217. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

OLTZA ZENDEA

Deialdia, hautaproben bidez eratzeko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat, berdintasunerako agentearen lanpostua betetzeko

Oltza Zendeako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2022ko urriaren 20an egin bilkuran, oinarriak onetsi zituen hautaproba bidez eratzeko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat, Oltza Zendeako Udalaren zerbitzuko berdintasunerako agentearen lanpostua betetzeko. Hona hemen oinarriak:

Lehena.–Arau orokorrak.

Deialdia egiten da hautaproben bidez eratzeko, oposizio-lehiaketaren prozedura baliatuz, izangaien zerrenda bat, berdintasunerako agentearen lanpostua betetzeko, administrazio-kontratuaren bidez, Oltza Zendeako Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

1.1. Lanpostuak B mailako lansariak izanen ditu, bai eta plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak ere, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruzko behin-behineko erregelamenduan (uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsia) eta Oltza Zendeako Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan.

1.2. Oro har, lanpostuan honako eginkizun hauek bete beharko dira, betiere bat etorriz ‘Udaletako berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea’ dokumentuarekin:

–Berdintasun Alorraren urteko lan plana diseinatzea, koordinatzea eta kudeatzea, bai eta horretatik eratorritako ekintza zehatzak ere.

–Adin guztietako gizarteko kideen artean ekitatearen eta berdintasunaren kultura hedatzeko ekintzak eta sareak garatzea.

–Ekintza positiboak definitzea, eta aholku eta laguntza ematea horiek gara eta gauza daitezen.

–Berdintasun Alorraren urteko plangintza ebaluatzea, hobekuntza arloak identifikatzea eta haietarako konponbideak sortzea.

–Dagokien erantzukizun esparrutik, aholkuak eta prestakuntza ematea beste interes talde batzuei (udal alorretako teknikariak, politikariak, emakumeen elkarte eta/edo elkarte feministak, erakundeak eta abar) berdintasun gaien inguruan, Berdintasunerako ordenantzan ezarritakoa betez.

–Berdintasun Alorrak egiten duen lanaren berri ematea eta hura ikusaraztea: gizarteko kideei, hezkuntzako eragile eta ikasleei, udaleko langileei eta interes-taldeei.

–Koordinazio kanalak irekitzea beste erakunde eta instituzio batzuekin eta berdintasun alorra duten beste toki-erakunde batzuekin.

–Udalaren parte-hartzea koordinatu eta erraztea berdintasunaren arloko programetan, hala udalerriaz gaindikoetan nola Europa mailakoetan, aurrekontuak eta baliabideak hobetzeko eta optimizatzeko.

–Genero-ikuspegia eta gizarte-jasangarritasunaren ikuspegia esku-hartze proiektu guztietan txerta dadin sustatzea, udaleko gainerako arlo teknikoekin eta gizarte-eragileekin lankidetzan.

–Genero-ikuspegia lantzea eta garatzea, gizarte-eragile nagusiekin (herritarrekin, kolektiboekin eta beste administrazio batzuekin) erlazionatuz eta mantenduz, erlazio hori dinamizatuz eta sareak sustatuz.

–Prozesuen dokumentazioa, alorreko espedienteen izapidetzea barne, hala nola programak, dirulaguntzak, lehiaketak, etab.

–Erakundeen adierazpen guztietan, diskriminaziorik gabeko hizkuntzaren erabilerari dagokionez, jarduteko protokoloak eta metodoak sortzea.

–Agintzen zaion beste eginkizun oro, lanpostuarekin lotura badu eta haren mailaren barnean badago.

1.3. Oinarri hartuta Oltza Zendeako, Etxauriko, Bidaurretako, Beraskoaingo eta Ollarango udalek –bai eta gerora atxiki daitezkeenek ere– sinatutako administrazioen arteko hitzarmena, bat etorriz udal bakoitzak ezartzen dituen programa eta jarraibideekin, eta jarraikiz Nafarroako Gobernuko Berdintasunerako Institutuak ezartzen duenari.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen zirkulazio askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako ezkontideek edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, parte har dezakete haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Honako hauen jabe izatea:

–Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, diplomadun, lizentziadun, edo gradudun titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

–Euskarazko C1 maila; dagokion titulua edo ziurtagiri ofiziala aurkeztu behar da hura frogatzeko. –Titulu edo ziurtagiri hori ez dutenek, euskaraz jakitea frogatzen ahalko dute proba bat gaindituz, eskatzen den hizkuntza-mailakoa. Interesdunek proba horretan parte hartzea eskatu beharko dute deialdirako eskabidea aurkeztean (I. eranskina).

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

f) Udaleko Diruzaintzan 12,00 euro sartzea, azterketarako eskubideak ordaintzeko.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazioa edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) apartatuan eskatzen den titulazio betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira, deialdi honen 3.3 apartatuan ezarritakoarekin bat.

2.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Oltza Zendeako Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dira (Angulo kalea 2, Ororbia, 31171, Nafarroa), 9:30etik 14:00etara, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez, 30 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematikoki aurkezten ahalko da, Oltza Zendeako Udalaren Erregistro Elektroniko Orokorrean. Erregistro hori Oltza Zendeako Udalaren egoitza elektronikoan dago (https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabidea eta beharrezkoak diren gainerako agiriak aurkezteko, Erregistro Elektroniko Orokorrean artxiboak eransteko ezarrita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke. Eskabidea aurkezten bada urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako beste erregistroren batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barnean, cendea@ayuntamientoolza.com helbide elektronikora igorriko da deialdian parte hartzeko eskabidea, adieraziz zer erregistrotan aurkeztu den dokumentazio osagarria. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, ziurtatu aurretik. Eskabideak aurkeztuko dira jarraikiz deialdi honen I. eranskineko ereduari.

Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak hautapen-prozesuan parte hartzeko. Oltza Zendeako Udalaren erregistro orokorrean eskuratuko da eskabidearen eredua; bestela, Interneten, www.ayuntamientoolza.com helbidean.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

3.2. Eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.

Eskabideari honako agiri hauek erantsiko zaizkio behar bezala bete ondotik:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

b) 2.1. oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.

c) Seigarren oinarrian ezarri diren merezimenduak frogatzen dituzten agiriak, lehiaketaldian baloratuko direnak.

d) Azterketarako eskubideen tasa ES26 2100 5174 8621 0004 8125 (CAIXA) kontuan ordaindu izanaren frogagiria edo tasa ordaintzetik salbuetsita egotearen frogagiria.

12,00 euro ordainduko dira.

Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

a) %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten pertsonak.

b) Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilean zenbatuta.

Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Interesdunaren adierazpen bidez frogatuko da ez duela lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik hilean. Udaleko Informazio Bulegoan jaso beharko da adierazpenaren eredua.

Azterketa egiteko eskubideen tasa ordaintzen ez bada edo, bestela, hura ordaintzetik salbuetsita egotearen frogagiria aurkezten ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Ez da azterketa eskubideen itzulketarik izanen baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, esaterako beharkizunak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.

e) Denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek epeak eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute ariketak egiterakoan, hala behar izanez gero. Kasu horietan eskaeran, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

Laugarrena.–Izangaien onarpena.

4.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Oltza Zendeako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Oltza Zendeako Udalaren egoitza elektronikoan eta web-orrian (www.ayuntamientoolza.com).

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.

Izangai baztertuek 5 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila, bakarrik, Oltza Zendeako Udalaren iragarki-taulan, egoitza elektronikoan eta web-orrian (www.ayuntamientoolza.com). Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere esku daukana azterturik, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek galduko dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

4.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako ondorioetarako (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Bosgarrena.–Lehiaketaldia.

Ondotik ematen den baremoaren arabera baloratuko ditu epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak. Hautapen prozesu honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean alegatu eta frogatu beharko dira merezimendu guztiak. Merezimenduen balorazioa eginda, jendaurrean jarriko dira emaitzak Oltza Zendeako Udalaren iragarki-taulan, egoitza elektronikoan eta web-orrian (www.ayuntamientoolza.com).

Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta gehienez puntuazio osoaren %30 izanen da. Honela baloratuko da:

5.1. Prestakuntza: 10 puntu gehienez.

– Unibertsitateko graduondoko ikasketa bukatuak, berdintasunerako agenteari buruzkoak. 2 puntu emanen dira 20 kredituko, eta 8 puntu gehienez. Ez da baloratuko 20 kreditu baino gutxiagoko ikasketarik. Gutxieneko prestakuntza hori gainditurik, 20 kreditutik beherako zatiei esleituko zaie dagokien puntuazio proportzionala.

–Berdintasunerako agentea izateko ikastaro burutuak, administrazio publikoek antolatutakoak. 0,25 puntu emanen da 10 orduko, eta 2 puntu gehienez. Ez da baloratuko 10 ordu baino gutxiagoko ikastarorik. Gutxieneko iraupen hori gainditurik, 10 ordutik beherako zatiei esleituko zaie dagokien puntuazio proportzionala.

5.2. Lanbide-esperientzia: 20 puntu gehienez.

–Administrazio publikoetan besteren kontura emandako zerbitzuak, administrazio-araubidean edo lan-araubidean, berdintasunerako teknikari (berdintasunerako agente) gisa B mailako eginkizunak betetzen: 2 puntu lan-urte bakoitzeko, eta 12 puntu gehienez.

–Hori frogatuko da kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunaren ziurtagiriaren bidez; hartan, berariaz agertu beharko da zerbitzu-ematearen iraupen osoa, zenbat egun izan diren zehaztuta. Zerbitzuak lanaldi partzialean ematen diren kasuetan, honako hauek ere adierazi beharko dira: a) edo eguneko, asteko, hilabeteko edo urteko ordu kopurua, eta emandako zerbitzuei dagokien urteko lanaldia; b) edo horiek ohiko lanaldiarekiko duten ehunekoa.

–Enpresa eta/edo erakunde pribatuetan besteren kontura emandako zerbitzuak, berdintasunerako teknikari (berdintasunerako agente) gisa B mailako eginkizunak betetzen, edo eginkizun baliokideak edo antzeko lan kategoriak: 1 puntu lan-urte bakoitzeko, eta 8 puntu gehienez.

–Hori egiaztatu beharko da lan-kontratuaren kopiarekin eta Gizarte Segurantzak emandako lan-bizitzaren ziurtagiriarekin.

Ohar komunak:

–Honako hauek hartzen dira administrazio publikotzat: Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia erkidegoetako administrazioak, Toki Administrazioa osatzen duten entitateak, eta aurrekoei loturik edo haien mendean dauden organismo publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.

–Tokiko merkataritza-sozietateetan edo araudian aurreikusitako zeharkako kudeaketa-moduetan emandako zerbitzuei dagokienez, enpresa eta entitate pribatuetan egindako zerbitzutzat joko dira.

–Aldi berean egindako zerbitzuak ez dira bi aldiz baloratuko.

–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio (kontuan hartuko den gutxieneko denbora hilabete oso bat izanen da).

–Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

–Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko zerbitzuak.

Seigarrena.–Oposizioaldia.

Oposizioaldia hasi baino lehen, euskara proba eginen dute eskaturiko jakite-maila agiri bidez frogatu ez duten izangaiek (C1 maila), betiere eskabidean adierazi badute proba egin nahi dutela. Proba horretan idatzizko ariketa eta ahozko ariketa eginen dira, eta horiekin zehaztuko da izangaia gai edo ez-gai den, eskaturiko hizkuntza-mailari dagokionez.

Gai deklaratzen ez direnek ezin izanen dute egin oposizioaldia. Proba honen emaitzak argitaratzean, gogorarazi eginen da proba teorikoa eta praktikoa egiteko eguna eta tokia.

Oposizioaldian bi proba eginen dira, bata teorikoa eta bestea teoriko-praktikoa. Biak ere baztertzaileak izanen dira.

6.1. Lehenbiziko proba: proba teorikoa.

Proba teoriko horretan test moduko 40 galderari erantzun beharko zaie, idatziz, ordubetean gehienez. Galderok izanen dira deialdi honen II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Galdera bakoitzak zenbait erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Proba hasi baino lehen zehaztuko dira proba baloratzeko irizpidea eta aukerako erantzunak dituzten galderetan egindako akatsen penalizazioa.

Ariketa horretan gehienez 40 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 20 puntu lortzen ez dituztenak.

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, bolaluma urdina edo beltza ez bada.

Epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu izangaien zerrenda eta lortutako kalifikazioak, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

6.2. Bigarren proba: proba teoriko-praktikoa.

Proba teoriko-praktiko horretan idatziz garatu eta ebatzi beharko dira epaimahaiak proposaturiko gai eta kasu praktikoak, II. eranskineko gai-zerrendari buruzkoak.

Epaimahaiak ezarriko du zer denbora izanen duten izangaiek proba egiteko, hura hasterakoan.

Ariketa ahoz eta publikoki azaldu eta defendatuko du izangai bakoitzak epaimahaiaren aurrean, zehazten den egunean (udalaren webgunean argitaratuko da), gehienez ere 20 minutuz. Epaimahaiak galderak egin ahal izanen ditu izangaiak egindako ariketari buruz, beste 10 minutuz.

Bigarren proba honetan gehienez 30 puntu lor daitezke. 30 puntu horietatik, 20 zati idatziari dagozkio eta 10 ahozko azalpenari. Idatzizko zatian gutxienez 10 puntu eta azalpenean gutxienez 5 puntu lortzen dutenek gaindituko dute proba.

6.3. Proba bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak Udalaren web-orrian paratuko ditu parte-hartzaileek lortutako puntuazioak, eta 7 egun naturaleko epea irekiko du, interesdunek erreklamazioak aurkez ditzaten eta beren eskubidearen alde komeni zaiena alega dezaten balorazioei buruz.

6.4. Bi probetarako, dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Baztertuta geldituko dira agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak.

6.5. Hautaprobak egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Zazpigarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Moisés Garjón Villanueva, Oltza Zendeako Udaleko alkatea.

Ordezko epaimahaiburua: M.ª Isabel Blanco Álvarez, Oltza Zendeako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Ariane Etxeberria Sampedro, Uharteko Udaleko berdintasunerako teknikaria.

Ordezko epaimahaikidea: Imelda Mañeru Viguria, Tafallako Udaleko berdintasunerako teknikaria.

Epaimahaikidea: Sara San Julian Caso, Antsoaingo Udaleko berdintasunerako teknikaria.

Ordezko epaimahaikidea: Ana Elcano Sesma, Erdialdea Garatzeko Partzuergoko berdintasunerako teknikaria.

Epaimahaikidea: sindikatu-ordezkaritzaren proposamenez izendatutakoa.

Ordezko epaimahaikidea: sindikatu-ordezkaritzaren proposamenez izendatutakoa.

Epaimahaikide idazkaria: Jon Ander Mendinueta Ochotorena, Oltza Zendeako Udaleko idazkaria.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Alberto Mauleon Goñi, Etxauriko Udaleko idazkaria.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, gertatzen direnean urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Halaber, zilegi izanen da epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horiek gertatzen direnean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdien oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren arazoak.

7.5. Epaimahaiak profesional adituen aholkua eskatzen ahalko du; beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haiexetan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaiari.

Zortzigarrena.–Gainditu dutenen zerrenda, izangai-zerrenda eta deia.

Proben kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du gaindituen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, Udalaren iragarki-taulan, egoitza elektronikoan eta webgunean (http://www.ayuntamientoolza.com).

Berdinketarik gertatuz gero, lehenengo proban puntuazio handiena lortu duten izangaien alde ebatziko da, eta, berdinketak jarraitzen badu, bigarren proban puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez ebatziko da.

Izangaien behin betiko zerrenda onartu aurretik, desgaitasuna dutela frogatu dutenei osasun azterketa eginen zaie, deitzen zaien hurrenkeran, lanpostu horretarako egokiak diren zehazteko.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Alkatetzaren ebazpen baten bidez izangaien zerrenda onetsiko da, puntuazio-ordenaren araberakoa, eta jendaurrean jarriko da Udalaren iragarki-taulan, egoitza elektronikoan eta webgunean: http://www.ayuntamientoolza.com.

9.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien honako zerrenda hauek sortuko dira, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:

a) Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.

9.2. Oltza Zendeako Udalean kontratatzeko izangaien zerrenda.

Hautapenerako epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Oltza Zendeako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onesteko bai probak gainditu dituzten izangaien zerrenda bai lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda; hori guztia, une bakoitzean indarra duten kudeaketa arauei jarraikiz. Zerrenda horiek Oltza Zendeako Udalaren iragarki-taulan emanen dira argitara.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: gainditu dutenendako, sarrerako hautapen-prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den bezala.

Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauek beteko dira: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), Udalaren indarreko akordioa edo hitzarmena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko 2. oinarrian eskatzen den titulazioaren gaineko baldintzak betetzen direlako frogagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, horretarako aurkeztuz jatorrizko agiriak edo kopia behar bezala konpultsatuak.

Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiak, deusetan ukatu gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

Zerrenden indarraldia: hurrengo deialdi publikoa egin arte.

9.3. Baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

9.4. Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Hautaprobak gainditzen dituztenak sartuko dira izangaien zerrendetan, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, aldi baterako betetzeko toki-erakundean hutsik gelditzen diren lanpostuak, edo izan daitezkeen beste behar batzuei erantzuteko.

Aldi baterako kontratatzeko prozesua arau hauen arabera kudeatuko da:

9.4.1. Izangaien zerrendak onesteko irizpide orokorrak.

9.4.1.1. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoa (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortzeari dagokionez. Aldi baterako kontratazioa eginen duen erakunde eskatzaileari dagokio kasuan kasuko zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak egiaztatzea.

9.4.2. Dei egiteko sistema.

9.4.2.1. Deiak egiteko arau orokorrak.

Langileak kontratatzeko beharrak betetzeko, izangaiei banakako deiak eginen zaizkie, kasuan kasuko zerrendako izangaien hurrenkeraren arabera eta kontuan hartuta lanpostuaren eskakizunak.

Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.

Kontratua eskaintzeko deiak izangaiek emandako zenbakietara eginen dira, zerrendako hurrenkerari jarraikiz. Deiaren emaitza jasoko da, hauetako bat adierazita: "interesatzen zaio", "ez zaio interesatzen", "ez du erantzun".

Betiere, azkar eginen dira banakako deiak, kontratazio premiak lehenbailehen bete daitezen. Bi egunean hiru dei, bederen, eginen dira kontratua eskaintzen zaion izangaiak emandako telefonora.

Lehenbiziko deian ezin bada izangaiarekin harremanetan jarri, SMS bat eta/edo posta elektroniko bat igorriko zaio horren berri emateko.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, eta horrela jokatuko da harik eta eskaintzen den lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Sei hilabeteko epean behin ere aurkitu ez den izangaia "ez deitzeko moduan" agertuko da zerrendan.

Kontratazioa presakoa bada (eta halakoa izanen da lanpostuan 24 orduko epean hasi behar denean) eta, aurreikuspenen arabera, kontratuaren iraupena 3 hilabetetik beherakoa, harekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenbiziko izangaiari eskainiko zaio, gorago ezarritakoa bete behar izan gabe.

9.4.2.2. Administrazio araubideko kontratazioa.

Aldi baterako langileak administrazio araubidean kontratatzeko, jarraituko zaio irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuan ezarritako araubide juridikoari. Dekretu horrek ezartzen ditu arauak Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko. Horretarako, deialdi honetan aurreikusitako dei-sistema aplikatuko da, irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren aurka ez doan guztian (foru dekretu horrek Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio-araubidean kontratatzeko arauak ezartzen ditu).

9.4.2.3. Araubide orokorraren salbuespenak.

a) Oltza Zendeako Udalarekin aldi baterako lotua dagoenak indarreko kontratuari uko egiten ahal dio baldin kontratua hobetzeko beste bat eskaintzen bazaio, betiere kontratatua dagoen eremu berekoa baldin bada, kasuan kasuko zerrendan badago eta kasu hau gertatzen bada:

–Kontratu labur bat izatea indarrean eta kontratu luze bat eskaintzen bazaio (kontratua laburtzat hartuko da baldin aurreikusitako iraupena gehienez 6 hilabetekoa bada, eta luzetzat hortik gorakoa bada).

b) Izangai bat jada lanpostu batean ari bada ordezte kontratu batekin, eta baldin kontratua bukatzen denetik 1 egun iragan baino lehen sortzen bada lanpostu bera aldi baterako betetzeko premia, kontratua izangai berari eskainiko zaio, baldin dei egiten zaion unean baldintza hauek betetzen badira:

–Dei egiten den unean indarran dagoen zerrenda batean egotea izangaia.

–Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

–Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea zerrendatik ateratzeko horietako bat.

c) Izangai batek lanaldi partzialeko kontratua daukanean, premia bat sortzen bada eta lanpostu hori betetzen ahal badu, berari eskainiko zaio premia hori lanaldiaren %100 bete arte, baldin kontratazio berriaren ondorioz hartu behar dituen ordu guztiak ordura arte esleituta zituenekin bateragarriak badira. Langile batzuek baldin badute lanaldi partzialeko kontratua, dagokionari eskainiko zaio, zorrotz jarraikiz aldi baterako kontratatzeko zerrenda indarduneko hurrenkerari.

9.4.2.4. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrenda horretako azken tokira pasatuko da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean, kasu horretan duen postuari eutsiko baitio:

–Lizentzia izatea amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik.

–Aldi baterako ezintasuna izatea.

–Lan-kontratu bat indarrean izatea.

–6 urte baino gutxiagoko alaba edo semea zaindu beharrean egotea. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Izangaia ezkondu berria izatea edota, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera pareko egoeran suertatzea (lege horrek hizpide du Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoa), baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

Kasu horietan izangaia "ez deitzeko moduan" agertuko da aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendan, harik eta izangaiak berak "deitzeko moduan" agertzea eskatzen duen arte, alegatutako inguruabarra desagertu delako. "Deitzeko moduan" dagoela adierazten duen unean agiri bidez eta modu sinesgarrian frogatu beharko du kontratua eskaini zitzaion unean alegatu zuen egoera.

9.4.2.5. Zerrendako azken tokira joatea.

Zerrendako azken tokira pasatuko dira honelako kasuren batean suertatzen direnak:

a) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu 8.2.4 apartatuan aurreikusitako kasuetan.

9.4.2.6. Zerrendetatik baztertzea.

Honako hauek izanen dira arrazoiak izangaiak baztertzeko dei egin zaien zerrendatik:

a) Kontratua probaldian hutsaldu izana zuzendaritzak txosten arrazoitua eman ondoren.

b) Lantokitik ateratzea bidezko arrazoirik izan gabe eta zuzendaritzari jakinarazi gabe.

c) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen ere kontratatutako langilea gauza ez izateagatik lanpostuko eginkizunak behar bezala betetzeko edo hartan egoki aritzeko, behar adinako errendimendurik eza nabarmentzen bada lanpostuko eginkizunak eraginkortasunez egiteko, edo lanpostuaren edukian gertatutako aldaketak direla medio, betiere interesdunari entzutea eman ondoan eta Langileen Batzordeak edo langileen delegatuek beren txostena egin ondoan.

Aldizka, Alkatetzaren ebazpen bidez, artikulu honetan ezarritako arrazoiengatik baztertutako izangaien zerrenda onetsiko da. Ebazpen hori argitaratuko da hitzarmena sinatu duten udalen web-orrian eta/edo egoitza elektronikoan.

Hamargarrena.–Datuen babesa.

Izangaiei jarraian azaltzen dena jakinarazten zaie, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EE) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua, (Datuak babesteko erregelamendu orokorra, DBEO). Hona hemen:

Oltza Zendeako Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua: kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa baita kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, eta DBEOren 6.1.c) artikulua: behar den tratamendua, nahitaezkoa dena tratamenduaren arduradunari aplikatzekoa zaion legezko betebehar bat betetzeko.

Datuak zein xedetarako bildu diren, halako xedea lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 19.2.f) artikuluarekin.

Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo webgunearen bitartez. Azken horretan informazio gehiago dago eskura (https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es).

Datuak Babesteko Ordezkariarekin ere jar daitezke harremanetan, dpd@ayuntamientoolza.com helbidean, eta erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

Hamaikagarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, aukeran, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bat etorriz uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin, zeinaren bidez arautzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, epaimahaia izendatu duen udal organo dei-egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

Oltza zendean, 2022ko urriaren 20an.–Alkatea, Moisés Garjón Villanueva.

I. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan onartua izateko eskabidea (DOC).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Atariko titulua "Xedapen orokorrak", I. titulua "Prozeduran interesdun direnak", II. titulua "Administrazio Publikoen jarduera", III. titulua "Administrazio egintzak".

2.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua "Nafarroako toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa"; III. titulua " Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea"; V. titulua "Jarduerak, zerbitzuak eta obrak"; VI. titulua "Kontratazioa"; VII. titulua "Nafarroako toki-erakundeen zerbitzuko langileak".

3.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua; I. titulua "Xedapen orokorrak".

4.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko titulua "Xedapen orokorrak"; I. titulua "Dirulaguntzak eman eta kudeatzeko prozedurak".

5.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa.

6.–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa.

7.–9/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa, Genero indarkeriaren aurkako Estatu Hitzarmena garatzeko premiazko neurriei buruzkoa.

8.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

9.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.

10.–8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzkoa.

11.–Genero berdintasuna Nafarroako toki-erakundeetan. Udalaren berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea.

12.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa: ekintza plana.

13.–Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean koordinatzeko Nafarroako erakunde arteko III. akordioa.

14.–Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean batera jarduteko protokoloa. Profesionalentzako gidaliburua. Nafarroako Berdintasunerako Institutua.

15.–Emakumeen aurkako indarkeria, jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak prestatzeko gida. Nafarroako Berdintasunerako Institutua.

16.–Oltza zendeako emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana. (2020ko 273. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 23koa).

17.–Oltza Zendeako Udalaren tokiko protokoloa, udalerriko espazio publikoetan eraso sexistak prebenitu eta artatzeko. (2021eko 277. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 10ekoa).

18.–Udal ordenantza, arautzen duena hizkuntzaren erabilera ez-sexista eta komunikazio inklusiboaren sustapena Oltza zendean. (2020ko 250. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 27koa).

19.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Oharra: gai guztiak bat etorriko dira deialdiaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediarekin.

Iragarkiaren kodea: L2214047