226. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

351E/2022 EBAZPENA, urriaren 14koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren zuzendariak emana, Ribaforadako udal mugartean dagoen eta poliuretanozko sistemak fabrikatzen dituen instalazio baten aldaketa funtsezkoa baimentzen duena. Instalazioaren titularra Dow Chemical Ibérica SL da.

Egun jardunean dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuz emana; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 4.7 taldean.

2021eko azaroaren 25ean eta 2022ko apirilaren 29an, titularrak jakinarazi zuen instalazioa aldatzeko proiektua, MFU-415 ontziratze unitatea jarduera berri baterako egokitzeko: isozianatoekin eginiko produktuak zisterna-ibilgailuetatik bidoietan ontziratzea.

2022ko martxoaren 7an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldaketa horri funtsezkoa iritzi zion, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

Beraz, eta halaxe xedatu delako Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26.5 artikuluan, funtsezko aldaketa ezin da gauzatu ingurumen baimen bateratua aldatzen ez den bitartean.

Instalazioaren proiektua sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinean (6.taldea. Industria kimikoa, petrokimikoa, oihalgintzakoa eta papergintzakoa. a) Tarteko produktuen tratamendurako eta produktu kimikoen ekoizpenerako industria instalazioak); hortaz, 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Horrenbestez, prozedura hori bete ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 860E/2022 Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektuak ez zuela ingurumen-inpaktuaren ebaluazio prozedura arrunta bete behar, eta ingurumen-inpaktuaren txostena eman zen, ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenik ez duela adierazita.

Instalazioa ez dago sartuta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea Ingurumenean Eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 30. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera tramitatu da, eta prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusitako ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedatutakoaren arabera, proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean egon ziren hogeita hamar egunez, eta ez zen alegaziorik aurkeztu.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Baimentzea Ribaforadako udal mugartean dagoen eta poliuretanozko sistemak fabrikatzen dituen instalazio baten aldaketa funtsezkoa, MFU-415 ontziratze unitatea jarduera berri baterako egokitzeko. Horrenbestez, instalazioak ebazpen honen eranskinean sartutako baldintzak bete beharko ditu. Instalazioaren titularra Dow Chemical Ibérica SL da.

Bigarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena mantentzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat. Ebazpen honen eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, ondoz ondoko aldietarako berritzeko aukera izanen da. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Hirugarrena.–Ebazpen hau ematen denetik bi urte igarotzen badira proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte igarotzen badira proiektua bukatu eta abian jarri gabe, funtsezko aldaketarako baimena iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 60. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Laugarrena.–Instalazioaren aldaketak ezin izanen dio jarduerari ekin titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez duen bitartean, hala xedatu baita Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 23. artikuluan. Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da, baldin eta neurri zuzentzaileak eta gainerako baldintzak, proiektuan gauzatutako zatiari dagozkionak, betetzen baditu. Horretarako, instalazioa partez abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua abian jarri dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Dow Chemical Ibérica SLri eta Ribaforadako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 14an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2213838