216. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

232E/2022 FORU AGINDUA, urriaren 21ekoa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, Aberingo Udal Planaren aldaketa behin betiko onesten duena, hirigintza arauen 124. eta 133. artikuluei dagokienez. Aldaketaren sustatzailea Aberingo Udala da.

Aberingo Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espediente horren xedea da Aberingo Udal Planaren hirigintza arauen 124. eta 133. artikuluak aldatzea, nekazaritzako biltegiak eraikitzeko eskakizunak murrizteko. Artikulu horiek nekazaritza eta abeltzaintza aldetik produktibitate ertaineko lurzoruaren babes araubideari eta lurzoru urbanizaezinean eraikuntza jarduerak eta erabilera egiteko baldintzei buruzkoak dira.

Ingurumen Eraginaren Atalak, 2022ko apirilaren 5eko txostenean, uste du aldaketa hori ez dagoela ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazio eremuan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Adierazitakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea Aberingo Udal Planaren aldaketa, hirigintza arauen 124. eta 133. artikuluei dagokienez. Aldaketaren sustatzailea Aberingo Udala da.

2. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrola onesteko egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Onetsitako hirigintza-araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau espedientearen sustatzaileari eta Ingurumen Eraginaren Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Aberingo Udalera igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza araudia argitara dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta, hala, onetsitako hirigintza tresnak indarra har dezan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 21ean.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2214080