226. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

64/2022 FORU AGINDUA, urriaren 21ekoa, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak emana, Nafarroan energia komunitateak sustatzeko neurriak ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Larrialdi klimatikoaren eta Ukrainako gerraren ondoriozko krisi energetikoaren egungo testuinguruan, energia iturri berriztagarrien bidez sortzeak protagonismoa hartu du, alde batetik, atmosferarako isurketa kutsagarriak murrizteko funtsezko elementu gisa, eta, bestetik, kanpoaldearekiko mendekotasun energetikoa saihesteko bitarteko gisa.

Energia eta Klimaren Plan Nazional Integratuak (PNIEC) (2021-2030) Espainian energia berriztagarrien ezarpen helburu batzuk ezartzen ditu; zehazki, 2030ean elektrizitatearen arloan % 74koa izatera iristea eta azken erabileran % 42koa. Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, 2030erako Nafarroako Energia Planari jarraituz (NEP 2030), 2050erako Energia Estrategia bat planteatu da, eta haren azken helburua da 2050. urtean elektrizitatea eta beroa sortzeko eta bai industrian bai garraioan erabiltzeko energia hornikuntza guztiek jatorri berriztagarria izatea. 2050erako energia estrategia hori berotegi efektuko gasen emisioak zero izatera bideratuta dago. NEP 2030ek 2030erako finkatutako helburu energetikoetako bat honako hau da: azken energiaren kontsumo osoaren % 50en jatorria energia berriztagarriak izatea lortzea, eta, aldi berean, garraioaren beharren % 15 energia berriztagarrien bidez asetzea.

Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak, halaber, energia berriztagarriak bai etxebizitza eta industria sektorean bai administrazio publikoaren eremuan ezartzeko helburu batzuk jasotzen ditu.

Helburu horiek betetzeko, ordea, neurri eraginkorrak behar dira. Horretarako, ekonomiaren deskarbonizazioan oinarritutako energia eredu justu eta solidario bat lortzen lagun dezaketen ekintza txikiei ere garrantzia eman behar zaie.

Egoera horretan, energiaren eta energia eraginkortasunaren esparruarekin ez ezik, elkarlaneko ekonomiaren esparruarekin ere lotuta, energia komunitateak sortzen ari dira. Horien helburu nagusia energia onurak eskaintzea da, eta, horretarako, herritarrek, tokiko erakundeek eta ETEek energia berriztagarrietako proiektuetan parte hartzea ahalbidetzen dute. Foru agindu honen bidez, funtsezko rol bat aitortu nahi zaie klima aldaketaren aurkako borrokan elementu erabakigarria den eredu deskarbonizatu bateranzko trantsizio energetikoan.

Energia komunitateak honako bi zuzentarau hauen bidez ezarri ziren: Iturri berriztagarrietatik datorren energiaren eragilera sustatzeko 2018ko abenduaren 11ko 2018/2001 Zuzentaraua eta Elektrizitatearen barne merkatuko arau komunei buruzko 2019ko ekainaren 5eko 2019/994 Zuzentaraua –azken horrek 2012/27/EB Zuzentaraua aldatu zuen, bai energia berriztagarrien komunitateei, bai herritarren energia komunitateei dagokienez–. Lehenengoak, energia berriztagarrien komunitateak, sektore elektrikoari buruzko Estatuko araudian berariaz jasota daude, hornidura elektrikoaren jardueran parte hartzen duten subjektu berritzat hartuta.

Bestalde, Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak herritarrek eta energia komunitateek energia berriztagarrien sorreran eta zerbitzu energetikoen eskaintzan parte hartzea sustatzeko hainbat neurri jasotzen ditu.

Aurrekoarekin batera, 2030erako Nafarroako Energia Planak (NEP 2030) energia komunitateak eratzea bultzatzeko ekintza multzo bat ezartzea aurreikusten du.

Era berean, energia berriztagarrien eta autokontsumoaren babesa indartu egin da, Nafarroako Foru Komunitatean, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko, premiazko neurriak hartzeko apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege Dekretuaren bidez, zeinetan energia berriztagarrien instalazioak baimentzeko prozedurak eta izapideak sinplifikatzeko eta arintzeko neurriak ezartzen diren. Zehazki, 11. artikuluan, ingurumen eraginaren ebaluaziorik behar ez duten autokontsumorako energia berriztagarrien instalazioak baimentzeko prozeduretan aplikatu beharreko berezitasunak arautzen dira.

Azken batean, energia komunitateak dagoeneko errealitate bat dira eta horiek eratzeko proiektuak gero eta ugariagoak, baina Nafarroako Gobernuak babes handiagoa eman nahi die. Horretarako, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak energia berriztagarriak, aurrezpena eta eraginkortasun energetikoa sustatzeko dituen eskumenetan oinarrituz, foru agindu honen bidez, Nafarroan komunitate horiek garatzen eta ezartzen laguntzeko neurri multzo bat ezartzen du.

Bestalde, uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretuaren bidez onartu zen Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduaren (EITE) 30. artikuluak ezartzen duenez, autonomia erkidegoko organo eskudunak instalazio termikoen hasierako ikuskapena egiten ahalko du, EITE hau betetzen den egiaztatzeko, instalazio termikoak egin eta martxan jartzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztu ondoren. Instalazio termikoen hasierako ikuskapen hori ongizate eta higiene, energia eraginkortasun, energia berriztagarri, hondar energia eta segurtasuneko eskakizunetan oinarrituta eginen da. Ahalmen hori baliatuz, foru agindu honen lehen xedapen gehigarrian, beroa edo hotza sortzeko 70 kW-etik gorako potentzia termiko izendatua duten instalazio termikoei hasierako ikuskapena egiteko beharra jasotzen da.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea eta helburua.

1. Nafarroan energia komunitateak garatzea eta ezartzea sustatzeko eta horiei babesa emateko neurri multzo bat ezartzea da foru agindu honen xedea.

2. Neurri horien bidez, energia komunitateak sortzeko eta garatzeko interesa duten eragileei ­–­batez ere, herritarrei, tokiko erakundeei eta ETEei– laguntzeko asmoa dago. Horrela, deskarbonizazio justu eta inklusibo bat ezartzen lagunduko da, azpiegitura berdeetan inbertitzea eta energia sektorean eragile berriek parte hartzea sustatuz.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru agindu honetan xedatutakoa beren jarduera Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan garatzen duten energia komunitateei aplikatuko zaie.

3. artikulua. Energia komunitateen kontzeptua.

1. Honako hauek joko dira energia komunitatetzat: eskubideak gauzatzeko eta betebeharren mende egoteko gaitasuna duten entitate juridikoak –modalitate bakoitzerako eskatzen diren betekizunak eskatzen direla ere–, kideen partaidetza ireki eta boluntarioan oinarrituak, eta beren kide edo bazkideei edo beren jarduera garatzen duten lurraldeari ingurumen, ekonomia edo gizarte onurak eskaintzea helburu nagusitzat dutenak, finantza errentagarritasuna sortzea baino gehiago.

2. Foru agindu honen ondorioetarako, honela sailkatzen dira energia komunitateak:

a) Herritarren energia komunitateak.

b) Energia berriztagarriaren komunitateak.

3. Energia komunitatearen eremua udalerri bat bada eta tokiko erakunde batek osatzen badu, tokiko energia komunitatetzat hartuko da.

4. artikulua. Herritarren energia komunitateak.

1. Agindu honen 8.2 artikuluan aurreikusitako edozein jarduera egin edo beren kide edo bazkideei artikulu horretan aurreikusitako edozein zerbitzu eskaintzen dieten entitate juridiko guztiak –haien forma juridikoa edozein dela ere– herritarren energia komunitatetzat joko dira.

2. Autonomoak izanen dira eta energia sektorea beren jarduera ekonomikoaren eremu nagusi ez duten pertsona fisikoek, tokiko agintariek –udalerrietakoak barne– edo enpresa txikiek izanen dute horien benetako kontrola.

3. Herritarren energia komunitateek beren jardueran energia iturri berriztagarrien aprobetxamendua bermatzea sustatuko da.

5. artikulua. Energia berriztagarriaren komunitateak.

1. Energia berriztagarrien komunitateak honako hauek dira: bazkide edo kide gisa pertsona fisikoak, ETEak edo tokiko agintariak dituzten entitate juridikoak –haien forma juridikoa edozein dela ere–, autonomoak eta entitate juridiko horien jabetzakoak diren eta garatu dituzten energia berriztagarrien proiektuen inguruan kokatuta dauden bazkide edo kideek benetan kontrolatuak; energia sektorea beren jarduera ekonomikoaren eremu nagusia ez duten bazkide edo kideek, hain zuzen.

2. Energia berriztagarrien komunitateetako bazkideak edo kideak energia berriztagarrietako proiektuaren inguruan kokatuta daudela ulertuko da aplikatu beharreko Estatuko araudian horretarako eskatutako baldintzak betetzen badira, eta, betiere, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean kokatuta badaude.

6. artikulua. Energia komunitateen forma juridikoa.

1. Energia komunitateek ordenamendu juridikoan aurreikusitako zeinahi forma juridiko izaten ahalko dute, betiere horiek definitzen dituzten boluntariotasun, irekitasun, autonomia eta benetako kontroleko baldintzekin bateragarriak direla bermatzen bada.

2. Energia komunitateak eratzeko, hautatutako forma juridikoaren arabera aplikatu beharreko legediak kasu bakoitzean eskatzen dituen legezko formalitateak bere beharko dira.

3. Energia komunitateen estatutuetan, aplikatu beharreko araudiak –hautatutako forma juridikoaren arabera– eskatutako gutxienekoa behintzat jaso beharko da, eskritura publiko bat egin beharko da araudi horrek hala eskatzen badu, eta horretarako gaitzen den Nafarroako Energia Komunitateen Erregistro Publikoan inskribatu beharko da.

Energia komunitatearen estatutuen edukiaren barruan:

a) Foru agindu honen 3. artikuluaren definizioarekin bat datorren helburu sozial bat jasoko da;

b) Bazkideek komunitatearen alde egin beharreko diru ekarpenak, diruzkoak ez direnak eta/edo kuotak arautzen ahalko dira;

c) Komunitateko organoak arautzen ahalko dira, hala nola bazkideen batzarra eta administrazio organoa, bai eta bozkatzeko arauak, osaera, bilerak egiteko modua eta organo horien erabakiak hartzeko modua ere, betiere gobernantza demokratikoa eta gardena izatea bermatuz.

Hori guztia komunitate bakoitzak barne araubide propioa ezartzea eragotzi gabe.

7. artikulua. Energia komunitateen betekizunak. Definizioak.

1. Foru agindu honetan aurreikusitako ondorioetarako, honako baldintza hauek bete behar dira entitate bat energia komunitatetzat hartzeko:

a) Partaidetza irekia: kasu bakoitzean eskatzen diren baldintzak betetzen dituen edozein pertsona fisiko edo juridiko, publiko edo pribatu, izan daiteke energia komunitate bateko kide. Betekizun horiek ez dira diskriminatzaileak izaten ahalko, eta interesdunen partaidetza askea mugatzen duten mugak edo baldintzak ezartzerik ere ez dute izanen. Honako eskakizun hauek ez dira partaidetza irekiaren mugatzailetzat joko:

1.–Ohiko bizilekua edo egoitza soziala energia komunitatearen jardueraren lurralde eremuan dagoen udalerrian edo udalerrietan izatea;

2.–Energia hornidurarekin lotzen diren higiezinen jabe, errentari edo legezko okupatzaile izatea, beste edozein titulu juridikoren arabera;

3.–Energia hornidurari lotutako higiezinean garatzen den jardueraren titularra izatea.

b) Borondatezko partaidetza: energia komunitate batekoa izatea, edozein forma juridiko duela ere, librea eta borondatezkoa izanen da. Bazkideek edozein unetan komunitatekoa izateko edo izateari uzteko askatasuna izanen dute, hautatutako forma juridikoaren arabera aplikatu beharreko araudian bazkideei alta eta baja emateko ezarritako arauen arabera. Hori guztia komunitateak garatzen duen jarduerari edo jarduerei aplikatzekoa den sektoreko araudiak unean-unean xedatzen duena aplikatzeari kalterik egin gabe.

c) Autonomia: energia komunitateek berauek osatzen dituzten pertsonekiko autonomia izanen dute. Honako kasu hauetan, baldintza hori ez dela betetzen ulertuko da:

1.–Bazkide bakar batek botoen % 51 baino gehiago biltzen baditu, edo estatutuetan edo komunitatearen barne funtzionamendua arautzen duen dokumentuan jasotzen den erabakiak hartzeko aplikatu beharreko araudiak bazkide jakin batzuei gainerakoen aurrean nagusitasuna ematen badie.

2.–Pertsona bakar batek administrazio organoko kideen gehiengoa izendatzeko edo ordezkatzeko ahalmenak baditu.

d) Benetako kontrola: energia komunitatea osatzen duten pertsonei dagokie, hautatutako forma juridikoaren arabera aplikatzekoa den araudian eta komunitatearen estatutuetan finkatzen denaren arabera, komunitatearen erabakiak hartzea. Horrek bazkideen batzar bat egotea ekar dezake, bere eskumeneko erabakiak hartzeko, bai eta komunitatearen administrazio eta kudeaketa organoa izendatzeko edo kargutik kentzeko ere. Energia komunitate motaren arabera, benetako kontrolik ez dagoela ulertuko da, eta ez da energia komunitatetzat hartuko, bazkideen batzarreko eta administrazio organoetako botoen gehiengoa honako hauei badagokie:

1.–Tokiko agintaritzat hartzen ez diren erakunde publikoei.

2.–Enpresa txikitzat hartzen ez diren erakunde pribatuei.

3.–Energiaren sektorea jarduera ekonomiko nagusia duten entitateak edo energiaren sektorea jarduera ekonomiko nagusia duten taldeen barruko entitateak.

4.–Energia berriztagarriko proiektuaren inguruan kokatuta ez dauden bazkideak, 5.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.

e) Ingurumen, ekonomia eta gizarte onurak: energia komunitateen helburu nagusia, haien modalitatea eta forma juridikoa edozein direla ere, beren kideei edo beren jarduera garatzen duten herriari edo herriei ingurumen onurak, ekonomikoak eta sozialak eskaintzea izanen da, finantza errentagarritasuna sortzea baino gehiago. Horrek esan nahi du energia komunitateek, batez ere, baina ez soilik, honako hauetara bideratuko dituztela lor ditzaketen diru irabaziak: bazkideen edo kideen energia kostuak murriztera, beren helburu sozialarekin lotutako jarduerak garatzera, ingurunea hobetzea dakarten inbertsioetara edo beren jarduera garatzen duten herriaren edo herrien garapen sozialera.

8. artikulua. Energia komunitateen berezko jarduera.

1. Energia berriztagarrien komunitateek energia berriztagarriak ekoitzi, kontsumitu, biltegiratu edo saltzen ahalko dituzte, edo mugikortasun zerbitzuak eman.

2. Herritarren energia komunitateek honako jarduera hauetako edozein gauzatzen ahalko dute: iturri berriztagarrien bidezko sorkuntza, termikoa eta elektrikoa, energia kontsumitu, gehitu eta biltegiratzea, energia eraginkortasuneko zerbitzuak ematea edo kide edo bazkideei mugikortasun zerbitzuak edo bestelako energia zerbitzuak ematea. Komunitate horiek eman beharreko zerbitzuen artean, mugikortasunekoak, birgaitze energetikokoak eta antzeko zerbitzuak sartuko dira.

3. Energia komunitateen bi modalitateek beren jabetzako ekoizpen unitateek sortzen duten energia berriztagarria banatzen ahalko dute beren kideen artean, edo ustiatu eta erabiltzeko eskubidea aitortu zaien ekoizpen unitateek sortutakoa, aplikatzekoa den Estatuko eta Europako araudian aurreikusitakoari jarraiki.

4. Aurreko ataletan jasotako jarduerez gain, bi energia komunitate mota horiek, besteak beste, energiaren eta ingurumenaren arloetako zabalkunde, informazio eta sentsibilizazio zerbitzuak eskaintzen ahalko dituzte.

9. artikulua. Energia komunitateak osatzen dituzten pertsonen eskubideak.

1. Energia komunitateak osatzen dituzten pertsonek komunitatea uzten ahalko dute libreki, unean-unean entitate bakoitzaren estatutuetan epeari eta aurretik jakinarazteari dagokienez jasotako eskakizunei kalterik egin gabe.

2. Energia komunitate bateko bazkide izateari utziz gero, inbertsio gisa egindako ekarpenak berreskuratzeko eskubidea izan daiteke, komunitatea arautzen duten estatutuetan, barne funtzionamenduko arauetan edo dokumentu baliokide batean xedatutakoaren arabera.

3. Energia komunitate bateko bazkide guztiek izanen dute komunitatearen erabakietan parte hartzeko eskubidea, komunitatearen estatutuetan jasotako baldintzetan.

4. Entitate bakoitzaren barne araubideari kalterik egin gabe, sektore elektrikoko araudiaren arabera azken kontsumitzaile gisa dagozkien eskubideak izanen dituzte energia komunitateetako kideek, besteak beste, merkaturatzaile elektrikoa askatasunez hautatzeko eskubidea. Kideak energia termikoz hornitzeko instalazioak kudeatzen eta ustiatzen dituzten energia komunitateen kasuetan ere eskubide hori dutela ulertu behar da.

10. artikulua. Energia komunitateetako kideen betebeharrak.

1. Energia komunitateetako kideek entitate bakoitzaren estatutuetan edo barne funtzionamenduko arauetan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.

2. Aurrekoari kalterik egin gabe, Estatuko araudia aplikatuz, gainera, sektore elektrikoko subjektu gisa dagozkien betebehar guztiak bete beharko dituzte.

11. artikulua. Energia komunitateen eskubide eta betebeharrak.

1. Energia komunitateek energia elektrikoa hornitzera bideratutako jarduerak garatzen dituzten heinean, Sektore Elektrikoari buruzko Legean eta hura garatzeko araudian jarduera bakoitzerako aurreikusitako araubide juridikoari lotuta egonen dira. Era berean, sektore elektrikoko subjektu gisa dagozkien eskubideak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie.

2. Energia komunitateak onura fiskalen hartzaile izanen ahal dira, aplikatzekoa den zerga araudian hala jasotzen bada, bertan ezartzen diren baldintzetan.

12. artikulua. Energia komunitateen legezko ordezkaritza.

Energia komunitateek pertsona bat izendatuko dute legezko ordezkari gisa eta hari Foru Komunitatearen lurralde eremuko administrazioetan beren izenean edozein izapide egiteko ahalmen nahikoa emanen diote. Horrez gain, kide bakoitzaren izenean, kideek eremuko merkaturatzaileari eta/edo haren banatzaileari egin beharreko autokontsumoaren arloko komunikazioak egitea ere barne hartzen ahalko da ordezkaritza ahalmenen artean.

13. artikulua. Azalera eskubidea.

Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 37. artikuluan ezarritakoaren arabera, herritarren energia komunitateak eta tokiko energia komunitateak Nafarroako Foru Komunitateko erakunde publikoek eratutako azalera eskubideen onuradun izanen ahal dira, dagokion ondare araudiaren arabera.

14. artikulua. Gizarte interesa eta foru intereseko inbertsioak.

1. Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 45. artikuluan eta Nafarroako Entitate Lokalen Ondasun Arautegia onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 114. eta 117. artikuluetan aurreikusitakoari jarraituz, energia komunitateek sustatzen dituzten energia iturri berriztagarriak ustiatzeko instalazioak interes sozialeko instalaziotzat hartuko dira.

2. Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoaren arabera, energia komunitateek sustatzen dituzten energia berriztagarrietan inbertitzeko proiektuak foru intereseko inbertsiotzat hartuko dira, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

15. artikulua. Kontsumitzaile kalteberak.

1. Kontsumitzaile kalteberak diren pertsonak energia komunitateetan integratzea zainduko da, Kontsumitzaile kalteberaren figura, gizarte bonua eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileak babesteko beste neurri batzuk arautzen dituen urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretuaren 3. artikuluan eta Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako presako neurrien urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuan edo hura ordezten duen araudian xedatutakoa aplikatuz.

2. Kontsumitzaile kalteberen energia komunitateetako partaidetzan haien egoera berezia kontuan hartuko da, eta kide izateko salbuespenezko araubide bat aurreikusten ahalko da, inbertsioetan ekarpenak egitetik salbuesteko edo ekarpen txikiagoak eskatzeko eta energia hornidurako tarifa murriztuak eskaintzeko, energia komunitate bakoitzak egokitzat jotzen duen beste edozein neurri eragotzi gabe.

3. Energia komunitateetako kideetako bat administrazio publikoren bat bada, energia pobreziaren aurka borrokatzeko neurriak hartu beharko dira. Energia komunitatearen jardun eremuan energia pobreziako egoerarik ez dagoela egiaztatzen bada, betebehar horretatik salbuetsita geratuko da.

16. artikulua. Enpresa banatzaileen eta merkaturatzaileen lankidetza.

Enpresa banatzaileek energia komunitateek egin beharreko izapideak arintzen lagunduko dute.

17. artikulua. Energia elektrikoa autokontsumitzeko instalazioen baimenak lortzeko laguntza.

1. Energiaren arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiak beren jarduera garatzeko beharrezkoak diren administrazio baimenak lortzeko laguntza administratiboa emanen die energia komunitateei, eta, ahal bada, izapideak arindu eta aldi berean eginen ditu. Halaber, toki erakundeei udal lizentziak izapidetzen lagunduko die.

2. Eguzki energia autokontsumorako ustiatzeko instalazioak eraikin edo eraikuntzen eta aparkalekuetako pergolen gainean badaude, potentzia mugarik gabe, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluan aurreikusitako erantzukizunpeko adierazpenaren araubidea beteko da, edo une bakoitzean ordezten duena –1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena–. Adierazpen hori dagokion udalean aurkeztuko da zuzenean.

3. Energian eskumena duen Zuzendaritza Nagusiak Energia Komunitateen Erregistroa sortuko du.

18. artikulua. Energia komunitateei laguntzeko bulegoa sortzea.

Energiaren arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Energia Komunitateei Laguntzeko Bulegoa sortuko du, pertsona eta entitate interesdunei laguntza eta dirulaguntzen kudeaketaren, baimen eta lizentzien izapidetzearen, zerga hobarien, eta abarren inguruko aholkularitza eskaintzeko.

19. artikulua. Energia komunitateentzako laguntzak.

1. Energiaren arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiak, aurrekontu baliabideen arabera, foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten energia komunitateentzako dirulaguntzen deialdiak onartuko ditu.

2. Era berean, energia komunitateak berariaz kontuan hartuko dira onuradun izan daitezkeen Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren gainerako laguntza deialdietan. Laguntzak lehenesteko eta/edo intentsitatea zehazteko irizpideak finkatzerakoan izanen du eragina berariazko kontuan hartze horrek.

Xedapen gehigarri bakarra.–Eraikinetako instalazio termikoak ikuskatzea.

1. Hotza edo beroa sortzeko 70 kW-etik gorako potentzia termiko izendatua duten instalazioak martxan jarri aurretik, hasierako ikuskapena egin beharko da, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua (EITE) betetzen den egiaztatzeko –uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretuaren bidez onartu zen–.

2. Eraikin batean beroa edo hotza edo biak sortzeko hainbat gailu daudenean, instalazioaren potentzia termiko izendatua lortzeko, zerbitzua emateko beharrezkoak diren bero sorgailuen edo hotz sorgailuen potentzia termiko izendatuak batuko dira, batuketa horretan eguzki instalazio termikoa sartu gabe.

3. Ikuskapenak erregelamendu esparru honetarako baimendutako kontrol erakundeek eginen dituzte, eta instalazioaren titularrak berak aukeratuko ditu horiek.

4. Sorgailu lagungarririk ez duten eguzki energiako instalazioen kasuan, edo eguzki energia barne hartzeko bakarrik berritzen diren instalazio termikoen kasuan, instalatutako eguzki kolektoreen eremu zabaltzearen azalera 100 metro koadrotik gorakoa bada egin beharko da hasierako ikuskapena.

Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko urriaren 21ean.–Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria, Mikel Irujo Amezaga.

Iragarkiaren kodea: F2214068