219. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

109/2022 FORU AGINDUA, urriaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak ixteko eta likidatzeko oinarri arautzaileak, 2022ko ekitaldirako, bai eta 2023ko ekitaldikoak irekitzeko arauak ere.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 123. artikuluak ezartzen duenez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokio erregelamendu ahalmena erabiltzea zehaztu daitezen kontuen eta kontabilitate publikoari buruzko gainerako agirien egitura, justifikazioa, tramitazioa eta kontu-ematea. Horren ondorioz, beharrezkoa da, aurreko urteetan bezala, onestea Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak ixteko eta likidatzeko arauak, 2022ko ekitaldirako, bai eta 2023ko ekitaldian irekitzeko arauak ere.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Onestea Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak ixteko eta likidatzeko arauak, 2022ko ekitaldirako, bai eta 2023ko ekitaldikoak irekitzeko arauak ere. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. artikulua. Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek eta erakunde autonomoek behar diren jarraibideak emanen dituzte foru agindu honetan xedatutakoa gauzatzeko eta betetzeko.

3. artikulua. Foru agindu hau eta eranskina igortzea Nafarroako Parlamentura, Kontuen Ganberara, Arartekoari, Nafarroako Kontseilura, departamentuetako idazkaritza tekniko nagusietara, erakunde autonomoetara, sozietate eta fundazio publikoetara, Kontu-hartzailetza Zerbitzu Nagusira, Kontabilitate Orokorraren eta Aurrekontuetakoaren Zerbitzura, Ekonomia eta Finantza Zerbitzura, Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzura eta kontu-hartzailetza delegatuetara, eta agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela, orok jakiteko eta aplikatzeko.

Iruñean, 2022ko urriaren 13an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

NAFARROAKO AURREKONTU OROKORRAK ETA BALANTZE KONTUAK IXTEKO ETA LIKIDATZEKO KONTABILITATE APLIKAZIOEN OINARRI ARAUTZAILEAK, 2022KO EKITALDIRAKO, BAI ETA 2023KO EKITALDIKOAK IREKITZEKO ARAUAK ERE

Arau hauen xedea da onestea Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak ixteko eta likidatzeko arauak, 2022ko ekitaldirako, bai eta 2023ko ekitaldian irekitzeko arauak ere.

1.–Gastuen aurrekontua.

1.1. 2022ko ekitaldiaren itxiera.

1.1.1. Aurrekontu aldaketak tramitatzeko epea.

2022ko azaroaren 18a izanen da aurrekontu aldaketen espedienteak Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusira igortzeko mugaeguna, edo, kasua bada, kontu-hartzaile delegatuari igortzekoa, salbu aldaketa horiek beharrezkoak badira COVID-19, MRR edo REACT-EU partiden kargurako gastuak egozteko edo jada egin diren gastuak aplikatzeko. Egun horren ondoren egiten diren era guztietako aldaketek beharko dute Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena.

1.1.2. Gastu konpromisoak tramitatzeko epea.

Abenduaren 9a izanen da hartu beharreko konpromisoak, obligazioen aitortzarik ez dakartenak, jasotzen dituzten kontabilitateko espediente berrien aurretiazko idatzoharrak egiteko azken eguna.

Epemuga horretatik kanpo geldituko dira honako gastu konpromiso hauek:

–Toki Entitateek Nafarroako Zergetan Parte Hartzeko Funtsean integratutako kapital transferentziak; horiek abenduaren 16ra arte tramitatzen ahalko dira.

–Dirulaguntzak ematekoak edo kontratuak adjudikatzekoak, baldin eta gastu baimena 2022ko urriaren 1a baino lehen behin betiko kontabilizatua badute.

–Aurretiazko tramitazioaren gastuak.

–Nafarroako Gobernuak baimendutakoak.

–COVID-19, MRR edo REACT-EU partidei aplikatzen ahal zaizkien gastuei dagozkienak, bai eta Ukrainiako gerragatik hartutako neurrietatik datozenak ere.

–Nafarroako Gobernuak data hori igarota Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiaren oniritzia jaso ondoren baimentzen dituenak.

1.1.3. Aurretiazko tramitazioaren gastuak.

Abenduaren 1a izanen da mugaeguna aurretiazko tramitazioko espedienteak Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzura igortzeko, balora ditzan, salbu eta MRR edo REACT-EU gastuei dagozkienak.

Ekitaldia bukatutakoan ebatzi ez diren gastu espedienteek bidezko diren jarduketei eutsiko diete tramitazioari segida emateko, hurrengo ekitaldiari egotzita.

1.1.4. 2022ko ekitaldiaren kargura aitortutako obligazioak.

1.1.4.1. Espedienteak tramitatzeko epeak.

Kudeaketa-zerbitzuek, beranduenez, 2022ko abenduaren 16an igorri behar dituzte, fiskalizazioa egiteko, ebazpen edo foru agindu bidez onesten diren obligazioak aitortzeko espedienteak. Epe hori abenduaren 24ra arte luzatuko da foru agindu honen 1.1.2 apartatuan ezarritako epe orokorretik kanpo gelditzen diren gastu konpromisoetatik eratorritako obligazioak aitortzeko espedienteen kasuan.

Ordaintzeko ebazpenik behar ez den fakturen kasuan, urtarrilaren 9a izanen da azken eguna sisteman 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen sartzen diren fakturen aurreko kontabilitatea egiteko eta dagozkien obligazioak aitortzeko kontabilitate agiriak kontu-hartzailetza delegatura igortzeko.

1.1.4.2. Obligazioak kontabilizatzeko epeak.

Aurrekontu gauzatzeari dagozkion agiri guztiek, edozein aurrekontu fasetakoek, sistema informatikoan erregistratuta egon beharko dute behin-behinekoz, 2022ko abenduaren 31 baino lehen, salbu eta dagozkienak nomina bidezko ordainketei, gastuaren sailkapen ekonomikoaren 16. eta 48. artikuluei (enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuotari dagokionez) eta apartatu honetako hurrengo paragrafoetan aipatutakoei. Egun horretatik aurrera ezin izanen da sortu obligazioen aitorpenerako kontabilitate espedienterik; dena dela, dagozkion akats zuzenketak egin ahal izanen dira, baita 1.1.4.1 apartatuan aipatzen diren fakturen aurreko kontabilizazioa ere.

Aurrekontuko sailkapen ekonomikoaren 16. eta 48. artikuluetako gastuek, enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuotari dagokionez, 2023ko urtarrilaren 9rako kontabilizatuta egon beharko dute.

Bestalde, 2023ko urtarrilaren 20rako kontabilizatuta egon beharko dute 2022. urteari dagozkion eragiketa guztiek, barne direla 2022ko ekitaldian aitortutako obligazioekin lotutako zuzenketa faktura negatiboak, betiere abenduaren 31 baino lehen jaso badira.

Aurrekontua gauzatzearekin loturiko idatzohar guztiak, edozein fasetan daudela ere, baldin ez badira obligazio aitortu gisa behin betiko kontabilizatu aurreko apartatuko epean, ezereztu eginen dira. Kasuan kasuko kontabilitate zentroei dagokie idatzohar horiek ezereztea, aurretiaz erregistratutako eragiketei dagokienez, eta 2023ko urtarrilaren 23a baino lehen ezereztuak beharko dute egon. Behin-behinekoz aitortutako obligazioak, puntu honetan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz baztertzen badira, 2023ko ekitaldiaren kargura egotziko dira, hala badagokio.

Arau hauen kariaz kontabilizatu diren obligazioen kargura, bidezkoak diren ordainketak egin daitezela agintzen ahalko da.

1.1.5. Justifikatu beharreko funts libratuak.

Abenduaren 20ko 385/93 Foru Dekretuak justifikatu beharreko funts libratuak arautzen ditu, eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren 172/94 Foru Aginduak aipatu foru dekretua garatu zuen. Halaber, 13/2007 Foru Legearen 56. artikuluak horiek arautu zituen berriro, eta indargabetu, hirugarren azken xedapenaren bidez, foru lege horretan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapenak oro.

Xedapen horietan ezarritakoa betetzeko, aurrekontuaren itxiera eragiketei dagokienez, honako arau hauek hartu beharko dira kontuan:

1.1.5.1. Kutxa finkoko aurrerakinak.

Kutxa finkoko aurrerakintzat jotzeak aukera ematen du aurrerakin hori ez itzultzeko eta emakida berri bat eskatzeko, ekitaldiaren itxieran eta irekieran. Dena dela, kutxa finkoko aurrerakinak kudeatu eta horien jarraipena egiteaz arduratzen diren organoek txosten bat eginen dute, bilduko duena funts horiek 2022ko abenduaren 31n duten egoera. Txostena dagokion organo arduradunak sinatuko du, eta Kontabilitate Zerbitzura igorriko da, 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen.

Aipatutako txostenak informazio eta euskarri hauek edukiko ditu:

a) 2022ko abenduaren 31n justifikatutako eta kontabilizatutako gastuaren zenbatekoa, data horretan aurrerakinaren kontu korrontera itzuli gabekoa. Dagozkion kontabilitate espedienteak adieraziko dira.

b) Igorri eta onuradunak kobratutako taloien zenbatekoa, 2022ko abenduaren 31n justifikatu gabe eta kontu korrontearen saldora itzuli gabe dagoena. Zenbateko horien eta hartzaileen zerrenda emanen da.

c) Kasuko justifikazioa aurkeztuta ere, onuradunek kobratu ez dituzten taloien zenbatekoa. Hirugarrenen, kontzeptuen eta zenbatekoen zerrenda emanen da.

1.1.5.2. Justifikatu beharreko ordainketa aginduak.

a) Ordainketa-agindu hauek jasotzen dituztenek justifikatu egin beharko dute hartutako diru-kopuruen aplikazioa eta, hala egin behar bada, Diruzaintzara itzuli erabili gabeko funtsak, 2022ko abenduaren 20a baino lehen (abenduaren 2. hamabostaldia). Ekitaldiko diruzaintza ixteko behar diren koadratzeak egin ahal izateko, abenduaren 20ko epea bete ezin izan duten erabili gabeko funtsen itzulketa ohiko hamabostalditik kanpo ingresatuko da, betiere abenduaren 31 baino lehen. Hori horrela izan dadin, justifikatu beharreko funts horien kudeaketaz eta segimenduaz arduratzen diren organoek behar diren neurriak hartu beharko dituzte hori betetzeko.

b) Justifikatu beharreko ordainketa aginduen kudeaketaz eta segimenduaz arduratzen diren organoek 2022ko abenduaren 31n funts horiek duten egoerari buruzko txostena egin beharko dute. Txostena dagokion organo arduradunak sinatuko du, eta Kontabilitate Zerbitzura igorriko da, 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen.

Aipatutako txostenak informazio eta euskarri hauek edukiko ditu:

–2022ko abenduaren 31n ordaindu eta justifikatutako gastuaren zenbatekoa, kontabilizatu gabekoa. Dagozkion fakturen eta zenbatekoen zerrenda emanen da.

–Luzatutako taloiak, baldin eta 2022ko abenduaren 31n justifikatu gabe badaude, onuradunak kobratuak izan zein ez, eta apartatu honen a) letran ezarritakoa gorabehera. Zenbateko horien eta hartzaileen zerrenda emanen da.

1.2. 2023ko ekitaldiaren irekiera.

1.2.1. Fakturen Erregistroko esleipen kodeak 2. eta 6. kapitulu ekonomikoak ez diren partidetan sortzeko gaikuntza.

Kontabilitate zentroek 2. eta 6. kapitulu ekonomikokoak ez diren aurrekontuko partidak dituztenean, horietan aplikatu behar badituzte Fakturen Erregistroaren bidez kudeatutako fakturazio-agiriak, komunikatuko diote Kontabilitate Zerbitzuari, 2023ko urtarrilaren 9a baino lehen, aukera izan behar dutela 2023ko ekitaldian hori egiteko, kontuan hartu gabe 2022ko ekitaldian aukera hori izan duten ala ez.

1.2.2. Lehendik dauden egoeren aurrekontu kontabilizazioa.

Ekitaldi berriko aurrekontu programa bakoitzean, eta gastuari hasiera eman aurretik, aurrekontu berriaren kargura finantzatu beharreko gastuei dagozkien aurrekontuaren gauzatze faseak kontabilizatuko dira. Faseak honako hauek dira:

–Kreditu erreserbak, bakarrik kreditua erreserbatzea nahitaezkoa duten kontratuei dagozkienak, baldin eta haietatik ekitaldia bukatutakoan prestazioa oraindik jaso gabe badago.

–Gastu konpromisoak, ixten den ekitaldiaren bukaeran indarra dutenak eta ekitaldi berriko aurrekontuaren kargura finantzatu behar direnak; konpromiso horiek lot dakizkieke, batetik, hasten den ekitaldian ordaindu beharreko urte anitzeko gastu konpromisoetako urteko sariei, edo, bestetik, ixten den aurrekontuan kontabilizatuta egon arren, ekitaldiaren bukaeran obligazioa aitortu gabe dutenei, betiere, azken kasu horretan, konpromisoaren titularra den hirugarrenak ekitaldi berrian eskatzerik baldin baditu aurreko ekitaldian kontabilizatutako konpromisoari dagozkion obligazioak.

–Dirulaguntzetarako nahiz kontratuetarako gastu baimenak, aurretiazko tramitazio egoerei dagozkienak. Baimen horiek aurreko bi faseetako mugimenduak kontabilizatu ondoren kontabilizatuko dira.

Egoera horiek kontabilizatuko dira PEP elementuen birprogramazioa, eranskin honen 3. apartatuan aipatutakoa, egin ondoren. Bidezko diren kontabilitate eragiketa guztiak eginik, Kontabilitate Zentro bakoitzeko arduradunak kontu-hartzaile delegatuari jakinaraziko dio, Kontu-hartze Orokorrean eskuratuko den inprimakia beteta.

Dirulaguntzen deialdiaren kodea agertuko da ekitaldi berriaren aurrekontuan erregistratzean emandako dirulaguntzei dagozkien gastu konpromiso ordaindu gabeak, ixten den aurrekontuaren kargurakoak izan beharko zutenak. Hala ere, erantzun gabeko aurrekontu konpromisoa jasorik baldin badago urte anitzeko dokumentu batean, eta ekitaldi berrian dokumentu horretako urteroko bat baldin badago, posible izanen da erantzun gabeko konpromisoaren zenbatekoari gehitzea urteroko berriaren zenbatekoa.

1.2.3. Aurrekontuaren gaitasun finantzarioaren bermea.

Aurrekontu berria aurreikusi diren konpromiso guztiak finantzatzeko gai dela bermatzeko, kontu-hartzailetzak ez du inolako gastu baimenik edo aurrekontuaren aldaketarik fiskalizatuko, baldin fiskalizazio horiek aurrekontuaren gaitasuna kaltetzen ahal badute, hala egun duen egituran, nola departamentuaren titularrak aurrekontuen kudeaketari buruz egin behar dituen ohiko operazioak egin ondoren, aurreko apartatuan aipatutakoari jarraikiz kontabilizatu behar diren eragiketa guztiei erantzuna emateari dagokionez. Eragiketa horiek erabaki berrien aurretik kontabilizatu behar dira lehentasunez. Hortaz, organo kudeatzaileak proposamen bat egiten duenean lehendik dauden egoerak behar den bezala kontabilizatu gabe gastu berriak baimentzeko, kontsideratuko da, eragozpen-oharren ondorioetarako, ez duela behar bezala ziurtatzen aurrekontuan dirurik badela.

2.–Diru-sarreren aurrekontua.

2.1. 2022ko ekitaldiaren itxiera.

2.1.1. Diru-sarreren esleipena.

13/2007 Foru Legearen 28. artikuluak xedatzen du aurrekontu-ekitaldiari egotziko zaizkiola ekitaldi horretan likidatutako eskubideak, kontuan hartu gabe zer alditan sortuak diren.

Horrekin bat, 2022ko diru-sarreren aurrekontuari aplikatuko zaizkio urte horretan aitortu diren eskubideak, nahiz eta kontabilizazioa 2023ko urtarrilaren 9a arte luza daitekeen.

2.1.2. Formalizaziotik datozen diru-sarrerak.

2023ko urtarrilaren 9rako, lan pertsonalaren etekinen eta ondasun higigarrien kapitalaren etekinen atxikipenengatik sortzen diren diru-sarrera guztiak aplikatu beharko zaizkie dagozkien partidei, bai eta, halakorik bada, formalizaziotik datozen gainerako diru-sarrerak ere.

2.2. 2023ko ekitaldiaren irekiera.

Kontabilitate zentroek egiaztatu beharko dute, 2022ko abenduaren 31 baino lehen, dagozkien eta ekitaldi berrian indarra izanen duten tributuz besteko diru-sarrera normalizatuen kontzeptu guztiek jasotzen dituztela ekitaldi berrirako aurreikusitako diru-sarreren aurrekontuko partidak.

Aurreko apartatuan ezarritakoa gertatzen ez bada, eta aurrekontu berriak indarra hartu ondotik, kasuko kontzeptuen bertsio berriak sortu beharko dira, eta diru-sarreren aurrekontuko partidak eguneratu.

3.–Gastuetarako proiektuak.

2023ko otsailaren 4rako, gastuetarako proiektuen kudeatzaileek proiektu horietako PEP elementuak berrantolatu beharko dituzte, izandako gauzatzearen eta 2022ko ekitaldiaren itxieran eskura dagoen informazioaren arabera, eta, halaber, proiektuen eta PEP elementuen 2022ko ekitaldia baliozkotuko da informazio sisteman; hori guztia, galarazi gabe batera finantzatutako jarduketei buruzko informazioa emateko baldintzek behartzen ahal dutela berrantolaketa hori adierazitako eguna baino lehen egitera.

4.–Balantze kontuak.

Kontabilitate itxierako eragiketa obligatuetan ezinbestekoa da ondare egoera azaltzeko aurkeztuko diren finantzen egoera orrien zehaztasuna bermatzea. Horregatik, egiaztapen batzuk egin eta dokumentatu behar dira, ziurtatzeko bat datozela balantzeko kontuak eta departamentuetan dauden erregistro lagungarriak. Koadratze hori egiaztatzeko, kontabilitate zentroek hurrengo apartatuetan aipatzen den informazioa eman beharko dute.

4.1. Ibilgetu materiala eta immateriala.

Ondare Zerbitzuak, Foru Komunitateko Ondareko Ondasun eta Eskubideen Inbentarioa prestatu eta eguneratzeko ardura duen aldetik, informazioa eman beharko dio Kontabilitate Zerbitzuari, 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen, ondasun higigarriei dagozkien eta aplikatzeko dauden bajei buruz. Era berean, data hori baino lehen, zerrenda bat bidaliko du Kontabilitate Zerbitzura, jasoko dituena etorkizunean etekin ekonomikoak edo zerbitzua emateko probabilitate handia duten aktibo immaterialetan egindako gastuak.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak txosten bat egin beharko du 2022ko ekitaldian "Nafarroako AHTko Korridorea" izeneko 2320601901cfna kontuan aktibatu beharreko gastuei buruz, bai eta aktibo horrek 2022ko abenduaren 31n duen balioari buruz ere. Txostena 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen igorriko da Kontabilitate Zerbitzura.

2023ko otsailaren 4a baino lehen, departamentuek dagozkien ondasun higiezinei esleituko dizkiete aplikatzeko dauden ibilgetu-kontuetako partida ireki guztiak (2399109999 "Aplikatzeko dauden lurrak", 2399119999 "Aplikatzeko dauden eraikuntzak" eta 2399139999 "Aplikatzeko dagoen ondare historikoa"), 2022ko aurrekontuan kontabilizatu gabe dauden fakturei dagozkien zenbatekoak izan ezik. Kontabilitate Zerbitzura txostena igorriko da, ordaintzeko dauden saldoak justifikatzeko.

4.2. Finantza inbertsio iraunkorrak (250, 251, 252,259, 260 eta 542 kontuak).

4.2.1. Ondare Zerbitzuak, 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko du Kontabilitate Zerbitzura 250 (Akzioak), 251 (Errenta finkoko baloreak) eta 259 (Akzioengatik ordaindu beharrekoak) kontuei dagozkien saldoen euskarri-txostena, 2022ko ekitaldian izandako aldaketen berri emanda eta adierazita aldaketa horiek aurrekontuak gauzatzean eraginik izan duten ala ez.

Txostenak, halaber, hauxe jasoko du:

a) Nafarroako Gobernuak eta haren erakunde autonomoek 2022ko abenduaren 31n dituzten akzioei buruzko informazio hau:

–Akzioen kopurua.

–Balio nominala.

–Partaidetzako sozietatearen kapitalean zer partaidetza portzentaje hartzen duten.

–Urtean egindako kapital handitze edo murrizteak, edo ekitaldiko aurrekontuan behar den aplikazioa eginez hasitakoak, eta horien tratamendua aurreko puntuetan emandako datuetan.

–Nafarroako Gobernuak erosi edo saldutako harpidetza eskubideak.

b) Aurreko informazioa kontuan hartuta, akzioengatik ordaindu beharrekoen eta emandako partaidetza maileguen egoeraren edo aplikazioaren zerrenda.

c) Aurreko apartatuetan aipatu gabeko edozein finantza aktibo eskuratu bada, horren gaineko informazioa.

d) Aipatutako tituluetako batzuek baloreen merkaturen batean kotizatzen badute, ekitaldiko azken hiruhilekoko batez besteko kotizazio ofiziala eta itxierako ekitaldiko abenduaren 31ko kotizazioa ere emanen dira.

Azkenik, 2023ko otsailaren 4a baino lehen igorri beharko du, akzioei dagokienez, 2022ko abenduaren 31n Nafarroako Gobernuaren edo haren erakunde autonomoen jabetzakoak diren sozietate pribatuen eta publikoen arabera, sozietatearen funts propioetan dagoen partaidetzaren kuantifikazioa, 2022ko abenduaren 31n, edo sozietatearen funts propioei buruzko informazioa, 2022. urteko ekitaldiaren urteko itxiera balantzean, eta sozietate bakoitzari dagozkion partaidetza portzentajeak.

4.2.2. Departamentu edo erakunde autonomoetako kontabilitate zentroek, baldin eta maileguak, epe luzerako aurrerakin itzulgarriak edo Nafarroako Ogasun Publikoaren beste kreditu batzuk eman badituzte (252 eta 260 kontuak ukitzen dituztenak), sistema informatikoan sartu beharko dute mailegu horietako bakoitzari buruzko informazioa, 2022ko abenduaren 31n eguneratuta. Departamentuek, 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren ziurtagiri edo txosten bat igorri beharko dute Kontabilitate Zerbitzura, egiaztatzen duena kontabilitate datuak bat datozela Departamentuan dauden administrazio espedienteetako hirugarrenen zerrendarekin (zerrenda ere aurkeztu behar da). Orobat, interesen edo printzipalaren ordainketan mugaegunetik gutxienez 90 eguneko atzerapena duten maileguak adieraziko dira, halakorik bada.

4.2.3. Kontabilitate zentroek, 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko dute Kontabilitate Zerbitzura 542 kontuetan dagoen saldoa berresten duen txostena. Zehazki, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak 542 kontuaren (Udal funtzionarioen Montepioko mailegua) euskarria igorri beharko du. Orobat, interesen edo printzipalaren ordainketan mugaegunetik gutxienez 90 eguneko atzerapena duten maileguak adieraziko dira, halakorik bada.

4.3. Izakinak (3. multzoko kontuak).

Izakinen inbentarioa duten departamentu edo erakunde autonomoek (NOZ eta NOPLOI) GE 21 sisteman agertzen diren izakinak erregularizatu beharko dituzte 2022ko abenduaren 31ko kontabilitate datarekin, abenduaren 31n benetan dauden izakinetara egokituz. Erregularizatu ondoren, kontu horiek ekitaldia ixtean dituzten saldoei buruzko datuak bidaliko dira Kontabilitate Zerbitzura 2023ko urtarrilaren 20a baino lehen.

4.4. Aurrekontuko hartzekodunak.

4.4.1. 2022. urtea baino lehenagoko gerakinen eta obligazio aitortuen ondoriozko hartzekodunak (T).

2022ko abenduaren 17a baino lehen, 2022a baino lehenagoko obligazio aitortuen ondoriozko hartzekodunak dituzten departamentuek edo erakunde autonomoek, obligazio horien ordainketa agindua oraindik tramitatu gabe badago, ezereztu beharrekoak ezereztuko dituzte (Gastuak gauzatzea/Espedienteak sortzea/Aurrekontuetako obligazioak kitatzea eta ezereztea ataletan bildutako eragiketen bitartez), eta 2022ko ekitaldiari egotzi, eta mantentzen diren gerakinen zerrenda Kontabilitate Zerbitzura igorri beharko dute. Horrekin batera, ekitaldia ixtean oraindik ere, denbora luzea pasatu arren, indarrean dauden obligazioei dagozkiela frogatzen duten agiriak igorri beharko dituzte.

4.4.2. Hartzekodun orokorrak eta/edo departamentukoak.

Kontabilitate zentroek 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko dute Kontabilitate Zerbitzura hartzekodun orokorrei eta departamentukoei dagozkien 2022ko abenduaren 31ko saldoen euskarri-txostena, kanpoko hirugarrenen araberako zerrenda batean. Txosten horretan ez dira kontuan hartuko kutxa finkoko aurrerakinei eta justifikatu beharreko ordainketei dagozkien hartzekodun orokorrak eta/edo departamentukoak, foru agindu honetako apartatu egokian bildutakoari jarraikiz beste txosten batean jorratzen baitira.

4.5. Aurrekontura aplikatzeko dauden aurrekontutik kanpoko hartzekodunak eta kobrantzen kudeaketaren ondoriozko aurrekontutik kanpoko hartzekodunak. (413 eta 419).

4.5.1. Fakturen kontabilitate erregistroa.

2023ko urtarrilaren 1a baino lehen sartutako faktura guztiek, atzera bota ez badira, dagokien isla izan beharko dute 413 kontuetan. Horretarako, 2022ko aurrekontuari aplikatu gabe geratu diren fakturek 2023ko urtarrilaren 20a baino lehen "esleitua" edo "baliozkotua" egoeran geratu beharko dute, esleipen-kodea 3000000026 bada. Egun hori igarota, kudeatzaileak atzera bota beharko ditu dagokien 413 kontuan ez dauden fakturak.

2022ko abenduaren 31n ezin izanen da gelditu 2022ko urriaren 1a baino lehenagoko erregistro sarrera duen fakturarik "esleitu" edo "baliozkotu" egoeran; lehenago igorriko dira kontabilitate zentroetara, kontabilizatzeko; bestela, atzera botako dira.

4.5.2. SAPeko MM moduluaren bidez kudeatzen diren 413000 kontuak.

2023ko urtarrilaren 20a baino lehen, Nafarroako Osasun Zerbitzuko eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Erosketak eta Biltegiak Kudeatzeko Sistemaren kudeatzaileek 413000 kontuen saldo hartzekodunetan egon litezkeen akatsak zuzenduko dituzte, eta horretarako, jasotako fakturei nahiz jasotzekoak diren fakturei lotzen ez zaizkien WS (zerbitzu sarrera) eta WE (salgaien sarrera) dokumentuak ezereztu eta 2022ko ekitaldiari egotziko dizkiote. Zuzenketa hori egin ondoren, Kontabilitate Zerbitzura igorriko dute, data hartarako, oraindik sisteman dauden eta faktura Kudeaketa Sisteman erregistratu gabe duten WS eta WE dokumentuen zerrenda (2022ko urriaren 1a baino lehenagokoak); halaber, salgaiak edo zerbitzuak jasotzen direnetik ordaintzeko batez besteko aldia eta aurrekontu egonkortasunaren araudiak aldi horri jartzen dion tartea igarota, dagokion faktura erregistratu gabe egoteko arrazoiak justifikatu beharko dituzte.

Halaber, eta 2023ko urtarrilaren 20a baino lehen, itxi gabeko material eskaera guztiak ekitaldi berrira ekarriko dituzte, eta, behar denean, batetik bestera aldatu behar ez direnak erregularizatu eginen dira. 2022ko ekitaldia ixtearekin, eskaerak 2023ra aldatzeko aukera blokeatuko da.

4.5.3. Dirulaguntzak justifikatzeko Extr@-tik kudeatzen diren 41300 kontuak.

Dirulaguntzak Extr@-ren bidez kudeatzen dituzten kudeatzaileek, tresna dirulaguntzen justifikazioak kontabilizatzeko erabiltzen badute, 2023ko urtarrilaren 20a baino lehen araztu beharko dituzte kontu horien saldoa osatzen duten apunteetan egon litezkeen akatsak. Kontu horiek berrikusi ondoren, Kontabilitate Orokorraren eta Aurrekontuetakoaren Zerbitzura igorriko dute saldo horien euskarri diren hirugarrenen zerrenda.

4.5.4. Zorren kobrantzen ondoriozko aurrekontutik kanpoko hartzekodunak (419 kontuak).

Gertatzen denean kontabilitate zentroek derrigorrezko diru-bilketa agentziara eskualdatzen dituztela kobrantza kudeaketaren ondoriozko aurrekontutik kanpoko zordunak, beste erakunde batzuei dagozkienak (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa-Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa, NILSA eta Konpentsazio Batzordea), orduan kontabilitate zentro horiek abenduaren 31ko saldoaren dagokien zatia jasan beharko dute 2023ko urtarrilaren 20a baino lehen, derrigorrezko diru-bilketa agentziara eskualdatu eta kobratzeko edo ezeztatzeko dauden zordunei dagokiena; informazio hori Kontabilitate Zerbitzura igorriko dute.

4.6. Hirugarrenentzako Kontabilitate Lagungarriaren kudeaketa esparruko hartzekodunak (420 kontuak eta 431 kontuetako saldo hartzekodunak).

HKLren (Hirugarrenentzako Kontabilitate Lagungarria) esparruan kudeatutako diru-sarreren itzulketaren ondoriozko hartzekodunen kontuei (420 kontuak eta 431 kontuetako saldo hartzekodunak) eta aplikatzeko dauden zerga kobrantzei (431 kontuetako saldo hartzekodunak) dagokienez, Diru-bilketa Zerbitzuak horiek ekitaldia ixten denean duten saldoei buruzko informazioa emanen du 2023ko urtarrilaren 20a baino lehen.

Halaber, Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoak aipatu den egunean igorriko du zerga unitateetan diru-sarrerak itzultzeko aurkeztu diren eskaeren zenbatekoa, zergen arabera banatuta, baldin eta abenduaren 31n diru-sarreren itzulketaren ondoriozko hartzekodun gisa erregistratzeke badaude kasuan kasuko zerga zordunen hartzekoan. 2023ko apirilaren 1a baino lehen eskaera horiei dagokien behin betiko informazioa eman beharko du, eskatzaileen benetako eskubideak aitortu ondoren, hala badagokie.

4.7. Zordunak. (43 eta 44 kontuak).

Kontabilitate zentroek 2023ko urtarrilaren 20a baino lehen sartu beharko dute sistema informatikoan ekitaldia ixtean kobratzeko dauden zor guztien gaineko informazio eguneratua, (4311) eta aurrekontutik kanpoko zordunei buruzkoa (4490).

4.7.1. 2022ko ekitaldiaren aurretik likidatutako eskubideen ondoriozko zordunak.

Data hori baino lehen, departamentu edo erakunde autonomoek zordunak badituzte, 2022ko ekitaldia ixtean aurreko urteetan likidatutako eskubideen ondoriozkoak, ezereztu eginen dituzte justifikatzen ez direnak (Gastuak gauzatzea/Espedienteak sortzea/Aurrekontuetako obligazioak kitatzea eta ezereztea ataletan bildutako eragiketen bitartez). Horrekin batera, Kontabilitate Zerbitzura igorriko dituzte mantentzen direnak, zorra hasi zeneko urtearen arabera ordenatuta eta, agirien bidez justifikatuta, denbora luzea pasatu arren, eskubide horiek ekitaldia ixtean indarra izanen dutela eta ez direla derrigorrezko diru-bilketa agentziara eskualdatu beharko.

4.7.2. Hirugarrenendako Kontabilitate Lagungarriaren kudeaketa esparruko zordunak.

HKLren (Hirugarrenendako Kontabilitate Lagungarria) kudeaketa esparruan kudeatzen diren zordunen kontuei dagokienez (431, 432, 435 eta 436), 2023ko urtarrilaren 20a baino lehen Diru-bilketa Zerbitzuak informazioa emanen du aurreko ekitaldietako (aurrekontu itxietako) zordunen eta haiek abenduaren 31n duten saldo zordunaren gainean ekitaldian egin den kudeaketari buruz.

Kontu horien gainean, eta egun berean, Diru-bilketa Zerbitzuak informazioa emanen du ekitaldian likidatu diren eskubideei dagozkien 2022ko abenduaren 31ko saldo zordunei buruz, aurreko paragrafoan bildutako informaziotik bereizita.

Aipatu kontuen saldoak bat etorriko dira aurreko bi paragrafoetan agertzen diren saldoen baturarekin.

4.7.3. Zordun orokorrak eta/edo departamentukoak.

Kontabilitate zentroek 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko dute Kontabilitate Zerbitzura zordun orokorrei eta/edo departamentukoei dagozkien abenduaren 31ko saldoen euskarri-txostena, kanpoko hirugarrenen araberako zerrenda batean.

4.7.4. Dirulaguntzen aurrerakinak jasotzeagatiko zordunak (447 kontuak).

Espedienteak kudeatzeko Extr@ tresnaren bidez kudeatutako dirulaguntzen aurrerakinei dagokienez, kontabilitate zentroek 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko dute Kontabilitate Zerbitzura txosten bat, jasotzen duena 447 kontuen euskarri diren hirugarrenen zerrenda, abenduaren 31ko datarekin.

4.8. Formalizatze kontuak eta aplikatzeko daudenak (554, 556, 585, 586 eta 589 kontuak).

Zor/kreditu konpentsazio edo barruko formalizazioen eragiketetan kontu multzo hau erabiltzen duten kontabilitate zentroek ziurtatu beharko dute, ekitaldi itxieran, saldoa zero dutela. Halaber, eta 5540001700 eta 5540200000 kontuei dagokienez, itxiera ekitaldiko mugimenduak konpentsatu beharko dira, 2022ko abenduaren 31n.

Epigrafe honetan aipatutako konturen batek saldoa zero ez badu, 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen igorriko da Kontabilitate Zerbitzura 2022ko abenduaren 31n duen saldoaren berri xehakatua.

Era berean, 5540001700, 5540200000, 5561000000, 5561000001, 5561000004, 5852000002 eta 5852000003 kontuei buruz, zeinak HKLren (Hirugarrenentzako Kontabilitate Lagungarria) esparruan kudeatzen baitira, dagozkien saldo zordunen eta hartzekodunen informazioa emanen da.

4.9. Epe laburreko fidantzak eta Hiri Jabetzaren Ganberako errentamenduen fidantzak (180 eta 560 kontuak).

Departamentuek edo erakunde autonomoek epe laburrera jasotako fidantzen ondoriozko hartzekodunak badituzte, 2022ko abenduaren 31 baino lehen ezereztuko dituzte bermea jada beharrezkoa ez duten fidantzak eta bost urtean bederen itzultzeko eskaerarik gabe egon direnak, eta 2022ko ekitaldiari egotziko dizkiote (Kontabilitate orokorra/Hirugarrenen kontabilizazioa/Aurrekontuz kanpoko obligazioak kitatzea eta ezereztea/Aurrekontuz kanpoko obligazioak kitatzea atalean bildutako eragiketen bitartez).

2023ko urtarrilaren 31 baino lehen, kontabilitate zentroek Idazkaritza Tekniko Nagusiaren txostena igorriko dute Kontabilitate Zerbitzura, agertuta 2022ko abenduaren 31n itzuli gabe dauden epe laburrera jasotako fidantzen zerrenda, fidantzak eratu zireneko urtearen arabera ordenatuta.

5.–Jasotako eta emandako abalen gaineko informazioa.

5.1. Emandako abalak.

Ondare Zerbitzuak, 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen igorriko ditu Kontabilitate Zerbitzura, gai hauek bilduko dituzten txostenak:

–Eratutako abalek abenduaren 31n dituzten saldoak eta 2022ko ekitaldian horietan izandako aldaketak.

–Emandako abalen saldo bizia, abenduaren 31n exekutatu ez baina kasuan kasuko finantza entitateari egin beharreko ordainketetan ez-ordaintze bat izan dutenena, behar diren hornidurak gauzatzeko.

5.2. Jasotako abalak.

Egun horretan berean, Diruzaintza Atalak abenduaren 31 arte jasotako abalen inguruko saldoen eta 2022an horietan izandako aldaketen txostena eginen du.

6.–Finantza-entitateetan dauden kontuak, kontabilitatean korrelaziorik ez dutenak.

6.1. Diruzaintza Atalean zentralizaturik ez dauden finantza-entitateetako kontuak, hau da, kontabilitatean korrelaziorik ez dutenak, kudeatzeko baimena duten arduradunek Nafarroako Gobernuko diruzaintza nagusian sartu beharko dituzte haien saldoak, dagokion ordainketa gutunaren bidez abenduaren 20a baino lehen (2022ko abenduaren 2. hamabostaldia) edo transferentziaren bidez abenduaren 31 baino lehen (hamabostalditik kanpo). Kutxa finkoko aurrerakinak eta justifikatu beharreko ordainketa aginduak salbuetsita daude, haien tratamendua 1.1.5 apartatuan biltzen baita.

6.2. Aurreko paragrafoan aipatu diru-sarrera bidezkoa ez denean eta, betiere, kontu horiek abenduaren 31n saldo positiboa edo negatiboa badute, arduradun baimenduek 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen igorri beharko dituzte Diruzaintza Atalera, kasuan kasuko idazkaritza nagusiaren bidez, kontu horiek abenduaren 31n duten saldoaren laburpena eta haren osaerari buruzko txostena.

6.3. Diruzaintza Atalak Nafarroako Gobernuak finantza-entitateetan kontabilitatean korrelaziorik gabe dituen kontuen zerrenda eginen du 2023ko otsailaren 4a baino lehen, 2022ko abenduaren 31n dituzten saldoak barne, sailkapen honekin: diru-bilketaren kontu bereziak, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeak kudeatzeko dituen kontuak eta kontabilitatean korrelaziorik ez duten bestelako kontuak.

7.–Sozietate eta fundazio publikoak.

7.1. Edukia.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 2. artikuluko f) eta g) apartatuetan aipatzen diren entitateen kontuetan bilduko dira balantzea, emaitzen kontua, ondare garbiaren aldaketen egoera orria, eskudiru fluxuen egoera orria eta memoria, azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Kontabilitate Plan Orokorrean adierazitako moduan eginak.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 128. eta 129. artikuluetan aipatzen diren dirulaguntzak eta beste transferentzia batzuk erakusten dituen egoera orrian, emandako kontabilitateko tratamendua aipatuko da, eta bereiz jasoko Estatuarenak, Foru Komunitatearenak, toki entitateenak eta Europar Batasunarenak; gainera, azken horiek zein funts edo finantza bitartekoren kargura jaso diren adieraziko da.

7.2. Igorri beharreko informazioa.

Sozietate eta fundazio publikoek Kontabilitate Zerbitzura 2023ko maiatzaren 6a baino lehen igorri beharko dituzte onetsitako kontuak, barnean direla Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 128. eta 129. artikuluetan aipatzen diren agiriak. PDF formatuan igorriko dira.

8.–Beste erakunde batzuk.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian aipatzen diren erakundeek xedapen horren 3. zenbakian adierazten den itzulketa egin beharko dute, dagozkien urteko kontuak onetsi eta hamabost eguneko epean.

Iragarkiaren kodea: F2213613