223. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

Ingurumen arloko zuzendari nagusiaren 1011E/2022 EBAZPENA, urriaren 14koa, zeinaren bidez Mendigorriko Serena Solar 4 (29,991 Mwp) eta Serena Solar 5 (11,443 Mwp) eguzki-planta fotovoltaikoen aurreproiektu finkatuen eta haien ebakuazio-azpiegituren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita. Planta horien sustatzailea Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico S.L. da.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura martxan jartzeko, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico S.L. Enpresak aipatutako bi aurreproiektu finkatuak aurkeztu zituen 2022ko ekainaren 16an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan: Mendigorriko Serena Solar 4 (29,991 Mwp) eta Serena Solar 5 (11,443 Mwp) eguzki-planta fotovoltaikoen eta haien ebakuazio-azpiegituren aurreproiektuak, hain zuzen.

Bi proiektuen ezaugarriak kontuan hartuta, batera bada ere, ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinean, i) puntuan, jasota daude, epigrafe honetan: 4. Taldea: Industria energetikoa. Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluaren 1 d) atalarekin bat etorriz, bi proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta izapidetu da.

Sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketa bakar bat (IIA) aurkeztu du ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskabidean. Azterketa horrek bi proiektuei eta haien ebakuazio-azpiegiturari eragiten die, eta eranskin osagarriak ditu, ingurumen aldetik guztiak batera ebaluatzeko.

1. Proiektuaren deskribapena eta kokalekua.

Proiektuen xedea da bi planta fotovoltaiko eraikitzea. Guztira, 66,47 hektareako azalera hartuko dute, eta 17.808 m-ko perimetro hesitua. 15 inguratzaile izanen dira osotara. Bi kasuetan, beste zenbait aukera aztertu ondoren, instalazio fotovoltaikoak egitura finkoen gainean egitea proposatu da, aukera gehiago ematen dutelako lursail gorabeheratsuetan eta malda handikoetan ezartzeko. Egiturak lurrean sartuko lirateke, zimentazio beharrik gabe.

Bi eguzki-plantak, Serena Solar 4 eta Serena Solar 5, Mendigorria udalerriko lursailetan kokatuko dira oso-osorik, UTM koordenatu nagusi hauetan: ETRS89-30N: E: 591907/N: 4719242 eta E: 592618/ N: 4717711.

Energiaren ebakuazio-lineak, 66 kV-koak, udalerri hauek zeharkatzen ditu: Mendigorria, Obanos, Eneritz, Muruzabal, Adios, Ukar, Biurrun-Olkotz eta Tebas-Muru Artederreta. Lerro horrek bi zati ditu: lehena, 19,28 km-koa, Mendigorriko udalerriko Andion azpiestazioan hasi (66/30 kV) eta Adiosko azpiestazioan (66/30 kV) amaitzen da, Adios udalerrian bertan. Bigarren zatia, 11, 78 km-koa, Adiosko azpiestaziotik Espainiako Sare Elektrikoko Muru Artederretako azpiestaziora arte doa, Muru Artederretako udalerrian.

Lehen zatiak (19,28 km), aldi berean, beste bi zati ditu: bat, airekoa, 6,3 km-koa eta 66 kV-koa, zirkuitu sinplean eta sareta-dorreen gainean, eta beste bat lurpekoa, 13 km-koa eta 66 kV-koa, zirkuitu sinple trifasikoan eta eroale isolatuarekin, zanga batean hodipean lurperatua.

Bigarren zatiak ere (11, 78 km) bi zati ditu: lurpeko bat, 106 km-koa eta 66kV-koa, zirkuitu sinple trifasikoan eta eroale isolatuarekin, zanga batean hodipean lurperatua, eta aireko beste bat, 0,45 km-koa eta 66 kV-koa, zirkuitu sinplean, sareta dorreen gainean eta isolamenduarekin.

Proiektuan jasota daude, gainera, aipatutako bi azpiestazioak, Andion, SS5-3 inguratzailean, Mendigorriko 9. poligonoko 39. lursaila hartuz, eta Adios, Serena Solar 3 PFVaren inguratzaileetako baten barnean (beste espediente batean aipatzen da PFV hori). Adiosko 2. poligonoko 138. lursaila hartzen du bigarren azpiestazio horrek.

2. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikulua eta energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikulua aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo eskudun gisa, 30 egunez jendaurrean jarri zituen Mendigorriko Serena Solar 4 eguzki-planta fotovoltaikoaren (29,991 MWp) eta Serena Solar 5 eguzki-planta fotovoltaikoaren (11,443 Mwp) eguzki-parkeen aurreproiektuak eta haien ingurumen-inpaktuaren azterlanak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2021eko apirilaren 8ko 77. zenbakian, iragarki bana argitaratuta. 161 alegazio jaso ziren. Horietatik hiru, 4, 8 eta 132 lagunek eta taldek sinatu zituzten. Horrenbestez, 15 alegazio mota egin ziren.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikulua eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikulua aplikatuz, organo eskudunak txostena eskatu zien proiektuek eragindako 22 erakunde eta administraziori. Ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jendaurreko tramitearen emaitza jaso da, eta zer administrazio publikori eta pertsona interesduni egin zaien kontsulta zerrendatu da. Haien erantzunak ere jaso dira.

2021eko abuztuaren 11n, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak sustatzaileari igorri zizkion jasotako alegazioak eta txostenak, eta jakinarazi zion, legeria sektorialak eskatzen duen dokumentazioarekin batera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren eskaera egin behar zuela.

Jasotako alegazioak ikusita, sustatzaileak bi PFVen eragin-eremua murriztu zuen (ekialdeko inguratzailea eta beste inguratzaile batzuk ezabatu zituen, eta ekialde-mendebalde korridore nagusi bat sortu zuen inguratzaile nagusian). Azalera berria 109,34 ha-tik 66,47 ha-ra pasa zen. Baztertutako lurzatien artean XXIV. sektore ureztatuari (Mendigorria, Nafarroako Ubidea) dagozkionak daude. Gainera, Andion azpiestazioak (220/30 kV) hasiera batean 30etik 22kV-ra igo zuen tentsioa, eta aldaketen ondotik, 30etik 66 kV-ra. Azpiestazio hori jatorrizko kokagunetik 1.360 m ipar-mendebalderago eraman zuen sustatzaileak. Azkenik, aldatu egin zituen energia kanporatzeko linearen trazadura eta ezaugarriak, 220 kV-tik 66Kv-ra. Aireko linearen hasierako luzera (23,78 km) aldatu eta airean 7,24 km-ko linea eta lurpean beste 23,82 km-koa izatera pasa zen. Besaire 220 kV azpiestazioa ere ezabatu egin zen, eta, beraz, 66 kV-ko ebakuazio-linea zuzenean iristen da Muruarte Promotores 400/220/66 kV azpiestaziora.

Organo eskudunak dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu ondoren, 2021eko irailaren 27an ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari.

3. Espedientearen analisi teknikoa.

a) Alternatiben analisia.

Proiektu bakoitzerako (Serena Solar 4 eta Serena Solar 5 PFVak) alternatiben azterketak aldaera berak ditu. Hasiera batean, ikuspuntu teknologikotik egin da alternatiben azterketa, eta egitura finkoaren gainean ezarritako instalazio fotovoltaikoaren aukera hobetsi da, lurzorura hobeki egokitzen delako.

Ondoren, ingurumen-inpaktuaren azterlanak proiektuen kokapenari buruzko alternatiben azterketa bat jasotzen du. Lau aukera aurreikusi dira, eta horretarako, lau eremu handi hautatu dira, planta fotovoltaikoak (PFV) instalatzeko kokagune egokiak izan daitezkeen lurren kartografian oinarrituta. Azterketak hasieratik baztertu ditu lau eremu horietatik bi; izan ere, sustatzaile horrek dagoeneko tramitatu ditu PFVen proiektu bana eremu horietarako. Hori kontuan hartuta, bi eremu horiek ez ziratekeen azterketan alternatiba gisa hartu behar.

Gainerako bi eremuen artean, sustatzaileak lau alternatiba hautatu ditu, "0" aukera barne. PFVen kokalekuak eta ebakuazio-linea elektrikoaren trazadurak bateratzen dituzte lau aukera horiek. Sustatzaileak berak baztertu egin du "0" alternatiba; izan ere, uste du eskualdean energia berriztagarriak garatzeko aukera eskaintzen duela proiektuak, eta, beraz, berotegi-efektua murrizten lagunduko duela eta klima-aldaketaren arazoa arinduko duela. Beraz, sustatzailearen iritziz, ezin da aukera horren alde egin.

Bai 1. aukeran, bai 3. aukeran PFVrako kokaleku bera aurreikusten da; energia ateratzeko lineen trazaduran bereizten dira bi aukera horiek. Bietarako aukeratutako kokalekua "Baigorri Sur" izeneko eremuan dago oso-osorik, Nafarroako Estepako Fauna Kontserbatzeko Intereseko Eremuan (AICAENA), hain zuzen. Eremu horrek babes kategoria "altua" du, eta baldintza hori bera aintzat hartuta, hasieratik beretik azterketatik baztertu beharko lirateke bi aukerak. Azken batean, eta a priori, 2. aukera baino ez litzateke bideragarria eta bateragarria izanen ingurumenaren ikuspegitik.

Bestalde, ordea, alternatiben ebaluazioan, lurzoruaren erabileraren faktoreari dagokionez, analisiak babes-balio handiena ematen dio kategoria honi: "Nagusiki nekazaritza lurrak, eta haietan tartekaturik landaredi naturalaren, trantsizioko sastrakadi basotsuen, landen eta sastraken eremu zabalak". Egitura horrek presentzia handiagoa du hautatutako 2. aukeran, eta, beraz, arrazoi horrexegatik, baztertu egin behar zen. Ildo horretatik, jakinarazten da nekazaritza-lurrek eta basoek eratutako mosaikoaren multzoa biotopo bat dela berez, garrantzi handikoa, hainbat habitat-mota daudelako bertan. Habitat horiek, beren osaera eta banaketa-patroia direla eta, funtsezkoak dira hainbat flora- eta fauna-espezie kontserbatzeko. Espezie horien banaketa espazio- eta ingurumen-heterogeneotasun horri loturik dago, eta, beraz, egokia da babes-maila gorena ematea. Horrenbestez, desitxuratutako alternatiben azterketa batetik abiatzen da ingurumen-inpaktuaren azterketa, eta 2. aukera izanen litzateke "baliozko" aukera bakarra.

Lurzoruak eta erliebea.

Hauek dira lurzoruaren eta erliebearen gainean eragina sortzeko ahalmena duten jardun nagusiak: eguzki-panelak lurrean sartuta ezartzeko lur-mugimenduak, lurpeko linea sartzeko zangak irekitzea; eta barneko bideak, bide osagarriak eta sarbideak sortzea eta hobetzea. Proiektuen bertsio berriek aldaketa batzuk egiten dituzte, eta, besteak beste, ukipen-azalera murrizten dute. Neurri horren bidez, aurreproiektuaren inpaktua gutxitzen dela iritzi dio sustatzaileak.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak 2021eko uztailaren 26ko txostenean adierazi zuen moduan, proiektuen plano topografikoen zehaztasunik eza aipatu behar da; izan ere, ingurumen-inpaktuaren azterketak zehaztutakoaren arabera, erliebean, %20tik gorako malda duten eremu batzuk daude. Ingurumen-inpaktuaren azterlanak ez ditu behar bezala islatzen erliebearen gaineko eragina, lurzoruen galera, higadura arriskua, azaleko drainatzearen gaineko ukipena, eta, ondorioz, paisaiaren gain sortzen den eragina.

Aurreproiektuetako datuetan oinarrituta (6.5.2 atala), ingurumen-inpaktuaren azterlanak gutxi gorabeherako kalkulua egiten du inolako justifikaziorik ez duten lur-mugimenduen gainean:

SERENA SOLAR 4

SERENA SOLAR 5

Lur erauzketak (m³)

56.410

25.419

Betelanak (m³)

55.978

25.236

Berez, eguzki-panelak egitura finkoan sartzeko sistema aukeratu da, horrek ematen duelako eguzki-planten proiektua lurrera hobeki egokitzeko aukera, baina pentsatzekoa da, lur-mugimenduaren bolumenari buruzko kalkuluak kontuan izanda (batera hartuta, 81.819 m³ lur-erauzketa eta 81.214 m³ betelan), erliebea eta lurzorua nabarmen aldatuko direla horien eraginez.

Biodibertsitatea, flora, fauna eta habitatak.

Eguzki-parkeen instalazioak ukitzen duen azaleran basoak garrantzitsuak dira: artadi (Quercus rotundifolia) eta erkamezti (Quercus faginea) baso mistoak, eta espezie horien ondoan hazten diren baso-orlako berezko zuhaixkak. Horiek guztiek basoz eta nekazaritza lurrez eratutako mosaikoa osatzen dute, muga-hesi, otalur eta landaresi ugarirekin. Bere alegazioan adierazten duen bezala, Mendigorriko Udalak bi proiektuek ukitzen duten eremua, Argiñano-Luberrieta-Txasperri-Andion eremua, alegia, Nafarroako Erdialdeko mosaiko-eremuen eredu onenetakotzat jo daiteke.

Gaur egungo landaredia bat dator batasunaren intereseko habitatetan (BIH) izaten den landarediarekin: 9240 Quercus faginea eta Q. canariensis espeziez osaturiko iberiar harizti iberikoak, 9340 Quercus ilex eta Q. rotundifolia basoak, 4090 sastrakadi mediterraneo eta oromediterraniar primarioak eta sekundarioak (genistak dira nagusi horietan) eta 5210 zuhaixka eta Juniperus zuhaiztiak.

Ingurumen-inpaktuaren azterlanak Nafarroako habitaten kartografia hartzen du oinarri, 1:50.000 eskalan, eta BIHen gainean sortutako eragina zenbatzen du modu iraunkorrean: 7.501,71 m²-koa da eragin hori. Bestalde, energia ateratzeko lineak BIH asko zeharkatzen ditu, eta horietako batzuei modu iraunkorrean eragiten die (euskarrien eta zangen zimenduak) eta beste batzuei, aldi baterako (muntatzeko eta pilatzeko plataformaren eremua). Goi-tentsioko lineak 780,92 m²-ko eragin iraunkorra du habitatetan; Aldi baterako eragina, berriz, 1.329,23 m²-koa da habitat horietan.

Biodibertsitatearen Zerbitzuaren 2021eko uztaileko txostenak jada zehaztu zuenez, planta fotovoltaikoen proiektuek landaredi naturala duten gainazal guztiak errespetatu behar dituzte, bereziki intereseko habitatak izanez gero. Aurreproiektuen planoak aintzat hartua, zelula fotovoltaikoek intrusio ugari egiten dituzte landaredi naturaleko zerrendetan, eta, horren ondorioz, ez da betetzen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak otsailaren 24an emandako 64/2006 Foru Aginduan ezarritakoa. Hain zuzen, agindu horren bidez ezarri ziren lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko irizpideak eta ingurumen eta hirigintza arloetako baldintzak.

Proiektuaren esparruan, inguratzaileen artean, eta Jusvilla sakanarekin edo Maringortea errekatxoarekin loturik, ingurumen-ezaugarri interesgarriak dituen hezegune bat garatzen da, dagoen ingurunean oso berezia baita halako hezegune bat sortzea. Seguru asko, habitat mota horri lotutako intereseko flora eta fauna espezieak daude hezegune horretan. Ingurumen-inpaktuaren azterlanak, ordea, ez ditu inbentarioan jaso, ez duelako espezie horien presentziarik detektatu.

Faunari buruzko azterketa espezifikoak (Ingurumen-inpaktuaren azterlanaren IV. eranskina) landa-inbentario bat egin zuen urte bateko zikloan. Horretarako, 2021eko otsailetik 2022ko urtarrilera hileko laginketa egin zuen, baita gaueko 4 laginketa ere (152 ordu), 8 transektutan eta 13 errolda estaziotan. Inbentario horrek 119 fauna espezie daudela berresten du (gaueko 6 espezie barne): eremu irekietako (estepa, sastrakadia eta laboreak) 30 espezie, orotariko 32 espezie, basoetako 32 espezie, eta ibaiertz, aintzira-ertz, hezegune eta ur-masetako 14 espezie, eta, azkenik, harkaitzetako 11 espezie.

Guztira 89 espezie detektatu dira babes bereziko araubidean (zerrenda nazionalak, Foru Komunitatekoak eta Hegaztien Zuzentarauaren I. eranskina hartu dira kontuan horretarako) eta 6 espezie katalogatu (kasu honetan ere katalogo nazionalak eta Foru Komunitatekoak hartu dira kontuan); horietako batzuk desagertzeko arriskuan katalogatuta daude.

Bi proiektuen eremuan dagoen nekazaritza- eta baso-paisaiaren edo Mediterraneoko landazabalaren garrantzia eta balioa ez da paisaia hutsera mugatzen; izan ere, eremu biogeografiko mediterraneoaren iparraldeko mugan dago kokatuta (biodibertsitate handiko eremua da, beraz), eta animalia-espezie ugari bizi da bertan; besteak beste, "harrapakin-espezieak". Horiei esker, aldi berean, espezie espezializatuagoak (harrapariak eta sarraskijaleak) ere badaude. Gainera, inguruan dauden abeletxeek (7dira Mendigorria inguruan) are gehiago erakartzen dituzte espezie horiek. Izan ere, larreratzeko, habiak egiteko, hazteko, elikatzeko eta sakabanatzeko eremua ezartzen dute bertan.

Hala, ugalketa-garaian eta/edo negu-pasoko garaian, katalogatutako zenbait espezie harrapari biltzen dira, hala nola mirotz urdina, mirotz zuria eta sai zuria. Babes bereziko erregimenean dauden espezieen estatuko eta/edo Foru Komunitateko zerrendetan daude espezie horiek. Badira beste espezie katalogatu batzuk ere, hala nola sai arrea, miru beltza, arrano sugezalea, mendebaldeko zingira-mirotza, gabirai arrunta, zapelatz arrunta, arrano beltza, arrano txikia, belatz gorria eta belatz europarra. Eta gaueko harraparien artean: hontz zuria, apo-hontza, hontz handia, mozoloa, hontz ertaina eta zingira-hontza.

Energia kanporatzeko lineari dagokionez, bereziki sentikorrak diren eremuei eragiten die linea horrek; Arga ibaia airetik zeharkatzeko eremuari, batez ere. Faunako espezie askorentzat eta bereziki espezie migratzaile askorentzat korridore ekologiko garrantzitsua da Argakoa, eta halaxe adierazten du ingurumen-inpaktuaren azterlanak berak ere. Babes-eremu izendaturik dago Argako aireko eremu hori, Nafarroan 1432/2008 Errege Dekretua aplikatzearen ondorioetarako. Hegaztiak goi-tentsioko lineen aurkako talketatik eta elektrokuziotik babesteko neurriak ezartzen ditu Dekretu horrek. Gainera, ibai honen ertzetan bisoi europarra (Mustela lutreola) ere bizi da, galzorian katalogatua, baita zikoina zuriaren kolonia bat ere (Ciconia ciconia), 7 habiak osatua. Iazko udaberrian 7 habia horietatik gutxienez lau erabiliak izan zirela berretsi du ingurumen-inpaktuaren azterlaneko faunaren inbentarioak. Goi-tentsioko lineak Arga ibaia gurutzatzen duen lekutik gutxi gorabehera 70 m iparraldera bizi da kolonia hori, eta, beraz, hegaztien hegaldietan eragin nabarmena izan dezake lineak.

Konektagarritasuna galtzea.

Habitatak galtzeak eta konektagarritasuna zatikatzeak sortzen duen eraginari dagokionez, "Ingurumen inpaktuaren azterlanaren sinergiak" izeneko ingurumen-azterlanaren V. eranskinean aztertzen da gai hori. Lan horren arabera, proiektuek ez dute konektagarritasuna modu esanguratsuan murrizten egungo egoerarekiko. Gainera, azterlanak adierazten du korridore ekologikoaren funtzioa betetzen duten habitat-uharteak ("stepping stones") kontserbatzeko aukera ematen duela proiektuen diseinuak. Alde horretatik, uharteen eta haien arteko korridore ekologikoen sistema bat proposatzen du, proiektuen eremu osoan faunarentzako lurralde-konektagarritasuna ahalbidetzeko.

Aplikatutako prozedura eta lortutako emaitzak berrikusi ondoren, Ingurumen Inpaktuaren Atalak uste du eskala akats bat egin dela; izan ere, aztertutako egoeren artean, proiektuek eragindako eremua espazio irekien habitat bati dagokiola hartu baita kontuan. Analisi-eskala egokia izan balitz, basoz eta nekazaritza-lurrez eratutako mosaikoari eragindako kaltea identifikatuko zatekeen, erliebe nahiko trinkoan. Erliebe hori garrantzi handikoa da ingurumen aldetik, oso berezia delako eta kontserbazio egoera onean dagoelako, eta, era berean, ingurumenaren ikuspegitik nekazaritza-jarduera intentsiboak nabarmen soildutako eremu baten mugakidea delako.

Proiektuen kokapena ikusita, ingurumen-organo honek uste du baso-unaden artean dauden nekazaritzako tarteko azalerak ezabatzen dituztela proiektuek, eta, alde horretatik, eragin handia dutela nekazaritza-lurrek eta basoek eratutako mosaikoan. Mosaiko-egitura hori degradatu egiten da eta funtzionaltasuna galtzen du bi PFVen inguratzailean, gutxi gorabehera 167 hektareatan. Nekazaritza-matrizean, baso-unaden artean eguzki-panelak jartzeak, areago, unada horietako batzuk partzialki okupatzeak, konektagarritasun ekologikoa galtzea ekarriko du tokiko mailan; izan ere, laboreen, heskaien eta baso-unaden arteko ekosistema-erlazioak (trofikoak eta ugalketakoak) zuzenean aldatu eginen ditu, eta, horren ondorioz, gune hori bizirauteko erabiltzen duten espezie askoren portaera eta patroia aldatu egin daiteke (horrela adierazten du Mendigorriko Udalak ere bere txostenean). Eskualde mailan, mosaiko-eremu horiek lotura-funtzio argia dute urrunago dauden antzeko espazioen artean.

Hala, ingurumen-administrazio honek ondorioztatu du bi eguzki-parke fotovoltaikoak ezarri ondoren, biodibertsitate-galera handia gertatuko dela; izan ere, bi proiektuen eremuan dagoen nekazaritza-lurren eta basoen mosaikoan areagotu eginen da landaredia-unaden arteko zatiketa eta, beraz, konektagarritasun ere galdu eginen da.

Inpaktu metagarriak eta sinergikoak.

Izapidetze-fasean dauden bi proiektuek (Serena Solar 4 eta Serena Solar 5 PFVak) zer inpaktu metakor eta sinergiko izanen dituzten aztertzen du ingurumen-inpaktuaren azterlanak, V. eranskinean ("Sinergiak"), eta, orobat, hurbileko beste proiektu batzuetatik (Serena Solar I, II, III, IV, V eta Amaya IV PFVak) eratorritako inpaktuak ere aztertzen ditu. Aipatutakoez gain, azterketa horretan aintzat hartu da PFVen beste proiektu batzuen ondorioz (Muruarte Solar I eta II, Amaya Solar II eta III) eta zenbait Parke Eolikoren proiektuen ondorioz (Lobera PE, Akermendía PE, Eneritz PE, Valdetina PE) galduko den azalera osoa.

Proiektatutako goi-tentsioko aireko lineari dagokionez, lineala edo korridorea den aldetik, lurraldean duen eragin-maila ez da nabarmena, azterlanaren arabera. Hala ere, Muru Artederreta sektoretik hurbil dagoen tartean, hor bai, nabarmena izanen da eragina, eremu horretan antzeko linea elektriko asko pilatzen baitira.

Beraz, eragin sinergikoei dagokienez, ingurumen-inpaktuaren azterlan honen ondorio nagusia da garrantzizko eragin bakarra espazio irekietako biotopoak okupatzeak ekarriko duela. Eragin horrek konektagarritasuna galtzea eraginen du, eta lurraldearen zatiketa zertxobait areagotuko du. Nolanahi ere, galera ez da esanguratsutzat jotzen. Paisaiaren gaineko eragin sinergikoa ere kontuan hartzen du azterlanak. Hala, aztergai diren proiektuen ikusgaitasuna %0,5 handituko da osotara, lehendik dauden azpiegituren eta tramitatzen ari diren beste proiektu batzuen ikus-eremuekin alderatuta. Aztertutako beste inpaktu sinergiko batzuk bateragarritzat jo dira.

Egiaztatu da eragin sinergiko eta metagarrien analisiak ez duela kontuan hartu Nafarroako Ubidearen XXIV. Sektorea lur ureztatuen artean jarri izana. Horrek aldaketa handia ekarri du Mendigorriko udalerrian; izan ere, nekazaritza-lurren eta basoen mosaiko horretan azalera nabarmena galdu da, eta espezie askorentzat azalera erabilgarria galdu eta/edo hondatu da. Espezie horiek baso- eta mendi-eremuetara joan beharrean izan dira; hala nola izapidetzen ari diren proiektuek eragindako inguruneetara.

Paisaia.

Paisaiaren gaineko eraginari dagokionez, azterlanak paisaiaren ebaluazioari buruzko berariazko agiri bat jasotzen du (VII. eranskina). Ingurumen Ministerioak argitara emandako Espainiako Paisaien Atlaseko (Mata et al., 2004) paisaia-unitateak hartu ditu oinarri agiri horrek, eta eremu fotovoltaikoek, azpiestazioek eta energia ateratzeko linea elektrikek paisaian duten eragina ebaluatu du. Paisaiaren kalitatea eta ikusmenaren hauskortasuna aztertu dira behatzaile gehien bildu daitezkeen eremuetatik: Mendigorriatik, BN-601, NA-6030 eta NA-6031 errepideetatik, Andelosko multzo historikotik eta Andiongo Andre Mariaren ermitatik, hain zuzen ere, eta behaketa-puntu horietatik eginiko paisaia-simulazioak jaso dira. Azken balorazioan, paisaiari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterlanak uste du proiektuak eragin txikia izanen duela. Ingurunearen antropizazio-maila eta ikuslearen arreta zabaltzen eta erakartzen duten elementuen presentzia dela medio, proiektuek paisaian sortuko duten eraginaren balorazioa murriztu egiten du azterlanak.

Ingurumen Inpaktuaren Atalak aditzera eman du, hain zuzen ere, inguruaren izaera sinplifikatuak ematen diola berezitasuna ikus-eremu dibertsifikatu horri. Nekazaritza-matrizean eguzki-panelak ezarrita, proiektuaren kokalekutzat hartu den nekazaritza-lurren eta basoen mosaikoa erabat itxuraldatuko da, eta paisaia gizartiartua eta ia industriala sortuko da.

Bestalde, bi eguzki-parkeen ikus-arroari dagokionez, paisaiaren berariazko azterlanak dio 5 km-ko erradioan proiektuak ez direla ikusten edo oso gutxi ikusten direla. Alabaina, Andelosko arkeologia-multzotik, bai, ikusi eginen dira, eta, aurrekoarekin gainjarrita, Andiongo ermitatik ere bai. Kultura-intereseko leku horien garrantzia dela eta, haien gaineko eragina, gutxienez, larritzat jotzen da.

Proiektuek paisaian duten ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak ez ditu kontuan izan Nafarroako "Paisaiaren Dokumentuak" bi proiektuen eremurako: Erdialdeko Eremuko Paisaiaren eta Mendebaldeko eta Erdialdeko Paisaiaren dokumentuak, hain zuzen. Azterlanak ez du jasotzen ingurunea baso-mosaiko gisa egituratuta dagoenik, eta lurzoruaren erabileren paisaia-kalitatean oinarrituta egiten du ebaluazioa, erabilerak banaka hartuta; hala, oso balio txikia ematen die lehorreko nekazaritza-paisaiei. Nahitaezkoa da nekazaritza-lurrek eta basoek eratutako mosaikoa osotasunean baloratzea. Ingurumen Administrazio honek ikusmen-kalitate handiko paisaiatzat hartzen du mosaiko hori, testura eta kromatismo aldetik kontraste handikoa delako, eta nabarmen sinplifikatutako eremuan oso berezia delako. Balorazio hori "Paisaiaren Ikuspegi Soziala" izeneko eranskinean berresten da. "Paisaiari buruzko dokumentua (POT4)": Tafallako, Erriberriko eta Artaxoako Arroko paisaia-eremuak, eta Arga Behea agirian jasotzen da aipatutako eranskin hori. Eranskinean, biztanleen paisaia adierazgarri eta lehentasunezko gisa aipatzen dira "Mendigorriko mendebaldeko mendiak". Paisaia-kalitateari loturiko zenbait helburu eta ekintza-lerro jasotzen dira dokumentu horretan; besteak beste, paisaia naturala kontserbatzea (baso naturalak edo naturalizatuak, ibaiertzak, hezeguneak, haitzak, mendi-hegiak, mosaikoak...), eta, horri uztartuta, paisaia horiek erabiltzeko eta gozatzeko sarbidea sustatzea.

Bestalde, energia ateratzeko linea N-601 eta NA-6030 errepideetatik ikusten ahalko da. Baita Donejakue bidetik ere. Azpiestazioek ikusmen-inpaktu esanguratsurik ez dute sortuko, azterlanaren arabera.

Paisaiaren gaineko eragina prebenitu eta zuzentzeko neurriei dagokienez, "aurreproiektuen" ebaluazioa izanik, neurri horiek guztiek ez dute zehaztasun handirik. Nolanahi dela ere, esan daiteke bi proiektuen eraginpeko eremuetan paisaiak duen berezko kalitateari eraginen zaion inpaktua ez dutela arinduko neurriok. Izan ere, besteak beste, Andelosko multzo historikoaren talaiatik ikusi eginen dira bai PFVak bai energia eramateko linea. Beraz, ingurumen-inpaktuaren azterlanean paisaiaren integraziorako proposatutako neurriak aplikatu arren (sortutako ezpondak berregitea eta hesituaren perimetroan landare-pantaila bat ezartzea), Andelosko talaiatik berdin-berdin ikusiko dira instalazioak.

Onura publikoko mendiak.

PFVen ezarpenek ez dute onura publikoko mendietan eraginik, baina goi-tentsioko lurpeko linearen trazadurak, guztira, onura publikoko 4 mendi zeharkatzen ditu. Honako hauek:

571 zenbakiko onura publikoko mendia, "Otsondo" (Obanos udalerria).

453 zenbakiko onura publikoko mendia, "Ameztia" (Eneritz udalerria).

612 zenbakiko onura publikoko mendia, "Cocorrico" (Ukar udalerria).

Nafarroako arkitektura- eta arkeologia-ondarea.

Hasierako bertsioari buruz, Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren zerbitzuak eginiko txostenak zehazten du Andiongo eta Adiosko azpiestazioen arteko lineak eragina duela Donejakue bidean eta, urrutira izan arren, baita Eunateko (Muruzabal) Andre Maria ermitan ere (hau ere Kultura Intereseko Ondasun izendatua). Horregatik, erakunde honek proiektuaren eskala hobeko planoak eskatu ditu.

Espedientean dagoen dokumentazioak, behin betiko bertsioan, ez du barne hartzen Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txosten berririk; alegia, proiektuei oniritzia emanen dien nahitaezko txostenik (21/2013 Legearen 37. artikulua). Bestalde, jakinarazi da lurpeko linearen soluzio berriak eragin zuzena izanen duela Eunateko Andre Maria ermitaren inguruan eta Donejakue bidean (Interes Kulturaleko Ondasunak bi-biak).

5. Ingurumen-organoaren ondorioak eta balorazioa.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren baitan, Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Inpaktuaren Atalak, behin proiektuaren ingurumen-inpaktuaren analisi teknikoa eginda, ondorioztatu du ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura behar bezala gauzatu dela.

Serena Solar 4 eta Serena Solar 5 instalazio fotovoltaikoak, 66,47 hektareako okupazioarekin, La Quemada eta Argiñanoko Gaina deritzen parajeetan kokatzekoak dira, 320 eta 420 metro arteko altueran, lehorreko laborantza-lurren gainean. Lur horien artean, badira landaredia naturaleko eremuak: artadiak (Quercus ilex), abariztiak (Quercus coccifera) eta erkameztiak (Quercus faginea). Nafarroa Erdialdeko nekazaritza-lurrek eta basoek eratutako mosaikoaren adibiderik esanguratsuena eratzen dute lur eta baso horiek. Bi eguzki-planta horiek kaltetutako nekazaritza-matrizean dauden landare mota horretako unadak, heskaiak eta zatiak garrantzi handikoak dira, batetik, oso bereziak direlako, eta, bestetik, funtsezkoak direlako hainbat fauna- eta flora-espezie kontserbatzeko, habitat mota hori behar baitute bizirik irauteko.

Hauek dira eragin handiena jasan dezaketen faktoreak: lurzorua eta erliebea, intereseko habitatak eta horiei loturiko fauna- eta flora-espezieen galera (espezie horietako batzuk mehatxatutako faunaren katalogoetan daude jasota), konektagarritasun ekologikoa, eta landazabaleko baso-mosaikoaren paisaia.

Horregatik guztiagatik, ondorioztatu da Serena Solar 4 eta Serena Solar 5 eguzki-parke fotovoltaikoen proiektuek eta energia ateratzeko azpiegiturek ingurumenean inpaktu handia sortzen dutela, eta, orobat, horrek ingurumen-bideragarritasuna arriskuan jartzen duela.

Hala, ondorioztatu da Serena Solar 4 eta Serena Solar 5 eguzki-parkeetako proiektuek eta horien ebakuazio-azpiegiturek eragin negatibo nabarmenak izanen dituztela ingurumenean, eta aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketan eta dokumentazio gehigarrian aurreikusitako neurriek ez dutela bermatzen kalte horiek behar bezala prebenitu, zuzendu edo konpentsatuko direnik; beraz, ingurumen-inpaktuaren adierazpena kontrakoa izatea proposatzen da.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Mendigorriko Serena Solar 4 eguzki-planta fotovoltaikoaren (29,991 MWp) eta Serena Solar 5 eguzki-planta fotovoltaikoaren (11,443 MWp) eta haien ebakuazio-azpiegituren aurreproiektu finkatuen kontrako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea. Sustatzailea MES SOLAR XVII S.L. Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico S. L. da. Hauek dira kontrako adierazpenaren arrazoiak: eguzki-instalazio horiek eraikitzeak inpaktu kritikoak eraginen lituzke bioaniztasunean eta konektagarritasunean, nekazaritza-lurren eta basoen matrizea suntsituko luke, eta elementu hori funtsezkoa da ingurune horretako hainbat fauna- eta flora-espezie kontserbatzeko, bizirik irauteko habitat mota horren beharrean baitira. Horrez gain, eremua paisaia-kalitate handikoa da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura eta Biodibertsitatearen Zerbitzura igortzea (Iruñeko Barrutira), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 14an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Jendaurreko informazioaren tramitearen emaitza

Mendigorriko Serena Solar 4 eguzki-planta fotovoltaikoaren (29,991 MWp) eta Serena Solar 5 eguzki-planta fotovoltaikoaren (11,443 Mwp) eta haien ebakuazio-azpiegituren aurreproiektu finkatuak jendaurrean jarri ondoren, eta ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikulua aplikatuz, 161 alegazio jaso dira. Horietatik hiru, 4, 8 eta 132 pertsonak eta taldek sinatutakoak dira; horrenbestez, alegazio desberdinak, guztira, 15 izan dira.

Alegazioen edukia ia berdintsua da, eta ingurumen arloko alderdi hauetan oinarritzen da:

–Serena Solar 4 eta Serena Solar 5 PFVak modu bateratuan ebaluatu behar dira, proiektuen zatiketa saihesteko.

–Nafarroako Foru Komunitateko energia-beharrei buruzko balantze globala falta da.

–Igorpenen balantzearen kalkulua okerra da, ez baitira kontuan hartzen proiektua exekutatzeko eta plaka fotovoltaikoak fabrikatzeko sortuko liratekeen igorpenak.

–Babestutako lurzoru urbanizaezinetan eragiten dute proiektuek; zehazki, ustiapen naturalerako balioa duten lurzoruetan.

–Lur-mugimendu handiak egin behar dira, eta, horren ondorioz, lurzoruak eta haien kalitate agrologikoa galdu eginen da; lurzoru urbanizaezinen kategoria duten lurzoru babestuak okupatu behar dira, baita ustiapen naturalerako balio handia duten lurzoruak ere. Produkzio-balio handiko lurren gaineko eragina.

–2050erako energia-iturri berriztagarriak erabiltzeko ezarritako helburuak ez dira betetzen, eta parke fotovoltaiko handi horien ezarpena auzitan jartzen da, autokontsumoko, eraikinetako estalkietan eguzki-plakak jartzeko eta energia-kontsumoa murrizteko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko ekimenen aurrean.

–Europarekiko konpromisorik ez dute agertzen proiektuek, CO2 igorpenen konpentsazioari dagokionez, NPBk ezarritako ordainketei loturiko nekazaritza-azaleren ukipena dela-eta.

–Batasunaren intereseko habitatak dituzten eremuei eta faunari eragiten diete, batez ere hegazti-faunari, baita ehiza-faunako espezieei ere (eper gorriaren kaltetan eta untxien populazioaren mesedetan, horrek nekazaritzan ekarriko lukeen kaltearekin). Nafarroako Ubidea, Mendigorria. XXIV. sektoreko ureztatze-proiektuetan nahitaez kontserbatu beharreko balio naturalei eragindako kalteak.

–Andion-Mendigorria Barrutiaren %31,15 okupatzen dute (NA-10.062).

–Nekazaritza-lurren eta basoen mosaikoa suntsitzen dute, eta, ondorioz, horri lotutako biodibertsitatea galduko da.

–Inguru horretako paisaian eta bizimodu tradizional eta turistikoan eragiten dute proiektuek, eta, horri loturik, landa-ingurunea hustea areagotzen dute.

–Energia ateratzeko linea lurperatu beha dira eta azpiestazioak paisaian integratu behar dira.

–Kultura-ondarean eragin nabarmena dute (arkeologia-aztarnategiak, BIOak).

–Ingurumen Erantzukizunaren Legea berrikustea, urriaren 23ko 26/2007 Legea.

II. ERANSKINA

Kontsulta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei

Eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsultei dagokienez, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikulua aplikatuz, honako kontsula hauek egin dira Mendigorriko Serena Solar 4 (29,991 MWp) eta Serena Solar 5 (11,443 Mwp) eguzki-planta fotovoltaikoen eta haien ebakuazio-azpiegituren aurreproiektu finkatuei buruz:

UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOA ETA INTERESDUNA

ERANTZUNAK

Endesa

X

Audenasa

X

Telefónica de España

X

Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia

X

Enagas

X

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua

X

Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF)

X

Mendigorriko Udala

X

Adiosko Udala

X

Enerizko Udala

X

Obanosko Udala

X

Ukarko Udala

X

Tebas-Muru Artederretako Udala

X

Biurrun-Olkozko Udala

Ingurumen Eraginaren Atala

X

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

X

Ondare Historikoaren Zerbitzua

X

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioa

Red Eléctrica de España S.A.U.

Compañía Logística de Hidrocarburos SA (CLH).

Ez da erantzunik jaso Ebroko Ur Konfederazioa (CHE), Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioa, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, S. A.U., Red Eléctrica de España (REE) eta Compañía Logística de Hidrocarburos (CLH) erakundeetatik.

PFVen proiektuen eta ebakuazio-lineen eragina izanen udalek egin dituzte ingurumen arloko edukia duten txostenak. Txosten gehienek eduki beretsua dute; izan ere, energia lineak lurpetik eramatea eta azpiestazioak paisaian integratzea eskatzen dute gehien-gehienek.

Aipagarria da Mendigorriko Udalak eginiko txostena, eduki aldetik osoa eta ongi garatua baita. Txosten honen I. eranskinean aipatzen diren alderdiei buruzko alegazioak egiten ditu gehienbat Mendigorriko Udalaren txostenak.

Iragarkiaren kodea: F2213842