222. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

Ingurumen arloko zuzendari nagusiaren 1002E/2022 EBAZPENA, urriaren 13koa, aldekoa, Piedras Naturales Baigorri, S.L. Enpresak sustatuta Murillo el Fruto herrian "El Villar" harri apaingarria ateratzeko baimenaren zabalpen-proiektua onartzeko.

Proiektua sartua dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 2. multzoan, eta, beraz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar zaio. Proiektuaren xedea da Murillo el Frutoko 3. poligonoko 647. lurzatian hareharri apaingarria ustiatzea.

21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Piedras Naturales Baigorri S.L. enpresak 2021eko urriaren 22an aurkeztu zizkion proiektua, ingurumen-inpaktuaren azterketa eta lehengoratze plana organo eskudunari (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua), eta organo horrek jendaurrean jarri zituen 2021eko 263. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 18koan, argitaratutako iragarkiaren bidez, 30 egun balioduneko epean, honako hauetan ezarritako ondorioetarako: Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea eta Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua. Jendaurrean egoteko epe horretan ez da alegaziorik jaso.

Ukitutako administrazioei kontsultak egiteko izapidean (21/2013 Legearen 37. artikuluak ezartzen du izapide hori), Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txostenak jaso ditu Biodibertsitate Zerbitzutik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzutik, eta Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataletik. Ebazpen honen III. Eranskinean laburtu dira txosten horiek.

2022ko martxoaren 16an, sustatzaileak, 21/2013 Legearen 39. artikuluari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari. Eskaera hori Biodibertsitatearen Zerbitzuari igorri zitzaion espedienteko dokumentazio osoarekin batera, 39.3 artikuluari jarraikiz.

Proiektua ebazpen honen I. eranskinean laburtzen da. Ingurumen eraginaren azterketan (II. eranskinean laburturik ageri da), proiektuak ingurumenean izanen dituen ukipen nagusiak egoki aztertzen dira, eta, ebazpen honetan ezarritako baldintzekin batera, ingurumenean eragin nabarmenik ez dela sortuko bermatzeko behar diren neurri zuzentzaileak ere ezartzen dira.

Proiektuak sastrakaz eta larrez estalitako hiru lursail-zerrendari eragiten die, eta ez du kalterik sortuko ez Natura 2000 Sarean, ez eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean ere. Altxonbideetan, habitatetan, landaredia interesgarrian eta estepako hegaztientzat garrantzitsuak diren eremuetan ere ez du ukipenik eragiten.

Ingurumen Eraginaren Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du tramitatu den dokumentazioan jarduketak behar bezala zehaztuta daudela, eta proposatu du proiektuaren gainean ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea, aurkeztutako proposamena bideragarritzat jotzen baitu ingurumenaren aldetik, ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez gero.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Murillo el Fruto herrian Piedras Naturales Baigorri, S.L. enpresak sustatuta "El villar" harri apaingarria ateratzeko baimenaren Zabalpen Proiektuari aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena ematea. Aurkeztutako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzekin bat etorriz eginen da jarduera, eta, horrez gain, honako hauek ere beteko dira:

A) Jarduketa-eremua perimetro honetara mugatuko da (UTM ETRS 89 koordenatuak) Murillo el Fruto herriko 3. poligonoko 647. lurzatian.

UTM X

UTM Y

1

625.263

4.694.901

2

625.294

4.694.901

3

625.354

4.694.916

4

625.396

4.694.916

5

625.510

4.694.893

6

625.542

4.694.876

7

625.512

4.694.799

8

625.467

4.694.729

9

625.439

4.694.731

10

625.398

4.694.717

11

625.364

4.694.719

12

625.294

4.694.762

13

625.264

4.694.762

Perimetro horren barnean, harria erauzteko hiru eremu ezarri dira, proiektuaren kartografiaren arabera. Perimetro horretan dauden laborantza-soroen eremuetan, lurrak, lur antzuak eta harriak metatzen ahalko dira aldi baterako. Perimetrotik kanpo ez da inolako okupaziorik eginen. Puntu horiek lurrean finko paratuko diren mugarrien bidez seinalatuko dira.

B) Arkeologia-ondarea babesteari dagokionez, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak ezarritako neurri hauek beteko dira:

–Arkeologia-aztarnategiek hartzen duten eremuko ustiaketa-fasean, lanen jarraipen arkeologikoa eginen da. Horretarako, lanak behar bezala kontrolatzeko behar diren arkeologiako teknikariak egonen dira obran berean.

–Azalean identifikatu ez diren egitura edo aztarna arkeologikoak agerian geratuz gero, mugatu eta balizatu eginen dira, kontrolik gabeko kalterik jasan ez dezaten. Aurkikuntza arkeologikoak Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari jakinaraziko zaizkio berehala (emaila: arqueologia@navarra.es), behar diren zuzenketa neurriak ezarri ahal izateko, besteak beste, ukitutako guneetan lanak aldi baterako geldiarazi, indusketa sistematikoa egin eta aurkikuntzen azterketa zientifikoa egiteko (analisi arkeometrikoak eta memoria barne). Aurkikuntza horien azken xedea Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimenaren zain geratuko da obra egiten jarraitzeko, zehazten diren moduan eta baldintzetan eta Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 20ko 14/2005 Foru Legearen 62. artikuluari jarraituz. Lurpetik ateratako egitura arkeologikoek Interes Kulturaleko Ondasunaren edo Inbentarioan jasotako Ondasunaren maila izanen balute, aurreikusitako ustiaketa bertan behera utziko da, eta lanen eraginez aldatutako ingurune fisikoa lehengoratu eginen da. Horrelakorik gertatuz gero, sustatzaileak ez du kalte-ordain gisa inolako diru-konpentsaziorik jasoko.

–Neurri horiek guztiak arkeologo batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek gauzatuko ditu, proiektuko sustatzailearen kargura, legeak hala aginduta. Horien arduradunak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen administratiboa beharko du, urriaren 3ko 218/1986 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horrexek arautzen baititu Nafarroako Foru Komunitatean egin beharreko prospekzio eta indusketa arkeologikoak.

–Ikuskapen lanak Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari dagozkio, eta, horretarako, obraren sustatzaileak idatziz jakinarazi beharko du, nahitaez eta behar den denboraz, egin beharreko lanen hasiera.

C) Harria ateratzen hasi baino lehen, gainaldeko geruzatik landare-lurra kenduko da. Beste materialetatik bereiz metatuko da lur hori, eta gero, den-dena, lehengoratze lanetarako erabiliko da.

D) Behin erauzketa-lanak amaituta, eremua berreginen da eta metatutako landare-lurra lehengoratu eginen da. Lehengoratze-planari jarraikiz, eremua berdindu eginen da, malda nabarmenik gabe. Ezpondarik sortuz gero, horien malda ez da 3H:1B baino handiagoa izanen.

E) Ustiaketa eta lehengoratzea aldi berean eginen dira, eta jatorrizko lursailaren sastrakadi/larre erabilera berreskuratuko da, ingurunera egokitutako landare belarkarak eta zurkarak nahasian ereinda. Proiektuan zehaztutako fase- eta zonifikazio-planari jarraituko zaio; horrenbestez, eremu bateko erauzketa-lanak bukatutakoan, berehala, eremu hori lehengoratzeko lanak hasiko dira, hurrengo eremuko erauzketari ekitearekin batera.

F) Proiektuaren eremuan lehendik zegoen hareharri-ustiategiak eragindako lursailak ere kontuan hartuko dira lehengoratze-lan horietan, eta lur- eta harri-metaketak eta utzitako erauzketa-aurrealdea ere barnean hartuko dira.

G) Aurreikusitako lehengoratze-lan hori hobetze aldera, kanpoan erauzitako lur eta harri garbiak ekartzen ahalko dira, ezpondak leuntzeko eta lurzoruaren lehengoratze topografikoa bideratzeko. Landare-lurra ekartzen bada kanpotik, beste materialetatik bereiz metatuko da, eta betegarriaren azaleko geruzetarako erabiliko da.

H) Kanpoko hondeaketa-lurrak harrobira garraiatu ahal izateko, garraioaz arduratuko den enpresak alta emanda egon beharko du hondakin arriskugabeen (hondeaketa material naturalak) kudeatzaile eta garraiatzaile gisa, eta hondeaketa-material naturalen balorizaziorako aurretiazko komunikazioa egin beharko dio, posta elektronikoz, Nafarroako Gobernuko Hondakinen Atalari (residuos@navarra.es).

I) Hautsaren kontrako babes neurri hauek hartuko dira:

–Bai materialak, bai makinen eta ibilgailuen zirkulaziorako pistak, behar den guztietan ureztatuko dira, batez ere udan.

–Ustiategiko eremuaren barnean eta sarbidean ibilgailuen zirkulazioaren abiadura ez da 20 km/h-tik gorakoa izanen.

–Materialak garraiatzen direnean kamioien kaxak estali eginen dira, partikularik ez aireratzeko.

2. Proiektuaren leheneratze-planari buruz aldeko txostena ematen da, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak onartze aldera, Erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz. Egokitzat jotzen da 16.000 euroko abala jarri behar izatea lehengoratze-plana beteko dela bermatzeko, legartegirako baimen substantiboaren barruan, aipatutako 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tafalla-Zangozako Barrutia) eta Murillo el Frutoko Udalari jakinaraztea, behar den ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 13an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Proiektuaren xedea da Murillo el Frutoko 3. poligonoko 647. lursailaren zati batean hareharri apaingarria ustiatzea. Proiektuan, jarduerak hartuko duen perimetroa zehaztu da, metaketak egiteko erabil daitezkeen zenbait eremu barne. Perimetroak, guztira, 4,28 hektareako azalera du. Azalera horretatik, erauzketak 1,86 hektareako azalerari soilik eraginen dio, eta azalera hori bereizitako hiru eremutan banatuko da. Ustiategia dagoen lursailerako sarbidea Murillo el Frutora doan NA-1240 errepidearen 15,2 PK-tik egiten da, pista bati jarraituz. Lortuko diren produktuak eraikuntzarako harri-blokeak izanen dira, eta enpresak Oteiza de la Solanan duen pabiloira garraiatuko dira. Handik, berriz, material hori eskatzen duten obretara bideratuko dira.

Kalkuluen arabera, guztira 31.975 m³ lur mugituko dira; horietatik 12.578 m³ lur antzuak izanen dira; 5.198 m³ landare-lurrak, eta 14.207 m³ inguru, harri gordinaren erreserbak. Aprobetxamendua %40koa izanen da gutxi gorabehera; beraz, erreserba aprobetxagarriak 5.700 m³ ingurukoak dira. Urtean, batez beste, 200 m³ produktu salgarri ekoitziko dira. Bizitza erabilgarria 29 urte ingurukoa izanen da, eta horri beste urtebete gehitu behar zaio leheneratze-lanak bukatzeko.

Aire zabaleko ustiaketa-metodoa erabiliko da, ezponda behartuko sistemaren bidez, leherketarik egin gabe. Lehenik eta behin, sastrakak garbitu eta landare-lurrak eta goiko geruzak kenduko dira. Erauzketa batez ere hondeamakinen bidez eginen da, baina bloke handien kasuan, blokeak zulatzeko/ebakitzeko tresna bat erabiliko da, mailu bat edo bi dituena. Harriaren azken apurketa falken eta mazoen bidez, edota zementu zabalgarriaren bidez eginen da. Abiapuntuko aurrealdeak banku bakarra izanen du, 1 eta 2 m artekoa, eta hareharri-geruzak 0,30 eta 1 m arteko lodiera aldakorrekoak izanen dira.

Lehengoratze-lan hauek eginen dira: kaltetutako eremuen profila berriro zehaztu, ezpondak leunduz eta itxura borobilduko malda leunak utziz. Ustiategitik ateratako lur antzuak sortutako hutsuneak partzialki betetzeko eta ezpondak leuntzeko erabiliko dira. Azkenik, ustiaketaren hasieran kendu eta metatutako azaleko landare-lurra ekarri eta zabalduko da. Harriak erauzi diren eremuen gainean, landare belarkaren eta zurkaren haziak ereinen dira, hasierako sastrakadi/larre erabilera berreskuratzeko. Ustiatze- eta lehengoratze-lanak hiru fasetan eginen dira, fase bat eremu bakoitzeko.

II. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterketaren laburpena

Ingurumen-inpaktuaren azterketan ingurune hauen inbentarioa egin da: ingurune fisikoa, biotikoa, pertzeptuala, sozioekonomikoa eta kulturala, barnean sartuta geologia, klimatologia, edafologia, topografia, airearen kalitatea, soinu-inpaktua, azaleko zein lur azpiko hidrologia, landaredia, fauna, garraioa, paisaia, kultura-ondarea, arkeologia, azpiegiturak eta ingurune sozioekonomikoa.

Zabalpen-proiektua zereala landatzen den lursailetan garatuko da, sastrakadi/larre mediterraneoko hiru zerrendaren gainean, eta ez du kalterik sortuko ez Natura 2000 Sarean, ez eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean ere. Altxonbideak, estepako hegaztientzako habitatak edo garrantzizko eremuak eta intereseko landaredia ere ez dira ukituko. Harriaren erauzketak eragin zuzena duen eremuetan sastrakadi/larre mediterraneoa da nagusi. Hauek dira eremu horietako landare ugarienak: Brachypodium retusum eta Genista scorpius nahasian, Rosmarinus officinalis, Juniperus oxycedrus, Rhamnus lycioides, eta Juniperus phoenicea eta Quercus rotundifolia espezieen ale isolatuak.

Proiektuaren esparrua hartuko duen ingurunea azterturik, IEAk analizatu eta baloratu egiten du proiektuko ustiategiak ingurunean izanen duen eragina. Laburbilduz, 10 inpaktu esanguratsu identifikatu dira, eta neurrizkotzat edo bateragarritzat baloratu dira. Inpaktu horiek zuzentzeko neurriak ere proposatu dira. Inpaktu orokorra bateragarritzat jotzen da. Proiektuan, ez da inpaktu kritikoko ekintzarik identifikatzen.

Ingurumen inpaktuaren azterketak beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko plana jaso ditu; horiek aurrera eraman beharko dira ebazpen honetan eskatzen denarekin batera.

III. ERANSKINA

Proiektuak ukitzen dituen administrazioei kontsultak egiteko izapidean jasotako txostenen laburpena

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2022/02/22an igorritako txostenean, proposatutako jardueraren kokapenari buruz adierazi zuen, 5. LAP - Ebroren Ardatza Lurraldearen Antolamenduko Plana (47/2011 Foru Dekretua) aplikatu behar dela. Esparrua ez dago Babes Bereziko Eremuetan, ez eta arrisku naturalak izan ditzakeen eremuetan ere. 5. LAParen 3.1 eta 3.2 mapetan daude identifikatuta arriskuko eremu horiek.

Hala ere, zehazten da, eskueran dagoen kartografiaren arabera, lursailaren ipar-ekialdeko muturrean, II. nekazaritza-klaseko eremu bat dagoela, bat datorrena Babes Bereziko Eremuekin, natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua delako, eta, zehazki, nekazaritzarako emankortasun handiko lurra. Babes eremu hauen helburua da edafologiaren ikuspegitik lurzoruaren baliabidea babestea eta natura aldetik ustiatzeko duten balioagatik kalitate handieneko lurzoruak babestea, oso ondasun urriak baitira Nafarroa osoan. Baldintza horrek eragina izan dezake ustiategiaren 2. eremuan, non eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren lurzoru eta klimatologia bulegoak, gai horretan eskumena duen aldetik, kontrakoa erabakitzen ez duen.

Udal antolamenduarekin bat etorriz, erauzketa-jardueraren esparrua honela sailkatuta dago: lurzoru urbanizaezina ingurumenaren eta basoen balioak gordetzeko edo natura aldetik duen balioa gordetzeko - Lehorreko nekazaritza edo abeltzaintza eremuak. Bi azpikategoria horien babes-araubideak (Araudiaren 145-147. art.) zehazten duenez, harrobiak dira baimendu daitezkeen eraikuntza gabeko jardueretako bat.

Era berean, baimenaren espedientea izapidetzerakoan bildu behar diren organo eskudunen txosten sektorialak zehazten dira, baita, LAHFLTBaren 110 artikuluaren arabera, lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueren eta erabileren baimena izapidetzeko aurkeztu beharreko dokumentuak ere. Halaber, izapidetzea bat etorriko da uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onesten duen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategineko 117. eta 118. artikuluek araututako prozedurarekin.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak 2021eko azaroaren 18ko txostenean adierazi zuen aurkeztutako dokumentazioan ustiapen-proiektua, ingurumen-inpaktuaren azterketa eta leheneratze-plana jaso zirela, eta haien edukia aski zela, 21/2013 Legearen 35. artikuluan xedatutakoari dagokionez. Nolanahi ere, 21/2013 Legearen 39. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren eskaera egin aurretik, dokumentazioaren zenbait alderdi berrikusi behar direla zehaztu zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuaren txostenak:

–Proiektuak harria erauzteko hiru eremuren perimetroa ezartzen du. Hiru eremuak bata bestetik oso gertu daudenez eta, seguruenera, metaketak egiteko eta haietara sarbideak izateko eremuak beharko direnez, jarduera osoaren inguratzailea hartuko duen perimetro bakar bat ezartzea gomendatzen da, UTM koordenatuekin (ETRS89).

–Leheneratze-planak eremuaren azken egoeraren plano bat jaso behar du. Hor adieraziko dira, bereizita, laborantzara eta landaredi naturalera bideratutako eremuak. Landaredi naturalera bideratutako eremuetan, birlandatzeko neurriak ezarriko dira eta haien aurrekontua zehaztuko da. Neurri horien artean, gutxienez, ingurunera egokitutako espezie belarkarak eta zurkarak ereinen dira, ohiko moduan edo ereite hidraulikoaren bidez.

–Espedientean jasoko da, orobat, Vianako Printzea Erakundeko Arkeologia Atalak eginiko txosten eguneratua, proiektuak eragina duen eremuan dauden aztarnategi arkeologikoei buruzkoa; izan ere, aurkeztutako txostena 2011koa da. Ustiatzearen diseinuak aintzat hartu beharko ditu txosten horren arabera kanpoan utzi beharreko eremuak.

Kultura eta Kirol Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak, 2022ko irailaren 13ko txostenean, jakinarazi du:

1. Nafarroako Arkeologia Inbentarioan dagoen informazioa berrikusita, aurreikusitako ustiatze-fronteak ezarriko diren eremuan aztarnategi arkeologiko hauek daude katalogatuta: El Villar IX (Murillo el Fruto 38) eta El Villar XI (Murillo el Fruto 40), biak ondare-babeseko 3. mailarekin. Haien kartografia fitxak gehitu dira, mugak ongi zehazteko.

2. Aipatutako babes maila kontuan izanda, aurreikusitako jarduera baimentzeko modukoa izan daiteke ondarearen ikuspegitik. Hala ere, ezin da baztertu arkeologia-ondareak kalteak izan ditzakeenik; hori dela eta, zenbait neurri zuzentzaile egin beharko dira ondare hori babesteko.

A. Aztarnategi arkeologikoak dauden eremuko ustiatze fasean, lanen jarraipen arkeologikoa eginen da. Horretarako, lanak behar bezala kontrolatzeko behar diren arkeologiako teknikariak egonen dira obran berean.

B. Azalean identifikatu ez diren egitura edo aztarna arkeologikoak agerian geratuz gero, mugatu eta balizatu eginen dira, kontrolik gabeko kalterik jasan ez dezaten. Aurkikuntza arkeologikoak Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari jakinaraziko zaizkio berehala (emaila: arqueologia@navarra.es), behar diren zuzenketa neurriak ezarri ahal izateko, besteak beste, ukitutako guneetan lanak aldi baterako geldiarazi, indusketa sistematikoa egin eta aurkikuntzen azterketa zientifikoa egiteko (analisi arkeometrikoak eta memoria barne). Aurkikuntza horien azken xedea Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimenaren zain geratuko da obra egiten jarraitzeko, zehazten diren moduan eta baldintzetan eta Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 20ko 14/2005 Foru Legearen 62. artikuluari jarraituz. Lurpetik ateratako egitura arkeologikoek Interes Kulturaleko Ondasunaren edo Inbentarioan jasotako Ondasunaren maila izanen balute, aurreikusitako ustiaketa bertan behera utziko da, eta lanen eraginez aldatutako ingurune fisikoa lehengoratu eginen da. Horrelakorik gertatuz gero, sustatzaileak ez du kalte-ordain gisa inolako diru-konpentsaziorik jasoko.

Neurri horiek guztiak arkeologo batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek gauzatuko ditu, proiektuko sustatzailearen kargura, legeak hala aginduta. Horien arduradunak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen administratiboa beharko du, urriaren 3ko 218/1986 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horrexek arautzen baititu Nafarroako Foru Komunitatean egin beharreko prospekzio eta indusketa arkeologikoak.

Ikuskapen lan horiek Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari dagozkio, eta, horretarako, obraren sustatzaileak idatziz jakinarazi beharko du, nahitaez eta behar den denboraz, egin beharreko lanen hasiera.

Iragarkiaren kodea: F2213639