222. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

836/2022 EBAZPENA, urriaren 27koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez salbuespenezko neurriak hartzen baitira Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) laguntzetarako betekizun jakin batzuk betetzeari dagokionez, lehorteak eragindako egoera dela eta. Ardi- eta ahuntz-aziendari lotutako laguntza eta larreen aprobetxamendua Urbasa-Andian. 2022ko kanpaina.

ZIOEN AZALPENA

2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitarteko nekazaritza-urtean, Nafarroa osoa kontuan hartuta, % 88ko prezipitazioaren batez besteko balioa izan dugu, oso urte lehorra, beraz, serieko hamargarren lehorrena (1961-2022). Lehorte egoera hori Nekazaritza Zerbitzuaren txosten erantsian jasota dago.

Hori ikusita, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iritziz neurriak hartu behar dira lehenbailehen, lehortearen ondorioz konpromisoak eta betebeharrak bete ezin dituzten onuradunek zigorrik jaso ez dezaten.

Lehortea dela-eta nekazaritza-sektoreari laguntzeko presako neurriak hartzen dituen martxoaren 15eko 4/2022 Errege Lege-dekretuak 9. artikuluan jasotzen duenez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, ezinbesteko arrazoiei eta salbuespenezko inguruabarrei buruzko Europar Batasuneko xedapenak aplikatuz, irizpideak ezarriko ditu autonomia erkidegoetako agintaritza eskudunek, modu harmonizatuan, salbuespenez malgutu ahal izan ditzaten NPEren laguntzetarako betekizun, diruz lagungarri izateko baldintza eta konpromiso jakin batzuk, lehortearen ondorioz sortutako inguruabarrek eragozpen gehigarririk ekar ez dezaten laguntza horiek jasotzeko.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 Erregelamenduak, Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoak, 2.2 artikuluan xedatzen duenez, NPEaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari dagokienez, «ezinbesteko arrazoia» eta «salbuespenezko inguruabarrak» aintzat hartu ahal izanen dira, besteak beste, ustiapenari larriki eragin dion hondamendi natural larriaren kasuan.

Horri dagokionez, Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatuak, zeinaren bidez Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen baita (Kudeaketa eta Kontrol Sistema Integratuari, ordainketak ukatzeko edo kentzeko baldintzei eta zuzeneko ordainketei, landa-garapenerako laguntzari eta baldintzei aplikatu beharreko administrazio-zehapenei dagokienez), 4.1 artikuluan zuzeneko ordainketei dagokienez ezartzen duenez, onuradun batek ezin izan baditu bete onargarritasun-irizpideak edo bestelako betebeharrak ezinbesteko arrazoiengatik edo salbuespenezko inguruabarrengatik, eutsi eginen dio laguntza jasotzeko eskubideari, ezinbesteko arrazoia edo salbuespenezko egoera gertatu den unean onargarriak ziren azalerarengatik edo animaliengatik dagokiona.

Lehenik eta behin, beharrezkotzat jotzen da ugaltasun-koefizientea betetzetik salbuestea (0,6 arkume edo antxume, eme hautagarri eta urte bakoitzeko), bai eta esne-ekoizpenaren gutxieneko atalasea ere (80 litro ardi bakoitzeko, edo 200 litro ahuntz bakoitzeko). Atalase hori abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 71. eta 74. artikuluetan ezarrita dago (1075/2014 Errege Dekretua, 2015etik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak eta bestelako laguntza-araubideak aplikatzeari eta landa garapenerako ordainketak kudeatu eta kontrolatzeari buruzkoa).

Bestalde, lehorte egoerak Nafarroako larre iraunkorrei eragin die eta, bereziki, Urbasa eta Andia mendiei, zeinak Nafarroako Gobernuak kudeatzen baititu. Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da Ingurumeneko zuzendari nagusiaren apirilaren 21eko 50/2022 Ebazpenaren bidez esleitutako azaleren aprobetxamendu-baldintzak malgutzea, eta, horrenbestez, ez da beharrezkoa izanen 2022an egonaldia betetzea. Aipatutako ebazpenaren bidez, Urbasa eta Andia jabari publikoko mendietan larreen aprobetxamendua baimentzen da 2022ko kanpainarako.

Azken batean, kontuan hartuta lehortearen ondorio kaltegarriek egoera zailean jartzen dituztela abeltzaintza-ustiategiak, 2022ko kanpainarako salbuespen gisa ezartzen da Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) laguntzen ondorioetarako adierazitako betebeharretatik salbuestea, lehortea ezinbesteko arrazoitzat hartuta.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Adierazitakoarekin bat, Nekazaritza Zerbitzuaren proposamena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2022ko kanpainarako ardi- eta ahuntz-azienden ustiategiei lotutako laguntzaren eskaera aurkezten duten abeltzainak salbuestea 71. eta 74. artikuluetako 4. apartatuko b) letran ezarritako gutxieneko atalasea betetzetik, onargarritasun-baldintzak betetzen badituzte eta eme hautagarri bakoitzeko gutxieneko atalasera iritsi badira aurreko hiru kanpainetakoren batean.

2. Urbasa eta Andia mendietan behin-behineko azalera-esleipena duten abeltzainak salbuestea 2022ko kanpainan larreen aprobetxamendu betebeharretatik, zuzeneko laguntzak jasotzeko edo abere-kargak zehazteko.

3. Malgutasun neurriak behin-behinekoak eta ezinbesteko arrazoien ondoriozkoak izanen dira, eta 2022ko kanpainari soilik eraginen diote.

4. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

5. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Iruñean, 2022ko urriaren 27an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2214375