226. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 15a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

KANTAURIKO KONFEDERAZIO HIDROGRAFIKOA

Jendaurreko informazioa.
A/31/04443 NL/da espedientea

Gaia: obrak baimentzeko eskaera.

Eskatzailea: María Arantzazu Azpiroz Elduaien.

Ibaiaren edo errekaren izena: Antzubiaga.

Erreka edo ibai horren urak jasotzen dituen ibaiaren izena eta kodea: ARAXES-1/0400/140.

Tokia: Arribe.

Udal-mugartea eta probintzia: Araitz (Nafarroa).

Obren azalpen laburra eta helburua:

Egin nahi den obraren xedea da berreraikitzea behera etorritako horma zatia, bederatzi metroko luzerakoa, bai eta lehengo horma horri atxikita zegoen saneamenduko 250 mm-ko diametroko kolektorearen zatia ere. Hormigoi armatuzko hormaren altxaerak 4,50 metroko altuera eta 30 cm-ko lodiera izanen du, eta zapata bat ere sartuko da ibilguan, 65 cm-ko lodiera, 160 cm-ko orpoa eta 40 cm-ko punta dituena.

Oinplanoko trazadurak lehengo lerrokadura bera izanen du, eta ukitutako eraikinaren fatxadako izkina jabetza mugakideko hormaren ertzari lotuz definituko da. Junturen lotura bermatzeko, ertzetako altxaerak pikatuko dira eta lotura barrak ainguratuko, 20 mm-ko diametrokoak eta 2 metroko luzerakoak, luzera horren erdia egun dagoen horman sartuta eta beste erdia altxaera berrian.

Hormaren estradosa beteko da luiziak utzitako harriekin, hormaren eraispeneko hormigoiarekin, ibilgutik atera ondoren, edo harrobiko legarrekin. Ibilguaren gainetik metro batera eta metro eta erdira horma-zuloak eginen dira estradosaren drainatzea errazteko. Horma ingurumen aldetik integratzeko xedez, proposatzen da urritzezko zutoin batzuk sartzea hormaren goiko ertz osoan zehar, eta bertan jaioko den huntza ez kentzea.

Horren aurretik, botatako materialak aterako dira ur-ibilgutik, sekzioa lehengoratzeko. Ezinezkoa denez ibai bazterretatik iristea, atzerako hondeamakina bat erabiliko da, ibilguan garabi batekin utzi ondoren. Makinak hondeatuko du zapata sartzeko sekzioa. Ateratako materialarekin eta hodiarekin osatutako ur-hesi batekin babestuko da, zapata eta hormaren hasiera ur-ibilgutik kanpo mantentzeko.

Aditzera ematen da orok jakin dezan eta eskaera honek kalte egiten diela uste dutenek beren erreklamazioak aurkezteko aukera izan dezaten hogei eguneko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Araizko udaletxean edo Kantauriko Konfederazio Hidrografikoan (Ur Komisaria, Errotaburuko pasealekua 1, 8. solairua, 20018 Donostia), bertan egonen baita ikusgai espedientea.

Donostian, 2022ko urriaren 21ean.–Idazkari nagusia. Eskuordez, Zerbitzuko burua (2017ko irailaren 13ko Ebazpena, 2017ko urriaren 9ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua), Jorge Villar Vázquez.

Iragarkiaren kodea: E2214081