1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1003E/2022 EBAZPENA, urriaren 13koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Eloko udal plan orokorrari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena. Sustatzailea Eloko Udala da.
Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio publiko batek ezarri edo onetsitako planei ingurumen ebaluazio estrategikoa egin behar zaie eta ingurumen adierazpen estrategikoaren xede izan behar dute, plana onetsi aurretik edo onestearekin batera.
Eloko udal plan orokorrari buruzko ingurumen ebaluazio estrategikoa Biodibertsitatearen Zerbitzuak 2018ko abuztuaren 21ean egindako Eloko Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduari buruzko (LOEE) txostenarekin abiatu zen. Txosten horretan adierazi zen zeintzuk ziren hirigintzako udal plana eta ingurumen azterketa estrategikoa prestatzerakoan kontuan hartu beharreko ingurumen arloko alderdi garrantzitsuenak. Bereziki azpimarratu ziren babes bereziko eremuak, uholde arriskua eta horiek hirigintzako proposamenean zuten eragina.
Hirigintzako udal plana 2020ko irailaren 9an onetsi zen hasiera batez, eta jendaurrean jarri zen iragarki bat argitaratuz 2020ko 225. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 1ekoan. Biodibertsitatearen Zerbitzuak, 2021eko maiatzaren 28an, plangintzan eta landa lurzoruaren araubidean berrikusi beharreko ingurumen kontsiderazioen berri eman zuen, bai eta hirigintza proposamenean barne hartu beharreko ingurumen integrazioko neurrien berri ere.
Txosten sektorialen eta jasotako alegazioen ondorioz, hirigintzako planean aldaketa esanguratsuak egin ziren, beraz, bigarren aldiz jendaurrean jarri zen iragarki bat argitaratuz 2021eko 176. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 29koan. 2022ko uztailaren 1ean aurkeztu zen Eloko hirigintzako udal plana eta behin-behinekoz onartu zen.
Planeamenduko analisi, diagnostiko eta proposamenek udal-mugarte osoa ukitzen dute, hau da, 22,5 km²-ko azalera guztira. Hirigintzako udal planaren eta ingurumen azterketa estrategikoaren deskribapena I. eranskinean dago.
Eloko lurralde ereduari dagokionez, hirigune trinkoa da, Gaztelu mendiaren oinean kokatua, Elortz ibaiaren eta NA-2420 errepidearen artean. Udalerria igarobide bat da. Iruñerriaren eta Irunberriko arroaren arteko lotura da eta Alaitz, Higa, Bizkaia eta Itzaga mendien artean dago kokatua. Harana luzetara zabaltzen da IM-HE norabidean eta, Elortz ibaiaz gain, lehen mailako zenbait komunikazio azpiegiturak zeharkatzen dute –A21 Pirinioetako autobiak, kasu–.
Planak Eloko hiri eredua finkatzen du; gaur egungo hiri egiturari eta morfologiari eustea proposatzen du, barneko lurzatiak sedimentuz betetzeari lehentasuna emanda. Hirigune osoak bizitegi erabilera du, arau subsidiarioetan aurreikusitako industriako eta zerbitzuetako lurzoru eremu zabalak kenduta; NA-2420aren inguruko lurzatien kasuan bakarrik aldatzen da bizitegi erabilerara. Proposamen honek landa lurzoruko eremu bat sortzen du hiriaren mugatik Errekaldeko sakaneraino, beraz, ingurumen hobekuntza prebentibo bat dakar, lautada alubialetik urruntzen baita.
Elortz ibaiaren inguruan aztertutako aukera guztiek Elortz ibaiaren ezkerraldeko hiri eremuak baztertzen dituzte. Baina eskuinaldean (Oderena bidea) bizitegi gune txiki bat planteatzen da. "Elortz ibaiak (Elo, Nafarroa) gainezka egiteko arriskuari buruzko azterketa" lanean egindako uholde arriskuaren eta hortik eratorritako arriskuen azterketa eta balorazioaren ondorioz, azkenean, gune hori baztertu egin da, lehentasunezko fluxu eremuan dagoelako.
Jarduera ekonomikoen eremuei dagokienez, hirigintzako planean ez da proposamen berririk planteatzen, NA-2420ren iparraldeko lurzoru industriala ezabatzen du eta Elo-Iharnotz multzoko planari dagokion eremua sartzen du –udal-mugartearen mendebaldean dago–.
Proposatutako plangintzak ur hornidurako eta saneamenduko azpiegiturak indartzea eskatzen du. Goi linea indartzea eta Elo eta Getze Ibargoiti hornitzen dituen biltegia zabaltzea aurreikusten da. Saneamenduari dagokionez, HUAk proposamenei zerbitzu emateko bezainbesteko ahalmena dauka, baina, koten arloan, BS-3 bizitegi sektorearen lurzoru urbanizagarriak auzi hori konpondu beharko du bere plan partzialean.
Bizitegi proposamenak ez du ingurumen ukipen berririk sortzen, izan ere, landa lurzoru izaera berreskuratzen duten lurzoruek lurzoru urbanizagarri berri gisa planteatzen direnek baino azalera handiagoa dute. Plana izapidetzeko prozesuan, uholde arriskuak prebenitzeko neurriak sartu dira, eta ez da lursail berririk eraldatuko arau subsidiarioetan indarrean dagoenarekin alderatuta; aitzitik, orain neurritsuagoa da, eta lur azalera handi batek landa lurzoru izaera berreskuratuko duela nabarmentzen da. Eremuan ez da ingurumen interes adierazgarriko elementurik edo tokirik identifikatu, hortaz, ez da ingurumen ukipen esanguratsurik aurreikusten.
Hala ere, Biodibertsitatearen Zerbitzuak 2021eko maiatzaren 28ko txostenean adierazi zuenez, hirigintzako plana garatzeko, urbanizazio proiektuetan ingurumen integrazioko neurriak eta irizpideak ezarri behar dira. Hori dela eta, ingurumen adierazpen estrategiko honetan, txosten horretan azaldutako hainbat neurri barne hartu beharra azpimarratzen da; mugikortasunari, euri uren kudeaketari eta berdeguneen kudeaketari buruzkoak, zehazki. Neurri horien oinarria da azaroaren 9ko 21/2013 Legetik sortzen den betebeharra, alegia, klima aldaketa integratu behar dela ingurumen ebaluazioko prozeduran, kontuan hartuta erregioari dagozkion klima eszenatokiak, aurreikusten baita batezbesteko tenperaturen igoera, bero boladak ugaritzea, egun eta gau beroak, izotz egun gutxiago, eta orobat, euri erregimenaren "mediterraneartze" bat.
Beraz, euri uren kudeaketarako eta berdeguneen diseinu eta antolamendurako determinazioak jaso behar dituzte. Horien bitartez, urbanizazio prozesuetan lurzoru iragazkorren presentzia maximizatu behar da, iragazte prozesuak eta uren kalitatea kontrolatzea errazteko, ibilgu nagusi batera isuri aurretik, eta lurzoruaren zigilatze masiboa saihesteko. Neurri horiek aplikagarriak dira aparkalekuetara bideratutako espazioetan eta berdeguneen planifikazioan, ELSO-3 espazio libreen sistema orokorrean jasotakoari jarraituz. Berdeguneen antolamenduan, espazio publikoetan itzala eskaintzen duten zuhaiztiak jartzea zainduko da, bero boladen maiztasuna eta iraupena handitzeak ekar ditzakeen ondorioak arintzeko, haien diseinuan irizpide bioklimatikoak aplikatuz.
Ingurumen azterketa estrategikoan, udalerriaren zonakatze akustikoa jasotzen da, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak xedatutakoari jarraituz.
Landa lurzoruaren antolamendua egiteko, udalerriaren natur, ingurumen, paisaia, kultur, nekazaritza eta abeltzaintza balioak identifikatu dira, lurzoru urbanizaezina kategorizatu da eta erabileren araubidea garatu.
Hirigintzako planean, LAP3ko Babes Bereziko Eremuak barne hartzen dira, hala nola Higa, Bizkaia eta Itzagaren lurralde konektibitateko espazioak, Elortz ibaiaren ibai sistema, IGG 20 interes geologiko bereziko lekua eta Higa mendiaren paisaia berezia. Horrez gain, Quercus pubescens espezieko hariztiak eta pagadiak ere sartzen dira, interes bereziko landaretza gisa. Formazio horiek ez direnez LAP3tik eratortzen, 2021eko maiatzaren 28ko txostenean adierazi zen bezala, zaindu beharreko lurzoruaren parte izanen dira, beren ingurumen balioagatik. Biodibertsitatearen Zerbitzuaren txosteneko gainerako gogoetak ez dira plangintzara eraman, beraz, indarrean jarraitzen dute. Horrek esan nahi du honako hauek egin behar direla: ingurumen balioagatik zaindu beharreko lurzoruen artean 4. Industrialdeko 452B azpilurzatia ere sartu; 206. artikulua zuzendu, nekazaritza eta abeltzaintzako aprobetxamenduak belar formazioekin bateragarriak baitira ingurumenaren aldetik, eta, beraz, ez baita bidezkoa horiek debekatzea; zuhaitz bereziei eta horien erabileren araubideari buruzko aipamenak sartu, hasieran onetsitako dokumentazioan bezala; eta 167. zenbakia duen onura publikoko mendiaren mugaketa zuzendu.
Plana izapidetu bitartean, beste bi proposamen jaso dira: herrigunean Donejakue bidearen trazaduraren alternatiba puntual bat ezartzea eta NA-234 errepidearen (Untzitirako sarbidea) eta A-21eko lotunearen inguruan aukera eremu bat aurreikustea. Proposamen horretan, 1. industrialdeko 99., 44. eta 46. lurzatiak sartzen dira eta autobiaren artean dagoen nekazaritzarako lursail eremu bat hartzen dute, gutxi gorabehera 8,1 hektareakoa, Eloko idoiarekiko partzialki mugakidea; beraz, idoiaren segurtasun neurrien eraginpean egonen da.
2022ko uztailaren 1ean aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak aldeko txostena eman du, azaldutako baldintzak jarrita.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egoki egin dela iritzita, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak,
1. Aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten da Eloko udal plan orokorrari buruz. Eloko Udala da sustatzailea.
2. Ingurumen adierazpen estrategiko hau determinazio hauek barne hartzearen menpe dago:
a) Lurzoru urbanizaezinaren antolamenduari buruzko determinazioak:
–Interes bereziko landareditzat hartzen diren formazioak eta 4. industrialdeko 452B azpilurzatia ingurumen balioagatik zaindu beharreko lurzoru gisa barne hartzea.
–167. zenbakia duen onura publikoko mendiaren mugaketa zuzendua barne hartzea.
–Ingurumen balioagatik zaindu beharreko "Zuhaixka eta belar formazioak" lurzoruan, 206. artikulua aldatzea, nekazaritza eta abeltzaintzako aprobetxamenduak ingurumenaren aldetik bateragarritzat joz eta, beraz, baimengarritzat, eta zuhaitz berezien araubidea eta garrantzia barne hartzea.
b) Hirigintzako udal planaren ingurumen integrazioa:
–Mugikortasuna: LAP3an jasotako mugikortasun jasangarria sustatzeari buruzko jarraibideen eta Nafarroako Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren (2018-2030) arabera, zenbait neurri hartzea, hala nola ibilgailu pribatuaren ordezko garraio modalitateetarako aparkaleku plazak erreserbatzea.
–Euri uren kudeaketa. Berdeguneetan eta aparkalekuetan lurzorua iragazkortzeko neurriak jasotzea, drainatze jasangarriko irizpideak aplikatuta.
–Berdeguneen kudeaketa. Gainazal iragazkorreko berdeguneak diseinatzea; espazio publikoetan itzalak txertatzea, eguzki irradiazioari aurre egiteko eta bero uharte efektua arintzeko neurri gisa; eta baldintza klimatologikoetara eta mantentze maila txikira egokitutako lorezaintzako irizpideak aplikatzea.
c) Hirigintzako planaren garapenean eta gauzatzean, ingurumen azterketa estrategikoan bildutako neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatuko dira.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Eloko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2022ko urriaren 13an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.
I. ERANSKINA
Hirigintzako udal planaren eta ingurumen azterketa estrategikoaren laburpena
Egindako analisia, diagnostikoa, proposamenak eta ebaluazioa udal-mugarte osoari buruzkoak dira, zeinak 22,5 km²-ko azalera baitu.
Udal plan orokorrak 1981etik indarrean zeuden arau subsidiarioak ordezkatu ditu, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren helburuak betetzen ditu: hiri sarea mantentzen eta hobetzen dela eta kultur ondarea babesten dela ziurtatzea, bizitegietarako eta jarduera ekonomikoetarako lurzoruaren beharrak bideratzea, eta sistema orokorrak aurreikustea.
Hiri inguruneari buruzko helburuen bidez, Eloko jatorrizko hiri ehuna babesteko eta hirigune historikoak biztanleria osoarentzat duen rolari eutsi eta berreskuratzeko asmoa dago, bai eta garapen berrietarako kudeaketa arin eta erraza ezartzea ere. Bide sistemari dagokionez, hiri bilbea osatzeko helburua dago, herriko askotariko zatien artean oinezkoen komunikazioa erraztuz. Horrez gain, muinoa –gazteluaren hondakinak barne– hiriko parke natural gisa egokitzea eta espazio libreak Las Eras inguruko parkearekin osatzea dira xedeak.
Planean herrigune osoak bizitegi erabilera izatea proposatzen da, indarrean dauden arau subsidiarioei jarraituz (I-13) NA-2420 errepidearen iparraldean dagoen industria unitatea eta RB.2 sektorea deuseztatuz. Eloren hiri morfologia kontuan hartuta, hiru bizitegi sektore mugatu dira: BS-1 hirigune historikoa, BS-2 lehen hedapena eta BS-3 Las Eras. Azken biek hiri lurzoru finkatuak zein finkatu gabeak barne hartzen dituzte, eta, Las Eras sektorearen kasuan, lurzoru urbanizagarria. Bi sistema orokor garrantzitsu ditu: Gazteluaren muinoa (ELSO-1 sistema orokorra), 5,6 hektareako azalerakoa, zeinaren helburua bere izaera naturalari eustea baita, eta Las Eras inguruko espazio libreen sistema orokorra (ELSO-3), osasun zentroaren inguruan, hiri parke izatera bideratua.
Lurzoru urbanizaezinari dagokionez, eta kontuan harturik ingurumen, paisaia eta kultura balioak, eta LAP-3an jasotzen diren irizpideak, jarduerak eta erabilerak erregulatzeko arauak ezarri dira. Planean landa lurzoruari dagokionez proposatzen diren helburuak honako hauek dira nagusiki: lurraldea kontserbatzea eta balioztatzea, Higa mendiko paisaia berezia babestea, Elortz ibaia eta ibai sare osoa babestea, konektibitaterako interesgarriak diren eremuen kontserbazioa bermatzea, IGG 20 interes geologikoko gunea babestea eta I-31 iraganbidearen jarraitutasuna eta konektibitatea bermatzea.
Udal-mugarte osoa hiru paisaia sektoretan banatzen da: Alaitz eta Higa mendietako baso paisaia, Itzaga eta Bizkaia mendietako paisaia, eta haran hondoko nekazaritza paisaia, hiri lurzoruz eta lurzoru urbanizagarriz osatua.
Lurzoru urbanizaezinaren kategorizazio proposamenak honako hauek identifikatu eta arautzen ditu:
–Ingurumen balioa duten lurzoruak, honako hauek kontuan hartuta: Elortz ibaiaren ibai eremua eta ibilgu eta ibaiertzen sistema, inguruko mendilerroen hegalak lurralde konektibitateko espazio gisa, Bizkai hegoaldeko isurialdeko zuhaixka eta belar formazioak eta interes geologiko bereziko lekua (Higako formazio periglaziarreko harrobia IGG-20).
–Paisaia balioa duten lurzoruak: horien artean, Higako paisaia berezia nabarmentzen da.
–Ustiapen naturalerako lurzoruak: haranaren erdigunetik hedatzen diren nekazaritza lurzoruak zein 167. zenbakia duen onura publikoko mendian integratutako baso lurzoruak eta pinudiak barne hartzen dituzte.
–Kultur balioa duten lurzoruak: aztarnategi arkeologikoak, Donejakue bidea, 31. Iraganbidea, Nafarroako Memoria Historikoaren Toki izendatutako Hoyo de la Leguako Hilobiaren Memoriagunea eta bide tradizionalen sarea biltzen dituzte.
–Elortz ibaiak gainezka egiteko arriskua prebenitzeko lurzoruak.
Ingurumen azterketa estrategikoaren laburpena
Ingurumen azterketa estrategikoan, udalerriko landa eta hiri antolamenduko helburuak eta eskema identifikatzen dira, eta beste lurralde plan batzuekiko elkarreraginak aztertzen dira.
Udalerriaren ingurumen analisia, diagnostikoa eta balorazioa egin ondoren, hirigintzako planaren garapenak berekin dakartzan ingurumen eraginak ebaluatzen dira. Ingurumen diagnostiko horretan, ingurune fisikoari eta biotikoari buruzko datuak biltzen dira, askotariko alderdiekin lotuta: klima, geologia eta geomorfologia, hidrologia, uholde arriskua, landaredia eta lurzoruaren erabilerak, lekune naturalak, ingurumen intereseko eremuak, fauna eta paisaia eta kultura alderdiak.
Azterlanean, hirigintzako planetik eratorritako eragin esanguratsuenak identifikatu eta baloratzeaz gain, 6. kapituluan neurri prebentibo, zuzentzaile eta konpentsatzaile batzuk garatzen dira, eta 7. Kapituluan ikuskapen programa bat.
Iragarkiaren kodea: F2213840