217. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MAÑERUIBARKO ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN BATASUNA

Deialdia, oposizio bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostu bat, lan-kontratudun finkoen araubidean

Mañeruibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko buruak, 2022ko urriaren 19ko 18. Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi du, bai eta haren oinarriak ere, oposizio bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua, lan-kontratudun finkoen araubidean, Mañeruibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren zerbitzura jarduteko, batasuna osatzen duten udaletan (Artazu, Zirauki, Girgillao eta Mañeru).

OINARRIAK

1. oinarria. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Mañeruibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostu bat betetzea, oposizio bidez eta lan-kontratudun finkoen araubidean, lanaldi osoan, batasuna osatzen duten udaletan jardun dezan (Artazu, Zirauki, Girgillao eta Mañeru).

1.2. Lanpostuak D mailako ordainsariak izanen ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean eta aplikatzekoa den lan-hitzarmenean ezarritakoaren arabera (Nafarroako Foru Komunitatearen zerbitzuko lan-kontratudunen hitzarmena); orobat, Mañeruibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren plantilla organikoan lanposturako ezarritako osagarriak jasoko ditu (1.5 zenbakia duen lanpostua). Lanposturako hautatzen den pertsonari, halaber, alta emanen zaio Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, eta afiliatu eginen da, behar izanez gero.

1.3. Ordutegia eta lanaldiaren araubidea izanen dira Mañeruibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunak zerbitzuaren beharrei erantzuteko ezarritakoak, eta behar horien arabera aldatzen ahalko dira.

1.4. Gainditutakoekin zerrenda bat osatuko da, lehenik, deialdiaren xede den lanpostu hutsa behin betiko betetzeko eta, bigarrenik, aldi baterako kontratazioak egiteko, sortzen diren beharrei erantzute aldera. Halakoetan, kontratazioak eginen dira hertsiki lotuz hautaprobak gainditu dituzten izangaien arteko puntuazio ordenari.

1.5. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaiak honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Mota anitzetako zerbitzuak, udal instalazioen mantentze-lanei eta lorezaintzari lotuak, bai eta agintzen zaizkion gisako beste batzuk ere, halako espezializaziorik behar izan gabe lanbidearen nolabaiteko ezagutza edo hartan nolabaiteko trebetasuna izatea behar dutenak: iturgintzako, elektrizitateko eta igeltserotzako obra txikiak, kimatzea, hiri altzariak paratu eta mantentzea, hondakinak bildu eta kaleak garbitzea, agertokiak muntatzea eta desmuntatzea eta hesiak eta gainerakoak paratzea festetan eta ekitaldi publikoetan, pintura, soldadura, jakinarazpenen banaketa, ibilgailuak eta makineria gidatzea, udal eraikinak prestatu eta egokitzea kirol eta kultura jardueretarako, instalazioak itxi eta mantentzea, hilerriko ehorzketak, eta beste batzuk, haren maila eta kategoriaren barnean agintzen zaizkionak.

–Udal-mugartea eta bide publikoen okupazioa zaintzea.

–Bide eta eremu publikoak egoera onean dauden begiratzea, bai eta udal eraikinak ere, eta behar diren mantentze-lanak eta/edo hobekuntza-lanak proposatzea.

–Eta, oro har, agintzen zaion udal arloko beste zernahi lan, haren mailaren eta kategoriaren barnean sartzen bada, betiere.

2. oinarria. Izangaien betebeharrak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta herritar horien ondorengoek eta –legez bananduta ez badaude– ezkontidearenek, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Adinez nagusia izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Lehen Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

f) B motako gidabaimena izatea.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozesuak eta kontratazioak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

3. oinarria. Eskaerak aurkeztea.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztuko dira Mañeruibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren Erregistro Orokorrean edo Erregistro Orokor Elektronikoan, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.2. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Mañeruibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko buruak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Mañeruibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren egoitza elektronikoan: https://sedeelectronica.valdemaneru.es.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartutakoen behin betiko zerrenda, eta ariketa egiteko eguna.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barnean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta akatsak zuzendu, halakorik egin badute.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondotik, Batasuneko buruak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Mañeruibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren egoitza elektronikoan.

Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria. Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Rubén Senosiáin Urbistondo, Mañeruibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko burua.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Javier Tainta Ugarte, Garesko Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–Epaimahaikide idazkaria: Mañeruibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko idazkaria.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren gorabehera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du, probak baloratzeko. Horiek beren espezialitate teknikoei dagokienez baizik ez dute aholku emanen, eta haietan bakarrik lagunduko diote epaimahaiari.

6. oinarria. Oposizioaldia nola eginen den.

Oposizioaldian ariketa bakarra eginen da, baztertzailea. Gehienez 100 puntu emanen dira, eta gainditzeko gutxienez 50 puntu eskuratu beharko dira. Bazterturik geldituko dira gutxieneko puntuazio hori lortzen ez dutenak.

Ariketa 100 galderako galde-sorta bat izanen da, eta galderek erantzuteko lau aukera izanen dituzte, bat bakarra izanik baliozkoa. Galderak eginen dira deialdiaren II. eranskineko gai-zerrendaren gainean.

Erantzun zuzen bakoitzak puntu bat emanen du, eta erantzun oker bakoitzak puntu heren bat kenduko du.

Oposizioaldiko probarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

Epaimahaiak erabakiko du proba egiteko zer denbora izanen den.

Ariketa bukatu eta hura zuzendutakoan, epaimahaiak argitara emanen du, Batasunaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan, ariketa gainditu duten izangaien behin-behineko zerrenda, behin-behinean lortutako kalifikazioekin, eta hamar eguneko epea hasiko da alegazioak aurkezteko. Epe hori iragan eta gero, aurkezturiko alegazioak ebatziko dira, eta ariketa gainditu dutenen behin betiko zerrenda argitaratuko da, puntuazioaren ordenan, Batasunaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan.

Izangairen batzuek puntuazio bera badute, zozketa eginen da berdinketa hausteko, Mañeruibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren egoitzan. Horretarako deialdia behar bezain goiz eginen da Batasunaren egoitza elektronikoan, berdinduta dauden izangaiei zitazioa eginda. Zozketa egiteko, alfabetoko letra guztiak dauzkan poltsa batetik haietako bat aterako da, eta berdinduta dauden izangaiak lehen deituraren araberako alfabeto-ordenan sailkatuko dira, atera den letratik hasita.

7. oinarria. Oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Epaimahaiak puntuazio handiena eskuratu duen izangaia izendatzeko proposamen loteslea eginen dio Batasuneko buruari. Proposamen hori argitara emanen da Mañeruibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan.

7.2. Izendapen proposamena argitara eman eta hamabost egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Batasunaren Erregistro Orokorrean:

–Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

–2.1.c) oinarrian eskatutako titulu akademikoaren kopia konpultsatua.

–B motako gidabaimenaren kopia.

–Zina edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta lanpostuari dagozkion betebeharrak zuzen beteko dituela.

–Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua izan ez dela dioena.

–Osasun-ziurtagiria, proposameneko lanpostuaren eginkizunetan egoki aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzen duena. Izangaiak minusbaliotasunen bat alegatzen badu, hura frogatzeko egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana, non azalduko baita deialdi honen xedeko lanpostuarekiko bateragarritasuna.

7.3. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, hautaturiko izangairen batek ez baditu aurkezten 7.2 oinarrian eskatzen diren agiriak, ezin izanen da izendatu eta, beraz, haren jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira, deusetan galarazi gabe deialdian parte hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiokeen erantzukizuna.

7.4. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, lanpostua beteko du 7.1 oinarrian aipaturiko gaindituen zerrendan ondo-ondotik datorren izangaiak. Harekin ere aurreko apartatuetan adierazitako moduan jokatuko da.

8. oinarria. Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

8.1. Hautapen prozesua burutu, eta proposaturiko izangaiak aurreko 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztutakoan, Batasuneko buruaren ebazpen baten bidez Mañeruibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko lan-kontratudun finko eta zerbitzu anitzetako enplegatu izendatuko da, horrek galarazi gabe bi hilabeteko probaldia egotea, bat etorriz lan arloan indarrean den legedi aplikagarriak ezarritakoarekin.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du, gehienez, lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita. Ezinbesteko kasuetan salbu, epe horretan ez bada jabetza hartzen, izendapenak dakartzan eskubide guztiak galduko ditu, 7.3 oinarrian ezarritako moduan eta ondorio berekin. Halakorik gertatzen bada, 7.4 oinarrian xedatuari jarraikiko zaio.

9. oinarria. Behin betiko zerrenda.

Proba teorikoa gainditu duten guztien behin betiko puntuazio-zerrenda aldi baterako kontrataziorako erabiltzen ahalko da, sortzen diren kontratazio beharrei erantzutearren.

10. oinarria. Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

–Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Mañeruibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuna da.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa den tratamendua, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, Batasunaren egoitzara joz.

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

11. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat jartzen ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Gainera, kalifikazio epaimahaiaren erabakien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Administrazio Zerbitzuen Batasuneko buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen denetik hasita.

Ziraukin, 2022ko urriaren 19an.–Batasuneko burua, Rubén Senosiáin Urbistondo.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Mañeruibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuna osatzen duten herriak: osaera, geografia, kale izendegia, toponimia eta oinarrizko ezagupenak.

2.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.

3.–Planoak irakurri eta interpretatzea, oinarrizko maila.

4.–Lorezaintzako oinarrizko ezagupenak.

5.–Igeltserotzako oinarrizko ezagupenak.

6.–Iturgintzako oinarrizko ezagupenak.

7.–Elektrizitateko oinarrizko ezagupenak.

8.–Zurgintzako oinarrizko ezagupenak.

9.–Muntaketaren eta desmuntaketaren gaineko oinarrizko ezagupenak (mekanika).

10.–Soldadurako oinarrizko ezagupenak.

11.–Lan-osasuneko eta lan-segurtasuneko oinarrizko arauak.

Iragarkiaren kodea: L2214046