222. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ATARRABIA

Deialdia, garbiketako lau lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko

Lekualdatze lehiaketa hau arautuko dute honako arau hauek: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, hura garatzeko eta betearazteko asmoz lanpostuak betetzeari buruzko Erregelamendua (testu bategina garatu eta betearazteko emana, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuak onetsia eta martxoaren 14ko 59/2005 Foru Dekretuak aldatua), aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdiaren honako oinarri hauek.

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea garbiketako 4 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez, bai eta lehiaketa honen ondorioz sortzen diren lanpostu hutsak ere. Lanpostu hutsek identifikazio kode hauek dituzte plantillan: 05 07 01 / 01, 05 07 01 / 02, 05 07 01 / 05 eta 09 01 01 / 01.

1.2. Lanpostuak E mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eginiko sailkapenaren arabera, bai eta Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, ondoko baldintzak bete beharko dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta adjudikatutako lanpostuaz jabetzeko orduan:

a) Atarrabiako Udaleko langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, garbiketako lanpostuan.

b) E maila edo taldekoa izatea.

Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute, deialdian eskatutako betebeharrak betetzen badituzte, erreserbarik gabeko borondatezko eszedentzian dauden langileek.

2.2. Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inolaz ere ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Atarrabiako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira, bertara agertuta edo haren egoitza elektronikoaren bitartez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hamabost egun naturaleko epean, azken eguneko 14:00ak arte. Egun hori baliogabea bada, hurrengo egun baliodunean bukatuko da epea. Eskabideak deialdi honen I. eranskin gisa argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batera, deialdian ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu behar dira, behar bezala konpultsatuak.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Atarrabiako Udaleko alkate udalburuak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

4.2. Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzirik, alkateak, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman dadila aginduko du.

4.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

4.4. Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, alkateak ebazpena emanen du, lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5.–Kalifikazio epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduna.

5.1. Honako hauek izanen dira epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Atarrabiako Udaleko alkate udalburua. Ordezkoa: Antolakuntza eta Funtzionamendurako Batzordeko burua.

Epaimahaikidea: Atarrabiako Udaleko langileen ordezkari bat, Langileen Batzordeak proposatua.

Epaimahaikidea: Atarrabiako Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria. Ordezkoa: Udaleko idazkaria.

5.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu eta ondoko bost egunean osatu beharko da epaimahaia.

5.3. Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako jasotako arrazoiren bat, epaimahaiko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko arazo guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, baina horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Merezimenduen kalifikazioa.

6.1. Epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu honako baremo honen arabera:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 30 puntu gehienez.

b) Prestakuntza: 10 puntu gehienez.

6.2. Epaimahaiak II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu izangai bakoitzak aurreko apartatuei dagokienez alegatutako eta frogatutako merezimenduak.

6.3. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

6.4. Izangaien puntuazioan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

6.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduez.

6.6. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak izangai bakoitzak lortutako puntuazioa emanen du argitara Udalaren iragarki-taulan eta udal web-orrian (www.villava.es), eta bost egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek beren eskubideen aldeko alegazioak egin ditzaten merezimenduen balorazioari buruz.

7.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak emanen ditu argitara Udalaren iragarki-taulan eta udal web-orrian (www.villava.es). Halaber, Atarrabiako Udaleko alkate udalburuari igorriko dio izangaien zerrenda, espediente osoarekin batera, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, eta hark behar den ebazpena emanen du deialdiko hasierako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez, kalifikazio epaimahaiak lehiatzaileen puntuazioak igortzen dizkion egunean hutsik dauden beste lanpostu batzuk ere barne harturik.

8.–Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Alkate udalburuak lanpostuen adjudikazioa eginen du interesdunen eskaeren arabera, eta lortutako puntuazioaren ordenari jarraikiz. Interesdunek eskaera eginen dute alkateak hitzordua zehazten duen egunean, orduan eta lekuan bertaratuz. Aipatutako egunean eskaera egiten ez duten lehiatzaileek lehiaketaren xede diren lanpostuetan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Lanpostu hutsak adjudikatu ondoren, alkate udalburuak lanpostuei dagozkien izendapenak eginen ditu eta horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

8.2. Lehiatzaileek izendapena jakinarazi eta ondoko hamar egun naturalean jabetu behar dute lanpostuez.

9.–Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalak babesteari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz, aditzera ematen zaizu Atarrabiako Udala dela datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez. Hirugarrenei ez zaie daturik lagako, salbu legezko betebeharra badago. Baduzu eskubidea datuetan sartzeko eta haiek zuzentzeko eta ezerezteko, udal bulegoetara joz horretarako. Datu-tratamenduaren zerrenda kontsulta dezakezu, bai eta datuen babesari buruzko beste argibide zehatz batzuk ere, gure webgunean: www.villava.es.

Hori guztia, bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoarekin (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

Datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira, eta Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean gordeko dira. Bestalde, bete beharko dira Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak.

Datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahal zaizkie, indarrean dagoen legedia betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

Interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, haiek zuzentzeko, akatsik baldin badago, bai eta ezerezteko ere, helbide honetara joz. Atarrabiako Udala. Kale Nagusia 22. 31610 Atarrabia (Nafarroa). Telefonoa: 948 13 66 80. Helbide elektronikoa: ayuntamiento@villava.es. Datuak babesteko ordezkaria: dpd@villava.es.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Atarrabian, 2022ko irailaren 27an.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.

I. ERANSKINA

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/013_Local_solicitud_concurso_con_euskera_E.pdf

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

1.–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuen balorazioa egiteko, 2 puntu emanen dira deialdia argitaratzen den egunean aitortutako antzinatasun urte bakoitzeko; gehienez ere 30 puntu.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Beste zerbitzu batzuekin aldi berean emandako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik altuena dutenak bakarrik baloratuko dira.

2.–Prestakuntza.

2.1. Lanpostuaren eginkizunekin zuzenean lotutako edukiari buruzko prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,50 puntu kreditu akademiko edo haren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu); gehienez ere 6 puntu.

2.2. Orobat, baloratuko da parte hartzea zeharkako gai hauetakoren batekin lotutako edukiari buruzko prestakuntza-ekintzetan: laneko osasuna eta segurtasuna, laneko arriskuen prebentzioa eta elikagaien manipulazioa.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

2. Eskola-orduen kopurua jasotzen ez duten ziurtagiriei 10 orduren balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena jasotzen duten ziurtagiriei 120 orduren balorazioa emanen zaie.

4. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak.

2.3. Euskaraz jakitea.

Euskaraz jakiteagatik, gehieneko puntuazioa 4 puntu izanen da, eta puntuazio hori jasoko dute ahoz B2 maila eta idatziz B1 maila dauzkatela egiaztatzen dutenek, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritakoaren arabera, betiere. Jakite maila apalagoa dutela egiaztatzen dutenei proportzioan baloratuko zaie.

Jakite maila frogatzen ahalko da izangaiak hizkuntza mailaren proba bat gaindituta; hala, interesdunek proba hori egiteko eskatu beharko dute, hautapen prozesuan parte hartzeko eskabidea aurkezten dutenean. Euskararen ezagutza proba egitea eskatzen duten izangaiei, epaimahaiak hizkuntza maila zehazteko proba egiteko deituko die, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz (Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta mendeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretua). Proba hori Euskarabideak eginen du.

Ofizialki onartutako titulu eta ziurtagiriak dituzten izangaiak salbuetsirik daude proba horiek egitetik; horretarako, tituluaren jatorrizkoa edo kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute hautapen prozesuan parte hartzeko eskabidea aurkezten dutenean.

Orobat, probak egitetik salbuetsirik egonen dira jakite maila frogatua dutenak, Euskarabideak antolatutako berariazko probak gainditu baitituzte deialdi hau argitaratu aurreko bost urteen barnean.

Ez dira onartuko azterketa-txartelak, ez eta ofizialak ez diren zentroek emandako egiaztagiriak ere.

Iragarkiaren kodea: L2213937