222. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

983E/2022 EBAZPENA, urriaren 13koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena honi buruz: "Martzillako Udal Planaren aldaketa, El Campillo industrialdea handitzea". Martzillako Udala da sustatzailea.

Martzillako Udalak 2021eko abuztuaren 4an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurreko aldia ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2021eko 194. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 19koan.

Dokumentazio hori oinarri harturik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak txosten bat eman zuen 2022ko otsailaren 1ean, adieraziz, besteak beste, SI-11 sektore berriko hirigintza determinazioetan ingurumen integraziorako neurriak jasotzea.

Ondoren, 2022ko uztailaren 28an, Martzillako Udalak behin-behinean onetsi zuen. Agiri teknikoak atal hauek ditu: Memoria, 1. eranskina (Zaratari buruzko azterketa), 2. eranskina (Trafikoa areagotzeari buruzko azterketa), 3. eranskina (Ingurumen agiri estrategikoa), 4. eranskina (Herritarren parte-hartze plana) eta eranskina (Planoak).

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren xedea da El Campillo Industrialdea handitzea, honakoak gehituta: 6. poligonoko 79., 80., 82., 83., 130.etik 134.era bitartekoak eta 136. lurzatiak, ustiapen naturalerako balioa duen babestu beharreko lurzoru urbanizaezin (SEU) gisa sailkatuak, eta 6. poligonoko 41. lurzatia eta 135. lurzatiaren zati bat, hiri-lurzoru gisa sailkatuak; horiek denak industria-erabilerako lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta egonen dira aurrerantzean, eta SI-11 izeneko sektore berri batean bilduak. Sektoreak 4,64 hektareako azalera du, eta exekuzio unitate bakarra (UE-SI-11.1). Antolamendu xehatua du, dagokion birpartzelazio proiektuaren bidez garatuko dena.

Aldaketaren xedea Andotrans SXXI SLU enpresaren hedapen-beharrei erantzutea da. Enpresa horren ezaugarriak kontuan hartuta, proposatutako antolamenduak industria-lurzoruko bi eremu sortzen ditu sarbide nagusitik aurrera. Hegoaldean, 2 hektareako lurzati bakarra egonen da, Andotrans handitzeko; eta iparraldean, lurzati txikiagoak, nabe atxikietarako. Hilerriaren inguruan zuzkidura-espazio bat gordetzen da, 1.800 m²-koa, informazio grafikoaren arabera, eta 1.900 m²-koa, hirigintza-fitxaren arabera.

Jabari eta erabilera publikoko espazio libreak, 3.705 m²-ko azalera dutenak, barreiatuta egonen dira: batetik, industrialdearen mendebaldeko orientazioan muga gisa jarduten duten kokagune txikiak daude, eta, bestetik, hegoaldean, NA-6630arekiko paraleloan dagoen zerrenda bat (2.764 m²-koa), industria-eremu berrien eta errepidearen arteko iragazki lana beteko duena. Azalera horri gehitu behar zaio 8. sektoreko 8-5 unitateko berdegune-konpentsazioa, SI-11 sektorean sartzen baita, 1.114 m²-ko azalerarekin.

Industrialdea handitzeak nekazaritza-lurzorua eraldatzea dakar, eta bertan ez da identifikatzen ingurumen-garrantzia duen elementurik edo kokagunerik. Bestalde, dagoeneko urbanizatuta dagoen espazio baten jarraipena denez, industria-jarduera garatzeko sare eta azpiegitura egokiak ditu. Ingurumen-azterketa estrategikoak, 8. atalean, zenbait neurri prebentibo, murriztaile eta zuzentzaile jasotzen ditu, honako hauekin lotuta: energia-aurrezpena, soinu-kutsadura, hondakin-urak, ur-kontsumoa, azaleko eta lurpeko urak, arriskuen murrizketa, konektagarritasuna eta berdeguneen kudeaketa.

Ingurumen integraziorako neurri gisa, nabarmentzekoa da urbanizazio-araudian (D.2 atala) euri-uren ingurumen-inpaktua murrizteko irizpideak sartu direla. Alde horretatik, sektorea urbanizatzeko proiektuak drainatze jasangarriko hiri sistemak jasoko ditu, eta iragazgaiztea soilik behar-beharrezkoa duten eremuetara mugatuko du, baita aparkaleku-plazen artean zerrenda iragazleak eta lurzatien perimetro-hesietako drain iragazleak ezartzea ere.

Hala ere, ingurumen-agirian identifikatutako gainerako neurriak ez dira urbanizazio-proiektuari lotuta geratu. Izan ere, berdeguneak kudeatzeko neurriak (landare-espezieak behar bezala hautatzea, soropilaren azalera murriztea) Sektorearen hirigintza-fitxan sartuko dira, adierazitako helburua lortzeko berme gisa, hau da, espazio libreek ingurunearekiko iragazki gisa jardutea eta zuhaitz-eremu gisa eratzea.

Mugikortasunari dagokionez, egiaztatu da langileen %75 inguruk ibilgailuz egiten dituela joan-etorriak, eta oinez edo bizikletaz mugitzen diren langileen kopurua ere kontuan hartu behar dela. Horregatik, 2022ko otsailaren 1eko txostenean adierazitakoa errepikatu behar da, eta, mugikortasun jasangarriagoa bultzatzeko neurri gisa, ibilgailu partikularraren ordezko garraio ez-motorizatuak ere tokia izan beharko du aparkalekuetan.

Akustikaren ikuspegitik, SI-11 sektore berria b) motako eremu akustiko gisa sartuko da, hau da, industria-erabilerako lurzorua nagusi duen lurralde-sektore gisa.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proposamenaren ingurumen integrazioa hobetzeko asmoz, aldaketaren araudian txertatu beharreko baldintza batzuk ezartzen dituela.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumenaren gaineko ukipenik ez duela iritzita, ingurumen txosten estrategikoa egitea honi buruz: "Martzillako Udal Planaren aldaketa, El Campillo industrialdea handitzea". Martzillako Udala da sustatzailea.

2. Aldaketaren ingurumen integrazioa garatu beharko da 2. eranskinean jaso den Ingurumen agiri estrategikoaren 8. atalean azaldutako prebentzio neurriak betez. Horrek esan nahi du SI-11 sektorearen hirigintza-fitxan neurri hauek sartu beharko direla:

–Eremu libreen urbanizazio proiektua. Eremu horien helburua da zuhaizti gisa iragazki lana egitea da, eta bertan neurri hauek hartuko dira: espezie autoktonoak erabiltzea, soropilaren azalera murriztea, ur-eskakizun txikiagoak dituzten espezieak hautatzea.

–SI-11 sektorea b) motako eremu akustiko gisa sartuko da, hau da, industria-erabilerako lurzorua nagusi duen lurralde-sektore gisa.

–Aparkalekuen eremuan, ibilgailu pribatuaren ordezko modalitateen erabilera errazteko eta sustatzeko espazioak gordeko dira, hala nola bizikletak edo antzekoak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Hirigintza Atalari eta Martzillako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 13an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2213634