226. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

982E/2022 EBAZPENA, urriaren 13koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena honi buruz: "Ziritzako udal planaren aldaketa 1. poligonoko 276. lurzatian". Etxarriko Udala da sustatzailea.

Aldaketa 2022ko martxoaren 2an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2022ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 24koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren xedea 1. poligonoko 276. lurzatian dagoen iturburua Ziritzako hirigintzako udal plangintzan sartzea da. Lurpeko iturburu bat da, harrizko ganga duen lurpeko putzu bat duena, kanpotik obra etxola batez babestua; Etxarriko baratzak ureztatzeko erabiltzen da.

Iturburua jabari publiko hidraulikoko intereseko elementu bat dela iritzita, aldatzeko proposamena da, zehazki, iturburua sartzea ingurumen balioa duen babestu beharreko lurzoru urbanizaezinaren kategorian, berezko babes araubidearekin, bertan soilik egiten ahalko baitira iturburua ustiatzearekin edo babestearekin lotuta dauden eraikuntza jarduerak (sarbideko etxola, itxiturak, babes-hormak...), eta ezin izanen da egin eraikuntzakoa ez den jarduerarik, makinak edo ibilgailuak erabiltzea dakarrenik. Babes eremuak iturburuaren inguruko 10 metroko diametroa duen azalera hartzen du.

Proposamen honek berez dakar ingurumenerako hobekuntza, ingurumen aldetik garrantzia duen elementu bat identifikatu eta babesten baitu eta, beraz, ez du ingurumenaren gaineko ukipenik sortzen.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du behar bezala bete dela ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, eta txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumenaren gaineko ukipenik ez duela iritzita, ingurumen txosten estrategikoa egitea honi buruz: "Ziritzako Udal Planaren aldaketa, 1. poligonoko 276. lurzatian". Etxarriko Udala da sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Hirigintza Atalari eta Ziritzako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 13an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2213635