223. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

981E/2022 EBAZPENA, urriaren 13koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena honi buruz: "Arakilgo Arau Subsidiarioen aldaketa, 6. poligonoko 336. eta 358. lurzatietan, Errotzen". Ostagorri SL da sustatzailea.

Aldaketa 2022ko uztailaren 13an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2022ko 164. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 18koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren helburua da ahalbidetzea, lehen fasean, familiabakarreko bi etxebizitza eraikitzea U32 eta U33 unitateetan. Guztira 3.370 m²-ko azalera ukitzen du, 6. poligonoko 336. eta 358. lurzatien artean banatuta.

1994az geroztik indarra duten arau subsidiarioen arabera lurzati horiek duten hirigintza sailkapena oinarri hartuta, aldaketak proposatzen du nekazaritzako eta abeltzaintzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezinaren kategoriatik ateratzea eta bizitegi-erabilerako lurzoru urbanizagarriarena ematea. Proposamena bat dator egun tramitatzen ari den udal plan orokorrean jasotako aurreikuspenekin.

Ukitutako eremua nekazaritzako lurrak dira, eta malda-behera leun batean daude, Arakil ibairantz (hego-mendebaldeko orientazioan). Egungo herrigunea mugakide duen eremu bat da, ingurumen balio aipagarria duen elementu edo kokagunerik gabekoa, eta beraz ez da ingurumen ukipen nabarmenik aurreikusten.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumenaren gaineko ukipenik ez duela iritzita, ingurumen txosten estrategikoa egitea honi buruz: "Arakilgo Arau Subsidiarioen aldaketa, 6. poligonoko 336. eta 358. lurzatietan, Errotzen". Ostagorri SL da sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Hirigintza Atalari eta Arakilgo Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 13an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2213637