horren jakitun izanik, borondatez onartzen duten kontzejuekin hitzarmen hau sinatzea proposatu du. Hitzarmen honen bitartez, Allingo Udalari esleitzen zaizkio administrazio-kontabilitate zerbitzuak eta espedienteen kudeaketa, zeinak kontzejuek derrigor bete behar dituzten. Jarduera horien artean daude, bertzeak bertze:

a) Kontzejuen aurrekontuak egiten eta legez izapidetzen laguntzea, baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea ere.

b) Kontabilitatearen kudeaketa eta Nafarroako Gobernuari (IDECAL) eta Espainiako Gobernuari (Autoriza) espedienteak bidaltzea, dagozkion txostenekin batera.

c) Dokumentuak eta aktak idazten laguntzea, eta Toki Administrazioari eta Nafarroako Gobernuaren Ordezkaritzari bidaltzea.

d) Kontratazio espedienteak eta legezkotasuna betetzeko beharrezkoak diren bertzelako espedienteak (herri-lurretako aprobetxamendua, higiezinen salmenta...) izapidetzea.

e) Dirulaguntzen berri ematea eta horien espedienteak izapidetzea, Nafarroako Gobernuaren egungo TIPa barne.

f) Kontzejuen dokumentuen sarrerak eta irteerak elektronikoki erregistratzeko zerbitzua.

4. Langileak.

Hitzarmen hau bete ahal izateko, Udalak B mailako titulazioa duen pertsona bat kontratatu du (EAZ edo Zuzenbide gradua, ekonomia zientziak edo antzekoak), eta haren lanaldia kontratu hau sinatzen duten kontzejuen kopuruaren araberakoa izanen da.

5. Finantzaketa.

Kontratatutako pertsonari ordaintzeko, hitzarmen hau sinatu duten kontzejuetako bakoitzak 1.000 euroko kuota finkoa emanen du, eta kontzejuko biztanle kopuruaren araberako bertze kuota bat; 10 eurokoa izanen da biztanleko.

Allingo Udalak bere gain hartuko du hitzarmen hau sinatu duten kontzejuen ekarpenarekin estaltzen ez diren langile kostuak.

6. Kontzejuen konpromisoak.

Hitzarmen hau sinatzen duten kontzejuek konpromisoa hartzen dute Udalak eskatutako dokumentazio eta laguntza guztia emateko, kontzejuaren funtzionamendu eta kudeaketa egokirako. Udalburuaren eta kontratatutako pertsonaren arteko harremana arina izanen da, eta elkarrenganako konfiantzan oinarrituko da.

7. Hitzarmenaren iraupena.

Hitzarmen honen indarraldia urtekoa izanen da, eta bi alderdien (Udala eta kontzejuak) adostasunarekin luzatuko da. Nolanahi ere, hitzarmena eten eginen da, Toki Erreforma onartzen bada eta hitzarmen honen xedea kasuan kasu eratzen den Eskualdeak kudeatzen badu, baldin eta hitzarmen hau sinatzen duten kontzejuak horri atxikitzen bazaizkio.

8. Indarra hartzea.

Hitzarmen honek 2020ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2214936