216. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

811/2022 EBAZPENA, urriaren 21ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira aldi baterako eta salbuespeneko laguntza bat emateko Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioek bereziki kaltetu dituzten abeltzaintzako ustiategietako titularrei Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) esparruan, eta 2022rako laguntzen deialdia onesten baita. DDBN identifikazioa: 655213.

Elikagaien ekoizpena eta hornidura funtsezko jarduera kritikoak dira, edozein egoeratan bermatu beharrekoak, herritarrei eskaini behar baitzaie produktuen iturri seguru eta nahikoak eskuratzeko aukera; izan ere, hori oinarrizkoa eta funtsezkoa da bizirauteko.

Batzordeak "Elikaduraren segurtasuna bermatzea eta elikaduraren sistemen erresilientzia indartzea" izeneko 2022ko martxoaren 23ko COM (2022) 133 dokumentuan aitortzen duenez, Errusiak 2022ko otsailaren 24an Ukraina inbaditzeari ekiteak are gehiago eta aurrekaririk gabe desegonkortu ditu nekazaritzaren merkatu ahulak; izan ere, merkatu horietan, ekoizleak lehendik ari ziren jasaten sargaien (energia, ongarriak, pentsuak...) kostuen igoera nabarmena, eta, kontsumitzaileak, berriz, elikagaien prezioaren igoera. Horrek agerian uzten zituen Europako sistemaren ahuleziak.

Elikagaien hornidura egonkorra oraingoz arriskuan jarri ez bada ere, gatazka belikoak are gehiago eta modu esanguratsuan areagotu ditu ustiategi mailako ekoizpen-kostuak, zeinak ez baitira konpentsatzen ari kontsumoaren prezio altuekin. Egoera horrek arazoak eragin dizkie nekazariei eta abeltzainei likidezian eta diruzaintza-fluxuan, eta arriskuan jartzen die jardueraren garapena eta jarraitutasuna.

Europar Batasunak, gerrak eragindako egoerari erantzuteko eta nekazaritzako elikagaien sektorean ekarri dituen ondorioei aurre egiteko, komenigarritzat jo du argitara ematea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2022ko ekainaren 29ko 2022/1033 (EB) Erregelamendua, neurri espezifiko bat onesten duena Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) esparruan aldi baterako eta salbuespeneko laguntza emateko.

Aurrekoaz gain, Nafarroak bero-boladak jasan ditu 2022ko udaberriaz geroztik, tenperatura anormalki altuekin, eta, hori dela kausa, zerealak (garia, garagarra, oloa...) ihartu eta uzta aurreratu eta murriztu egin da, bai kantitateari dagokionez, bai kalitateari dagokionez, %28 murriztu ere, aurreko kanpainarekin alderatuta, kalkulatu denez. Arrazoi beragatik, larre eta alhetako bazka-kargak beherakada nabarmena izan du, eta batez besteko kanpaina batekin alderatuta, kalkulatu da ekoizpena %30ekoa izan dela. Bi egoera horiek, baita Ukrainako gerrak merkatuan eragindako ale-eskasia eta arestian aipatutako kostuen igoera orokorra ere, lehen sektorearen zati baten egoera larriagotzen ari dira, oso modu desberdinean bada ere:

–Nekazaritzako produkzio-sektoreen kasuan (zerealak, lekadunak...), prezioen batez besteko igoera %18,9koa izan da 2022ko lehen bost hilabetean, baina abeltzaintza-sektoreek kontzeptu beragatik (esnea, haragia...) jasotzen dituzten prezioena, berriz, %6,0koa.

–Prezioak antzera igo dira bazka-laborantzan oinarritutako ustiategi estentsiboak dituzten abeltzainentzat eta nekazarientzat, modu berean igotzen ari baitira sargaiak (energia, ongarriak, haziak, etab.). Abeltzaintzako ustiategien kasuan, ordea, egoera makurragoa da; izan ere, aurrekoaz gain, elikagaien ekarpen handiagoak egin behar dizkiote aziendari, eta horien prezioa %21,4 igo da. Nekazaritzako ustiategiek ez dute horrelakorik jasaten.

Beraz, abeltzaintzako ustiategiak dira egoera txarrenean daudenak, batez ere estentsiboak eta behi-, ardi- eta ahuntz-azienden (haragitarako nahiz esnetarako) eta zaldi-azienden ekoizpen-orientazioak dituztenak: ohi baino bazka eta pentsu gehiago erosi behar izaten dituzte, prezio garestiekin, animaliak elikatzen jarraitu ahal izateko. Abeltzaintza mota horretarako, larrialdiko laguntza bat jarri behar da abian, jarduera mantendu eta garatu ahal izateko.

Abeltzaintza horrek, ez da ahaztu behar, modu eraginkorrean aprobetxatzen ditu lurraldeko baliabide naturalak, eta, oro har, egokituta dago kasuan kasuko ingurune naturalaren faktore mugatzaile eta ekologikoetara. Funtsean, kokatuta dago muga naturalak (klima, topografia, maldak...) dituzten eremuetan, eta benetako alternatiba da belar- eta zuhaixka-larreak zentzuz aprobetxatzeko laborantzarako oso egokiak ez diren eremuetan; bateragarria da natura-ingurunearen eta haren biodibertsitatearen kontserbazioarekin, eta, gainera, funtsezkoa da suteak prebenitzeko. Gainera, landa-eremuetan jarduera ekonomikoari eusten laguntzen du, biztanleria sendotuz, belaunaldi-erreleboa bultzatuz eta udalerri txikiak jasaten ari diren despopulazioa geldiaraziz.

Bestalde, 2022/1033 (EB) Erregelamenduaren arabera, beharrezkoa da klima-aldaketari eta ingurumen-erronkei heltzen jarraitzea, eta horretarako, konponbideak bilatu behar dira EBn elikadura-sistema jasangarri, erresiliente eta bidezkoetaranzko trantsizioa hobetzeko. Europar Batasunaren sostenguak ez du ekarri behar LGENFren ekarpenaren kuota orokorra murriztea, zeina erreserbatuta baitago 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 59.6 artikuluan jasotako Landa Garapenerako Programetako neurrietarako; beraz, nekazariei eta abeltzainei emandako laguntza, elikagaien segurtasunean laguntzeaz edo merkatuaren desorekak zuzentzeaz gain, honako helburu hauekin lotutako jardueretara bideratu behar da:

a) ekonomia zirkularra;

b) mantenugaien kudeaketa;

c) baliabideen erabilera eraginkorra;

d) ingurumena eta klima errespetatzen duten ekoizpen-metodoak.

Baldintza horiek betetzen dira neurri honen onuradun izan daitezkeenei eskatzen dielako baldintzak bete ditzatela eta gutxienez jarduera hauetako bat egin dezatela:

–Klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritza-jardunbideak, honako hauetan oinarrituta:

  • laboreen dibertsifikazioa,
  • dauden larre iraunkorrak mantentzea,
  • nekazaritzako azaleran interes ekologikoko azalerak izatea

–Ingurumenerako eta klimarako onuragarriak diren landa-garapeneko inbertsioak edo jarduerak, 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 59.6 artikuluan xedatutakoarekin bat:

–Inbertsioak egitea nekazaritzako ustiategietako aktibo fisikoetan, errendimendu orokorra eta jasangarritasuna hobetzeko.

  • Nekazaritza, ingurumena eta klima.
  • Nekazaritza ekologikoa.
  • Natura 2000 sarearen eta Uraren esparru zuzentarauaren babespeko ordainketak.
  • Muga naturalak edo bestelako muga berariazkoak dituzten eskualdeetarako laguntza.

Hain zuzen ere, lehen aipatutako abeltzaintza-orientazioak dira helburu horiek lortzen hobekien lagun dezaketenak eta kasuan kasuko jarduerak aurrera ez jarraitzeko arrisku handiena dutenak, 2022/1033 (EB) Erregelamenduak ezarritakoaren arabera. Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programa indardunean eskura dauden baliabideak ahalik eta modu eraginkorrenean erabiltzen direla bermatzeko, laguntza sektore horietan kontzentratzen da, horiek baitira kaltetuenak, irizpide objektibo eta ez-diskriminatzaileen arabera.

Bukatzeko, eta kontutan hartuta premiazkoa dela larrialdiko neurria aplikatzea, mekanismo arin bat hartu behar da laguntzak aurkezteko eta emateko, oinarri duena sinplifikazio administratiboa eta karga burokratikoen murrizketa, laguntzak jasotzen dituzten sektoreek ahalik eta datu gehigarri gutxien edo berariazko erantzukizunpeko adierazpen gutxien aurkeztu behar izan ditzaten. Eta administrazio kudeatzaileak azken informazioa kontrastatuta eta egiaztatuta izatea kanpainaren arintasunaren mesederako izanen da. Horregatik, informazio horrek oinarri izanen du, nagusiki, NPBren 2022ko laguntza-eskaera bakarrean deklaratutako informazioa, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuarekin bat etorriz (errege dekretu horrek ezarri zuen nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenen eta bestelako laguntza araubide batzuen aplikazioa, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere); horretaz gain, ingurumen-baldintzak bete beharko dira, eta horretarako, erantzukizunpeko adierazpen bat eskatuko da, eta, bertan, onuradunak jarduera bat edo batzuk garatzeko konpromisoa hartuko du 2022/1033 (EB) Erregelamenduan adierazitako helburuak lortzeko.

Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat etorriz, neurri berri honen bidez indartu gogo da Nafarroako abeltzainen eta haien ustiategien lehiakortasunaren hobekuntza, ziurtatuz landa-eremuan ehun sozioekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarria mantentzen dela eta despopulazioa saihestuz.

Salbuespeneko neurri horrek laguntzen die P2 lehentasunari (Ustiategien bideragarritasuna eta nekazaritza mota guztien lehiakortasuna hobetzea eskualde guztietan, eta nekazaritzako teknologia berritzaileak eta basoen kudeaketa jasangarria bulkatzea) eta FA.2A) landa garapeneko lehentasunezko eremuari –focus area– (Ustiategi guztien emaitza ekonomikoak hobetzea eta ustiategien berregituraketa eta modernizaziorako erraztasunak ematea, merkatura begirako orientazioa eta partaidetza hobetzeko asmoz, baita nekazaritzaren dibertsifikazioa ere).

Era berean, neurri berri honekin premia hauek asetzen dira: N04 (Nekazaritzako industriako eta basogintzako enpresen lehiakortasuna handitzea) eta N06 (Garapen sozioekonomiko orekatua eta jasangarria landa-eremuetan); bestalde, Europar Batasunak aurrekaririk gabeko egoera honi aurre egiteko hartutako gainerako neurri guztien osagarri da, eta, bereziki, merkatuei laguntzeko eta elikagaien segurtasuna bermatzeko neurrien osagarri.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea aldi baterako eta salbuespeneko laguntza bat emateko Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioek bereziki kaltetu dituzten abeltzaintzako ustiategietako titularrei Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) esparruan, eta 2022rako laguntzen deialdia onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan.

2. II. eranskina onestea, gardentasun betebeharrari buruzko eredua, bai eta erakundearen gobernu organoen osaerari eta kargudunen ordainsariei buruzko ereduak ere. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinetan daude jasota eredu horiek, eta hamargarren oinarrian ezarritako esteken bidez eskura daitezke.

3. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen dute, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.

4. Deialdi bat onestea aldi baterako eta salbuespeneko laguntza bat emateko behi-, ardi- eta ahuntz- eta zaldi azienden ustiategien titularrei.

5. 6.050.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2022ko ekitaldiko gastu orokorren aurrekontuetako "LGP LGENF 2014-2020. Ukrainako krisialdia. Abeltzaintzarako laguntza" izeneko 710004 71300 4700 412209 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko gastuei aurre egiteko.

6. Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak aplikatzeko, Europako Batzordeak M22 neurria onetsi beharko du ("Aldi baterako eta salbuespeneko laguntza, Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioek bereziki kaltetu dituzten nekazarientzat"). Beraz, laguntza hauek emateko, onetsi beharko da proposatutako aldaketa egitea Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020ko Programan, zeina 2022ko abenduaren 31ra arte luzatu baitu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko abenduaren 23ko 2020/2220 (EB) Erregelamenduaren 1.1 artikuluak (erregelamendu horren bidez, zenbait xedapen iragankor ezartzen ditu Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) eta Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) laguntzarako, 2021. eta 2022. urteetan).

Ildo beretik, Europako Batzordearen eskakizunei erantzuteko asmoz neurri horretan egiten den edozein aldaketak berekin ekarriko du ebazpen honetako laguntzari buruzko oinarri arautzaileak egokitzea.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

8. Dirulaguntzen deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

9. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko urriaren 21ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, aldi baterako eta salbuespeneko laguntza bat emateko Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioek bereziki kaltetu dituzten abeltzaintzako ustiategietako titularrei Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) esparruan

Lehenengo oinarria.–Neurriaren xedea eta aplikazio-eremua.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea da aldi baterako eta salbuespenezko laguntza bat ezartzea, honenbesteko prezioan, bat datorrena M22 neurriarekin ("Aldi baterako eta salbuespeneko laguntza Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioek bereziki kaltetu dituzten abeltzaintzako ustiategietako titularrentzat"), zeina sartuta baitago Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020ko Programan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 39. quarter artikuluaren esparruan (1305/2013 (EB) Erregelamendua, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko nekazaritzaren garapenerako laguntzari buruzkoa).

2. Abeltzaintzako ustiategien titularrei emanen zaie laguntza, baldin eta abeltzaintzaren ekoizpen primarioan aritzen badira.

Bigarren oinarria.–Neurriaren helburua.

1. Neurriaren xedea da larrialdiko laguntza ematea Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioek bereziki kaltetu dituzten abeltzaintzako ustiategietako titularrei, haien enpresa-jardueraren jarraitutasuna bermatzeko, baldin eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen badira.

2. Laguntza emanen da bat etorriz Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin, eta elikagaien segurtasuna eta merkatuaren oreka faboratuko ditu.

Hirugarren oinarria.–Onuradunak eta onargarritasun-baldintzak.

1. Behi-, ardi- eta ahuntz-azienden (haragitarako nahiz esnetarako) eta zaldi-azienden ustiategien titularrei emanen zaizkie laguntzak, baldin eta honako helburu hauetakoren batekin zerikusia duten jarduerak egiten badituzte: ekonomia zirkularra, mantenugaien kudeaketa, baliabideen erabilera eraginkorra edo ingurumena eta klima errespetatzen dituzten ekoizpen-metodoak.

2. Ebazpen honen xede diren laguntzak jaso ahal izateko, balidatutako abere-kopuruaren 5 AzLU izan beharko dira gutxienez laguntzaren eta ekoizpen-orientazioaren kategoria bakoitzean.

3. Honako hauek dira eskatzaileek laguntza-eskaera aurkezteko unean bete behar dituzten onargarritasun-baldintzak:

a) Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea laguntzaren deialdia argitaratzen den egunean. Ekoizpen-orientazioaren arabera:

–Haragi-ekoizpenaren kasuan, "Haragitarako ugalketa", "Ekoizpen mistorako ugalketa" edo "Gizentzea" motakoa izan beharko du.

–Esne-ekoizpenaren kasuan, "Esne-ekoizpenerako ugalketa" motakoa izan beharko du, "Ekoizpen mistorako ugalketa" motakoa edo "Gizentzea" motakoa, eta jarduera egiaztatu beharko da, 2022ko entregen adierazpenen bidez edo Esnekien Sektorearen Informazio Sistema Bateratuan (INFOLAC) egindako zuzeneko salmenten bidez.

b) 2022. urtean aurkeztu izana abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan aurreikusitako eskaera (errege dekretu horrek ezarri zuen nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenen eta bestelako laguntza araubide batzuen aplikazioa, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere), eta, gainera, eskaera horretan indarrean dagoen baldintzazkotasun-araubidea betetzea.

c) Behi-, ardi- eta ahuntz-azienden kasuan, 2022an laguntza eskatu izana eta dituzten animaliak hautagarriak izatea abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren IV. tituluko (Lotutako laguntzak) II. kapituluan (Abeltzainentzako laguntzak) jasotako laguntzetako bat jasotzeko:

–Behi ume-hazleak gobernatzen dituzten ustiategiei loturiko laguntza.

–Gizentzeko behiak gobernatzen dituzten ustiategiei loturiko laguntza, beste ustiategi batetik heldu diren aratxe gizenduak dituztenean.

–Esnetarako behiak gobernatzen dituzten ustiategiei loturiko laguntza.

–Ardiak gobernatzen dituzten ustiategiei loturiko laguntza.

–Ahuntzak gobernatzen dituzten ustiategiei loturiko laguntza.

–Esnetarako behiak gobernatzen dituzten ustiategiei loturiko laguntza, baldin 2014an eskubide bereziak gorde bazituzten eta oinarrizko ordainketarako eskubideak aktibatzeko hektarea onargarririk ez badute.

–Gizentzeko behiak gobernatzen dituzten ustiategiei loturiko laguntza, baldin 2014an eskubide bereziak gorde bazituzten eta oinarrizko ordainketarako eskubideak aktibatzeko hektarea onargarririk ez badute.

–Ardiak eta ahuntzak gobernatzen dituzten ustiategiei loturiko laguntza, baldin 2014an eskubide bereziak gorde bazituzten eta oinarrizko ordainketarako eskubideak aktibatzeko hektarea onargarririk ez badute.

Ustiategiaren titulartasuna aldatzen bada 2022ko NPBren laguntza-eskaera egiten denetik salbuespenezko laguntzaren deialdia egin bitartean, abere hautagarritzat hartuko dira ustiategiaren titularrak 2022ko maiatzaren 31n dituenak.

d) 2022an laguntza hauetakoren bat eskatu izana:

–2022ko NPBren laguntzen eskaera bakarrari dagokionez, klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritza-jardunbideetarako ordainketa (jardunbideak zehaztuta daude abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren III. tituluko II. kapituluan), honako hauetan oinarrituta:

  • laboreen dibertsifikazioa,
  • dauden larre iraunkorrak mantentzea, eta
  • nekazaritzako azaleran interes ekologikoko azalerak izatea.

Horretarako hautagarria izan ez bada oinarrizko ordainketarako eskubiderik ez izateagatik, ulertuko da baldintza hori betetzen dela 2022ko kanpainan baldintzapeko laguntzaren bat jaso bada.

–Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programari dagokionez, 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren artikulu hauetan aurreikusitako laguntzaren bat:

  • 17.1 artikuluko a) letra: Inbertsioak egitea nekazaritzako ustiategietako aktibo fisikoetan, errendimendu orokorra eta jasangarritasuna hobetzeko (M04.01 neurria).
  • 28. artikulua: Nekazaritza-ingurumena eta klima (M10 neurria).
  • 29. artikulua: Nekazaritza ekologikoa (M11 neurria).
  • 30. artikulua: Natura 2000 sarearen eta Uraren esparru zuzentarauaren babespeko ordainketak (M12 neurria).
  • 31. artikulua: Muga naturalak edo bestelako muga berariazkoak dituzten eskualdeetarako laguntza (M13 neurria).

Laugarren oinarria.–Laguntza mota eta zenbatekoa.

1. Laguntzaren izaera dirulaguntza bat da, honenbesteko prezioan. Neurria presazkoa eta salbuespenezkoa dela kontuan hartuta, ordainketa bakarrean pagatuko da, 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen, 2022ko abenduaren 31n beranduenez onartutako laguntza-eskaerak oinarri hartuta.

2. Laguntzen zenbatekoak onuradunen kategorien eta produkzio-orientazioaren arabera bereizten dira, irizpide objektiboetan eta ez-diskriminatzaileetan oinarrituta.

3. Honako hauek dira laguntza honen onuradunen kategoriak:

a) Esnetarako behien ustiategiak dituzten abeltzainak. Talde honetako AzLUak zenbatzeko, animalia hauek hartuko dira kontuan:

–Egun hauetan 24 hilabete baino gehiago dituzten abereen kopurua: 2022ko urtarrilaren 1a, otsailaren 1a, martxoaren 1a eta apirilaren 30a.

Laguntzak estratifikazio hau dauka:

ESTRATIFIKAZIOA (AzLU)

ZENBATEKOA
(eurotan)

5 AzLUtik 10 AzLUra

700,00

>10 AzLUtik 50 AzLUra

2.600,00

>50 AzLUtik 90 AzLUra

5.700,00

>90 AzLUtik 130 AzLUra

8.700,00

>130 AzLUtik 170 AzLUra

11.800,00

>170 AzLUtik 210 AzLUra

14.300,00

> 210 AzLU

15.000,00

b) Haragitarako behien eta/edo zaldien ustiategiak dituzten abeltzainak. Talde honetako AzLUak zenbatzeko, animalia hauek hartuko dira kontuan:

–Egun hauetan 6 hilabetetik 12ra bitarte dituzten behien kopurua: 2022ko urtarrilaren 1a, otsailaren 1a, martxoaren 1a eta apirilaren 30a.

–Egun hauetan 24 hilabete baino gehiago dituzten behien kopurua: 2022ko urtarrilaren 1a, otsailaren 1a, martxoaren 1a eta apirilaren 30a.

–Egun hauetan 6 hilabetetik 12ra bitarte dituzten zaldien kopurua: 2022ko urtarrilaren 1a, otsailaren 1a, martxoaren 1a eta apirilaren 30a.

–Egun hauetan 24 hilabete baino gehiago dituzten zaldien kopurua: 2022ko urtarrilaren 1a, otsailaren 1a, martxoaren 1a eta apirilaren 30a.

Laguntzak estratifikazio hau dauka:

ESTRATIFIKAZIOA (AzLU)

ZENBATEKOA
(eurotan)

5 AzLUtik 20 AzLUra

400,00

>20 AzLUtik 60 AzLUra

1.500,00

>60 AzLUtik 100 AzLUra

3.100,00

>100 AzLUtik 200 AzLUra

4.800,00

>200 AzLUtik 300 AzLUra

6.900,00

>300 AzLUtik 400 AzLUra

8.400,00

>400 AzLUtik 500 AzLUra

9.700,00

>500 AzLUtik 955 AzLUra

12.000,00

> 955 AzLU

15.000,00

c) Esnetarako ardi eta ahuntzen ustiategiak dituzten abeltzainak. Talde honetako AzLUak zenbatzeko, animalia hauek hartuko dira kontuan:

–Ugalketarako ardien eta/edo ahuntzen kopurua 2022ko urtarrilaren 1ean.

Laguntzak estratifikazio hau dauka:

ESTRATIFIKAZIOA (AzLU)

ZENBATEKOA
(eurotan)

5 AzLUtik 20 AzLUra

1.400,00

>20 AzLUtik 80 AzLUra

4.200,00

>80 AzLUtik 140 AzLUra

7.100,00

>140 AzLUtik 200 AzLUra

9.900,00

>200 AzLUtik 260 AzLUra

11.900,00

>260 AzLUtik 320 AzLUra

12.900,00

> 320 AzLU

15.000,00

d) Haragitarako ardien eta/edo ahuntzen ustiategiak dituzten abeltzainak. Talde honetako AzLUak zenbatzeko, animalia hauek hartuko dira kontuan:

–Ugalketarako ardien eta/edo ahuntzen kopurua 2022ko urtarrilaren 1ean.

Laguntzak estratifikazio hau dauka:

ESTRATIFIKAZIOA (AzLU)

ZENBATEKOA
(eurotan)

5 AzLUtik 20 AzLUra

500,00

>20 AzLUtik 40 AzLUra

1.400,00

>40 AzLUtik 80 AzLUra

3.000,00

>80 AzLUtik 160 AzLUra

5.000,00

>160 AzLUtik 300 AzLUra

7.400,00

>300 AzLUtik 400 AzLUra

9.500,00

>400 AzLUtik 500 AzLUra

10.600,00

>500 AzLUtik 690 AzLUra

12.700,00

> 690 AzLU

15.000,00

4. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 15.000 eurokoa izanen da onuradun bakoitzeko.

5. Hauxe da animalien eta AzLUen arteko lotura:

ABERE MOTA

AzLU

6 hilabetetik gorako zaldi-azienda eta 2 urtetik gorako behi-azienda

1,00

6 hilabetetik 2 urtera bitarteko behi-azienda (biak barne)

0,60

6 hilabetetik beherako behi-azienda

0,40

Ugalketarako ardi- eta ahuntz-azienda (emeak eta hazitarako abereak)

0,15

Onuradun bera baldin bada laguntza honen ondorioetarako balidatutako animaliak dituen ustiategi baten baino gehiagoren titularra, zein estratotan kokatuta dagoen zehazteko, Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako ustiategi guztien AzLUak batuko dira.

Hauxe da animalien eta AzLUen arteko lotura:

ABERE MOTA

AzLU

6 hilabetetik gorako zaldi-azienda eta 2 urtetik gorako behi-azienda

1,00

6 hilabetetik 2 urtera bitarteko behi-azienda (biak barne)

0,60

6 hilabetetik beherako behi-azienda

0,40

Ugalketarako ardi- eta ahuntz-azienda (emeak eta hazitarako abereak)

0,15

Bosgarren oinarria.–Laguntza-eskaerak.

1. Eskaera eginen da laguntzen eskaera bakarraren bidez, bat etorriz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak martxoaren 11n eman 32/2022 Foru Aginduarekin (haren bidez deialdi hau egiten da 2022ko kanpainarako: Eskaera bakarra, xede dituena nekazaritzarako eta abeltzaintzarako ordainketa zuzenak, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak finantzatuak, eta, orobat, xede dituena Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren laguntza batzuk, erreserba nazionalerako eskubide eskaerak, SIGPACen aldaketa egiteko eskaeren aurkezpena eta urteko jakinarazpena, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean inskriba dadin).

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, 2022ko abenduaren 1ean, onuradunen behin-behineko zerrenda argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan, laguntza honi dagokion fitxan: «Aldi baterako eta salbuespeneko laguntza, Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioek bereziki kaltetu dituzten abeltzaintzako ustiategietako titularrentzat, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) esparruan».

Onuradunek 5 eguneko epea izanen dute, behin-behineko onuradunen zerrenda hau argitaratzen denetik, laguntzari uko egiteko. Horretarako eredua ebazpen honen II. eranskinean dago (Uko egiteko eredua).

3. Onuradunek edo zerrendan agertzen ez diren interesdunek epe bera izanen dute akatsak, omisioak edo egoki iritzitako bestelako gorabeherak alegatzeko, eta, horretarako, kasuan kasuko agiriak aurkeztu beharko dituzte.

4. Laguntzari uko egiteak eta aurreko puntuko alegazioak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuari zuzenduko zaizkio; baliabide telematikoak erabiliz egin beharko da Erregistro Orokor Elektronikoan Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariaren bitartez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluaren arabera. Hala ere, eskatzailea pertsona fisiko bat bada, eskaera fisikoki ere aurkezten ahalko da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako edozein lekutan.

5. Epea igarota eta aurreko 2., 3. eta 4. puntuetan aipatutako alegazioak ebatzita, ebazpen honen zortzigarren oinarrian aurreikusitakoari jarraituko zaio.

Seigarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua eta irizpide objektiboak.

1.–Laguntza norgehiagokako prozedura erabiliz emanen da.

2.–Hautaketa- eta lehentasun-irizpideek puntuazio hau izanen dute:

2.1. Ustiapen nagusiaren mota: gehienez 40 puntu.

–Haragitarako ardi- eta ahuntz-azienda: 40 puntu.

–Haragitarako behi- eta zaldi-azienda: 30 puntu.

–Esnetarako ardi- eta ahuntz-azienda: 20 puntu.

–Esnetarako behi-azienda: 20 puntu.

2.2. Ustiategiaren kokapena: gehienez 30 puntu.

–Goi-mendia: 30 puntu.

–Mendia: 20 puntu.

–Eskualde behartsua: 10 puntu.

2.3. Ustiategiaren katalogazioa: gehienez 30 puntu.

–Pertsona juridikoa izanez gero, ustiategia lehentasunezkoa duten titularrak: 30 puntu

–Ogibide nagusia nekazaritza duten ustiategiaren titularrak, pertsona fisikoak izanez gero: 20 puntu

3.–Norgehiagokako araubideko tramitazioan, lehentasunak ezarriko dira eskaeren artean finkatutako hautaketa irizpideak aplikatuz, eta aipatu irizpideen arabera balorazio handiena lortzen duten eskaerei esleituko zaie dirulaguntza, deialdian erabilgarri dagoen kredituak ezarritako muga gainditu gabe.

4.–Espedienteen arteko puntuazioan berdinketa gertatuz gero, baliozkotutako AzLU gehienetik gutxienera ezarriko da espedienteen lehentasuna, ebazpen honen hirugarren oinarrian ezarri bezala.

5.–Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 30 puntu lortzea hautaketa eta lehentasun irizpideak aplikatuta.

Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Ulertuko da abeltzaintzako ustiategien titularrek laguntza-eskaera egina dutela, baldin eta bosgarren oinarriko 1. puntuan xedatutakoaren araberako laguntza-eskaera aurkeztu badute eta hirugarren oinarrian ezarritako onargarritasun-irizpideak betetzen badituzte. Abeltzaintza Zerbitzuak egiaztatuko du eskatzen diren beharkizunak betetzen ote diren, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.

2. Eskaerak ebaluatu eta gero, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpenaren proposamena egingo du. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak bete dituztela frogatzeko txostena aurkeztuko da. Ebazpen-proposamena egiteko unean, laguntza eskatzen duenak egunean izan beharko ditu Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

3. Dirulaguntzen gaineko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, arrazoiak emanda.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, ezetsitzat joko da eskaera.

5. Laguntzak ematerakoan, Abeltzaintza Zerbitzuak kontuan hartuko du laguntzarik eman den estatuaren, Europar Batasunaren edo araubide pribatuen beste laguntza-tresna batzuen bidez Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioei erantzuteko, helburua izanik finantzaketa bikoitzik edo diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen duen konpentsaziorik ez ematea.

Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.

1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte.

2. Onuradunek konpromiso hauek hartuko dituzte:

a) Hartutako laguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuan jasotzea, indarra duen araudiaren arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

b) Baimena ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egiaztatzeko 2022an beste dirulaguntza publiko batzuk lortu diren Errusiak Ukraina inbaditzeak eragindako krisiaren ondorioei erantzuteko.

c) Baimena ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari onuradunaren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egiaztatzeko.

d) Laguntza ongi eman dela eta ondorengo konpromisoa betetzen dela egiaztatzeko Administrazioak egin behar dituen kontrolak onartzea.

e) Kudeaketa organoari jarraipen eta ebaluaziorako adierazleak prestatzeko beharrezkoak diren datuak ematea.

Hamargarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako erakundeak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/9498732/Declaracion+transparencia_eus.pdf/223c2481-a0e1-4f9e-b34e-f3ded3a69fb0?t=1652089688241

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian erakundearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten erakunde onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera:

–Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Erakundeak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren erakundeen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713

Aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako erakundeak gardentasun betebeharrik ez badu ere, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Erakundeak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, erakundeak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hamaikagarren oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Neurria presazkoa eta salbuespenezkoa dela kontuan hartuta, ordainketa bakarrean pagatuko da, 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen, 2022ko abenduaren 31n beranduenez onartutako laguntza-eskaerak oinarri hartuta.

2. Dirulaguntza ordaindu aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatuko du laguntzaren onuradunak bete egin dituela bai dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak, bai gardentasun betebeharra.

Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

Laguntzen xedea bete dela justifikatzeko, administrazio-egiaztapenak eginen dira abeltzaintzako ustiategien erregistroko datu-baseetan, jarduera ekonomiko hori egiten jarraitzen dela egiaztatzeko.

Hamahirugarren oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, organo kudeatzaileak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarren oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da, Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoko fitxa garatzen duen araudian ezartzen denaren arabera.

2. Laguntza hauen onuradunen datuak honako arau honekin bat argitaratuko dira: Nekazaritzako politika bateratuaren finantzazioari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua, 111. artikulua.

3. Onuradunen datu pertsonalak erakunde nazionalek eta Europar Batasuneko erakundeek erabiltzen ahalko dituzte, administrazioen kudeaketa, kontrol eta ikuskaritzako nahiz jarraipen eta ebaluazio betebeharrekin zerikusia izanez gero, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 117. artikuluan xedatutakoarekin bat.

4. Ondorio horietarako, onuradunek datuen tratamenduari buruzko arauetan ezarritako eskubideak izanen dituzte, zehazki, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoak eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoak; izan ere, erregelamendu horren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko erregelamendu orokorra).

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Laguntzari uko egiteko eredua.

Deskargatu II. eranskina (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2214072