215. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRURTZUN ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza, arautzen duena nola kudeatu gizarteratzeko eta/edo larrialdi sozialeko prozesuetarako laguntzak. Behin betiko onespena

Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, 2022ko maiatzaren 4an egindako bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa egin zedila Gizarteratzeko eta/edo larrialdi sozialeko prozesuetarako laguntzak arautzen dituen ordenantzan. Erabakia argitaratu zen 2022ko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 14koan.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta testu osoa argitaratzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Irurtzunen, 2022ko urriaren 7an.–Mankomunitateko burua, Eduardo Murugarren Francés.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA NOLA KUDEATU GIZARTERATZEKO ETA/EDO LARRIALDI SOZIALEKO PROZESUETARAKO LAGUNTZAK, IRURTZUN ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEARENAK

1.–Xedea eta helburua.

Ordenantza honen xedea da dirulaguntzak ematea Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko herrietako pertsonei nahiz familiei, baldin gabezia frogatuak badituzte ekonomiaren aldetik eta/edo gizarte eta osasunaren aldetik, eta zailtasun larriak badituzte estaltzearren gizarteratzeko oinarrizko beharrak. Horretarako, prestazio ekonomikoen bidez babesa emateko bitartekoak sortuko dira, osatuko dituztenak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak ematen dituen programen jardun profesionalak. Horien bidez, krisi egoeretan esku har daiteke, inguruabar horiek ez dezaten okerrera egin, edo ez daitezen kroniko bihurtu. Izaera berezia izanen dute, ez baitira aldian behingoak, baizik subsidiarioak, beste prestazioekiko.

Laguntza horien xedea da:

–Udalak, bere ardura soziala aintzat harturik, tresna espezifiko bat eskaintzea, zertarako eta arintzeko pobrezia endemikoa nahiz mementokoa jasaten dutenen egoera, bai eta beren kabuz baliatzeko gaitasun gutxi dutenena ere, tresna hori erabil dadin gainerako prestazio sozialen osagarri.

–Deserrotzea edo gizarte-bazterketa eragiten edo larritzen duten egoerak arintzea.

–Sostengua eta baliabide profesionala izatea, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak gizarteratzeko prestatzen dituen prozesuetan.

Familia-unitate bakoitzari ematen zaizkion gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak bateragarriak izanen dira beste prestazio ekonomiko batzuekin, baldin eta horien guztien batura ez bada estali nahi den beharra baino handiagoa, kontuan harturik 9. oinarriko a) eta c) apartatuetan adierazitako salbuespenak. Ezin dira dirulaguntza hauen kontura egotzi toki-erakundeek familia-unitateei oinarrizko beharrak asetzeko ematen dizkieten aurrerakinak, gero itzuli behar dituztenak, gizarteratze prozesuaren barrenean alderdiek adostutako akordioaren arabera.

2.–Definizioak.

1. Gizarteratzeko eta/edo larrialdi sozialeko prozesuetarako laguntza: ordainketa bakarreko prestazio ekonomiko bat da, familia-unitateei ematen zaiena, baldin baliabide ekonomiko aski ez badute gastu espezifikoei erantzuteko (arruntak edo bereziak), gizarte-bazterketako egoerak prebenitzeko edo halakoak saihesteko edo arintzeko.

Prestazioek honako ezaugarri hauek dituzte:

–Helburu zehatz baterako dira, hau da, zertarako ematen diren, hartarako bakarrik izanen dira.

–Pertsonalak eta besterenezinak dira, familia-unitate batentzat diren aldetik.

–Berehala tramitatzekoak dira: laguntzak ahalik eta azkarren jasotzeko moduan kudeatuko dira.

–Profesionalen jardunaren osagarri dira, hau da, neurri lagungarri bat dira, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak familia-unitatean esku hartzeko.

2. Bizikidetzako familia-unitatea: ordenantza honen ondorioetarako, bertan sartzen dira eskatzailea eta, hala badagokio, harekin bizi diren pertsona bat edo gehiago, elkartuta daudenak ezkontzaren bidez edo pareko afektibitate-harreman baten bidez, edo daukatenak bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuneko lotura edo lehen gradurainoko ezkontza-ahaidetasuneko lotura.

3. Familia-unitatearen baliabide ekonomikoak: familia-unitateari egozteko moduko diru-sarrerak eta ondarea (ondasun higigarriak eta ondasun higiezinak).

Familia-unitatearen diru-sarreratzat hartuko dira eskaera egiten denean unitateko edozein kidek dituenak, honako hauen bidez eskuratuak:

–Besteren konturako lan etekinak edo enpresa edo lanbide jardueren bidezkoak (zenbateko gordinak, behin kenduta Gizarte Segurantzako kotizazioak eta ordaindu dena eskubide pasiboengatik, nahitaezko mutualitateengatik eta antzekoengatik), prestazioak eta pentsioak, eta hilero jasotzen den beste edozein diru-sarrera.

–Ohiko bizilekutik aparteko ondasun higiezinek emandako etekin garbiak (alokairuak, errentak,...).

–Aurrezkiak.

3.–Aurrekontu-baliabideak.

Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen urteko aurrekontuetan ezarriko da helburu hauetarako zenbatekoa. Aurrekontuko partidak dirauen bitartean irekirik egonen da eskabideak aurkezteko epea.

4.–Prozedura.

Interesdunek eskabide sinatua aurkeztu beharko dute, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean. Ordenantzaren 8. artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da eskabidearekin batean.

Mankomunitatean kasua hartzen duen profesionala izanen da eskabideen prozedura irekitzeko organo eskuduna. Egokiak iruditzen zaizkion jarduketak eginen ditu, zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko ebazpen proposamena ekarriko duten datuak.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko profesionalen taldea izanen da ebazpena proposatzeko organo eskuduna, eta Mankomunitateko lehendakariari dagokio ebazpena sinatzea.

Gehienez 4 eguneko epean emanen da ebazpena, interesdunak bere beharra Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari komunikatzen dion egunetik.

Ebazpena eman ondoan, eta hura laguntza ematearen aldekoa bada, gehienez ere 2 egun baliodunean ordainduko da prestazio ekonomikoa, laguntza hauek berehalakoan ematekoak baitira. Laguntza emateko erabakia hartzen den egunean hasiko da epea zenbatzen.

Onartutako laguntzak aldi bakarrean nahiz zatikatuta ordaindu daitezke (aurretik alderdien artean adosturik, gizarteratze prozesuaren barnean).

Onartzen diren prestazio ekonomikoak gehienez hilabeteko epean justifikatuko ditu hartzaileak, laguntza ordaindu zen egunetik hasita.

5.–Familia-unitate onuradunek bete beharrekoak.

Gizarteratzeko eta/edo larrialdi sozialeko prozesuetarako laguntzak eska ditzakete honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek nahiz familia-unitateek:

1) Eskatzailea 18 urtetik gorakoa izatea, edo adingabe emantzipatua, bere ardurapean adingabeak dituena.

2) Erroldaturik egon behar du Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko herri batean, gutxienez eskabidea aurkeztu baino hiru hilabete lehenagotik.

3) Eskaera egiten denean, familia-unitateko kide guztien hileroko diru-sarrerak eta ondasun higigarriak ezin dira izan handiagoak hileroko errenta bermatua halako bi baino, hau da, eskatzailearen familiaren osaerari egokituko litzaiokeen hileroko errenta bermatua halako bi baino.

4) Familia-unitateko kide guztien ondasun higiezinen katastro-balioa, ohiko bizilekua kenduta, ezin da izan handiagoa kide bateko familia-unitateentzako urtebeteko errenta bermatua halako hamar baino.

5) Gastu zehatzei aurre egiteko zailtasunak izatea, eta gastu horiek ordaintzea beharrezkoa izatea gizarte-bazterketako egoerak prebenitzeko edo halakoak saihestu edo arintzeko.

6) Ez da larrialdiko laguntzarik emanen baldin eskatzaileak edo haren familia-unitateak zorrik badu Mankomunitatearekin.

Aipatutako betebeharrak bete direla frogatuko da ordenantzaren 8. puntuan azaldutako agirien bidez.

Salbuespenez, eta kasua hartu duen Mankomunitateko profesionalak balorazio txostena eman ondoren, kontuan har daitezke oinarri hauetan bildutako baldintza bat edo batzuk betetzen ez dituzten espedienteak, salbu Mankomunitateko herri batean erroldatua egotearena.

6.–Aplikazio-eremua.

Laguntza hauek puntualak eta subsidiarioak dira, ez dira aldian behingoak eta bai aldiz borondatearen araberakoak. Urte berean, kontzeptu beragatik laguntza bat baino gehiago tramitatzen bada, guztizko zenbatekoak ez ditu gaindituko oinarri hauen 9. puntuan jasotako muga ekonomikoak.

7.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera gauzatzeko lortzen diren beste batzuekin, horiek jasota beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.

8.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Eskabidea beterik, Mankomunitateak emanen duen eredu normalizatuarekin bat.

b) Eskatzailearen nortasun agiri nazionala, edo atzerritarren identifikazio zenbakia, edo pasaportea, eta, hala behar denean, haren izenean ari den ordezkariarena.

c) Bizikidetza ziurtagiria (gehienez 3 hilabeteko antzinatasuna).

d) Eskatu aurreko 6 hilabetean bizikidetza-unitateak izan dituen diru-sarrera guztien frogagiriak, edo, bestela, familia-unitatearen diru-sarrerei buruzko zinpeko deklarazioa:

–Nominak.

–Pentsioen ziurtagiria.

–Errentamenduetatik etorritako diru-sarreren frogagiria.

–Ohiz kanpoko beste diru-sarrera batzuk (herentziak eta legatuak, kalte-ordainak kaleratzeagatik edo bestelako egoera batengatik, etab.).

–Izan duten beste edozein diru-sarrera.

e) Bankuaren frogagiria, bere titulartasuneko kontu guztien egungo saldoarekin.

f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, edo diru-sarrera egiteko banku-kontuaren zenbakia.

g) Erreferentziazko profesionalak eskatzen dituen gainerako agiriak, beharrezkoak iruditzen zaizkionak laguntzaren auzia baloratzeko.

Baldin familia-unitate eskatzaileek errenta bermatua jasotzen badute, ez da beharrezkoa izanen c eta d apartatuetan aipatutako agiriak aurkeztea, interpretatzen baita betetzen direla baldintza horiek.

Ez da beharrezkoa izanen eskatutako agiriak aurkeztea baldin jada Mankomunitateak badauzka. Aurrekoa gorabehera, Mankomunitateak ezin badu materialki agiria lortu, eskatzaileari galdegiten ahal zaio agiri hori aurkez dezala (kasu batzuk ezin badira frogatu agiri espezifikoak aurkeztuta, horren ordez eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da).

9.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

Ondokoak izanen dira diruz lagungarriak, betiere gehieneko kopurua izanik kategoria edo azpikategoria bakoitzerako ezarritako muga. Familia-unitate bakoitzeko, 2.000 euroko diru-muga ezarri da urte osorako.

KATEGORIA

KONTZEPTUA

URTEKO GEHIENEKO ZENBATEKOAK FAMILIA-UNITATEKO

a) OSTATUA

Honako hauek ordaintzeko: etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka maileguaren kuota, etxebizitza partekatuko gela, bestelako ostaturen bat (apopilo etxea, hotela eta abar), auzokideen erkidegoko gastuak. (*)

Gehienez 3 hilabete urtean.

2.000 euro

Etxebizitza berrirako alokairuaren kontratua, baldin eskatzailearen benetako eta ohiko bizitokia bada, baldin berekin badakar hasierako ordainketa apartekoa eta baldin diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketei aurre egiteko.

Urtean behin.

800 euro

b) OINARRIZKO HORNIDURAK

Gastu hauek: ur hotzaren hornidura, zaborrak, kontribuzioa eta bestelako zerbitzu batzuk (estolderia, zaborrak biltzea, eta abar).

Hiruhileko bat urtero, hornidura bakoitzeko.

800 euro

Gastu hauek: argindarra, gasa, berokuntza, ur bero zentrala eta bestelako erregaiak (egurra, ikatza, berokuntzarako gasolioa).

3 hilabete urtero, hornidura bakoitzeko.

Oinarrizko horniduren kontratuen altak, ohiko bizilekuan; altaren kostuaren kopurua emanen da gehienez ere.

Urtean behin, hornidura bakoitzeko.

200 euro

c) NUTRIZIOA ETA HIGIENEA

Familia-unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (oinarrizko elementuak norberaren eta etxeko higienerako).(**).

Familia-unitateko
kideak

Gehieneko zenbatekoa, urteko

1

300 euro

2

600 euro

3

900 euro

4 edo gehiago

1.200 euro

d) PRESTAKUNTZA, ETA GIZARTEAN ETA LAN MUNDUAN SARTZEA

Honetarako gastuak: parte hartzea prestakuntza ez arautuetan eta/edo laneratze eta gizarteratze jardueretan, norbera gaitzeko, gizarteratze eta laneratze prozesuaren barnean.

Aurrekontuaren %80 izanen da diruz lagungarria, betiere gainditu gabe urteko eta pertsonako gehieneko zenbatekoa.

400 euro

e) OINARRIZKO BESTE PREMIA BATZUK

Apartatu honetan jasoko dira aurreko apartatuetan zehaztu gabeko laguntzak; betiere, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren balorazio teknikoaren bidez justifikatu beharko da laguntza horiek eman behar direla.

Aurrekontuaren %60 izanen da diruz lagungarria, betiere gainditu gabe urteko eta pertsonako gehieneko zenbatekoa.

Gehieneko zenbatekoa urteko eta pertsonako

400 euro

(*) Dirulaguntzan ezin da sartu kontzeptu honengatiko gastua baldin eta laguntza jaso duen familia-unitateak, eskaera egiten den unean, jasotzen baditu helburu bererako laguntzak, hain zuzen ere araututa daudenak abenduaren 26ko 28/2018 Foru Legean, zeinak arautzen baitu etxebizitzarako eskubide subjektiboa Nafarroan.

(**) Dirulaguntzan ezin da sartu kontzeptu honengatiko gastua baldin eta laguntza jaso duen familia-unitateak, eskaera egiten den unean, jasotzen badu errenta bermatua, arautua dagoena azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean.

10.–Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

Ordenantza honetako dirulaguntzen eskaerak baloratzeko, irizpide hauek baliatuko dira:

1.–Ordenantzaren 5. apartatuko baldintzak betetzea.

2.–Laguntza emateak larrialdia behin-behinean konpondu beharko du.

3.–Laguntza partziala emanen da baldin horrela onuradunak bere larrialdia konpontzen ahal badu.

4.–Ez da larrialdiko laguntza berririk emanen baldin aurrekoa justifikatu ez bada.

Eskaerari ezetz esanen zaio baldin Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen profesionalak uste badu ez direla betetzen oinarri hauetan zehazturiko baldintzak, edo eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada.

11.–Onuradunen betebeharrak.

a) Dagokion profesionalarekin hitzartutako helburua betetzea eta hitzartutako jarduerak edo atazak egitea, konpon dadin dirulaguntza eskatzea ekarri duen egoera.

b) Justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete direla, jarduera egin dela eta dirulaguntzaren helburua bete dela.

c) Jaso baldin bada beste dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik nahiz baliabiderik lagundutako jarduerak finantzatzeko, horien berri ematea jakin bezain laster Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari.

d) Ordenantzaren 12. puntuko kasuetan, jasotako zenbatekoak itzultzea.

e) Men egitea Mankomunitateak dirulaguntzen inguruan egiten dituen egiaztapen jarduketei eta finantza kontrolekoei.

12.–Jasotako zenbatekoak itzultzea.

Jasotako laguntza itzuli beharko du onuradunak honako kasu hauetan:

–Dena itzultzea:

  • Jasotako laguntza gehienez hilabeteko epean justifikatzeko betebeharra ez betetzea.
  • Laguntza zertarako eman den, beste zerbaiterako erabiltzea.
  • Laguntza eskuratzea eskatutako baldintzak bete gabe.
  • Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak ez betetzea.

–Zati bat itzultzea:

  • Justifikatzen ez denean emandako zenbateko guztiari dagozkion gastuak, diferentzia itzuliko da.
  • Jaso direnean beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk jarduera diruz lagungarriak finantzatzeko.

13.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazioko arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin tartean badaude doloa, errua edo zabarkeria hutsa:

a) Laguntza edo dirulaguntza eskuratzea hura emateko baldintzen inguruko datuak faltsututa, edo ezkutatuta laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak. Arau-hauste horrek berekin ekarriko du urte baterako galtzea Mankomunitatearen laguntza ekonomikoak jasotzeko aukera.

b) Jasotako zenbatekoak ez erabiltzea dirulaguntza ematean ezarririk zeuden helburuetarako, salbu eta diru hori itzuli bada errekerimendurik egin gabe. Arau-hauste horrek berekin ekarriko du 6 hilabeterako galtzea Mankomunitatearen laguntza ekonomikoak jasotzeko aukera.

c) Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, dirulaguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea. Arau-hauste horrek berekin ekarriko du urte baterako galtzea Mankomunitatearen laguntza ekonomikoak jasotzeko aukera.

Iragarkiaren kodea: L2213614