223. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

30/2022 FORU LEGEA, azaroaren 8koa, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, 2022RAKO NAFARROAKO AURREKONTU OROKORREI BURUZKO ABENDUAREN 29KO 18/2021 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

ATARIKOA

2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legeak, 14. artikuluko 7. apartatuan, baimena eman zion Nafarroaren Garapen Sozietatea SLri (Sodena) 1.700.000 euroko mailegua emateko Parque de la Naturaleza de Navarra SAri (Parquenasa). Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa SLUk eskatu du baimen hori handitu dadila, beste 1.500.000 euroko mailegua eman diezaion Nafarroaren Garapen Sozietatea SLk Parque de la Naturaleza de Navarra SAri. Eskaera justifikatzeko, adierazi du parkea lehengoratzeko jarduketa batzuk egin behar direla aurten, udan izandako sutearen ondorioz, eta jarduketa horiek sartzen direla 2024an amaituko den parkean egin beharreko inbertsioen planaren barruan.

Halaber, Nafarroaren Garapen Sozietatea SLk (Sodena) adierazi du komeni dela Sodenak Parque de la Naturaleza de Navarra SAri emandako eta eman beharreko maileguek interesak sor ditzatela, bakar-bakarrik, mailegu-hartzaileak etekinak sortzen dituenean; halaxe xedatu baita Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 82 ter artikuluko 3. apartatuan. Eskaera justifikatzen da finantzaketa egokitu egin behar delako Parquenasak sortutako baliabideetara.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 14. artikulua aldatzea.

Artikulu bakarra.–2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legea aldatzea.

Bat.–Aldatu egiten da 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 14.7 artikulua, eta hauxe da testu berria:

"7. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 75. artikuluko 3. apartatuan eta 82 ter artikuluko 2. apartatuan xedatutakoarekin bat, baimena ematen zaio Nafarroaren Garapen Sozietatea SLri 2022an mailegu eta abal eragiketa berriak egiteko, bietarik edozein, Parque de la Naturaleza de Navarra SArekin, gehienez ere 3.200.000 euroko zenbatekoa izanen dutenak".

Bi.–2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 14. artikuluari 8. apartatua eransten zaio. Hona hemen haren testua:

"8. Bat etorrita Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 82 ter artikuluko 3. apartatuan xedatutakoarekin, baimena ematen zaio Nafarroaren Garapen Sozietatea SLri, foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera, alda ditzan Parque de la Naturaleza de Navarra SAri emandako maileguen interes-tasak eta finka ditzan horri eman beharreko maileguen interes-tasak. Interes horiek sortuko dira, bakar-bakarrik, mailegu-hartzaileak ekitaldian emaitza positiboak lortzen baditu.

Emandako maileguen interes-tasen aldaketak ez du eraginik izanen, inola ere, mailegu horietan jada sortutako interesetan".

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko azaroaren 8an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2214940