223. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

138/2022 FORU AGINDUA, urriaren 26koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 19ko 179/2020 Foru Agindua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak onetsi zituena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 19an emandako 179/2020 Foru Aginduaren bidez (2020ko 265. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 12koa), Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak ezarri ziren. Aipatu foru agindu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 21ean emandako 182/2021 Foru Aginduaren bidez aldatu zen (2021eko 256. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 9koan).

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak proposatu du Lurzoru eta Klimatologia Bulegoa Nekazaritza Azpiegituren Zerbitzuari atxikitzea. Nekazaritza Zerbitzuko Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalean zegoen bulego hori. Era berean, Nekazaritza Ekologikoa Sustatzeko eta Nekazaritza Sektoreko Zeharkako Ekintzetarako Bulegoaren izena eta eginkizunak aldatzea proposatu du; aurrerantzean, Nekazaritza Ekologikoari Laguntzeko eta Nekazaritza Sektoreko Zeharkako Ekintzetarako Bulegoa deituko da, eta Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalari atxikiko zaio. Azkenik, proposatu du Nekazaritzako Ekoizpen Baliabideen eta Jasangarritasunaren Bulegoari ematea ekoizpen ekologikoaren ziurtapena eta sustapena kontrolatzeko jardueren finantzaketa kudeatzeko eginkizuna, Nafarroako Kontrol Ekologikoaren Agintaritzari laguntzeko hitzarmenen espedienteen instrukzioaren eta ebazpen proposamenaren bidez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 34.4 artikuluan ezartzen du ezen, bulegoak eta ataletatik beherako unitateak sortu, aldatu eta kentzeko, unitate horiek zein departamentutan sartuko diren, hango titularraren foru agindua beharko dela.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1.–2. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"2. artikulua. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusian bulego hauek ezarriko dira:

a) Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalari atxikita: Ugalketarako Materiala Ziurtatzeko eta Landare Osasuneko Bulegoa, Nekazaritzako Ekoizpen Baliabideen eta Jasangarritasunaren Bulegoa, eta Nekazaritza Ekologikoari Laguntzeko eta Nekazaritza Sektoreko Zeharkako Ekintzetarako Bulegoa.

b) Merkatuen Erregulaziorako Atalari atxikita: Merkatuen Erregulazioaren eta Berariazko Laguntzen Bulegoa, eta Mahastizaintza eta Ardogintza Sektoreari Laguntzeko Bulegoa.

c) Etekinetarako Laguntzen Atalari atxikita: Azaleraren araberako Zuzeneko Laguntzen Bulegoa, Nekazaritzako Ingurumen arloko eta Landa Ingurunea Hobetzeko Laguntzen Bulegoa, eta Abeltzaintzarako Laguntzen Bulegoa.

d) Animalien Ekoizpenaren Atalari atxikita: Abeltzaintzaren Garapenerako Bulegoa.

e) Animalien Osasunaren Atalari atxikita: Epizootiologia Bulegoa.

f) Animalien Ongizatearen Atalari atxikita: Lagun Egiteko Animalien Bulegoa.

g) Elikagaien Segurtasunaren eta Abeltzaintzako Langelen Atalari atxikita: Elikagaien Segurtasunaren Bulegoa.

h) Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalari atxikita: Landare Biologiaren Laborategiaren Bulegoa eta Enologia Laborategiaren Bulegoa.

i) Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari atxikita: Ingurumenaren Kontroleko Bulegoa eta Lurzoru eta Klimatologia Bulegoa.

j) Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari atxikita: Obren Bulegoa, Lurzati Berrantolamenduaren Bulegoa eta Nekazaritzako Azpiegituretarako Laguntzen Bulegoa".

2.–17. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"17. artikulua. Nekazaritza Ekologikoari Laguntzeko eta Nekazaritza Sektoreko Zeharkako Ekintzetarako Bulegoa.

Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nekazaritzako ekoizpen jasangarriaren sistemen jarraipena egitea, eta Foru Komunitateko programak aurrera eramatea, horiei jarraipena egitea eta ebaluatzea, nekazaritza ekologikoaren eta ekoizpen integratuaren esperimentazio eta zabalkundearen arloan, baita ekoizpen jasangarriaren eta kalitate berezituaren arloan ere.

b) Nafarroako ekoizpen ekologikoa sustatzen eta babesten diharduten eragile teknikoen jarduerak koordinatzea.

c) Departamentu honen zerbitzu integral bat koordinatzea ekoizpen ekologikoa aukeratzen duten nekazari eta abeltzainentzat.

d) Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren bileretan departamentu honek duen ordezkaritzan parte hartzea.

e) Nekazaritzako ekoizpen ekologikoari buruzko txosten estatistikoak egitea eta intereseko informazio teknikoa sektorearen eskura jartzea.

f) Nekazaritzako sektorearentzako babes neurrien prospektiba, nekazaritza ekologikoaren arloan, edo bestelako ekoizpen berezituetan, Landa Garapenerako Planen bidez, autonomia erkidegoaren mailakoak nahiz maila nazionalekoak.

g) Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin eta beste autonomia erkidego batzuekin koordinatzea, nekazaritza ekologikoko eta ekoizpen integratuko adierazleei jarraipena egiten eta horiek kudeatzen.

h) Ekoizpen ekologikoa, ekoizpen integratua eta bestelako ekoizpen sistema jasangarriak dinamizatzea eta horiei laguntza teknikoa ematea.

i) Klima aldaketari buruzko ibilbide-orria inplementatzea helburu, egokitzapen eta arintze neurriak gauzatzea eta horiei jarraipena egitea.

j) Nekazaritzako ikerketa eta garapen arloan koordinazio eta solaskide lanak egitea.

k) INIAren Nekazaritzako Ikerketaren Batzorde Nazionalean parte hartzea.

l) Nekazaritzako sektoreko esperimentazioa eta aholkularitza kontrolatzea eta horiei jarraipena egitea.

m) INTIAren (Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutua) bidez esperimentazioaren eta aholkularitzaren arloan gauzatutako jarduketetarako finantza babesa kudeatzea.

n) Agintzen zaion beste edozein eginkizun, Nekazaritza Zerbitzuari esleitutakoen artean".

3.–19. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"19. artikulua. Nekazaritzako Ekoizpen Baliabideen eta Jasangarritasunaren Bulegoa.

Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nekazaritzako ekoizpeneko elikagaien segurtasun arloko araudia proposatzea eta betetzen ote den zaintzea, eta horretarako ezartzen diren kontrol planak aurrera eramatea.

b) Produktu fitosanitarioak merkaturatu eta erabiltzeko kontrol planak aurrera eramatea Foru Komunitatearen lurraldean, lehen aldiz merkaturatu aurretik uzta hondakinen gehieneko mugaren kontrola barne.

c) Beharrezkotzat jotzen den laboreetan produktu fitosanitarioak erabiltzeko baimena proposatzea.

d) Foru Komunitatean kokaturik dauden eta produktu fitosanitarioen merkaturatze eta aplikazioari loturiko entitateetan eragina duten erregistroez arduratzea.

e) Produktu fitosanitarioak manipulatzeko txartela ematea eta produktu fitosanitarioak erabiltzen jakiteko ikastaroak koordinatzea.

f) Foru Komunitatean produktu fitosanitarioekin entseguak egiteko eskaera aurkezten duten enpresa baimendunen entseguak ikuskatu eta haien jarraipena egitea.

g) Produktu fitosanitarioez gain landareen osasuna babesteko erabiltzen diren beste baliabide batzuk jarraitzea eta kontrolatzea.

h) Ongarri eta substratuen fabrikazioa eta erabilera kontrolatu eta jarraipena egitea.

i) Nekazaritzan arazketa-lohien erabilera koordinatu, ikuskatu eta jarraipena egitea.

j) Genetikoki eraldatutako hazien erabilera koordinatu, ikuskatu eta jarraipena egitea, eta hura bestelako ekoizpen sistemekin bateragarria izateko ezartzen diren arauak bete daitezen begiratzea.

k) Sistema jasangarriak sustatzea.

l) Zehapen espedienteak instruitu eta ebazteko lankidetza, artikulu honetan aipatzen diren gaietan.

m) Gai fitosanitarioen erabilera jasangarriari buruzko zuzentaraua Nafarroako Foru Komunitatean ezartzea.

n) Elikagaien Katea kontrolatzeko Plan Nazionalaren kontrolak kudeatzea eta gauzatzea, ekoizpen ekologikoari dagokionez.

o) Ezagutzaren transferentzia eta informazio jarduera-ekintzetarako laguntzak tramitatzea eta kudeatzea.

p) Hondamendi naturalen parekoak diren baldintza klimatologiko kaltegarriek eragindako kalteak kudeatzea, halakorik gertatuz gero.

q) Ekoizpen ekologikoaren ziurtapena eta sustapena kontrolatzeko jardueren finantzaketa kudeatzea, Nafarroako Kontrol Ekologikoaren Agintaritzari laguntzeko hitzarmenen espedienteen instrukzioaren eta ebazpen proposamenaren bidez.

r) Agintzen zaion beste edozein eginkizun, atalari esleitutakoen artean".

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak.

Nekazaritza Ekologikoa Sustatzeko eta Nekazaritza Sektoreko zeharkako Ekintzetarako Bulegoko buruaren izendapena berretsi da, eta bulego horrek Nekazaritza Ekologikoari Laguntzeko eta Nekazaritza Sektoreko Zeharkako Ekintzetarako Bulegoa izena hartu du.

4.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko urriaren 26an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2214333