226. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1001E/2022 EBAZPENA, urriaren 13koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena honi buruz: "Ukarko arau subsidiarioen aldaketa. 61. artikulua, lurzoru urbanizaezina". Ukarko Udala da sustatzailea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Ukarko Udalak 2022ko apirilaren 21ean onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurreko aldia ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2022ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 12koan.

Aldaketaren xedea da abeltzaintzako ustiategi intentsiboak ezartzeko distantziak, hirigunearekikoak, handitzea eta lurzoru urbanizaezineko eraikuntza jarduerei eta erabilerei buruzko araudia berrikustea, kontuan hartuta benetako premiak, indarrean dauden lurralde antolamenduko tresnak eta arau subsidiarioen ondoren indarrean jarri den araudi sektoriala. Helburu nagusia da herriko biztanleak haize nagusietatik babestea eta ingurune naturalaren irudia zaintzea abeltegi berriak ezartzean, hirigunearekiko hurbiltasunari dagokionez.

Proposamenak berekin dakar araudiaren 61. artikulua aldatzea, indarreko araudian etxeko ukuiluei, gune zoologikoei eta txakurrak gordetzeko instalazioei buruzko erreferentziak txertatzeko, nekazaritza eta abeltzaintzako eraikinek hirigunearekiko gorde beharreko distantziak ezartzeko eta berotegiak arautzeko, berotegi desmuntagarriak eta kapera motakoak bereizita.

Kontuan hartuta abeltzaintzako instalazioak baimendu daitezkeen eremuen ezaugarri topografikoak, hau da, ikusizko esposizio handiagoa eskaintzen duten erliebe nabarmenak direla, Biodibertsitatearen Zerbitzuak txostena egin du, eta bertan adierazi du instalazio horiek paisaian integratzeko neurriak sartu behar direla, bai abeltzaintzako eraikuntzei dagokienez, bai funtzionatzeko behar dituzten azpiegiturei dagokienez.

Kapera motako berotegiei buruzko proposamenean, aldaketak ezartzen du lurzatiko okupazioa gehienez ere % 80koa izanen dela. Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi duenez, jarduera horrekin batera antolamendu plan bat eginen da, landaredi naturaleko eremuak identifikatuko dira, gutxienez % 15eko azaleran, eta paisaian integratzeko neurri zehatzak ere beharko dira. Eta lurzorua lohiz bete eta zigilatzeko arriskuari aurrea hartzeko, lurzatiaren okupazioa % 60koa izanen da gehienez.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumenaren gaineko ukipenik ez duela iritzita, ingurumen txosten estrategikoa egitea honi buruz: "Ukarko arau subsidiarioen aldaketa. 61. artikulua, lurzoru urbanizaezina". Ukarko Udala da sustatzailea. Ingurumen eta paisaia integrazioa bermatzeko, neurri hauek hartuko dira:

–Abeltzaintzako instalazioen ezarpenak jarduera paisaian integratzeko proiektu bat izanen du. Gutxieneko betekizunek kontuan hartuko dituzte paisaian eragin txikiagoa duten alternatiben hautaketa, egokitzapen topografikoa eta, paisaiari dagokionez, prebentzio eta zuzentze neurriak.

–Kapera motako berotegiak ezartzean, jardueraren antolamendua erantsiko da. Jardueraren gehieneko okupazioa lurzatiaren % 60koa izanen da gehienez, eta gutxienez % 15eko azalera duten landaredi naturaleko eremuak izanen dira.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Hirigintza Atalari eta Ukarko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 13an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2213636