228. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

97/2022 FORU DEKRETUA, azaroaren 2koa, zeinaren bidez Puy Oria Rubio zinema produktoreari Frantzisko Xabierkoa saria ematen baitzaio.

Abenduaren 14ko 89/2009 Foru Dekretuaren bidez, Frantzisko Xabierkoa saria sortu zuen Nafarroako Gobernuak, esker ona adierazteko Foru Komunitatetik kanpora diharduten pertsonei, entitateei eta erakundeei, beren lanaren bidez Nafarroa erabakitasunez proiektatzen dutelako aurrerapena, ongizatea eta gizartearen hobekuntza sustatzen dituen erkidego gisa.

Foru dekretu horrek ezartzen du saria Nafarroako Gobernuak emanen duela, lehendakariak edo kontseilari batek edo batzuek proposaturik.

Saria banatzeko ekitaldia jendaurrekoa izanen da, behar denean zehaztuko den egunean, eta Nafarroako Gobernuko lehendakariak edo, kasua bada, horrek izendatutako kontseilari batek emanen du saria.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak Nafarroako Gobernuari proposatu dio saria Puy Oria Rubio andreari ematea; izan ere, Estatuko eta nazioarteko proiektuetan produktore eta zuzendari lanetan egin duen ibilbide luzean Foru Komunitatea izan du bere lanaren begiradapean.

Puy Oria Rubio (Torres del Río, 1962) Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean, 1986an. Zinemarekin izan zuen lehen harremana Elías Querejeta PCren bidez izan zen; "Las cartas de Alou" filmean, 1989an. 2000. urtean Oria Films ekoiztetxea jarri zuen martxan, Montxo Armendarizekin batera.

Zazpi film eta telesail bat ekoitzi ditu (horietako lau Nafarroan guztiz filmatuta), eta beste hogeita hamar ingurutan hartu du parte, produkzio/zuzendaritza sailetan.

Produktore eta produkzio-zuzendari lanetan zortzi film eta telesail batean hartu du parte, eta horietako gehienak Nafarroan filmatuak izan dira. Horien artean, ikus-entzuleen artean ezagunenak hauek dira: estreinatu berri den "Tú no eres especial" telesaila (2022), eta "No tengas miedo" (Montxo Armendáriz, 2011), "Obaba" (Montxo Armendáriz, 2005) edo "Silencio roto" (Montxo Armendáriz, 2001) filmak.

Produktore lanetan, 1999tik hamaika produkzioren ardura izan du. Imanol Uribek, Vicente Arandak, Carlos Saurak edo Luis Galindok harengana jo dute, produkzio laguntzaile izan dadin zenbait film nabarmenetan: "Días contados" (Imanol Uribe, 1994), "La pasión turca" (Vicente Aranda, 1994), "Dispara" (Carlos Saura, 1993), "La noche más larga" (José Luis García Sánchez, 1990), "El sol del membrillo" (Víctor Erice, 1990) edo "Las cartas de Alou" (Montxo Armendariz, 1989), besteak beste. Zuzendaritza laguntzaile lanetan Montxo Armendarizekin egin du lan "Historias del Kronen" (1994) filmean eta Bigas Lunarekin "Jamón, jamón" (1991) filmean.

Puy Oria andrearen ekoiztetxeak Nafarroan filmatu dituen lanek oso ibilbide luzea egin dute eta egundoko hedapena izan, bai Estatuan, bai nazioartean. Urrunago joan gabe, "Tú no eres especial" telesaila 200 bat herrialdetan estreinatu berri da, Netflix plataformaren bidez. "No tengas miedo" telesailak 30 zinemaldi baino gehiagotan hartu du parte, Estatuan nahiz nazioartean, eta hamaika saritik gora jaso ditu, zenbait ataletan. "Obaba" filmak Donostiako Zinemaldiko 53. edizioa inauguratu zuen, Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak hautatu zuen Oscar sarirako hautagai, ingelesez besteko filmen atalean, Goya sarietarako hamar izendapen izan zituen eta nazioarteko zinemaldi nagusietan ikusi ahal izan zen. Halaber, "Silencio roto" filma mundu osoko zinemaldi ugaritan –luze-luzea da zerrenda– ikusi ahal izan zen, eta horietan saria jasotzeko zenbait izendapen izan zituen.

Prestakuntza arloan, Puy Oria andreak hitzaldiak, mahai-inguruak eta ikus-entzunezko produkzio ikastaroak eman ditu Menéndez Pelayo Unibertsitatean, Valentziako Nazioarteko Unibertsitatean, Alcorcongo Zine Eskolan, Madrilgo Erkidegoan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Granadako Unibertsitatean, Jaengo Diputazioan, Almeriako Jaialdian, Carlos III.a Unibertsitatean, Juan Carlos Erregea Unibertsitatean eta abarretan. 2018an, Kultura Ministerioak lagunduta, ikus-entzunezkoen sektorerako aholkularitza proiektu bat jarri zuen abian: #ConsultOria.

Duela zortzi urtetik, TAI Eskolako irakaslea da, eta Produkzio Exekutiboaren eskolak ematen ditu, master, gradu eta diplomaturan.

Puy Oria zinema produktoreak zenbait ordezkaritza kargu izan ditu, zinemagintzari edo kulturgintzari loturiko erakundeetan. Besteak beste, kargu hauek izan ditu: AMAko (Ikus-entzunezkoen Madrilgo Elkartea) presidentea (2007-2018), Madrilgo Erkidegoko Kultura Kontseilua (2010-2018), Madrilgo Ekonomia Errege Elkargoko Zuzendaritza Batzordea (2017-2019), PIAFeko (Federatutako Ikus-entzunezkoen Ekoiztetxe Independenteen Federazioa) presidentea (2018-2021), AC/Eko (Espainiako Ekintza Kulturala) aholkularia (2016-2018), Nafarroako Kulturaren Kontseilua (2015-gaur egun arte), FIPCAko (Zinemaren eta Ikus-entzunezkoen Produktoreen Iberoamerikako Federazioa) Zuzendaritza Batzordea (2017-2022). Espainiako Zinemaren Akademiako kidea da.

Banakako aintzatespenetan, berriz, izendapen hauek izan ditu: "Obaba" filmean egindako lanagatik, Goya sarietarako (produkzio-zuzendari onenaren atalean); "Pau i Justicia" sarirako, Valentziako Human Fest-en; Donostiako Giza Eskubideen sarirako, eta Zinemakumeak Gara! zinemaldiko Simone de Beauvoir sarirako.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak erabaki du Puy Oria Rubio andreari ematea Frantzisko Xabierkoa saria.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko azaroaren bian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

1. Puy Oria Rubio andreari ematea Frantzisko Xabierkoa saria.

2. Foru dekretu hau Puy Oria Rubio andreari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Nafarroako Gobernuko lehendakariak edo, kasua bada, horrek izendatutako kontseilari batek emanen du saria jendaurreko ekitaldi batean, behar denean zehaztuko den egunean.

Iruñean, 2022ko azaroaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2214555