220. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1020E/2022 EBAZPENA, urriaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Oltza Zendeako Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzaile bati buruz (lurzoru urbanizaezina), Oltza Zendeako Udalak sustaturik.

Aldaketa 2022ko uztailaren 28an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2022ko 164. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 18koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren arrazoia da berariazko araudirik ez egotea energia berriztagarrien instalazioak (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo antzekoak) eta horien ebakuazio-azpiegiturak lurzoru urbanizaezinean ezartzeko dagoen ez ez dagoen bateragarritasunari buruz. Beraz, aldaketaren xedea da baso-lurzoruan eta nekazaritza- edo abeltzaintza-produktibitate handia eta ertaina duten lurzoruetan energia berriztagarriak lortzera bideratutako azalera handien ezarpena arautzea.

Proposamenak 138., 139., 140. eta 141. artikuluak aldatzea proposatzen du, lurzoru urbanizaezinaren, baso-lurzoruaren, nekazaritza-produktibitate handiko lurzoruaren eta nekazaritza- edo abeltzaintza-produktibitate ertaineko lurzoruaren azpikategoriei buruzkoak. Horrela, baso-lurzoruan, debekatzen dira halako instalazioak, kontuan hartuta lur horien ekologia-, ekoizpen-, turismo- eta jolas-funtzioak eta paisaia sortzeko funtzioak. Nekazaritza-produktibitate handiko lurzoruan, arrisku naturalengatiko babesa dela-eta, ez dira egokitzat jotzen, eta nekazaritza- edo abeltzaintza-produktibitate ertaineko lurzoruetan, berriz, lur horien ekoizpen-potentziala kontuan hartuta, ez dira egokitzat jotzen.

Salbuespen gisa planteatzen dira eraikin finkatuen estalkietan instalatzen direnak, udalerriaren barruan autokontsumorako iturri berriztagarrietatik datozen proiektuak, energia-komunitateek sustatuak, eta instalazio eolikoetarako prototipo-proiektuak, sorgailu bakarrekoak betiere.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da Oltza Zendeako Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzaile bati buruz (lurzoru urbanizaezina), Oltza Zendeako Udalak sustaturik, ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Oltza Zendeako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 19an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2213933