1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1017E/2022 EBAZPENA, urriaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko instalazio baten proiektuari buruz, Vianako udal mugartean. Proiektua Calidad, Organización y Vivienda SLk sustatu du.
2022ko maiatzaren 9an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo substantiboa den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zuen Biodibertsitatearen Zerbitzura. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9.b) multzoan.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Tramite horretan kontsulta egin zaie Vianako Udalari eta Hondakinen Atalari.
Vianako Udalak bere txostenean dioenez, jarduketa bateragarria da indarreko hirigintza araubidearekin, eta adierazten du ezen, indarreko udal planean xedatutakoaren arabera, lurzatia beste plangintza batean arautu beharreko area bat (A.P.E.2) dela eta, beraz, haren gaineko arauetarako, Vianako La Alberguería industrialdearen udalez gaindiko plan sektorialera jo beharko dela. UGPS horren araudiarekin lotutako zenbait alderdi aipatzen dira txostenean, sustatzaileak kontuan hartu beharko dituenak nahitaezkoa den obra lizentzia lortzeko.
Hondakinen Atalak jakinarazi du eskatutako jarduera bat datorrela Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakinen Planean ezarritako betebeharrekin eta lagundu dezakeela plan horretan eta hondakin fluxu honi buruzko araudi sektorialean ezarritako helburuak betetzen.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen-inpaktuaren txostena emateari buruz, txosten horretan ezarritako baldintzetan.
Proiektuaren deskribapena.
Hondakinen baloraziorako instalazioa, proiektuan jasotakoa, Vianako udal mugarteko 19. poligonoko 1108. hiri lurzatian dago, La Alberguería industrialdean.
Proiektuaren helburua da sustatzailearen beraren obretan sortutako eraikuntzako hondakinak birziklatzea eta agregakin birziklatuak ekoiztea, hurrengo obretan ahal den neurrian berriz erabiltzeko.
Hondakinak biltegiratzeko eremua (R13) kanpoaldean ezarri da. Instalazioa hesituta egonen da inguru guztian, sarrerako atearekin eta areka batekin, instalazioaren jariatze-ur guztiak idoi batera eramateko, ibilgu publikora isuri aurretik dekantazioa egiteko. Hondakinak jasotzean zama pisatzeko baskula bat ere izanen du, eta atmosferara hautsa isurtzea zuzentzeko neurriak ezarriko dira.
Hondakinen aldez aurreko tratamenduari dagokionez (R12), eremu egoki batean utziko dira, bolumen handikoak bertatik eskuz bereizteko, eta zein bere tokian pilatuko dira, behar bezala egokituta. Hondakin arriskutsuak ere bereiziko dira, eta identifikazioa nahiz idazkun egokiak dituzten edukiontzietan utziko dira, estalpean, lixibiatuak eragiteko modukoak badira. Sistema mekaniko baten bidez bereiziko dira hondakin astun eta bolumen handikoak, arriskutsuak ez direnak (esate baterako, txatarra edo neurri handiko egur zatiak), agregakinekin nahastuta daudenak. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak eskuz baztertuko dira birrindu aurretik, egurra, plastikoak, papera/kartoia eta burdinazkoak ez diren metalak bereizi eta kudeatzaile baimenduari emateko.
Hondakinak tratatzeko (R5) birringailu mugikor bat erabiliko da, bereizgailu magnetikoa duena, bai eta bahetzeko unitate mugikor bat ere, hondakinak gutxienez ere hiru neurriko multzoetan bereizi ahal izateko: xeheak, legarrak eta lodiak. Ez da beharrezkotzat jotzen urez edo haizez garbitzea.
Ekipamendu hau sartzen da: sarrerako atea, instalazioaren inguruko hesia, kontrol etxola, baskula, hasierako pilaketarako eremuak (identifikatuta eta hormigonatuta), aldez aurreko tratamendurako eremu hormigonatua, lixibiatuen biltegia, euri uretarako inguruko areka, hautsa barreiatzea saihesteko aspertsoreak, hondakin arriskutsuen edukiontzia, hasierako bereizketaren ondorengo hondakin balorizagarrien edukiontziak (identifikatuta), olagarroa, pala, bahetzeko unitate mugikorra eta birringailu mugikorra, bereizgailu magnetikoarekin.
Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.
Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Proposamenaren helburua eta kudeatuko diren EEHak balorizatzeko edo bereizteko aurreikusitako lerroak onuragarriak dira ingurumenerako, laguntzen dutelako hondakinak berrerabiltzen eta ezabatzeko hondakinen bolumena txikitzen.
Proiektua industrialde baten barruan dago, zelaituta eta landarerik gabe dagoen hiri lurzati batean. Hori horrela, proposamenak ez dakar ingurumen balioa duen ingurune naturalaren okupaziorik edo haren elementuen galerarik, ez eta elementu horien gaineko edo paisaiaren gaineko zeharkako beste inpakturik ere.
Espero daitezkeen inpaktu nagusiak dira emisioak, isurketak, hondakinak eta beste gai batzuk, kutsadurarekin eta biztanleentzako balizko eragozpenekin lotuak. Alderdi horiek proiektuak bete beharko duen ingurumen-baimen bateratuaren prozeduran aztertuko dira. Ingurumen-inpaktuaren txosten hau proiektuaren aldekoa da, ingurumen-baimen bateratuaren prozedura horretan ezartzen diren baldintzak betetzen badira betiere.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluan ezarritakoarekin bat, aurkeztutako agiriak ikusirik eta azterturik proposamenaren ondoriozko ingurumen-inpaktua, Ingurumen Eraginaren Atalak aditzera ematen du ezen, kontuan harturik kontsulten emaitzak eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz bildutako irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik eraginen ingurumenean, eta, hortaz, proiektuak ez du bete beharko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortzeko betebeharra.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko instalazio baten proiektuak, Vianako udal mugartean, Calidad, Organización y Vivienda SLk sustatuak, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan adierazten den baldintzetan, eta, beraz, ez du ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar, 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusi bezala.
2. Proiektuak ingurumen baimen bateratuan eta aplikatzekoak diren gainerako baimenetan proposatzen diren baldintzak bete beharko ditu.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2022ko urriaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.
Iragarkiaren kodea: F2213841