228. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1021E/2022 EBAZPENA, urriaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita Lekunberri-Altzo 30 kV-ko lurpeko linea elektrikoaren proiektuaren ingurumen eraginaren txostena. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresak sustatu du proiektua Lekunberri eta Larraun udalerrietan.

2022ko maiatzaren 4an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari. Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. multzoko b) letran sartuta dago.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, kontsulta egin zaie ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Larraungo eta Lekunberriko udalei, Uitziko Kontzejuari, Plazaola Partzuergo Turistikoari, Basoak Kudeatzeko Atalari eta Ibai Ingurunearen Atalari egin zaie kontsulta, eta Basoak Kudeatzeko Atalaren, Ibai Ingurunearen Atalaren eta Lekunberriko Udalaren erantzunak jaso dira. Erantzun horiek behean laburbilduta daude.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen eraginari buruzko txostena emateari buruz, txosten horretan ezarritako baldintzetan.

Proiektuaren deskribapena

Larraun eta Lekunberri udalerrietako elektrizitate hornidura goi tentsioko aireko linea bakar baten mende dago: Orkoien-Irurtzun 1. Inguru horretan horniduraren jarraitutasuna eta kalitatea bermatzeko, 30 kV-ko lurpeko linea berria proiektatu da, "Lekunberri-Altzo" izenekoa. Linea horrek Uitzin dagoen "Altzo-Leitza 2" lineako Uitzi TZ eta Lekunberri BTA lotuko ditu.

2019ko uztailaren 3an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak, 175E/2019 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zion Lekunberri-Altzo 30 kV-ko lurpeko eta aireko linea berriaren proiektuari –Lekunberri TAtik "Altzo-Leitza 2" lineako 25.29 euskarriraino iritsiko da–. Uitziko Kontzejuak eta Larraungo Udalak eskatutako baimenen eta aitorpenen aurka zeudela adierazi zuten beraiek aurkeztutako alegazioetan, eta, hori aintzat hartuta, enpresa sustatzaileak oso-osorik lurpean egonen den linea elektriko baten proiektu hau aurkeztu du orain.

Aukeratutako alternatiba Lekunberriko hirigunetik igarotzen da eta Uitzi erreka zeharkatzen du. Lineak iparralderantz jarraitzen du, A-15 autobiarekiko bidegurutzeraino. Bertan, iskintxo egiten du Plazaolaren bide berdearen bilbaduraraino, eta handik Uitziko tuneleraino iristen da. Puntu horretan, bilbadurak bide berdea uzten du, pista eta larreetatik igarotzen da eta Uitzin amaitzen du ibilbidea, proposatutako alternatibaren iparraldeko muturrean. Luzera, guztira, 6,7 km-koa da, eta zangek 0,6-0,8 m-ko sakonera izanen dute. Gainera, kutxatila batzuk jarriko dira, tarte zuzenetan edo kurbadura txikiko tarteetan gehienez 100 m-ko tartea utzita.

Proiektuaren ingurumen ebaluazioa

Linearen zati handiena lehendik dauden pistetan barna proiektatu da, eta landaredi naturalari tarte oso zehatz batzuetan eraginen dio; seitan, guztira (1.400 m). Tarte horietako gehienak larreak, sasitzak eta iralekuak dira, baina zenbait tartetan zuhaixka heskaiei eta ur bazterreko landarediari ere eraginen die (91E0* lehentasunezko habitata). Zuhaixka eta zuhaitz landarediaren gaineko eraginak minimizatu egin daitezke lanen landa zuinketan.

Uitzi eta Lekunberriko 550. eta 553. onura publikoko mendiei eraginen die. Trazaduraren zati bat Plazaolaren bide berdetik igarotzen da. Gainera, honako ibilgu hauek gurutzatuko dira:

PUNTUA

UDALERRIA

GURUTZATUKO DUEN IBILGUA

X KOORDENATUA
(m)

Y KOORDENATUA
(m)

1

Lekunberri

Uitzi erreka

589.377

4.762.646

2

Lekunberri

Erreka

589.661

4.763.543

3

Uitzi

Uitzi erreka

588.994

4.764.359

4

Uitzi

Goiko Zuloa ibaia

589.262

4.764.892

5

Uitzi

Larrain erreka

588.455

4.765.525

Jasotako dokumentazioaren arabera, obra instalatutakoan, eroanbidearen zortasun eremuan ez da zuhaitz landaredirik izaten ahalko. Ingurumen ukipenen azterketan, 91E0* habitataren 200 m² ukitzea aurreikusten da, linearen zortasuna mantentzeko.

Jasotako kontsulten erantzunen laburpena

Basoak Kudeatzeko Atalak jakinarazi duenez, ukituko den katalogatutako mendien azalera oso txikia izanen da, ukitutako mendiaren azalera osoarekin alderatuta, beraz, proiektua bateragarria da ukitutako mendien onura publikoko mendi katalogazioarekin. Era berean, zuhaitzez osatutako baso azaleraren gaineko eragina oso txikitzat jotzen du, dauden azpiegitura linealak aprobetxatzen baitira. Baso pistek gaur egun duten funtzioari eutsiko diote eroanbidea instalatu ondoren. Gainera, obra egin ondoren, disimulatuta eta integratuta geratuko da. Horregatik guztiagatik, aldeko txostena eman du, baldintza batzuk ezarrita.

Ibai Ingurunearen Atalak ur bazterreko landarediaren garrantzia eta etorkizuneko uholdeetan higadura ekintzen aurrean izanen duen babes funtzioa nabarmendu ditu. Proiektuan jasotakoaren kontra, atal honen ustez, zuhaitz espezieen sistema erradikularrek ez dute eraginik izanen linean, lur gainekoak izaten baitira. Hori dela eta, kontuan hartu beharreko beste neurri batzuen artean, ur bazterreko landaredia (91E0* habitata) babesteko eta lanak egin ondoren mantentzeko baldintzak ezarri ditu. Halaber, proiektua gauzatzeko datak mugatu ditu, bisoi europarraren eta salmonidoen gaineko balizko eraginak minimizatzeko.

Lekunberriko Udalak, berriz, aztergai dagoen jarduera udal plangintzarekin bateragarria dela jakinarazi du eta indarrean dagoen legeriaren arabera bete beharko diren baldintzak finkatu ditu.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta

Kontsulten ondorioz, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri begira jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, adierazi du behar bezala egin dela ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura, eta proiektuak ingurumenean eragin nabarmenik ez duela iritzi dio, ingurumen eraginaren txosten honetan adierazitako moduan, eta, beraz, ez zaiola 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Lekunberri-Altzo 30 kV-ko lurpeko linea elektrikoaren proiektuak –I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresak Lekunberri eta Larraun udalerrietan sustatuak– ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginari buruzko txosten honetan ezarritako moduan, eta, beraz, ez da beharrezkoa 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egitea.

Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du baldintza hauek betetzea:

–Zanga irekitzeko lanetan gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare lur geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean.

–Materialak pilatzeko eta obrako makinen joan-etorrietarako eremuak ahalik eta azalera txikiena hartuko du, eta argi zedarrituko da tokian bertan, obrei ekin aurretik. Ahal den neurrian, ez da eraginik izanen zuhaixka eta zuhaitz landaredian, batez ere ur bazterreko landaredian.

–Metaketa eremua ibilguetatik eta ingurumenaren aldetik kalteberak diren beste eremu batzuetatik urrun egonen da. Espresuki debekatuta dago ibai ibilguan edonolako isurketak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia.

–Lanak hasi baino gutxienez 48 ordu lehenago, Sakana-Mendialdea mugapeko Basozaintzari jakinaraziko zaio (948500552 edo 679996810,gmasakana@navarra.es) obrak gainbegiratzeko, zuhaitzak seinalatzeko eta arrain fauna kentzen dela gainbegiratzeko.

–Baldintza horiez gain, Ibai Ingurunearen Atalak eta Basoak Kudeatzeko Atalak ezarritako baldintza guztiak ere bete beharko dira –ebazpen honekin batera jasota daude–.

–Indarrean dagoen legediaren arabera beharrezkoak diren gainerako baimenak ere eskuratu beharko dira.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean paratzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean paratzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Lekunberri eta Larraungo udaletara, Basozaintzara (Sakana-Mendialdea mugapea) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 19an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2213934