22. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 31 - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

3/2022 FORU AGINDUA, urtarrilaren 27koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baitira Osasuneko kontseilariaren azaroaren 24ko 60/2021 Foru Aginduan eta abenduaren 26ko 63/2021 Foru Aginduan ezarritako neurriak. 60/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak ezarri ziren, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta.

Osasuneko kontseilariak irailaren 29an emandako 35/2021 Foru Aginduaren bidez, indarrik gabe utzi ziren COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta hartu eta indarrean ziren berariazko neurrien ondoriozko murrizketak. Foru agindu horren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, baldin eta edozein arrazoi tarteko izanik ere, Nafarroako Foru Komunitatean aldatzen badira egoera epidemiologikoa eta pandemia orokorraren egungo joera, osasun agintaritzak egoki irizten dizkion osasun arloko prebentzio neurri berariazkoak ezartzen ahalko ditu osasun publikoa babesteko eta COVID-19agatiko kutsatzeak saihesteko. Horrelakoetan, bete beharko ditu indarrean diren osasun arloko arauetan ezarritako zuhurtasun eta proportzionaltasun printzipioak.

Geroago, Osasuneko kontseilariaren azaroaren 24ko 60/2021 Foru Agindua onetsi zen, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak ezarri baitziren, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta; bertan prebentziorako osasun gomendio batzuk onetsi ziren, bai eta ziurtagiri bat aurkeztu beharraren neurria ere, 12 urteko eta hortik gorako pertsonak lokal eta establezimendu hauetara sartzeko: diskoteken, dantzalekuen, eta ikuskizunetarako kafetegien lizentzia duten lokal eta establezimenduak, lizentzia berezia duten tabernak, 60 jankidetik gorako edukiera duten jatetxeak (unibertsitateetako jantokiak eta enpresako jantokiak izan ezik) eta 1.000 pertsonatik gorako edukiera izanik barneko guneetan egiten diren kultura arloko ekitaldi jendetsuak, jan-edanak eskaintzen direnean. Aipatutako agiriak, osasun zerbitzu publiko batek edo Osasun Departamentuak baimendutako zentro batek emandakoak, egiaztatu behar du haren titularrari eman zaiola COVID-19aren aurkako txertaketaren pauta osoa, baimendutako txertoren batean oinarritua (txertaketa ziurtagiria), titularrak COVID-19arekin lotutako proba diagnostiko negatibo bat duela, azken 72 orduetan egina RT–PCR proben kasuan eta azken 48 orduetan antigenoen testen kasuan (proba diagnostikoaren ziurtagiria), edo titularra COVID-19tik sendatu dela azken sei hilabeteetan, agintaritza eskudunak baliozkotu duen proba diagnostiko baten bidez lortutako emaitza positibo baten ondoren (sendatze ziurtagiria). Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak azaroaren 25eko 164/2021 Autoaren bidez.

Halaber, Osasuneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 1155/2021 Ebazpenaren bidez, osasun arloko prebentzio gomendio garrantzizkoak eman ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz. Gomendio horiek orokorrak ziren, sektore espezifikoei eta Eguberrietako ekitaldiei buruzkoak, eta beren helburua zen birus horrek Nafarroan duen transmisio komunitario handia minimizatzea eta osasun sistemaren egoera zaintzea, batez ere oinarrizko osasun-laguntzarena, osasun etxeena eta zainketa intentsiboetako unitateena, bai COVID-19ak dakarren eskaerengatik, bai COVID-19arekin zerikusirik ez duten beharrengatik; eta aldi berean, helburua zen, noski, gizartearen gehiengoak azken hilabeteetan egin duen ahaleginari esker lortutako suspertze sozial, emozional eta ekonomikoa ahalik eta gehien babestea.

Osasuneko kontseilariaren abenduaren 26ko 63/2021 Foru Aginduaren bidez, aurreko foru aginduetan hartutako neurriak indartu egin ziren. Izan ere, COVID-19 ziurtagiria eskatzeko beharra egoitza soziosanotarioetara zabaldu zen, baita beste espazio itxi batzuetara ere: jatetxeak (mahaikideen mugarik gabe), bingoak, joko eta apustu aretoak, jolas-aretoak, funtzio anitzeko espazioak, aterpetxeak, hotelak, kirol jarduerak edo gimnasioak, besteak beste. Espazio hauen ezaugarria da denak itxiak direla, eta bertan maskararen erabilera aski laxoa dela, maskara erabiltzea bateraezina delako bertan egiten den jarduerarekin (jan edo edan), edo kirol jarduerak egiten direlako. Horren ondorioz, toki horietan kutsatzeko arriskua handiagoa da. Era berean, jarduera jakin batzuk 01:00etatik 06:00etara ixtea ezarri zen, ostalaritza eta jatetxeen arloan murrizketak ezarri ziren, hala nola barran kontsumoa debekatzea, 10 jankideko gehieneko mahaiak, kultura, gizarte eta kirol ekitaldietan sukaldaritza debekatzea, eta Eguberrietako jardueretarako ekitaldi espezifikoei zegokienez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak nahitaezko txostena egin behar zuen, barnean 500 pertsonako muga edo kanpoan 1.000 pertsonako muga gainditzen baziren. Neurri horiek judizialki baimendu zituen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak abenduaren 28ko 190/2021 Autoaren bidez.

Unean uneko egoera epidemiologikoa eta asistentziala kontuan hartuta, Osasuneko kontseilariak urtarrilaren 11ko 2/2022 Foru Agindua eman zuen, zeinaren bidez urtarrilaren 31ra arte luzatu baitziren (egun hori barne) Osasuneko kontseilariaren azaroaren 24ko 60/2021 Foru Aginduan eta abenduaren 26ko 63/2021 Foru Aginduan ezarritako neurriak. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak urtarrilaren 12ko 3/2022 Autoaren bidez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak urtarrilaren 25eko datuekin argitaratutako txostenaren arabera, Nafarroa da 14 eta 7 egunetan metatutako hirugarren intzidentzia-tasa handiena duen autonomia-erkidegoa: 4.711 kasu eta 2.073 kasu 100.000 biztanleko, hurrenez hurren; bestalde, 14 egunetan metatutako intzidentziaren eta 7 egunetan metatutakoaren arteko ratioa 2,27koa da. Horrek esan nahi du beheranzko joera dagoela, nahiz eta intzidentziak oraindik ere oso handiak izan, arrisku-maila oso altutzat jotzen diren zenbatekoak baino ia bederatzi aldiz handiagoak baitira (500 eta 250 kasu 100.000 biztanleko).

14 eta 7 egunetan metatutako intzidentzia hori Estatu osoko batez bestekoa baino 1,5 aldiz handiagoa da (azken horrek antzeko ratioa du).

14 egunetan metatutako intzidentziari adin-taldeka erreparatzen bazaio, Nafarroak intzidentzia-maila handia du adin-talde guztietan. 80 urte eta gehiagoko pertsonen artean, esaterako, 3.315 kasu ditugu 100.000 biztanleko, agerraldiak izan baitira adinekoen egoitzetan (4 hilabete iragan dira jada oroitzapen-dosia jarri zitzaienetik).

Zirkulazio epidemikoa intentsitate- eta larritasun-maila oso handian izanik, eta beheranzko joera izanik, Nafarroa, oraindik ere, alerta-maila oso altuan dago (4. alerta-maila).

Bestalde, Osasun Ministerioak ezarritako txertatze-helburuak betetzen ari dira. Bere datuen arabera, urtarrilaren 24an, 12 urte edo gehiagokoen %91,7k hartu du txertoaren pauta osoa. Oroitzapen-dosiari dagokionez, honako hauei eman zaie: 70 urte eta gehiagokoen %93,6ri; 60 eta 69 urte bitartekoen %94,5i; 50 eta 59 urte bitartekoen %70i; Janssen-en txertoa jaso dutenen %82,7ri eta Astra Zenecaren pauta homologoa dutenen %88ri. 5 eta 11 urte bitartekoen %50,8k dagoeneko lehen dosia hartu dute. Oroitzapen-dosi horri esker gaixotasuna, harrapatzen bada ere, ez da larria izaten; baina dosi horrek ez du lortu transmisioa galaraztea denbora luzean. Horren ondorioz, infektatzea eta berriz infektatzea gero eta maizago gertatzen da adinez nagusien artean.

Orobat, txosten horretan adierazten den bezala, COVID-19ari aurre egiteak lan-karga handia dakar, diagnostikatu behar delako eta morbilitatea kalkulatu behar delako. Lan-karga horrek eremu guztiei eragiten die: osasun publikoa, oinarrizko osasun-laguntza, ospitaleak eta eremu soziosanitarioa. Horrek ekarri du lanak gainez egiten duen egoera bat, denboran luzatzen ari dena. Hori gutxi balitz bezala, intzidentzia-tasak, jaitsiz joan arren, hain handiak direnez, asko dira kutsatu diren langileak, baita osasun zentroetan eta zentro soziosanitarioetan ere. Jakina, kutsatutakoak aldi baterako ezintasun egoeran daude, astebete gutxienez, eta esan den bezala, asko dira egoera horretan daudenak. Horrek eragin handia du zentroen antolaketan eta funtzionamenduan, eta ondorio txarrak dauzka osasunerako oso kaltegarriak diren beste patologia batzuk dauzkaten erien arretan.

Testuinguru horretan, beharrezkotzat jotzen da pertsona kalteberenak babestea eta ezarritako neurriekin jarraitzea, jaitsiera hori egonkortu eta alerta-egoera baxuagoetara igaro arte.

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko kudeatzailearen txostenak adierazten duenez, azken bi asteetan beheranzko joera finkatuz joan da kasu berrien kopuruari eta larrialdietako jarduerari dagokienez. Azken astean, gutxitu egin da ospitaleratutakoen eta ZIUn sartutakoen kopurua. Oraindik ere oso handia da heriotzen kopurua, bai eta ospitaleetan eta ZIUn sartutakoena ere; gainera, ospitaleratutako gaixoen profilari dagokionez, pertsona kalteberak dira, eta ospitaleratze-egun gehiago behar izaten dituzte. Txosten horrek agerian uzten du ezen, omikron aldaera %100ean nagusitu den arren eta txertaketa-maila oso handia den arren, birusa oso hedatuta dagoela komunitatean, eta horrek koadro kliniko larriak garatzeko arriskurik handiena duten kolektiboei eragin diela. Bestalde, txostenak adierazten du tentsioa mantentzen dela osasun sisteman, omikron aldaerak eragin duen kasu kopuru handiaren ondorioz. Ospitaleratutako pertsonen kopuruak aurreko hiru olatuak gainditu ditu. Hori gutxi balitz ere, oso handia da kutsatu direlako isolatu behar izan duten osasun-langileen intzidentzia, bai eta SARS-CoV-2arekin kutsatutako seme-alabak zaintzeko baimena hartu behar izan dutenena ere.

Azkenik, olatua ahalik eta azkarren apaltzea gomendatzen du, osasun sistemaren ohiko jarduera berreskuratzeko. Horretarako, txostenaren arabera, beharrezkoa da txertaketaren eta prebentzio pertsonaleko eta komunitarioko neurrien arteko orekari eustea eta osasun sistema indartzea.

Bestalde, oinarrizko osasun-laguntzako txostenak adierazten duenez, kasu berrien kopurua murrizten hasi bada ere, oraindik ere presio asistentzial handia dago oinarrizko osasun-laguntzan, eta horri gehitu behar zaio langile asko bajan daudela.

Aurreko guztia kontuan hartuta, bidezkoa da gaur egun indarrean dauden neurriak behin-behinean luzatzea, baieztatutako kasuen kopuruaren beheranzko joera sendotzeko, xede izanik osasun publikoa babestea eta osasun sistemaren tentsioa arintzen laguntzea, bai ospitaleetan, bai oinarrizko osasun-laguntzan, eta ohiko osasun-jarduera, pandemiaren ondorioz atzeratu zena, berreskuratzea. Hori guztia erkidego mugakideekin neurriak koordinatzen saiatzeko egindako ituntze-prozesuaren esparruan.

Oinarrizko eskubideen murrizketa dakarren premiazko eta beharrezko neurri horiek ezartzeko arau-babesa osasun legeriak ematen du. Zehazki, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak eta Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak. Auzitegi Gorenaren 2021eko irailaren 14ko 1112/2021 epaiak, Administrazioarekiko Auzien Salaren 4. sekzioarenak, Galiziako Autonomia Erkidegoari buruz dioenaren arabera, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 3. artikuluaren edukia laburra bada ere, nahikoa da oinarrizko eskubideen murrizketaren bat dakarten osasun-neurriak arauen aldetik babesteko, nahiz eta murrizketa hori, kasu honetan den bezala, arina izan.

Azkenik, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako administrazioarekiko auzien salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta, betiere, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehenengoa.–Osasuneko kontseilariaren azaroaren 24ko 60/2021 Foru Aginduan ezarritako neurriak 2022ko otsailaren 14ra arte luzatzea (egun hori barne), bere horretan. Foru agindu horrek berariazko prebentzio neurri apartekoak ezarri zituen, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta (Osasuneko kontseilariaren abenduaren 27ko 63/2021 Foru Aginduak aldatu zuen).

Bigarrena.–Osasuneko kontseilariaren abenduaren 27ko 63/2021 Foru Aginduan ezarritako neurriak 2022ko otsailaren 14ra arte luzatzea (egun hori barne), bere horretan. Foru agindu horrek berariazko prebentzio neurri apartekoak ezarri zituen, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta (Osasuneko kontseilariaren urtarrilaren 11ko 2/2021 Foru Aginduaren bidez aldatu zen haren lehen apartatuko 2. puntua).

Hirugarrena.–Foru agindu honen bidez luzatzen diren neurriak otsailaren 1etik 14ra bitarte egonen dira indarrean, biak barne, eta unean uneko egoera epidemiologikoa zein den, aipatu neurriak luzatzen, aldatzen edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrena.–Foru agindu honek 2022ko otsailaren 1eko 00:00etan hartuko du indarra.

Bosgarrena.–Indarrean jarraituko du, foru agindu honetan ezarritakoaren aurka ez dagoen guztian, Osasuneko kontseilariaren irailaren 29ko 35/2021 Foru Aginduak, zeinaren bidez bertan behera uzten baitira COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta indarrean diren berariazko neurrien ondoriozko murrizketak.

Seigarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 27an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2201262