222. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

FALTZES

Deialdia, zerbitzu anitzetako peoiaren lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat egiteko

Faltzesko Udaleko alkate udalburuak 2020-0271 Ebazpena eman du. Hona hemen haren testua:

"Ikusi da beharrezkoa dela aldi baterako kontratazio-zerrendak osatzea, hautaproben bidez, zerbitzu anitzetako peoiaren lanpostuak betetzeko Faltzesko Udalean, zerbitzuan sortzen diren premiei erantzuteko. Hala, dagokion deialdia prestatu eta ontzat eman da.

Kontuan hartuz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluak ezartzen duela aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan bilatuko dela kontratazioa ahalik eta arintasun handienarekin egitea.

Kontuan hartuz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikuluko g) apartatuaren arabera (apirilaren 21eko 11/1999 Legearena bidez aldatu zen haren testua), alkateari dagokiola onestea langileak hautatzeko probetarako oinarriak eta lanpostuak betetzeko lehiaketak.

Horiek guztiak horrela, bada,

EBATZI DUT:

Deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onestea, aldi baterako kontratazio zerrendak eratzeko, aldez aurretik dagozkion probak eginda. Zerrenda horiek balioko dute Faltzesko Udalean, zerbitzu anitzetako peoiaren lanpostuan, sortzen ahal diren premiei erantzuteko.

Ebazpen honen kontra, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko dena Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Nolanahi ere, aldez aurretik, eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke, hura eman zuen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo, bestela.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpen honen biharamunetik hasita.

Eta xedatutakoa eta indarrean dauden lege-aurreikuspenak betez, deialdi horren oinarri arautzaileak argitaratzen dira, Alkatetzaren ebazpen berarekin onetsiak.

Faltzesen, 2022ko urriaren 25ean.–Alkate udalburua, Sara Fernández Allo.

DEIALDIA, ZERBITZU ANITZETAKO PEOIAREN LANPOSTUA ALDI BATERAKO KONTRATUAREKIN BETETZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT HAUTAPROBEN BIDEZ ERATZEKO, FALTZESKO UDALEAN SORTZEN DIREN PREMIEI ERANTZUTEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako peoiaren lanpostuan (D maila) aritzeko izangaien zerrenda bat eratzea hautaproben bidez, Faltzesko Udalean sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko.

Hautaproben deialdia egiten da Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikuluan xedatuari jarraikiz. Kontratazioa ahalik eta arinena egitearren eta dauden beharrei ahalik eta lasterrena erantzutearren, deialdi publikoa eginen da udal iragarki-taularen eta udal webgunearen bidez.

1.2. Deialdiren oinarriak interesdunen eskura egonen dira Faltzesko udaletxean (Foruen plaza 11, 31370 Faltzes) eta udal webgunean (www.falces.org).

1.3. Artikulu honen bidez osatzen diren zerrendek bortz urteko indarraldia izanen dute gehienez, onesten direnetik hasita.

Zerrenden indarraldia bitartean, halako lanpostuetarako bertze zerrendaren bat osatzen bada Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako hautaproben deialdi publiko baten bidez, berrikiago onetsitako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aurretik.

1.4. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia legez aurreikusitakoak izanen dira, eta zerbitzuaren beharretara egokitu ahal izanen dira.

1.5. Lanpostuak D mailari dagokion ordainsaria izanen du, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren eta indarreko araudiaren arabera, lanaldiaren proportzioan.

1.6. Eginkizunak zerbitzu anitzetako peoiaren lanpostuari dagozkionak izanen dira, eta etorriko dira kokapen-mailarekin eta lanpostuaren berezko eskumenekin.

Oro har, eginkizun hauek izanen ditu lanpostuak, besteak beste:

–Hornidura eta saneamendu sareak mantentzea eta kontrolatzea.

–Bideak eta mendiak mantentzea.

–Udalaren hiri-zerbitzuak mantentzea eta zaintzea, hala nola eraikinak, kirol-instalazioak, hiri-altzariak, udal hilerria eta abar.

–Lorezaintzako oinarrizko lanak eta mantentze-lanak.

–Oinarrizko lanak egitea arlo hauetan: igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, arotzeria, soldadurak eta abar.

–Udalak eskatutako egitura eta aparatuak jarri eta kentzea.

–Oinarrizko laguntza administratiboko lanak egitea, agiriak banatzea, bandoen berri ematea udal-mugartean, eta Udalak agintzen dizkion beste lan batzuk egitea, bere lanpostuari dagozkionak betiere.

1.7. Hautaprobak gainditurik deialdi honen bidez kontratatzen diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorrean afiliatu, eta alta emanen zaie.

1.8. Deialdi honen bidez egiten diren kontratazioetarako bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein aldek hutsaltzen ahalko du kontratua, aldebakarreko erabakiz.

1.9. Bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluarekin, izangaiei jakinaraziko zaie edozein gorabehera, egintza edo errekurtso, loturik dagoena deialdi honekin, oinarriekin edo betearazteko ematen diren egintzekin, eta, horretarako, argitaratuko da Faltzesko Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte deialdian parte hartu ahal izateko:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta herritar horien ondorengoek eta –legez bananduta ez badaude– ezkontidearenek, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea, ezta diziplinako kaleratze bidez bidalia ere.

f) B mailako gidabaimenaren jabe izatea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak; horrez gain, dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozesuak eta kontratazioak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

3.–Eskabideak.

3.1. Hautaketa prozesu honetan parte hartu nahi dutenek Faltzesko Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.falces.org/) aurkeztu beharko dute eskabidea edo, aurrez aurre, udal bulegoetan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz.

Eskabideak I. eranskinean argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, hautagaiek nortasun agiri nazionalaren kopia aurkeztu beharko dute, bai eta 7,25 euro Udalaren banku-kontuan ordaindu izanaren egiaztagiria ere. Tasa hori ezarri da, hain zuzen, espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

3.2. Orobat, deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharko dituzte alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak.

3.3. Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliotasuna dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, eskabidean bertan eska ditzakete ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak, horren beharrik izanez gero. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da.

Egun horretatik aitzina, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratzeko aginduko, deialdi honetako hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko da, deialdi honetan jasotzen diren hautaprobak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia; alabaina, izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten ahalko da behin betiko osaera:

–Epaimahaiburua: Sara Fernández Allo, Faltzesko Udaleko alkatea.

Ordezko epaimahaiburua: Gloria Olcoz Luis, Faltzesko Udaleko alkateordea.

–Lehen epaimahaikidea: Sandra Olite García, Faltzesko Udaleko erdi-mailako teknikaria.

Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: Silvia Estévez Abeytua, Faltzesko Udaleko administrari-ofiziala.

–Bigarren epaimahaikidea: Roberto Luis Martínez Pueyo, Faltzesko Udaleko obra eta zerbitzuetako brigadaren arduraduna.

Bigarren epaimahaikidearen ordezkoa: langileek izendatu beharreko ordezkaria.

–Hirugarren epaimahaikidea: Asunción Ainzúa De Goñi, Hirigintzako udal-teknikaria.

Hirugarren epaimahaikidearen ordezkoa: Azkoiengo Udaleko obra eta zerbitzuetako brigadaren arduraduna.

–Epaimahaikide idazkaria: Javier López Monreal, Faltzesko Udaleko idazkaria.

Epaimahaikide idazkariaren ordezkoa: Ana Gómez Senosiáin, Santakarako Udaleko idazkaria.

6.2. Epaimahaikideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta udal-idazkariari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

7.–Hautapen prozesua nola eginen den, eta balorazioa.

7.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia ondoren, eta 100 puntu izanen ditu guztira.

7.2. Lehiaketaldian, epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik heldu den baremoari jarraikiz. Izangaiek merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala kautotuak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

7.3. Baloratuko diren merezimienduak.

Lanpostuko esperientzia:

Administrazio publiko batean zerbitzu anitzetako peoi gisa aritu izanagatik: 10 puntu urte oso bakoitzeko; urtea baino txikiagoko denbora-tarteak hainbanatu eginen dira. Merezimendu hori egiaztatzeko, dagokion administrazio publikoak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Apartatu honetan lortutako puntuazioa 10 puntukoa izanen da, gehienez ere.

Egindako ikastaroak lanpostuari dagozkion hainbat alderdiri buruz, hala nola igeltserotza, iturgintza, soldadura, lorezaintza, zurgintza, eraikinen zaharberritzea eta elektrizitateari buruz. Epaimahaiak honela baloratuko ditu:

–Ikastaroak:

  • 30 ordu bitarte: 0,5 puntu.
  • 31 ordutik 99 ordura bitarte: 1 puntu.
  • 100 ordu edo gehiagoko bakoitzeko: 1,50 puntu.

Apartatu honetan 4 puntu lortzen ahal dira gehienez.

–Honako titulu edo txartel hauek edukitzea:

  • Eskorga-gidarien txartela: 4 puntu.
  • Produktu fitosanitarioak erabiltzeko gaikuntza-txartel aurreratua (edo goragokoa): 4 puntu.
  • Laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko mailaren titulua: 4 puntu.
  • Motozerren operadore-txartela: 4 puntu.

Apartatu honetan 16 puntu lortzen ahal dira gehienez.

7.4. Epaimahaiak lehiakideek alegatu merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu noiznahi.

7.5. Lehiaketaldia akitutakoan, epaimahaiak Udaleko iragarki-taulan paratuko du izangaien zerrenda, horietako bakoitzak lehiaketaldian erdietsi dituen puntuekin.

7.6. Oposizioaldiak bi proba hauek izanen ditu:

7.6.1. Lehenbiziko proba (teorikoa).

Galderak idatziz erantzun beharko dira, bai eta arazoak ebatzi ere honako gai hauei buruz:

Faltzesko udalerria: kaleen eta auzoen izenak, bai eta mendi, alderdi, ibai eta etxolenak ere (15 puntu).

Ortografia, aritmetika, geometria eta azalera eta bolumenen kalkulua; hori guztia, deialdian eskatutako prestakuntza mailaren arabera (5 puntu).

Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik ere.

Puntuazioa, gehienez ere: 20 puntu. 6 puntu lortzen ez dituzten izangaiak baztertuko dira.

7.6.2. Bigarren proba (praktikoa):

Deialdi honetako 1. oinarrian zehaztutako zereginekin zerikusia duten lan praktikoak egitea. Horretarako materialak emanen dira.

Elektrizitateko, iturgintzako, igeltserotzako, arotzeriako, soldadurako eta lorezaintzako oinarrizko erremintei eta materialei buruzko galdera praktikoak.

Gehienez ere 50 puntu lortzen ahal dira, eta baztertuak geldituko dira 15 puntu ateratzen ez dituztenak.

7.7. Lehendabiziko ariketa (teorikoa) plika sistemaren bidez eginen da.

7.8. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek azaldu beharko dute nortasun agiri nazionala aldean dutela. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.9. Hautaprobetan, denboren eta baliabideen egokitzapenak eginen dira, ahal den neurrian, elbarritasunik dutenentzat, halaxe eskatzen badute eta eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

7.10. Epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian jarriko du izangaien zerrenda, bakoitzak lortu dituen puntuekin. Proba bakoitzaren emaitzak argitaratuta, bost egun naturaleko epea irekiko da alegazioak egiteko, eta epe hori amaitutakoan, hurrengo probaren eguna, ordua eta lekua argitaratuko dira.

8.–Gainditu dutenen zerrenda, kontratazio-zerrenda eta deia.

8.1. Behin proben kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du, Faltzesko Udaleko iragarki-taulan eta web-orrian, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda alkateari igorriko dio onets dezan, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera. Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuazio handiena lortu duenak izanen du lehentasuna. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez ebatziko da.

8.2. Gainditu dutenak kontratazio-zerrendan sartuko dira. Haiei deitzen ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Faltzesko Udaleko kasuan kasuko zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

8.3. Deitzeko prozedura Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera kudeatuko da, haren bitartez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

8.4. Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, laugarren apartatuan, ezarritakoa, non Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen baitira.

8.5. Deia jasotzen dutenek aurkeztu beharko dute deialdian titulazioari eta bestelakoei buruz eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa.

8.6. Frogagiririk aurkezten ez badu ezarritako epean, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

8.7. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. Eranskina.–Eskabide eredua.

Deskargatu I. eranskina (DOC).

Iragarkiaren kodea: L2214313