226. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Aldaketa, Trafikoa arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2022ko abuztuaren 2an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Trafikoa arautzen duen udal ordenantza. Erabaki hori 2022ko 182. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 13an.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aldaketaren behin betiko testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin.

Berriobeitin, 2022ko urriaren 27an.–Alkatea, Raúl Julio Bator Pérez.

TRAFIKOAREN GAINEKO UDAL ORDENANTZAREN ALDAKETA

36. artikulua. Debeku da edukiontziak, atoiak eta erdiatoiak aparkatzea, Udaleko organo eskudunak baimena eman ezik.

Karabanek 24 orduz aparkatzen ahalko dute gehienez, kargatzeko, Udaleko organo eskudunak baimena eman ondotik.

Autokarabana eta ibilgailuek 5,50 metroko luzera eta/edo 2,50 metroko altuera, oro har, gainditzen badute, bakar-bakarrik aparkatzen ahalko dira Berriobeitiko Udalak 36 bis artikuluko irizpideei jarraikiz horretarako mugatzen dituen eremuetan.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ez da aplikatuko 5,5 metroko luzera edo/eta 2,5 metroko altuera, oro har, gainditzen duten ibilgailuek bakarrik aparkatzeko eremurik ez duten kontzejuetan.

5,5 metroko luzerara edo/eta 2,5 metroko altuerara iristen ez diren autokarabanak eta ibilgailuak ezin izanen dira baterian aparkatu, salbu eta landa-eremuetan, baldin eta oinezkoek eta ibilgailuek espazio bera partekatu behar badute. Edonola ere, baterian aparkatzeak ez du inolako kalterik eragingo zirkulazioan edo beste ibilgailu batzuen sarbidean.

36.bis artikulua. Udalak eremu batzuk egokitzen ahalko ditu 5,5 metroko luzera edo/eta 2,5 metroko altuera gainditzen duten ibilgailuek bakarrik aparkatzeko. Eremu horiek behar bezala seinaleztatua egonen dira eta ibilgailuak 30 egunez egoten ahalko dira, gehienez eta modu jarraituan, toki berean mugitu gabe.

Eremu egokituetan aparkatzeko baimena emanen da txartel baten bidez. Txartel hori eskuratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Pertsona fisikoa izatea, 5,5 metroko luzera eta 2,5 metroko altuera gainditzen dituen ibilgailu baten titularra izatea, eta familia unitatearekin batera Berriobeitin erroldatuta egotea, urtebetez baino gehiagoz, eta hura izatea haren ohiko bizilekua. Orobat, ibilgailua toki berean helbideraturik egonen da, indarrean den aseguru eta guzti, eta haren ohiko gidariak bete beharko ditu titularrak bete beharreko baldintza berak.

b) Pertsona juridikoa izatea, 5,5 metroko luzera eta 2,5 metroko altuera gainditzen dituen ibilgailu baten edo batzuen titularra izatea, eta egoitza soziala Berriobeitin edukitzea. Ibilgailuak udalerrian helbideratuta egon behar du, eta indarrean den asegurua eduki.

c) Zorrik ez izatea Berriobeitiko Udalarekin.

d) Aparkatzeko baimena ematen duen txartela eskatu izana, eredu ofizialaren araberako eskabidearekin batean agiri hauek aurkeztuta:

–Eskatzailearen NANaren edo IFKren kopia.

–Ohiko gidariaren gidabaimena.

–Ibilgailuaren zirkulazio baimena.

–Ibilgailuaren aseguru-polizaren kopia, indarrean dagoena.

–Ibilgailuen ikuskapen teknikoaren aldeko txostena, nahitaezkoa denean.

e) Bizilagun-txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu ez eta, beraz, hura lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen jarraitzea.

Bizilagun-txartela ibilgailuen aitzineko haizetakoen barnealdean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran. Urtebeterako balioko du eta eskatzailearena izanen da, ez beste inorena, eta zer ibilgailutarako eskatzen den, harexena.

Txartela eskuratzen duten eskatzaileak haren erantzule izanen dira, eta etxez edo ibilgailuz aldatzen direnean, edo hartarako eskubidea ematen duen edozein baldintza aldatzen denean, horren berri eman beharko diote Udalari, gehienez ere astebetean. Hartara, txartel berria eskuratuko dute, horretarako eskubidea izanez gero, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera, edo anarteraino indarra izan duen txartela indargabetuko zaie, horretarako eskubiderik ez badute.

Egoera edonola aldatu bada eta, beraz, txartela lortzeko eskatzen diren baldintzetariko bat betetzen ez bada, txartela besterik gabe indargabetuko da eta une horretatik aitzina aparkatzeko eskubidea galduko da.

Aparkatzeko baimena ematen duen txartel berria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da zaharra itzultzea, eskatzaileari berria ematen zaionean.

Halaber, txartela itzuli beharko da baldin txartel berria lortzeko eskubidea galtzen bada, helbidez aldatzeagatik edota baldintzaren bat ez betetzeagatik, Udalari horren berri ematen zaion unean berean; berdin jokatuko da baldin hartarako eskubidea izanik ere hura berritu nahi ez bada.

Txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri Udalari.

Udalak noiznahi egiazta dezake ofizioz ea betetzen ote diren txartelak emateko ezarritako baldintzak, eta betetzen ez dituztenei txartelak indargabetuko dizkie, galarazi gabe bidezkoak izan daitezkeen bestelako neurriak edo zehapenak.

Iragarkiaren kodea: L2214446