227. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Baztango Ibar eta Unibertsitateko ordenantza, koto eta paramentu berrien aldaketaren behin betiko onestea

Baztango Batzar Nagusiak, 2020ko uztailaren 22an egin aparteko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Baztango ordenantza, koto eta paramentu berrien aldaketa.

Hasierako onespenaren erabakia 198. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2020ko irailaren 3an.

Jendaurreko aldian aurkeztutako alegazioak ebatzita, Baztango Batzar Nagusiak, 2022ko urtarrilaren 22an egindako bilkura berezian, behin betiko onetsi zuen Baztango ordenantza, koto eta paramentu berrien aldaketa.

Baztango Batzar Nagusiak, 2022ko urriaren 3an eginiko ohiko bilkuran, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren txostenaz jakitun gelditu zen, eta txosten horretako proposamenak sartzea erabaki zuen.

Ordenantza indarrean jarriko da Batzar Nagusiaren 2023ko lehenbiziko ohiko bilkuraren biharamunean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen da ordenantzen testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Baztanen, 2022ko urriaren 3an.–Batzar Nagusiko burua, Joseba Otondo Bikondoa.

BAZTANGO ORDENANTZA, KOTO ETA PARAMENTU BERRIAK

I. TITULUA

Baztango administrazio organoak

I. KAPITULUA

Batzar Nagusia

1. ATALA

Kideak

1. artikulua.

Batzar Nagusia hauek eratuko dute: Udalak, Baztango hamabortz herrietako alkate (zinpekoek) eta lau junterok, Baztango lau kuarteletarik bana. Hauek dira kuartelak:

–Baztangoiza: Erratzu, Arizkun, Azpilkueta eta Amaiur herriek osatua.

–Elizondo: Elizondo, Lekaroz eta Elbete herriek osatua.

–Erberea: Irurita, Gartzain, Arraioz eta Oronoz herriek osatua.

–Basaburua: Ziga, Aniz, Berroeta eta Almandoz herriek osatua.

2. artikulua.

1.–Batzar Nagusiak ahalmena izanen du Baztango herri-ondasunak administratzeko, ordenatzeko, aprobetxamenduen araubidea ezartzeko, babesteko eta zaintzeko.

2.–Batzar Nagusiak herri-lur guztien kontserbazio, defentsa, hobekuntza eta berreskuratzea zainduko du, eta herri-lurrean kalteak eragiten ahal dituen zeinahi pribatizazio-saio nahiz ekintzaren aurka agertuko da.

3. artikulua.

Baztango alkatea izanen da Batzar Nagusiko burua.

4. artikulua.

1.–Kuartel bakoitzeko batzarreak izendatuko ditu kuarteleko junteroak eta mendi-kargudunak. Batzarre bakoitzak boto bat izanen du. Berdinketa egonez gero, kuartel horretako herritarren artean boto gehien bildu duen pertsona hautatuko da. Herriko alkatea hautatzeko egiten den bilkura berean eginen da bozketa. Behin aukeratuta, junteroak eta mendi-kargudunak hautatuko dira. Ezinbertzeko baldintza izanen da izendatutakoak dagokien kuarteleko herritarrak izatea.

Juntero edo kargudun izateko beren burua aurkeztu nahi duten pertsonek idatziz igorri beharko diote dagokien herriko alkateari, eta, ondoren, horrek idatziz igorriko du hautagaien zerrenda udal erregistrora. Hautaketa egin baino 7 egun lehenago herrietako alkateek hautagaien zerrenda udalera ekarriko dute. Udalak bandoen bitartez jakinaraziko die herriei zein diren hautagaiak.

2.–Juntero eta kargudunak lau urtez egonen dira karguan. Hortaz, Batzar Nagusiak egiten duen lehendabiziko bilkuran izendatuko ditu. Juntero eta kargudunak Batzar Nagusiko kideak dira, eta juntero izateko hobesgarria izanen da aitzinetik noizbait herriko alkate izandakoa izatea. Junteroen eginkizuna da, Batzar Nagusiaren bilkuretara joateaz gain, txostenak egiten eta Batzar Nagusiak eskatutako gaietan aholkatzea eta parte hartzea.

5. artikulua.

Batzar Nagusiaren bilkura arrunt eta berezietan, 8 mendi-kargudunek hartuko dute parte, kuartel bakoitzeko bik; hitza izanen dute, baina botorik ez.

6. artikulua.

Udaleko idazkaria izanen da Batzar Nagusiko idazkaria.

2. ATALA

Funtzionamendua

7. artikulua.

1.–Batzar Nagusiak urtean gutxienez ohiko lau bilkura eginen ditu, hiruhileko naturalaren lehendabiziko egun baliodunean.

2.–Behar den aldi oro Batzar Nagusia bilkura berezian batzartuko da, Batzarreko buruak deitua edo Batzar Nagusiko kideen laurdenek hala eskatzen badute.

8. artikulua.

1.–Baztango Batzar Nagusian, kideen gehiengo soilez onetsiko dira erabakiak.

2.–Batzar Nagusiak egiten dituen bilkuretan, ordenantza hauetako gaiei buruz hartzen diren erabaki eta ebazpenetan, botazioetan berdinketarik suertatzen bada, bigarren botazioa eginen da, eta, berdinketak jarraituz gero, Batzar Nagusiko buruaren botoa duen alderdiak erabakitzen duena gailenduko da.

9. artikulua.

Antzina-antzinako ohiturari jarraikiz, bete beharrekoa izanen da Batzar Nagusiaren bilkuretan erabaki eta akta liburuan idazten den oro, bai komunitatearen mesedetarako xedapenak bai ordenantzetan bildutako kontzeptuen argibideak, ordenantzetan balego bezainbertzeko indarrarekin, betiere erabaki horiek ordenantzak hausten ez badituzte edo foru xedapenen kontra jotzen ez badute.

10. artikulua.

1.–Baztango Udalaren oihanzainak agintaritzat joko dira, beren lanean ari direlarik.

2.–Beren funtzioak betetzen ari direlarik eginiko ikuskapen aktek eta salaketek egiazkotasunaren presuntzioa izanen dute haietan jasotako egintzei dagokienez.

II. KAPITULUA

Herriko alkatea

1. ATALA

Hautatzea

11. artikulua.

1.–Baztanen beti mantendu den ohiturari jarraikiz, Baztan osatzen duten hamabortz herrietako bakoitzean herriko alkate bat izanen da.

2.–Herriko alkate izanen da auzotasuna herrian duen, adinez nagusia den eta bertako herritarrek batzarrean, 12. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz, hautatzen dutena. Udal erroldan inskribatuak daudenak dira herritarrak.

12. artikulua.

Herriko alkateak hautatzea:

1.–Herriko alkatea bi urterako hautatuko da, herritar guztien artean, abenduko hirugarren astebururako deituriko batzarrean parte hartzen duten pertsonen gehiengoak hautatuta.

2.–Batzarrea egin aitzin, herrietako alkateek eskura izaten ahalko dute herritar guztien zerrenda ziurtatua, aste bat aitzinetik, jendaurrean paratzeko. Zerrenda urteko azken zuzenketaren araberakoa izanen da, eta hautatze egunean hemezortzi urte beterik dituztenak ageriko dira.

Honela paratuko da jendaurrean: iragarki oholean ohar bat paratuko da, eta bertan adieraziko da interesdunek egiaztatzen ahalko dutela erroldan sartu diren, herriko alkateari eskaera eginez edo udalaren bulegoetan eskaera eginez.

3.–Herri bakoitzean, herriko alkateak erabakiko du bilera noiz hasiko den, eta astebete lehenago jakinaraziko du. Hautaturiko egunean, bertako herritarrak batzartegian edo hautatutako bertze leku batean batzartuko dira. Herriko alkatea izanen da batzarreko burua, eta bera eta bi kargudun bederen izanen dira. Batzarreko idazkaria idazkari lanetan arituko da.

4.–Hautagaitzak batzarrean bertan aurkeztu beharko dira, eta herriko alkateari emanen zaizkio idatziz, hautagaiaren onespen sinatuarekin, edo ahoz. Herriko alkateak hautagaien izenak jakinaraziko ditu. Hautagai bat baino gehiago baldin bada, botazioa hurrengo igandera gibelatuko da, eta herrian jakinaraziko da hautagai bat baino gehiago dela.

5.–Hautagai bakarra aurkeztuz gero, batzarrean dauden herritarren gehiengoak berretsi beharko du, eta, horrela eskatzen bada, botazioa eginen da.

6.–Herriko alkateak eta aurkezturiko hautagai bakoitzaren ordezkari batek eratuko dute hauteskunde mahaia. Herriko alkatea hautagaia bada, kargudun batek ordezkatuko du. Udalbatzako kideak ez dira aurkezten ahalko herriko alkate izateko.

Une oro, gutxienez bi mahaikidek egon beharko dute mahaian.

7.–Bozketa zuzena eta isilpekoa izanen da, eta boto paperen bidez eginen da, gutun azal batean sartuta. Udalak emanen dizkie gutun azalak eta boto paperak, eta mahaiak erabakitzen duenean hasiko da bozketa. Hautesle bakoitzak hautagai bakar bati ematen ahalko dio botoa.

Boto paperak herriko alkateari emanen zaizkio, eta horrek txartelak hautetsontzi garden batean sartuko ditu, bertaratutakoen begi bistan. Herriko alkateak botaziorako zenbat denbora ematen den xedatuko du, betiere hiru ordu gutxienez.

8.–Botazioa akiturik, mahaiak zenbaketa egiaztatuko du. Mahaiburuak boto txartelak banan-banan atera, eta ozenki irakurriko ditu. Mahaikideek emaniko botoak idatziko dituzte.

9.–Boto gehien lortu duen hautagaia izendatuko dute herriko alkate eta, botazioan berdinketarik baldin bada, bigarren deialdi bat eginen da. Berdinketak jarraituz gero, zozketa eginen da berdinduta dauden hautagaien artean.

10.–Kargua uzten duen herriko alkateak herriko alkate berriaren izendatzeko erabakia Batzar Nagusiari igorriko dio ofizialki, horrek egiten duen lehen bilkuran, eta batzarrearen akta erantsi beharko du.

11.–Hautagairik ez bada, hautatzea urtarrileko lehen hamabortzaldian errepikatuko da, aitzinetik ezarritako moduan. Bigarren deialdian hautagairik aurkezten ez bada, Batzar Nagusiko buruak batzarre bat deituko du hilabeteko epean, egoeraren berri emateko.

12.–Herriko alkateren batek kargua uzten badu hautatua izan den bi urteko aldia akitu baino lehen, batzarrerako deia eginen du erabakia jakinarazteko eta herriko bertze alkate bat hautatzeko prozesua irekitzeko.

2. ATALA

Herrietako alkateen eskumenak eta eskudantziak

13. artikulua.

Herriko alkatearen eskumenak:

1.–Herriko batzarreetako burua izatea. Herri bakoitzeko alkatea hautatu duteneko herriaren ordezkaria da.

2.–Hautatu duteneko herriaren izenean mintzatuko da. Herritarren eskaerak, kontsultak eta bestelako gaiak Batzar Nagusira eta Udalera eramanen ditu. Baita alderantziz ere. Lan hori egiteko, horretarako behar diren baliabideak emanen dizkio Udalak.

3.–Bertako herritarrei arreta ematea, arrazoizko denboran eta moduan, eta batzarreari arreta prozedura jakinaraztea.

4.–Batzarreak hartutako erabakiak gauzatzea.

5.–Herriko batzarrerako deialdia egitea.

6.–Herriko auzolanetarako deia egitea.

7.–Horretarako prestatutako herriko iragarki ohola eguneratua edukitzea, eta bertan izatea hondarreko batzarreetako aktak eta egokitzat jotzen dituen bertze idazki edo komunikazioak.

8.–Herri-galdeketak egitea dagokion herrian. Galdeketan hemezortzi urtez goitiko pertsonek hartzen ahalko dute parte, betiere herritarrak badira hamabi hilabete aitzinetik gutxienez.

9.–Kanposantuko egoera eta zainketa maila ezagutu beharko ditu, eta horren segimendua egin. Horren berri eman beharko die Udalari eta Batzar Nagusiari, egoerak hala eskatzen duelarik.

10.–Udal aurrekontuak egiteko bere herriko batzarrearen proposamenak igorriko ditu herriko alkateak.

11.–Herriko alkateak herriaren dirua kudeatuko du, eta urtero kontuak eman beharko dizkio batzarreari.

14. artikulua.

Herriko alkatea herriko Ur Batzordeko buru izanen da, uraren kudeaketaz Baztan mailan onartzen den antolakuntza alde batera utzita; betiere, ezarritako hitzarmen edo akordioak errespetatuko dira. Ildo horretan, uren, hornidura eta saneamendu sarearen egoera behatu beharko du, bai eta uraren aferarekin loturiko bertze gaiak ere.

15. artikulua.

Herriko bestak antolatzearen ardura izanen du herriko alkateak. Besta batzordea dagoen herrietan, hura izanen da bestak antolatzeko arduradun. Besta batzorderik ez den herrietan, herriko alkatea izanen da horren arduradun, eta horretarako prest diren herritarren laguntza izanen du.

16. artikulua.

Baztango Udaleko alkate-udalburuak jakinarazi ondoren, herriko alkateak herriari eragiten dioten Udal Planaren aldaketei buruz herriko batzarreak eginiko proposamenak igorriko ditu.

Jakinarazpena egin eta biharamunetik 20 egun naturaleko epean batzarreak txostenik ematen ez badu Udal Planerako proposaturiko aldaketari buruz, ulertuko da ez dagoela haren aurka.

17. artikulua.

Aspaldiko ohiturari jarraikiz, herrietako alkateek gutxienez bertako bi herritar izendatuko dituzte kargudun, bere eginkizunetan laguntza emateko.

18. artikulua.

Herriko alkateak diru sari bat jasoko du eginiko lanarengatik.

19. artikulua.

Baztango herriren bat herriko alkaterik gabe gelditzen bada, Batzar Nagusiak ezarriko ditu behar diren neurriak, salbu eta herriko alkateak kargua uzten duenerako 12.12 artikuluan ezarritakoari dagokionez.

III. KAPITULUA

Batzarreak

20. artikulua.

Batzarrea herritarren bilkura da, Baztango 15 herrietako bakoitzean egiten dena; herriko alkateak eta bertako herritarrek osatzen dute. Bertan, herri mailan zein Baztan mailan interes publikoa duten gaiak aztertuko dira.

21. artikulua.

Batzarrean auzotasuna duten hemezortzi urtetik goitikoek hartuko dute parte. Bertze inork ez du izanen botoa emateko eskubiderik. Alta, herrian etxebizitza bat izan eta herriko alkatearen aitzinean horren jabe direla egiaztatzen duten pertsonek ere parte hartzen ahalko dute. Hitzarekin baina botorik gabe parte hartzen ahalko dute, halaber, eztabaidatuko den gairen batean interesa egiaztatzen dutenek, herriko alkateak proposaturik eta batzarreko gehiengoak haiek bertaratzea berretsita. Bilkuran egoten ahalko dira soilik parte-hartzea eskatu duten gaia landu bitartean. Batzarrerako asistentzia pertsonala izanen da, eta inor ez da hirugarren batek ordezkatua izaten ahalko.

22. artikulua.

Herriko alkateak eginen du batzarrerako deia. Dena den, honako hauek izanen dute eskumena herriko alkateari batzarrerako deialdia egin dezala eskatzeko:

–Batzarreak berak bertze batzarre baterako deialdia egiten ahal du.

–Batzar Nagusia.

–Batzarrera joateko eskubidea duten herriko biztanleen % 25.

23. artikulua.

1.–Batzarrea ohiko lekuan eginen da, herriko alkateak bertze lekurik aipatzen ez badu.

2.–Batzarrerako deia gutxienez ere bi egun natural aitzinetik eginen da.

3.–Deialdia jendearen aitzinean paratuko da herri bakoitzeko iragarki oholean eta herri bakoitzeko ohiko lekuetan.

4.–Beharrezkoa izanez gero, Udalak areto bat paratuko du herriaren esku batzarreak egiteko.

24. artikulua.

1.–Herriko alkatea izanen da batzarreko burua, eta kargudunek lagunduko diote.

2.–Herriko alkateak edo hark izendatutako bertze pertsona batek batzarreko aktak eginen ditu, eta hartutako erabakiak ziurtatuko ditu. Aktaren kopia bat Udalari igorriko zaio, artxiba dezan.

3.–Aktak eta dauden dokumentu publikoak batzartegian gordeko dira, hau da, batzarrea egiten den lekuan. Herritarrek akta ikusteko eskubidea dute, eta herriko alkateak bermatu behar du eskubide hori.

25. artikulua.

Herriari eta/edo Baztani eragiten dioten gaiak aztertuko dira batzarretan. Erabakiak aktan jasoko dira, eta Batzar Nagusiari igortzen ahalko zaizkio.

IV. KAPITULUA

Auzolanak

26. artikulua.

1.–Tokiko herritarrek norberaren prestazioaren bitartez herriari berari eta Baztani egiten dieten ekarpena da auzolana.

2.–Norberaren urteko prestazioa ez da hamar egunetik goitikoa izanen, ezta ondoz ondoko hiru egunetik goitikoa ere. Bertze pertsona egoki batek ordezten ahalko du, bere borondatez edo lanbide arteko gutxieneko soldataren bikoitza adina diru ordainduta.

27. artikulua.

1.–Herriko alkateak eginen du auzolanerako deia.

2.–Deialdia iragarki oholetan emanen da aditzera.

28. artikulua.

Herriko alkateak auzolana planifikatu eta antolatuko du, kargudunen laguntzarekin. Halaber, egin beharreko lanaren balorazioa eginen du, lana gauzatzeko behar den gutxieneko eta gehieneko pertsona kopurua ezartzeko.

29. artikulua.

Auzolanean parte hartu beharko dute herri bakoitzean bizi diren pertsonek, indarrean dagoen foru araudiak aurreikusten dituen salbuespenak izan ezik.

30. artikulua.

Nahitaezko prestaziora bertaratu ezean, herriko alkateari aldez aurretik justifikatu gabe, salbu eta ezinbertzeko kasua bada, ordaindu beharko da herriko batzarrean bertan ezarritako zenbateko bat.

31. artikulua.

Baztango Udalak prestazioa egitera beharturik direnei suertatzen ahal zaizkien istripuen arriskua estaliko du aseguru bat kontratatuz.

V. KAPITULUA

Kontribuzioak

32. artikulua.

Udalak bidezko jotzen duen diru kopurua paratuko du Baztango hamabortz herrien artean banatzeko: kopuru horren erdia hamabortz herrien artean zuzen hainbanaturik, eta bertzea hondarreko udal erroldaren arabera.

33. artikulua.

1.–Herriko betebeharrei erantzuteko, herriek ordainparteak egiten ahalko dituzte bizilagunen artean.

2.–Herrietako zeinahik zerga bereziak ezarri nahi baditu, egin aitzin batzarrean erabaki beharko da, eta Batzar Nagusiari jakinarazi.

34. artikulua.

Erdietsitako baliabideez egiten den kudeaketaren inguruko kontuak emanen zaizkie bertako herritarrei, Baztango Udalari eta Batzar Nagusiari.

II. TITULUA

Herri-lurrak

I. KAPITULUA

Herri-ondasunak

35. artikulua.

1.–Baztango herri-ondasunak dira Batzar Nagusiaren titulartasuna dutenak. Haiek erabili, defendatu, antolatu eta hobetzeko ahalmenak gauzatzea Batzar Nagusiari dagokio; haien erabilera eta aprobetxamendua ordenantza hauetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten Baztango herritarrei dagokie. Herri-lurrak bertzerenezinak, ezinbertzekoak eta bahituezinak dira, eta ez daude inolako zergari lotuak.

2.–Auzo-aprobetxamendurako ez diren herri-lurretako aprobetxamenduak (oihan loteak, harrobiak, ehiza, etab.) herritarren mesedetarako izanen dira udal aurrekontuen bitartez, eta haien aprobetxamendua erregulatzen duten foru legeek eta Batzar Nagusiak onetsitako baldintzen agiriek arautuko dituzte.

3.–Aprobetxamenduen emakidadunek urtero ordainduko dute herri-lurren aprobetxamendurako kanon gisa ordenantzek ezarritako kopurua. Irazelaiak baliatzeak dakarren ingurumen onura eta beharra kontuan harturik, ez da inolako kanonik kobratuko aprobetxamendu horien truke.

4.–Aprobetxamenduak garbi eta hondakinik gabe mantendu beharko dira beti.

36. artikulua.

Herri-aprobetxamenduak dira baztandarrek zuzenean egiten dituztenak Batzar Nagusiak emandako kontzesioaren bidez, eta ez dira saltzen, eskualdatzen, akuratzen edo emakidan uzten ahalko, ordenantza hauetan jasota dauden kasuetan izan ezik.

Azaroaren 1etik martxoaren 15era bitartean, baimena ematen da luberriaren ustiategitik kanpoko azienda alhatzeko, baldin eta aziendaren titularrak 38. artikuluan adierazitakoa betetzen badu eta luberriaren aprobetxamenduaren titularraren baimena badu.

37. artikulua.

Oro har, emakida eta aprobetxamendu guztientzat, erregistro bat ezarriko da, eta Baztango idazkariak eramanen du. Emakida kokatzeko ezinbertzeko datuak izan beharko ditu, eta katastroko identifikazioa ere jaso beharko du.

38. artikulua.

Onuradunak:

1.–Oro har, zeinahi auzo-aprobetxamenduen onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Baztango herritarra izatea, eta gutxienez azken bi urteetan erroldatuta egotea.

b) Baztango Udalari egin beharreko zerga ordainketa egunean edukitzea.

2.–Lehendabiziko instalazioko abeltzainari edo nekazariari eskatuko zaio Baztanen erroldatuta egotea urtebetez gutxienez, baldin eta Batzar Nagusian aurkezten badu Nafarroako Gobernuak lehendabiziko instalaziorako onetsitako proiektuaren egiaztapena.

3.–Ez dira emakidadun izaten ahalko natura-baliabideen eta ingurumenaren aurkako delituengatik epai irmo baten bidez kondenatutako pertsonak. Eskaera egitean, zinpeko adierazpen bat sinatuko da, kondena irmorik ez duela adierazten duena.

39. artikulua.

Herri-lurren aprobetxamenduaren emakidadunak lanak bi urteko epean egin beharko ditu; bertzenaz, Batzar Nagusira itzuliko da. Baztango Udaleko oihanzainek egiaztatuko dute lan horiek egin diren ala ez. Herri-aprobetxamendua egiteak dakartzan administrazio-gastu guztiak emakidadunaren kontura izanen dira. Alta, Baztango herri baten izenean egiten bada eskaera, sorturiko gastuak Udalaren bizkar izanen dira.

40. artikulua.

Batzar Nagusiak, salbuespenez eta hark interes orokorreko adierazpena egin ondoren, zeinahi unetan xedatzen ahalko du lurraren erabilera eta egoki iritzitako aprobetxamenduak, eta horien emakidak indarrik gabe utziko ditu. Emakidadunari gutxienez lau hilabeteko epean jakinarazteaz gain; baja eman; tasazioa egin, eta kalte-ordainak emanen zaizkio, ordenantza hauen 1. eranskinean ezarritakoari jarraikiz. Kasu horietarako, eranskin horretan ezarritako zenbatekoaren bikoitza izanen da.

41. artikulua.

1.–Batzar Nagusia izanen da aprobetxamenduaren emakida iraungitzeko espedientea ebazteko organo eskuduna, eta ofizioz hasiko da beti, bere ekimenez zein pertsona fisiko edo juridiko publiko edo pribatu batek salatuta. Aprobetxamenduetan, 2. eranskinean ezarritako jarraibideak beteko dira.

2.–Azkentze espedientea izapidetzen den bitartean, hamabortz eguneko epea emanen da egokitzat jotzen diren alegazio eta dokumentu guztiak aurkezteko eta, hala badagokio, froga proposatzeko, baliatu nahi diren bitartekoak zehaztuta, Administrazio Prozedura Erkidearen araudian ezarritakoaren arabera.

II. KAPITULUA

Larreak

42. artikulua.

Auzo-aprobetxamenduaren ondorioetarako, Baztango larreak honela sailkatzen dira: erabilera komuneko mendiko larreak, banakako erabilerako luberriak, larraskak eta gainerako herri-lurretako abeltzaintza.

43. artikulua.

1.–Baztango herri-lur irekietan baldintza hauek betetzen dituzten herritarren azienda alhatuko da: 38. artikuluak ezarritako baldintzak betetzea, azienda bere izenean izatea, azienda Baztanen erregistraturik izatea, indarrean dauden abere osasuneko betebeharrak betetzea eta Batzar Nagusiaren baimena izatea.

2.–Herritarrak mota eta espezie orotako azienda markatu beharko du, une oro norena den jakiteko moduan.

3.–Bertze eskualde edo ibarretako aziendak galarazia izanen du Baztango herri-lurretan alhatzea, salbu eta elkarrekiko larre hitzarmenak dituztenetan.

1. ATALA

Mendiko larreak

44. artikulua.

1.–Gaur egun, mendiko larreak dira Belate, Erdizaga eta Lizartzuko eskindegietan daudenak.

Aprobetxamendua batera eginen dute Baztango abeltzainenak diren aziendek, honako baldintza hauek betetzen badituzte: 38. artikuluak ezarritako baldintzak betetzea, abeltzain txartela izatea eta azienda Baztanen erregistraturik izatea. Aziendak arlo hori arautu eta indarra duen legeriak eskaturiko abere osasuneko baldintzak beteko ditu.

2.–Baztango Batzar Nagusiaren erabakiaren bidez arautuko da mendietako larretan alhatzea.

2. ATALA

Luberriak

45. artikulua.

Batzar Nagusiaren baimen edo adjudikazio zuzenaren bidez Baztango hainbat herritan herri-lurretan egiten diren larreei luberri deitzen zaie.

46. artikulua.

1.–Ordenantza honi jarraikiz eginen dute aprobetxamendua Batzar Nagusiak baimendutako adjudikaziodunek. Aziendak arlo hori arautu eta indarra duen legeriak eskaturiko abere osasuneko baldintzak beteko ditu.

2.–Batzar Nagusiak behatuko du eskatutako baldintzak betetzen direla, eta, horretarako, protokolo bat ezarriko da Nafarroako Gobernuari ganaduaren errolda eskatzeko.

3.–Ez zaie luberrietarako baimenik ematen ahalko 3 AzLU (Azienda larriko unitate) baino gutxiago dituzten titularrei, edo 6 AzLU baino gutxiago, poneyen kasuan. Halaber, adjudikatutako luberrien azalera ez da 1 AzLU/ha-ko abere-zamaren proportzioa baino txikiagoa izaten ahal.

4.–Onuradun batek abeltzaintzako erroldan baja hartzen duenean, hiru hilabeteko epea izanen du luberritzeari baja emateko edo titulartasuna aldatzeko eskatzeko. Hori egiten ez badu, Batzar Nagusiak zuzenean emanen die baja aprobetxamenduei.

47. artikulua.

Honako hauek izanen dira luberri baten aprobetxamendua iraungitzeko zioak:

1.–38. artikuluak ezarritako baldintzak ez betetzea.

2.–Emakidadunak abeltzain-txarteldun abeltzainaren izaera galtzea.

3.–Osasun beharkizunak ez betetzea.

4.–Mendian baimenik gabe erreketak egitea.

5.–Luberriaren ekoizpena larriki andeatzea.

6.–Emandako luberrien berralokatzea edo lagapena egitea, 36. artikuluan ezarritako kasuetan izan ezik.

7.–Ez edukitzea gutxienez 3 AzLU, edo 6 AzLU poneyen kasuan. Halaber, adjudikatutako luberrien azalera ez da 1 AzLU/ha-ko abere-zamaren proportzioa baino txikiagoa izaten ahal.

48. artikulua.

1.–Eskaera idatziz eginen da, eta zehaztuko da zein lekutan egin nahi den aprobetxamendua, katastroko erreferentzia (poligonoa eta lurzatia) eta zenbat gizalur (374 metro koadrokoak) luberritu nahi diren.

2.–Batzar Nagusiko batzorde koordinatzaileak eta oihanzainek eskaeraren gaineko txostena eginda eta Batzar Nagusiak onetsi ondoren, mugatze akta eta txosten teknikoa egitea eskatuko da; horietan, kokapena zehaztu behar da (ETRS 89, 30 UTM koordenatuak); mugatu behar da, eta zedarritzearen mugarri oro argi eta garbi agertzen dituen plano bat egin. Dokumentazioa hirukoitz eginen da: ale bat Udalari emanen zaio; bigarrena, emakidadunari; eta hirugarrena, Nafarroako Gobernuari. Euskarri digitalean ere aurkeztuko da, ondoren herri-lurren geruza digitalean erregistratu ahal izateko. Planoak aurkezteko bi urteko epea izanen dute, gehienez.

3.–Aitzinetik aipaturiko lan guztiek eragindako gastu guztiak emakidadunaren bizkar izanen dira.

4.–Emakidadunek beren lursailen ondoko herri-lurrak luberritzen ahalko dituzte, baldin eta Batzar Nagusiak horretarako baimena ematen badu; alta, horrek ez du baztertuko bertze baimen batzuk behar izatea, lurren oihan izaera kontuan hartuta (Nafarroako Foru Komunitateko Oihan Administrazioa).

5.–Luberritutako herri-lurren itxiturek (paretakoak, alanbre ziztakaridunekoak zein metalezko sarezkoak izan) indarrean dagoen hirigintza araudia bete beharko dute. Zuhaixka heskaiek biodibertsitaterako duten onura dela eta, 5 metroko distantzia gordeko da bideen ertzetan egiten diren itxituretan, zuhaixka heskaiak berez haz daitezen. Luberritutako herri-lurretan itxitura berriak egiteko baimena emateak ez du baztertuko bertze baimen batzuk behar izatea, lursailen oihan izaera kontuan hartuta (Nafarroako Foru Komunitateko Oihan Administrazioa).

6.–Luberritzeko baimena duten herri-lurrak, emakida ematen denetik bi urtetan landuko dira. Bertzenaz, emakida deuseztatuko da, eta emakidadunak Udalari luberritzeko eskubidearengatik ordaindutako dirua eta eginiko lan partzialak (itxiturak eta abar) galduko ditu, Baztanen esku geldituko baitira.

7.–Emakidadunak aprobetxamendu aldaketa eskatzen badu, luberritik landatzera edo luberri ez den bertze aprobetxamendu moduren batera, aldaketa hori ez da onartuko modu independentean funtzionatzen ahal duten luberrien kasuetan, salbu eta aldaketa fruta arbolak landatzeko bada; kasu horretan, onartuko da, baldin eta aldaketa hori ez bada egiten Onura Publikoko Mendien Katalogoan sartutako herri-lurren gainean, kasu horretan ez baita aldaketa onartuko oihanen arloko foru-legerian xedatutakoaren arabera. Jabetzei erantsirikoen kasuan, aldaketa horiek ere ez dira onartuko 4.000 m²-tik goitikoak badira, salbu eta aldaketa fruta arbolak landatzeko bada, kasu horretan onartuko baita.

8.–Batzar Nagusiak, oro har, hamar urtean behin berrikusiko ditu luberriak aprobetxatzeko emakidak, inbertsio publikoko zein pribatukoak izan, ordenantza hauek onesten diren urtetik hasita. Nolanahi ere, Batzar Nagusiak zeinahi unetan berrikusten ahalko ditu luberritzeak, egoki iritziz gero. Emakidak automatikoki berrituko dira hamar urteko aldietarako, ezarritako baldintzak betetzen dituzten titularrentzat.

49. artikulua.

1.–Ordenantzen 47. artikuluko 3., 5., 6. eta 7. apartatuetan jasotako iraungitze kasuetan, aprobetxamendu emakida iraungitzeko espedientea hasi aitzin, gehienez sei hilabeteko epea emanen da iraungitzeko zioa zuzentzeko.

2.–Arrazoiak zuzendu badira, prozedura amaitutzat joko da. Egoerak bere horretan badirau, aprobetxamenduaren emakida azkentzeko espedientea hasiko da.

3.–Sei hilabeteko aldia amaitzen denetik bi urteko epean artikulu honetako lehendabiziko apartatuan jasotako kasuren bat gertatzen bada, ez da aukerarik izanen zioa zuzentzeko, eta zuzenean hasiko da aprobetxamenduaren emakida iraungitzeko espedientea.

50. artikulua.

Aprobetxamenduaren emakidaduna hiltzen bada, legezko oinordekoek ustiapenarekin jarraitu nahi badute, jaraunspena onartzen denetik hamabi hilabeteko epea izanen dute titulartasuna aldatzea eskatzeko. Eskatzaileek 38. artikuluak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Gehienez hamar hektareako titulartasun aldaketak onartuko zaizkie ustiategiarekin jarraitzen duten eta lanbide nagusia nekazaritza ez duten legezko oinordekoei. Ezarritako gehienekoa gaindituz gero, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du zein luberri aldatu nahi dituen titulartasunez.

Hamabi hilabeteko epean titulartasun aldaketa eskatzen ez bada, azkentze espedientea hasiko da, eta herri-lurrak automatikoki itzuliko zaizkio Batzar Nagusiari, eta 53. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

51. artikulua.

Titulartasun aldaketak.

50. artikuluan jasotako kasuetan izan ezik, honela jokatuko da herri-lurren aprobetxamenduaren onuradunaren titulartasuna aldatzeko eskaera egiten denean:

1.–Eskatzaileek ordenantzen 38. artikuluak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

2.–Gainera, eskatzaileak lanbide nagusia nekazaritza duenean eta ustiategi berarekin jarraitzen duenean baizik ez da onartuko titulartasun aldaketa. Bertzenaz, aldaketa ez da onartuko, eta 53. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

3.–Titulartasun aldaketetan, onuradunak 52.2 artikuluan ezarri den baino hektarea gehiago baditu, 52. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

4.–Luberriaren titulartasuna aldatzea onartuta, emakidadun berriak bertze azienda batekin erabiltzen ahalko du.

52. artikulua.

Lehendik dauden luberrien aprobetxamendua.

Lehendik dagoen luberri bat aprobetxamendurako gisa gelditzen denean, prozedura honi jarraikiko zaio:

1.–Batzar Nagusiko buruaren ebazpen bidez, hilabeteko epea irekiko da interesdunek eskabideak udal erregistroan aurkez ditzaten. Horretarako, iragarkia jarriko da udalaren webgunean, udalaren eta Baztango herrietako iragarki oholetan, herrietako alkateen bitartez.

2.–Ez da onartuko onuradunek 30 hektareatik goiti eskatzea.

3.–Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, lehentasun zerrenda hau ezartzen da, eskatzaileen arabera:

1. Lehentasunezko ustiategiak.

2. Lanbide nagusia nekazaritza duena.

3. Bertze batzuk.

Kategoria bereko eskatzaile bat baino gehiago dagoenean, ordenantza hauen 3. eranskinean jasotako puntuazio sistema erabiliko da. Bertzenaz, lehentasuna duen eskatzaileari adjudikatuko zaio beti, aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraikiz.

Nolanahi ere, emakida berria ebatzi aitzin, eskatzaileek onartuta dituzten aprobetxamenduen egoera egiaztatu beharko da.

53. artikulua.

Lehendik dagoen luberri baten aprobetxamenduagatiko konpentsazioa.

Konpentsazio balorazioko taula bat ezarri da, ordenantza hauei erantsita doana (2. eranskina). Baja emandako luberritzearen tasazio ekonomikoa eginen da. Luberritzearen adjudikaziodun berriak hamabortz eguneko epea izanen du aitzineko onuradunari eginiko balorazioa ordaintzeko, eta gehienez ere hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko ditu dagokion ordainketa gutuna eta luberritzearen planoak. Luberritzean alta emateko, ezinbertzekoa izanen da bi dokumentuak aurkeztea.

Ordenantzak hausteagatik luberritzea kenduz gero, ez da inolako konpentsazio ekonomikorik jasotzeko eskubiderik izanen.

3. ATALA

Larraskak

54. artikulua.

1.–Larraska eskatzaileek eskakizun hauek bete beharko dituzte: ordenantzen 38. artikuluan ezarritakoak, abeltzaintza txartela edukitzea, azienda Baztanen erregistratuta izatea eta Baztanen erroldatuta egotea. Aziendak indarrean dagoen legeriak eskaturiko abere osasuneko baldintzak bete behar ditu.

2.–Zeinahi azienda motarentzat eskatzen ahalko dira larraskak.

3.–Kontuan harturik ahuntz-aziendak kalte handiak eragiten dituela, azienda hori Baztango herri-lurretan alhatzea debekatzen da, salbu eta Urritzaten eta Aritzakungo beherean, zuhaitzik gabeko eremu eta txaradietan. Baztango gainerakoan, Batzar Nagusiak baimendutako lekuetan baizik ez dira alhatzen ahalko, beharrezkoak diren bertze baimen batzuen kalterik gabe, kontuan harturik lurren oihan izaera eta azienda mota (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa).

4.–Eskatzailea lehentasunezko ustiategia bada edo haren lanbide nagusia nekazaritza bada, Batzar Nagusiak honako lursail hauek adjudikatzen ahalko dizkio larraskan aprobetxamendurako: Gehienez 10 hektarea zeinahi azienda motatarako. Ahuntz- eta txerri-azienden kasuan, 52.2 artikuluan ezarritako gehienekoak adjudikatuko dira.

5.–Eskatzailea lehentasunezko ustiategia ez bada eta haren lanbide nagusia nekazaritza ez bada, Batzar Nagusiak 3 gizalur adjudikatzen ahalko dizkio larraskan, gehienez, zeinahi azienda motatarako, betiere kasuan-kasuan indarrean dagoen araudia betez.

6.–Eskatutako larraskan zuhaitz partikularrak badaude, eskatzaileak akordio bat lortu beharko du jabearekin. Dauden zuhaitz moten arabera, Batzar Nagusiak agintzen ahalko du non itxi eta non ez itxi larraska.

7.–Larraskak behar bezala itxita egon beharko dira.

8.–Baimendutako pertsonak bakarrik baliatzen ahalko ditu larraskak, eta baimendutako aziendekin bakarrik.

III. KAPITULUA

Erlezaintza

55. artikulua.

1.–Ordenantzen 38. artikuluko baldintzak betetzen dituzten eta herri-lurretan kofoinak jarri nahi dituzten Baztango herritarrek idatziz eskatu beharko diote baimena Batzar Nagusiari, ordenantza hauen 4. eranskinean jasotako eskabide ereduari jarraikiz.

2.–Kofoinak jartzeko baimena, une orotan, erle-ustiategietarako osasun antolamenduaren eta antolamendu zooteknikoko neurrien aplikazioa (bai eta kofoinen kokapena, ezartzea eta lekualdatzea, azpiegitura zooteknikoa, osasun azpiegitura eta ekipamenduak ere) arautzen duen oinarrizko araudiaren mende egonen da, erlezaintza-jarduera eraginkortasunez eta zuzen gauzatu ahal izateko, honako salbuespen hauekin:

–GR eta SL bidezidorretatik, Donejakue Bidetik eta abarretatik, 25 metroko tartea gordeko da gutxienez.

–Oihan pistetatik, 5 metroko tartea gordeko da gutxienez.

–Hurbilen dauden etxebizitzetatik, 200 metroko tartea gordeko da gutxienez.

–Aitzinetik zeuden herri-lurren aprobetxamenduetatik eta hirugarrenen jabetzetatik, 25 metroko tartea gordeko da gutxienez.

3.–Erlezaintzako ustiategien titularrek ohartarazi beharko dute erleak badirela, ikusteko moduko lekuan eta erlategitik hurbil. Seinaleek gutxienez elebidunak izan behar dute (euskaraz eta gaztelaniaz).

IV. KAPITULUA

Oihan landatzeak herri-lurretan

56. artikulua.

Zuhaitz landatze berriak Baztango herri-lurretan.

Ordenantzen 38. artikuluak ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta eremu jarraiko oihan landatzeak egin nahi dituzten Baztango herritarrek idatziz eskatu beharko diote baimena Batzar Nagusiari.

Interesa duten herritarrek idatziz egin behar diote eskaera Batzar Nagusiari. Eskaeraren gaineko txostena egin eta mendi-kargudunekin eta Baztango Udaleko oihanzainekin batera aztertu ondoren, Batzar Nagusiak izanen du emakida adjudikatzeko eskumena, beharrezkoak diren bertze baimen batzuen kalterik gabe, lurren oihan-izaera kontuan hartuta (Nafarroako Foru Komunitateko Oihan Administrazioa).

Baimendutako landaketen eskatzaileek, baimena jakinarazi eta hilabeteko epean, memoria teknikoa egin eta aurkeztu beharko dute, landaketa lokalizatu (ETRS89 30 Iparra, UTM koordenatuak), azalera, espezieak eta landaketa-esparrua adierazi.

57. artikulua.

Lehendabiziko hamabortz urteak akituta, eskindegiak kendu beharko dituzte landaketak egiteko baimena duten onuradunek. Hamabortz urte horiek iragan ondoren, onuradunek lan hori egin ez badute, Baztango Udaleko oihanzainek egoeraren berri emanen dute, eta Batzar Nagusiak urtebeteko epea emanen die biltze lan horiek egiteko. Lan horiek ezarritako epean egiten ez badira, egoera hori Baztango Udaleko oihanzainen txostenaren bidez egiaztatu ondoren, Batzar Nagusiak baja emanen dio aprobetxamenduari, ofizioz, eta eskindegia kenduko du. Lan horiek eragiten dituzten gastuak lehengo onuradunaren kontura izanen dira.

Onuradunek bertze hamabortz urtez luzatzeko eskatzen ahalko dute. Luzapena eskatuz gero, Baztango Udaleko oihanzainek eskindegiarekin jarraitzeko aukerari buruzko txostena emanen dute, eta Batzar Nagusiak baimendu edo baztertu beharko du harekin jarraitzea, txosten horretan oinarriturik. Landaketaren gastu guztiak onuradunaren konturakoak izanen dira.

58. artikulua.

Fruituak ekoiztera bideratutako oihan landaketen kasuan (monolaboreak), kanon handiagoa aplikatuko zaie, gainerako landaketen bikoitza, eta, kasu horietan, baimena emanen zaie perimetroko itxitura mantentzeko, haien aprobetxamendurako.

59. artikulua.

Kontzesioaren berraztertzeaz.

1.–Batzar Nagusiak kontzesioa berriz aztertuko du eman denetik hamar urte pasata.

2.–Herritarrek herri-lurretan dituzten zuhaitzen estatistika eguneratuz joanen da; horretarako, herritarrek datuak eman beharko dituzte eskatzen zaizkienean.

60. artikulua.

Honako hauek izanen dira emakida iraungitzeko zioak:

1.–Oihanberritzea larriki andeatzea.

2.–Ondoz ondoko bi urtez kanona ez ordaintzea.

3.–Eskindegia ez kentzea 58. artikuluan ezarritako moduan.

4.–Baztanen auzotasuna galtzea. Kasu horretan, urtebeteko epea emanen da landaketa saltzeko, titulartasuna aldatzeko edo baja emateko. Epe hori akituta, Batzar Nagusiak baja emanen die ofizioz pertsona horren izenean dauden herri-lurretako zuhaitz edo landaketa guztiei, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe.

5.–Titularra hiltzen bada, oinordekoei urtebeteko epea emanen zaie landaketa saltzeko, titulartasuna aldatzeko edo baja emateko. Epe hori akituta, Batzar Nagusiak baja emanen die ofizioz pertsona horren izenean dauden herri-lurretako zuhaitz edo landaketa guztiei.

61. artikulua.

Batzar Nagusiak eta Baztango Udalak oihan landatzeak sustatzea.

1.–Horretarako egokiak diren herri-lurretan, Baztango erakundeek egoki irizten dioten adina oihan landaketa egiten ahalko dituzte, aprobetxamendua iraungitzeko espedientea egin ondoren. Lehenago baliatzen ari zen herritarrari bertze lursail bat eskainiko zaio aprobetxamendurako.

2.–Batzar Nagusiak eta Baztango Udalak espezieen aniztasuna sustatuko dute, oihanberritu beharreko eremuaren gaineko ikerketan oinarrituta. Bertako haritzak lehentasuna du landatzeak planifikatzeko orduan, betiere herri-lurrak espezie horretarako egokiak badira. Ahal denean, dauden hariztiak berez birsortzeko beharrezkoak diren oihan lanak eginen dira.

3.–Batzar Nagusiak zuhaiztiez osatutako eta herri-lurrentzat interesgarriak diren kontzesio zaharren berreskurapena sustatuko du.

4.–Batzar Nagusiak lan horietarako finantza baliabideak eta dirulaguntzak (Nafarroako Gobernuarenak edo Europar Batasunarenak izan) hartzeko beharrezkoak diren ekintza oro burutuko ditu.

5.–Batzar Nagusiak bertze interesdunekin hitzarmenak egiten ahalko ditu herri-lurretan oihan landatzeak egiteko eta mantentzeko. Horretarako onetsiriko klausulek aginduko dituzte, eta ez dira lotuko Baztango auzotasuna izatearekin.

62. artikulua.

1.–Herritarrek berez sortzen diren zuhaitzak aprobetxatu nahi badituzte, piketeak edo jasotako aprobetxamenduetatik bertzelako erabileretarako, eskaera egin beharko diote Batzar Nagusiari.

2.–Piketeak egitea eskatzen dutenean, lortutako piketeen % 40 Batzar Nagusiari eman beharko dizkiote, eta hark adierazitako lekura eraman beharko dituzte.

V. KAPITULUA

Irazelaiak

63. artikulua.

Batzar Nagusiak emanen du Baztango herri-lurretako iratze-aprobetxamendua, aldez aitzinetik hala eskatuta. Irazelaiak eskatzen dituztenek ez dute 38.1 artikuluaren a) letra bete beharko.

64. artikulua.

Interesa duten herritarrek idatziz egin behar diote eskaera Batzar Nagusiari. Eskaeraren gaineko txostena egin eta mendi-kargudunekin eta Baztango Udaleko oihanzainekin batera aztertu ondoren, Batzar Nagusiak izanen du emakida adjudikatzeko eskumena.

Irazelai baimenduen eskatzaileek, baimena jakinarazi eta hilabeteko epean, memoria teknikoa egin eta aurkeztu beharko dute, eta irazelaia lokalizatu eta mugatu (ETRS89 30 Iparra, UTM koordenatuak) eta haren azalera adierazi.

65. artikulua.

Batzar Nagusiak galarazten ahalko du iratzeak moztea herri-lurretan, bertan oihan landarerik, hala nola gaztainondoak, lizarrak, gereziondoak eta, bereziki, bertako haritzak, badira, irazelaian dauden oihan landareen dentsitatea gutxienez ere 374 metro koadroko gizalur bakoitzeko 30 landarekoa delarik. Aitzinagotik aprobetxatzen ari den herritarrari adituko, eta iratze aprobetxamendurako bertze lur bat emanen zaio.

66. artikulua.

Hamar urtean behin berrituko dira onuradunaren eskaera eta herritarrek baliaturiko irazelaien aprobetxamenduaren Batzar Nagusiaren berrespena.

67. artikulua.

Honako hauek izanen dira kontzesioa iraungitzeko zioak:

1.–Irazelaia larriki andeatzea.

2.–Ondoz ondoko bi urtez irazelaiaren erabilera frogagarria ez egitea.

VI. KAPITULUA

Laboreak

68. artikulua.

Batzar Nagusiak komunitatearen lurrak lantzeko eremuak eta erabilerak (hala nola baratzeak) antolatu eta planifikatuko ditu. Antolaketa eta planifikazio horiek lotesleak izanen dira aprobetxamendu emakida orotarako, eta gehienez 10 hektarea izanen dira emakidadun bakoitzeko.

69. artikulua.

Interesa duten herritarrek idatziz egin behar diote eskaera Batzar Nagusiari. Eskaeraren gaineko txostena egin eta mendi-kargudunekin eta Baztango Udaleko oihanzainekin batera aztertu ondoren, Batzar Nagusiak izanen du emakida adjudikatzeko eskumena.

Aprobetxamendu baimenduen eskatzaileek, baimena jakinarazi eta hilabeteko epean, memoria teknikoa egin eta aurkeztu beharko dute, eta laborea lokalizatu eta mugatu (ETRS89 30 Iparra, UTM koordenatuak) eta haren azalera adierazi.

70. artikulua.

Luberritzeko ematen diren herri-lurrak kontzesioa eman eta bi urtera gehienez ere landu beharko dira, ezinbertzeko zioengatik ez bada. Bertzenaz kontzesioa deuseztatuko da, eta adjudikaziodunak lantzeko eskubidea izateko ordaindutako diru kopurua galduko du.

71. artikulua.

Honako hauek izanen dira kontzesioa iraungitzeko zioak:

1.–38. artikuluak ezarritako baldintzak ez betetzea.

2.–Lantze ekoizpena larriki andeatzea.

3.–Errentan eman edo lagapena egitea.

4.–Kanona ondoz ondoko bi urtetan ez ordaintzea, salbu eta Batzar Nagusiak behar bezala arrazoituta erabakitzen badu ez dela azkenduko.

72. artikulua.

Hamar urtean behin berrituko dira onuradunaren eskaera eta herritarrek baliaturiko laboreen aprobetxamenduaren Batzar Nagusiaren berrespena.

VII. KAPITULUA

Etxeko egurra

73. artikulua.

1.–Batzar Nagusiak aprobetxamenduaren kontzesioa erabakitzen ahalko du herritarrek etxeko egurraz dituzten beharrei erantzuteko.

2.–Familia unitate eta ohiko etxebizitza bakoitzeko egur aprobetxamendu baterako eskubidea izanen da.

3.–Kontzesio erabakiak Nafarroako Gobernuari jakinaraziko zaizkio, baimentze ondorioetarako.

74. artikulua.

1.–Herritarren aprobetxamendurako egur loteak seinalatzean, mendien alorrean eskumena duen administrazioaren irizpideei jarraikiko zaie.

2.–Zuhaitzak ondoz ondo markatuko dira mendi administrazioak ezarritako irizpide teknikoei jarraikiz.

75. artikulua.

Egur loteetarako eta egurra ateratzeko, gehieneko epea urtebetekoa izanen da, horiek markatzetik kontatzen hasita. Baztango oihanzainek txosten batean jaso beharko dute zer egunetan markatu dituzten egur loteak. Aipatu epea akiturik, moztu ez diren egur loteak edo moztu bai baina atera ez direnak erabiltzeko kontzesioa iraungiko da, eta Batzar Nagusiaren esku geldituko dira. Egur loteagatik ordaindutako zenbatekoa ez da itzuliko, ezinbertzeko kasuetan izan ezik.

76. artikulua.

Onuradunek hondarrak bildu eta pilatu beharko dituzte, behin egurra eraman eta gero; hondar horiek ezin izanen dira bide, mendi bide edo pasatu ahal izateko oztopo izanen diren lekuetan metatu, eta oihana garbi utziko da.

77. artikulua.

1.–Kontu handiz behatuko da adjudikatutako egur loteak kontzesioaren helburu eta xedeetan erabiltzen diren. Galarazita dago eskuz aldatzea edo bertzerentzea.

2.–Baztango Udaleko oihanzainek zeinahi unetan jotzen ahalko dute egur lotearen onuradunengana, eta egurra non dagoen esateko eskatu. Informazio hori emateari uko eginez gero, Batzar Nagusiari jakinaraziko zaio.

78. artikulua.

1.–Haizeak botatako zuhaitzak (zain irauliak) bertzelako egur aprobetxamendu gisara ulertuko dira; beraz, interesa duten partikularrek ezin izanen dituzte saldu edo bildu; ondoz ondo markatuko dira, oihan administrazioaren irizpide teknikoei jarraikiz.

2.–Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak, Nafarroako Gobernuko Basozainek-Ingurumena Zaintzeko Taldeko langileek markatu eta baloratu ondoren, eta, hala badagokio, Baztango Udaleko oihanzainek aldeko txostena eta balorazio ekonomikoa eman ondoren, adjudikatzen ahalko ditu zain irauliak.

3.–Batzar Nagusiaren erabaki bidez ezarriko dira zain iraulien baldintzak.

VIII. KAPITULUA

Herri-lurretako saroiak, bordak eta nekazaritza-abeltzaintzako bertzelako eraikinak

79. artikulua.

Saroiak aziendak eguraldi txarretik babesteko lur eremuak dira. Bai egungo saroietan, bai gero ezartzen direnetan, aziendari babesa eta itzala emateko behar adina zuhaitz landatuko dira.

80. artikulua.

Herri-lurretan azienda kontzeko bordak edo nekazaritza nahiz abeltzaintzarako baliatzeko abeltegi, heia, biltegiak edo gisako bertzelako eraikinak eraiki edo zaharberritu nahi dituzten herritarrek, honako baldintza hauek bete beharko dituzte: 38. artikuluak ezarritako baldintzak betetzea, abeltzain txartela izatea, azienda Baztanen erregistraturik izatea eta abere osasuneko betebeharrak betetzea.

81. artikulua.

Herri-lurretan izan eta azienda kontzeko eraitsitako borden jabeek bi urteko epean berreraiki beharko dituzte. Bertzenaz, bertze herritar batek izanen du eremu horretan bertan edo hurbil borda bat eraikitzeko baimena eskatzeko ahalmena.

Epe horretan borda berreraikitzen ez badu, eta bertze pertsona batek berreraikitzeko interesa espresuki agertu badu, borda eraitsiaren jabeak materialak atera beharko ditu, gehienez ere sei hilabeteko epean. Hala egin ezean, udal zerbitzuek eraitsitako materiala baloratuko dute, eta adjudikaziodun berriak balorazio hori ordaindu beharko du, aprobetxamendua adjudikatu ondoren.

82. artikulua.

Herri-lur eraikiezinean nekazaritza azpiegituren arloan interesdun batek egin nahi duen jarduketa oro indarrean dauden hirigintza legeak, udal araudia eta foru araudia errespetatu beharko dituzte. Interesdunek memoria bat aurkeztu beharko dute, Udaleko Hirigintza Zerbitzuak txostena egin dezan hirigintza araudiarekin bat datorren jakiteko. Hala ere, Batzar Nagusiak eskumena izanen du proiektua egin dadin herri-lurzorua aldi baterako okupatzea baimentzeko edo ez baimentzeko.

83. artikulua.

Herri-lurretan egindako eraikina ezin izanen da erabili eraiki zenean eman zitzaiona ez den bertze zeinahi erabilerarako, aitzinetik Batzar Nagusiaren baimena lortu gabe eta indarra duen araudia betez.

84. artikulua.

Batzar Nagusiak hamar urtean behin berraztertuko ditu emandako emakidak.

85. artikulua.

Honako hauek izanen dira aprobetxamendua iraungitzeko zioak:

1.–38. artikuluak ezarritako baldintzak ez betetzea.

2.–Emakidadunak abeltzain-txarteldun abeltzainaren izaera galtzea.

3.–Osasun beharkizunak ez betetzea.

4.–Kanona ondoz ondoko bi urtetan ez ordaintzea, salbu eta Batzar Nagusiak behar bezala arrazoituta erabakitzen badu ez dela azkenduko.

5.–Errentan eman edo lagapena egitea.

6.–Eraiki zenean eman zitzaiona ez den bertze zeinahi erabileretarako baliatzea eraikina.

86. artikulua.

Batzar Nagusiak ahalmena izanen du borda, kortxila eta bertzelako eraikinetan egiten diren jarduerak zaintzeko, Baztango Udaleko oihanzainen bidez, egoera egokian mantentzen direla eta hondakinak biltzen direla kontrolatzeko, sortzen ahal den kutsadura saihesteko (aziendaren parasitoak hiltzean edo gisako jardueretan). Nekazaritza eraikinen erantzukizuna dutenen betebeharra izanen da hondakinak jasotzea eta sarbiderako bideak mantentzea.

IX. KAPITULUA

Herri-lurretako bertzelako eraikinak

87. artikulua.

Batzar Nagusiak obra, instalazio eta zerbitzuetarako herri-lurren aldi baterako okupazioa erabakitzen ahalko du, dagokion kanon baten ordainketaren bidez, lanpostuak sortzen dituzten industria instalazioen eraikitzearen kasuan eta Baztanentzat beharrezkoak diren kirol, kultura, osasun edo aisialdi instalazioaren kasuan, bertzeak bertze, betiere aipatutako proiektuak jendartearentzat interesgarriak direnean eta indarra duen araudia betetzen duten bitartean. Eskatzaileak ez du 38. artikulua bete beharrik izanen, 1b atala izan ezik.

X. KAPITULUA

Ehiza, eta onddo eta zizen bilketa

88. artikulua.

Ehiza Nafarroako Komunitatean dagoen foru legeen arabera arautuko da.

89. artikulua.

Antolaketa Zinegetikorako Plangintza batek arautua behar duen barrutiaren adjudikaziodunarena izanen da ehizak sortzen dituen kartutxo eta bertzelako hondakinak garbitzeko erantzukizuna. Oihanzainek urtero eginen dute ikuskapen bat barrutian, eta horretan oinarrituriko txosten bat idatziko dute Batzar Nagusiarentzat.

90. artikulua.

Baztango herri-lurretako mendietan, kanpoan zizak agertzen dituzten onddo mota ugari daude. Produktu hauen bilketak batzuetan mendietara sobera jende etorrarazten du, eta horrek natura ingurunearen hondatzea ekartzen ahal du.

Batzar Nagusiaren irudiko, espezie horien mantentzea bermatu, natura inguruneko kaltea ekidin eta mendia behar bezalako garbiketa baldintzetan mantendu behar da, eta, horrela gertatzeko, neurri egokiak hartuko dira, betiere indarrean dagoen araudia betez.

XI. KAPITULUA

Kirol, aisia eta josteta jarduerak

91. artikulua.

Gaur egun, gero eta handiagoa da gizarteak naturarekin hartu-emanetan sartzeko eskaera, bertan kirol, aisia eta josteta jarduerak egiteko. Jarduera hauek natura baliabideen aprobetxamendu jasangarriak eskatzen dituen errespetu eta kontrolik gabe egiteak eragin negatiboak, hainbatetan itzulezinak, ekartzen ahal ditu. Eragin hori murrizteko, Batzar Nagusiak kasu bakoitzean hartu beharreko neurriak aztertu eta hartuko ditu.

XII. KAPITULUA

Ura eta ureztaketak

92. artikulua.

Herri-lurra ura bildu eta eramateko okupatzeak baimena beharko du. Horretarako, herritarrak eskaera egin behar du, eta egin beharreko lanen eta aprobetxamendua deskribatzen duen dokumentazio teknikoa aurkeztu, memoria eta lurren kokapen planoak eta okupazio planoak barne direlarik. Eskatzaileak ez du 38. artikulua bete beharrik izanen, 38.1b eta 38.3 atalak izan ezik.

1.–Eskatzaileak obrak edo ondorengo konponketek ukituriko zeinahi egitura (bideak, erretenak…) egoera onean paratu beharko du.

2.–Udalak herri-lur horietan hodiak ukitzen dituen zeinahi lan egiten badu, eskatzaileak behar diren aldaketak egin beharko ditu. Gastuak bere bizkar izanen dira, eta ez du kalte-ordainik hartzeko eskubiderik izanen.

3.–Baimenaren epe barnean Udalak, modu justifikatuan, hodiak hornidura zehatz baterako erabiltzeko eskatzen badu, eskatzailea uztera beharturik egonen da.

4.–Hodia behar bezala egonen da lurpean.

93. artikulua.

Herri-lurraren okupazioa aprobetxamendu berezi gisa baimentzen da. Baimena mantenduko da emateko orduan zeuden baldintzak diren bitartean, eta aitzineko puntuan aipatzen den dokumentazio teknikoan deskribatutako aprobetxamenduetarako bakarrik ematen da. Hamabortz urtez iraunen du, eta bertze hamabortz urtez luzatzen ahalko da, eta horrela, gainerakoetan, jarduerak dirauen bitartean. Instalazio horietan jarduna eteten bada, lurrak herri-erabilerara itzuliko dira, mugarik gabe, eta, hortaz, eskatzaileak edo haren ondorengoak instalazio guztiak kendu beharko ditu bere kargura eta bere bizkar. Hori ez badu egiten, Baztango Batzar Nagusiaren jabegokoa izatera pasatuko da.

94. artikulua.

Baimenak ez du deus ikustekorik sustatzaileak erakunde eskudunei eskatu behar dien zeinahi motatako baimenekin. Halaber, instalazioaren erantzukizuna eskatzailearena izanen da soilik.

XIII. KAPITULUA

Erauzte jarduerak

95. artikulua.

Nafarroako Gobernuak eta Baztango Udalak egindako txostenetan oinarriturik, pertsona fisiko edo juridiko batek erauzte jardueraren bat instalatu edo handitzeko proiektua aurkezten duenean, Batzar Nagusiak dagokion lurra okupatzeko baimena eman edo ukatuko du.

XIV. KAPITULUA

Oihan suteak, eta sasiak, belarrak eta uztondoak erretzea

96. artikulua.

Arras debekaturik dago zuhaitzak dauden herri-lurretan sua piztea, zeinahi motatakoa delarik ere.

97. artikulua.

Herritar batek zuhaitzik gabeko herri-lur zati bat erretzeko beharra baldin badu (iratzea mozten duen eremua garbitzeko edo bertze gisako arrazoi justifikagarri batengatik), hura arautzen duen mendi-araudiak ezarritakoa bete beharko du bai erretze kontrolaturako baimenaren eskaerak, bai erretzearen arrazoiek, bai hori eginen den lekuak.

XV. KAPITULUA

Elkarrekikoak

98. artikulua.

Arras debekaturik dago bertze jurisdikzioetako aziendak Baztango herri-lurretan alhatzea, salbu eta elkarrekiko larre hitzarmenak dituztenetan. Hitzarmena dagoen kasuetan, alhatzea bakoitzak sinatu duen kontratuak dioenaren arabera arautuko da.

Abeltzaintzan aritzen diren eta bertze jurisdikzio batzuetakoak direnek, elkarrekikoetan beren eskubideak erabili aurretik, legezko osasun baldintzak bete beharko dituzte.

99. artikulua.

Baztanek larre hitzarmenak sinatzen ahal ditu inguruko herriekin.

III. TITULUA

Herri-lurretako lurzatien trukatzea

100. artikulua.

Batzar Nagusiak herri-lurren murrizketa saihesteko irizpidea defendatuko du, eta herri-lurrak ez bereizteko ahalegina eginen du.

101. artikulua.

Lurzati txikien desafekziorako prozedura.

1.–Lurzati txikiak trukatu ahal izateko desafekzioa lortzeko beharrezkoa izanen da Nafarroako Gobernuak lurzati horiek onura publikokotzat edo gizarte onurakotzat aitortzea, Batzar Nagusiak justifikatu ondoren bilatutako xedea ezin dela lortu lagapen edo zergen bidez; nolanahi ere, bi horiek dira lehentasunezko bideak. Lege horrek aipatzen dituen lurzatien neurriak araudiaren bidez ezarriko dira, haien ezaugarri eta herri-ondarearen hedaduraren arabera.

2.–Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak edo haren ordezko araudiak ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.

IV. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

102. artikulua.

Artikulu hauetan ageri diren arau-hausteak egiten dituztenek erantzukizun administratiboa izanen dute.

103. artikulua.

Arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izaten ahal dira:

1.–Arau hauste arinak:

a) Aprobetxamendurako emandako erabilera aldatzea, Batzar Nagusiaren baimenik gabe.

b) Baztango herri-mendietan okupazioa egitea Batzar Nagusiaren baimenik izan gabe.

c) Herri-mendietako zuhaitzak edo egurra moztu, erauzi, kaltetu, atera edo haietaz jabetzea beharrezko titulu administratiborik izan gabe.

d) Herri-mendietan edo herri-lurretan azienda alhatzera eramatea, debekaturik badago edo Batzar Nagusiak ezarritako arauak bete gabe egiten bada.

e) Zain irauliak saltzea.

f) Egur loteak saltzea.

g) Ordenantza honetan ezarritakoa hausten duen bertze zeinahi gertakari edo ekintza.

h) Arau-hauste arinetan berrerortzea. Berrerortzea izanen da arau-haustea egiteko tenorean, ebazpen irmoz zehapena ezarri zaionetik hiru urte ez badira iragan.

2.–Arau hauste astunak:

a) Herri-mendietan edo herri-lurretan erreketa egitea baimenik izan gabe.

b) Herri-lurretan gai solidoak botatzea edo likidoak isurtzea baimenik izan gabe.

c) Arau-hauste arinetan berrerortzea eta herri-lurretan aldaketa eragiten duten arau-hausteak.

3.–Arau-hauste oso astunak:

a) Herri-mendietan edo herri-lurretan oihanberritze artifizialetik edo naturaletik hurbil erreketa egitea baimenik izan gabe.

b) Herri-lurretan gai solido arriskutsuak botatzea edo likido arriskutsuak isurtzea baimenik izan gabe.

c) Arau hauste astunetan berrerortzea. Berrerortzea izanen da arau-haustea egiteko tenorean, ebazpen irmoz zehapena ezarri zaionetik hiru urte ez badira iragan.

104. artikulua.

Hauek dira arau-hausteak egiteagatik izanen diren zehapenak:

1.–Arau-hauste arinak 600,00 euro arteko isunarekin zehatuko dira. Egur loteak edo zain irauliak saltzen dituztenek adjudikaturiko lotearen balio osoaren bikoitza ordaindu beharko du isun gisa, eta ez zaie bortz urtean egur loterik emanen.

2.–Arau-hauste arinak 601,00etik 6.000,00 eurora bitarteko isunarekin zehatuko dira.

3.–Arau-hauste oso astunak 6.001,00etik 60.000,00 eurora bitarteko isunarekin eta herri-lurretako aprobetxamenduetako titularra izateko hamar urtez ezgaitzearekin zehatuko dira.

4.–Isunen zenbatekoa finkatzeko, kontuan hartuko dira arau-haustearen asmoa edo arduragabekeria, eraginiko kalte­galeren munta eta aldaturiko errealitate fisikoa konpontzeko zer posibilitate dagoen. Erdizaga, Belate eta Lizartzuko larreetan azienda legez kanpo agertzen bada eta zuhaitzak legez kontra mozten badira, 5. eta 6. eranskinetan arau-hausteen zenbatekoak mailakatzeko ezarritakoari jarraikiko zaio.

5.–Isuna ez da sekula arau-haustea egitetik ateratako mozkina baino txikiagoa izanen, eta arau-hausleak erdietsitako mozkinaren bikoitzaren parekoa izaten ahalko da.

6.–Arau-hauste arinek sei hileko epean galduko dute indarra; astunek, hemezortzi hilabetean; eta oso astunek, hogeita lau hilabetean.

7.–Batzar Nagusiko buruak izanen du zehapenak ezartzeko eskumena, arau-hauste arinen eta astunen kasuan; eta, arau-hauste oso astunen, kasuan, Batzar Nagusiak.

8.–Zehapenak unean-unean indarra duen prozedura administratiboari jarraikiz ezarriko dira.

9.–Zeinahi arau-hausteren erantzule den pertsonak, ezarritako isuna ordaintzeaz gain, eraginiko kalte-galeren ordaina ordaindu beharko du. Kalte-galera horiek, gutxienez, arau-haustearen aitzineko egoerara itzultzeak edo errealitate fisikoa lehengoratzeak dakartzan kostuetan balioetsiko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehendabiziko xedapen iragankorra.–Ordenantza hauek onestean hamabortz urte beteak dituzten landaketa guztien emakidadunek urtebeteko epean bildu beharko dute eskindegia. Lan horiek ezarritako epean egiten ez badira, egoera hori Baztango Udaleko oihanzainen txostenaren bidez egiaztatu ondoren, Batzar Nagusiak baja emanen dio aprobetxamenduari, ofizioz, eta eskindegia kenduko du.

Bigarren xedapen iragankorra.–Baztango Batzar Nagusiak eskatuko du Parlamentuak arau esparru aski gara dezala Baztango herriek beren izenean jabetzak izan ditzaten bermatzeko.

1. ERANSKINA

BAZTANGO BATZAR NAGUSIA

Aprobetxamenduen konpentsazio taula / Tabla de compensación de aprovechamientos (DOC).

2. ERANSKINA

BAZTANGO BATZAR NAGUSIA

Aprobetxamendu bat kentzeko arrazoiak

Luberritzeak:

LUBERRIAREN EGOERA

INGURUABARRAK

PROZEDURA

ONDORIOA

Sasiak hartua da

Azaleraren % 50 baino gehiago

Traktore bat zer gainazaletik ibil daitekeen neurtuko da

Aprobetxamendua amaitzeko prozedura hastea

Itxitura

Itxituraren % 50 edo gehiago irekita dago

Azalera GPS bidez neurtuko da

Aprobetxamendua amaitzeko prozedura hastea

Ez da aprobetxamendu egokirik egiten

Bertzeren azienda dago ikuskapenaren egunean, bai eta 15 egun geroago ere

Azienda identifikatu beharko da

Aprobetxamendua amaitzeko prozedura hastea

Luberrian sasia bada edo itxitura hondatuta badago, ordenantzen 50. artikuluko jarraibideei jarraikiko zaie.

Luberria alokairuan edo azpierrentan badago, 49. artikuluko jarraibideei jarraikiko zaie.

Luberria hirugarrenei utzi bazaie (ordenantzen 36. artikuluan ezarritako kasuetan izan ezik), 49. artikuluko jarraibideei jarraikiko zaie.

Larraskak:

LARRASKAREN EGOERA

ZENBATERAINO

PROZEDURA

ONDORIOA

Itxitura

Itxituraren % 50 edo gehiago irekita dago

Azalera GPS bidez neurtuko da

Aprobetxamendua amaitzeko prozedura hastea

Ez da aprobetxamendu egokirik egiten

Bertzeren azienda dago ikuskapenaren egunean, bai eta 15 egun geroago ere

Azienda identifikatu beharko da

Aprobetxamendua amaitzeko prozedura hastea

Larraska alokairuan edo azpierrentan badago edo itxitura hondatuta badago, ordenantzen 47. artikuluko jarraibideei jarraikiko zaie.

3. ERANSKINA

BAZTANGO BATZAR NAGUSIA

Luberri baten aprobetxamendua adjudikatzeko puntuazio taula

Guztira, 75 puntu:

Eskatzaileak bere izenean luberritzerik ez badu: 15 puntu.

Eskatzaileak bere izenean 5 hektareako edo gutxiagoko luberritzeak baditu: 10 puntu.

Eskatzaileak ustiategi ekologikoa egiten badu (ziurtagiri ofizialaren arabera): 15 puntu.

Eskatzailea luberritzearen aitzineko onuradunaren lehen, bigarren edo hirugarren mailako ahaidea bada eta ustiategi berarekin jarraitzen badu: 15 puntu.

Eskatzaileak 40 urte baino gutxiago baditu: 10 puntu.

Eskatzailearen lehen instalazioa bada: 10 puntu.

4. ERANSKINA

BAZTANGO BATZAR NAGUSIA

Erlezaintzarako herri-lurraren eskaera / Solicitud de comunal para apicultura (DOC).

5. ERANSKINA

BAZTANGO BATZAR NAGUSIA

Zuhaitzen balorazioa zehapen espediente bat izapidetzean

Zehapen espedientea izapidetzean, zuhaitzen bolumena da faktore garrantzitsuena; beraz, bolumen horien arabera eginen da zehapenaren kalkulua. Zenbatekoa 100-600 euro bitartekoa izanen da.

0-3 metro kubo

100,00 euro

3-5 metro kubo

150,00 euro

5-8 metro kubo

300,00 euro

8-15 metro kubo

450,00 euro

15 metro kubotik goiti

600,00 euro

Espediente bakoitzean oihanzainek moztutako egur bolumena zehaztu beharko dute.

6. ERANSKINA

BAZTANGO BATZAR NAGUSIA

Azienda larreetan, epez kanpo edo baimenik gabe

Ardi azienda:

20 buru

50,00 euro

21-50 buru

100,00 euro

51-90 buru

150,00 euro

91-140 buru

200,00 euro

141-200 buru

250,00 euro

201-270 buru

300,00 euro

Behiak eta zaldiak:

1 buru

50,00 euro

2-5 buru

100,00 euro

6-10 buru

200,00 euro

11-20 buru

300,00 euro

21-30 buru

400,00 euro

31-45 buru

500,00 euro

46-60 buru

600,00 euro

Iragarkiaren kodea: L2213691