223. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

14/2022 FORU AGINDUA, urriaren 5ekoa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez izendatzen baitira Eliza Katolikoaren barnean osotasun fisikoaren, ukigabetasunaren eta sexu-askatasunaren aurkako erasoen biktimen errekonozimendurako Batzordean parte hartu behar duten kideak.

Eliza Katolikoaren barnean Nafarroan gertatutako sexu-abusuen biktimei errekonozimendua adierazteko uztailaren 5eko 24/2022 Foru Legeak, 7. artikuluan, ezartzen du Errekonozimendurako Batzordea sortuko dela, kide anitzeko organo independente gisa, eskaerak baloratzeko eta, foru lege horren babesean, eskaerak onartzeko edo ez onartzeko eta, bidezkoa denean, Nafarroako Eliza Katolikoaren barruko abusuen biktima izaera deklaratzeko proposamena egiteko.

Lege testu horren 8. artikuluak batzorde horren osaera ezartzen du. Hala, Batzordeak bederatzi kide izanen ditu, honako hauek izendatuko dituztenak, agindu horretan berean ezartzen den banaketari jarraikiz: Nafarroako Gobernuko Justizia Departamentuko titularrak, Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Eliza Katolikoak eta, indarreko legediaren arabera eratuak egonik, Eliza Katolikoaren barnean Nafarroan sexu-abusuen biktima izan diren pertsonen elkarteek. Batzorde horretako idazkaria Nafarroako Gobernuko Delituen Biktimei Laguntzeko Bulegoaren Ataleko burua izanen da. Batzordeko kideak sei urterako izendatuko dira, eta izendapena beste sei urterako luzatzen ahalko da.

Aipatutako foru legearen 8. artikuluan adierazitako entitate eta erakundeek izendapen proposamena egin dute, Nafarroako Eliza Katolikoak izan ezik, gonbidapenari uko egin baitio, uztailaren 5eko 24/2022 Foru Legearen 9. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Eliza Katolikoaren barnean osotasun fisikoaren, ukigabetasunaren eta sexu-askatasunaren aurkako erasoen biktimen errekonozimendurako Batzordeko kideak izendatzea, honako hauek, alegia:

–Ana Carmona Juanmartiñena andrea, Nafarroako Parlamentuak proposatuta.

–Esther Aldave Monreal andrea, Nafarroako Parlamentuak proposatuta.

–Mikel Córdoba Gavín jauna, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko titularrak proposatuta.

–Camino Bueno Zamarbide andrea, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko titularrak proposatuta.

–Mikel Lizarraga Rada jauna, Nafarroako biktimen elkarteek proposatuta.

–José Antonio Echauri Tijeras jauna, Nafarroako biktimen elkarteek proposatuta.

2. Nafarroako Delituaren Biktimei Laguntzeko Ataleko burua, hots, Izaskun Gartzaron Zudaire andrea, izendatzea Errekonozimendurako Batzorde horretako idazkaria.

3. Foru agindu hau interesdunei eta Justiziako Gizarte Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 5ean.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

Iragarkiaren kodea: F2214341