228. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, Iruñeko Udalaren Azpiegituretako zerbitzuko buruaren lanpostua merezimendu lehiaketa bidez betetzeko

Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak honako ebazpen hau eman zuen 2022ko urriaren 28an:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdia iragartzen da Iruñeko Udaleko Azpiegituretako zerbitzuko buruaren lanpostua merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Merezimendu-lehiaketa honako hauetan xedatuari jarraikiz ebatziko da: lanpostuak betetzeko Araudiaren 3. atalean, Tokiko Gobernu Batzarraren 2005eko azaroaren 22ko erabakian, zeinaren bidez merezimenduetarako baremoak ezarri baitziren, deialdi honen oinarrietan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan.

3.–Lanpostuaren ezaugarriak.

Lanpostuaren titularraren eginkizunak hura sortu edo arautzeko xedapenetan kasu bakoitzean finkatzen direnak izanen dira, eta/edo aldi bakoitzean organo eskudunek finkatzen dituztenak.

Deialdi honetako lanpostua eskuratzen duen funtzionarioak Iruñeko Udalaren Azpiegituretako zerbitzuko buruaren lanpostuari (306900 - 1) dagozkion ordainsariak jasoko ditu, betiere Udalaren Plantilla Organikoaren eta indarrean diren gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat.

4.–Merezimendu-lehiaketa bidez lortzen den lanpostua betetzeko baldintzak.

Merezimendu-lehiaketaren bidez lortutako lanpostuan aritzeko epea gehienez ere sei urte natural bitartekoa izanen da. Epe hori bukaturik eta izendapen espresik behar izan gabe, izendatuak bitarteko moduan segituko du lanpostu horretan, harik eta beste merezimendu-lehiaketaren bidez betetzen den arte, deusetan ukatu gabe Alorreko titularrak duen ahalmena haren kargugabetzea eta, hala izanez gero, beste funtzionario bat bitarteko moduan izendatzea proposatzeko.

Lanpostu baten titulartasuna merezimendu-lehiaketaren bidez lortzen duenak ez du aurkezterik izanen beste burutza bat betetzeko inolako merezimendu-lehiaketatara, hiru urte naturaleko epearen amaierara arte.

Muga horixe aplikatuko da, halaber, pertsona horrek burutzari uko egiten badio zein epetarako izendatua izan eta hura bete baino lehen.

Merezimendu-lehiaketaren bidez lortutako lanpostu baten titularrak honako kasu hauetan utziko dio lanpostu horretan aritzeari, inolako erreserba eskubiderik gabe eta dagozkion lansariak galduz:

a) Sei urte naturaleko epea bukatzen bada.

b) Lanpostua desagertzen bada, dagokion Alorreko egitura organikoa aldatzearen ondorioz.

c) Norberak espresuki uko egiten badio karguari.

d) Gerora sortutako zioak suertatzen badira, dela lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen ezagatik, lanpostuari dagozkion eginkizunak modu eraginkorrean betetzea eragozten duen errendimendu eskasean islatuta, dela lanpostuaren eginkizunak aldatzeagatik, betiere aurrez interesdunarekin entzunaldia izan eta Langileen Batzordeak txostena egin eta gero.

e) Titularra zerbitzu berezien egoerara edo eszedentziara igarotzen bada, hura borondatezkoa, nahitaezkoa edo berezia izan.

f) Diziplina-espediente baten barnean, hutsegite larri edo oso larriaren ondorioz, zehapena ezartzen bazaio, edo prozesu penal batean inhabilitaziora zigortzen bazaio.

g) Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen artetik izendapen libreko kargu baterako izendatzen badute.

h) Zerbitzu eginkizunetan aritzeko izendatzen badute, dela Iruñeko Udalean eta haren erakunde autonomoetan, dela beste edozein administrazio publikotan.

5.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Indarra duten legezko xedapenen arabera, merezimendu-lehiaketa honen xedeko lanpostua eskuratu ahal izateko, hautagaiek betebehar hauek bete beharko dituzte, eskaerak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapena egiten den unean:

a) Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako funtzionarioak izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) C mailakoa izatea eta Batxilergoko edo bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea edukitzea.

6.–Eskaerak, epea eta aurkezteko tokia.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, behin deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Deialdi honen testu osoa Iruñeko Udalaren webgunean ere egonen da eskuragarri: www.pamplona.es. Eskaerak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

6.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskaera telematikoki aurkeztu beharko dute, Interneten bidez, www.pamplona.es helbidean, honako nabigazio bide honi jarraiki: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamenean.

6.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek 5. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte, salbu eta dokumentazio hori Udalaren eskuetan badago. Hala bada, horren berri eman beharko da eskabidean. Aurrekoa gorabehera, Giza Baliabideetako zerbitzuak agiriok eskatzen ahalko dizkie lehiaketan parte hartzen dutenei ezin baditu bere kabuz bildu.

Desgaitasun bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria -organo eskudunak emana- aurkeztu beharko dute. Halaber, denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte -beharrezkotzat joz gero-, eskabidean bertan adierazita, eta, horrez gain, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer-nolako desgaitasuna duten, eta eskatutako egokitzapenak.

6.4. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta ordura arte haiek gauzatutako egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

6.5. Nahikoa izanen da agirien kopia sinpleak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du halako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

7.–Izangaien onarpena. Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta hura argitara emanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Iruñeko Udalaren www.pamplona.es webgunean.

Egun horretatik aitzina, baztertutako izangaiek bost egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko, eskaerak aurkezteko 6.2. oinarrian aipatutako izapide elektroniko beraren bidez.

Behin erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta erreklamazioak ebatzita, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du (izena, abizenak eta NANa agertuko dira, eta baztertuen kasuan, bazterketaren zergatia), eta agindua emanen du hori argitaratzeko Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Giza Baliabideetako zuzendariak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangaietan inor bazterturik ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko da.

Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik deialdietan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioaren eskuetan dagoena aztertzean ondorioztatzen bada ez dutela betetzen eskatutako baldintzaren bat, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik bereganatutako eskubide guztiak galduko dituzte.

8.–Kalifikazio-epaimahaia.

8.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Víctor Piñero Larrasoaña, Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko Alorreko idazkari teknikoa.

Epaimahaiburu ordezkoa: Jorge Urdánoz Apezteguía, Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendaria.

Epaimahaikidea: M.ª José Elverdin Garcés, Langileen Batzordearen ordezkaria, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Pablo Usurbil Moreno, Langileen Batzordearen ordezkaria, Batzordeak berak izendatua.

Idazkaria: Beatriz Martínez Buldain, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako teknikaria.

Idazkari ordezkoa: Marta Martínez Llobet, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako teknikaria.

8.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote administrazio-prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen bada, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

Epaimahaiaren osaera aldatzen bada, epaimahaikideek parte ez hartzeko edota haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jendaurrean emanen da horren berri izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera.

8.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

8.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdien oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

9.–Baloratu beharrekoak.

9.1. Honako alderdi hauek baloratuko dira:

a) Lehiaketaren xede den lanpostuari buruzko memoria-lana: 25 puntu bitarte.

b) Txosten psikoteknikoa: 15 puntu bitarte.

c) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 35 puntu bitarte.

d) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu bitarte.

10.–Baloratzeko prozedura.

10.1. Lanpostuari buruzko memoria-lana: Deialdiaren xede den lanpostua bete nahi duten izangaiek memoria-lan bat aurkeztu beharko dute -lehiaketako izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendan zehaztutako epean-, eta bertan honako alderdi hauek aztertuko dituzte: lanpostuaren zereginak eta hori betetzeko betekizunak, baldintzak eta bitartekoak zein Bide-garbiketako Zerbitzuaren antolamendu teknikoa.

Izangaiek memoria-lana ahoz aurkeztu eta defendatu beharko dute Epaimahaiaren aurrean. Epaimahaiak egoki joz gero, agerraldian izangaiek aurkeztutako merezimenduak ere har daitezke hizpide, bai eta lehiaketak xede duen lanpostuaren ezaugarrietara izangaiaren egokitze-maila ere.

Memoria-lana ahoz azaldu eta defendatzera ez agertzeak berekin ekarriko du automatikoki izangaia lehiaketatik kanpo geratzea.

Proba honek izaera baztertzailea edukiko du, eta gutxienez 12,50 puntu lortu behar dira hura gainditzeko.

Proba egin ondoren, izangai bakoitzaren emaitzak argitaratuko dira Udalaren webgunean, izangaien izena, abizenak, NANa eta puntuazioa adierazita.

Probaren emaitzen aurka erreklamazioa paratzen ahalko da, 3 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta. Behin erreklamazioak ebatzita, proba psikoteknikoa egiteko eguna eta tokia adieraziko dira.

10.2. Txosten psikoteknikoa: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak, dagozkion probak egin ondoren, izangai bakoitzaren inguruko txosten psikotekniko bat eginen du, eta bertan izangai bakoitzaren egokitze-maila baloratuko du deialdiak xede duen lanpostuaren izaera eta ezaugarrietarako. Zerbitzu horrek izangai bakoitzari txosten psikoteknikoan ematen dion puntuazioa loteslea izanen da lehiaketaren epaimahai kalifikatzailearentzat.

10.3. Gero, eta bakarrik memoria-lanaren proba gainditu eta txosten psikoteknikoa egitera aurkeztu diren izangaien kasuan, Epaimahaiak honako apartatu hauei dagozkien merezimenduak baloratuko ditu: administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta aurreko apartatuan aurreikusitako gainerako merezimenduak.

Xede horretarako, izangaiek bost egun naturaleko epea izanen dute, txosten psikoteknikoaren puntuazioa argitaratzen denetik, merezimenduen gaineko egiaztagiriak aurkezteko. Deialdian ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztiak egiaztatzeko agiriak aurkeztuko dira, originalak edo fotokopiak izan (kasu horretan, behar bezala konpultsatuta).

Xede honetarako, ez da beharrezkoa izanen Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuen dokumentazioa aurkeztea, hura jada Iruñeko Udalaren eskuetan badago.

Izangaiek behar bezala ordenaturik aurkeztu eta justifikatu behar dituzte merezimenduak, baremoan ezarritako puntuazio-eskemari jarraituta. Merezimendu horiek deialdi honen eranskinean jasotako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko dira.

Baldin eta memoria-lana izangai bakar batek gainditu badu, ez da beharrezkoa izanen proba psikoteknikoa egitea eta merezimenduen egiaztagiriak aurkeztea, ez baitira baloratuko lehiaketaren gainerako atalak.

Baloratutako elementu bakoitzaren behin-behineko emaitzen aurka erreklamazioa paratzen ahalko da, 3 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako ezarritako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiaketan parte hartzen duten izangaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduen gainean.

Probak gainditu dituzten izangaiek eskuratutako puntuazioari merezimenduen kalifikazioan eskuratutakoa gehituko zaio, horietako bakoitzaren guztizko puntuazioa lortze aldera.

Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinduta segituz gero, adinez zaharrena den lehiatzailearen alde ebatziko da.

11.–Gaindituen zerrenda, izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

Aurkeztutako erreklamazioak epaimahaiak ebatzitakoan, horrek behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Iruñeko Udalaren webgunean, eta proba gainditu duten izangaien behin betiko zerrenda igorriko dio Giza Baliabideetako zuzendariari, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera.

Giza Baliabideetako zuzendariak puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapena eginen du.

Izendatutako izangaiek hamar egun naturaleko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapenaren jakinarazpena jaso eta hortik aitzina.

Aipatutako epean lanpostuaz jabetzen ez direnek –behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu– eskubide guztiak galduko dituzte izendatuak izan diren lanpostutarako. Halako kasuetan, bajak beteko dira oinarri honetako lehen paragrafoan aipatzen den gaindituen zerrendan jarraian agertzen diren izangaiekin.

12.–Izangaiek aurkeztutako agiriak.

Aurkeztutako agiriak aurrez espresuki eskaturik jasotzen ahalko dira, betiere ez bada erreklamazio edo errekurtsorik jarri. Agiriak jasotzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da, behin hiru hilabete igarota izendapen-ebazpena jakinarazi zenetik.

Aurreko paragrafoan aipatutako epean agiriak jaso ez badira, ulertuko da uko egiten zaiola horiek berreskuratzeari; hortaz, horretarako eskubidea galduko da eta agiriak suntsituko dira.

Erreklamazio edo errekurtsorik egonez gero, aurkeztutako agiriak atxikiko dira horiek egiaztatu eta aztertze aldera. Agiriak jasotzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak ahalbidetzen duenean.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta haiek aplikatzeko epaimahaia sorburu ez duten egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.

Iruñean, 2022ko urriaren 28an.–Giza Baliabideetako zuzendaria, María Aránzazu Arias Leiro.

ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak:

1. Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdian eskatutako maila/talde eta titulazioko lanpostuetan: 1 puntu urte bakoitzeko.

2. Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, aurrekoez besteko lanpostuetan: 0,37 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak.

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Funtzionarioek zerbitzu berezien egoeran edo eszedentzia berezian eta unitate organiko baten burutzan emandako aldiak halako egoeretara igaro zirenean zeukaten lanpostuan emandako zerbitzu gisara baloratuko dira. Horren ondorioetarako, ez da aintzat hartuko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean prestakuntza eta hobekuntzarako jardueretan emandako denbora, apartatu honen 1. puntuan xedatutakoarekin bat baloratuko baita.

5. Honako a) apartatu honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta bestelako merezimenduak.

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 15 puntu.

Oharrak:

1.–Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2.–Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei 1 kredituko balorazioa emanen zaie.

3.–Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4.–Puntuazio berarekin baloratuko da erakunde antolatzailearen baldintza bete ez baina Administrazioak aginduta edo haren oniritziarekin eginak diren prestakuntza-saioetan parte hartu izana, halako prestakuntza-saiotzat joko direlarik espresuki sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatutakoak.

5.–Apartatu honetan ez dira baloratuko titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, ez unibertsitatekoak ezta unibertsitatez bestekoak ere.

6.–Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren lortutako merezimenduak.

2. Hitzaldien edo komunikazioen aurkezpena biltzarretan edo jardunaldietan, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo saridunak egin eta lanak aldizkari espezializatuetan argitaratu izana: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek egina den edo taldekoa, eta biltzarra edo argitalpena zer esparrutakoa den (tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa).

3. Sektore publikoan prestakuntza-saioak antolatu edo/eta halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere, bi puntu, epaimahaiak baloratu beharrekoa, haien iraupenaren arabera.

4. Deialdian eskatutako titulazio eta espezialitate akademikoez bestelakoak: gehienez ere 2 puntu.

5. Deialdian eskatutako titulazio eta espezialitate akademikoaren gaineko doktore edo lizentziatura titulua: gehienez ere 2 puntu.

6. Beste merezimendu batzuk, Epaimahaiak baloratzekoak: besteak beste, sektore pribatuan egindako lanak, prestakuntza-bekak edo -egonaldiak eta parte hartzea kontsulta-, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: gehienez ere 2 puntu.

Oharrak, b) apartatu osorako:

1.–Apartatu honetan, deialdi honen xedea diren lanpostuekin zuzeneko zerikusia duten merezimenduak baloratuko dira, ez besterik.

2.–25 puntukoa izanen da gehienez ere b) apartatu honi dagokion puntuazioa.

Iragarkiaren kodea: L2214476