215. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

53/2022 FORU AGINDUA, urriaren 18koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesten duena Orkoiengo Kupueta auzoan (PIG 54).

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Aurrekoarekin bat etorriz, Orkoiengo Kupueta auzoan esku-hartze orokorreko proiektu bat onesteko eskatu da. Guztira 226 etxebizitzari eragiten die, eta honako 32 atari hauek hartzen ditu:

–Bordaldea 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 12.

–Aldaia 1, 2, 3, 4, 6.

–Kapuerta 1, 3, 5, 7, 9, 11.

–Ipertegi 1, 2, 3, 4, 5, 6.

–Zalpez 1, 2.

–Etxauri 15, 17.

Eraikin horiek 1960 eta 1970 bitartean eraiki ziren, eta multzo arkitektoniko homogeneo bat osatzen dute, garai hartako eraikuntza-sistema duena.

Jarduketa honen bidez, inguratzaile termikoa hobetuko da, eta eraikinak irisgarritasun unibertsalari buruzko berariazko araudira egokituko dira. Kanpoaldearekin kontaktuan dauden eraikuntza-elementu guztietan esku hartuko da, eta inguratzaile berriek, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren HE1 oinarrizko dokumentuan (Energia-eskaria mugatzea) eraikin berrietarako ezarritako eskakizunak beteko dituzte. Eta irisgarritasun-jarduketei dagokienez, SUA oinarrizko dokumentuan (Segurtasuna eta erabilera eta irisgarritasuna) eta SUA/2 laguntza-dokumentuan ezarritakoa betetzen da.

Horregatik guztiagatik, babesgarritzat hartzen diren jarduketak dira, eta behin-behineko kalifikazioa lor dezakete birgaitze-lan babesgarri gisa.

Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Orkoiengo 32 atari hauetarako esku-hartze orokorreko proiektua onestea (PIG 54):

–Bordaldea 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 12.

–Aldaia 1, 2, 3, 4, 6.

–Kapuerta 1, 3, 5, 7, 9, 11.

–Ipertegi 1, 2, 3, 4, 5, 6.

–Zalpez 1, 2.

–Etxauri 15, 17.

Proiektua atari hauetan aplikatuko da:

–Bordaldea, 5, 7.

–Aldaia 1, 2, 3, 4, 6.

–Ipertegi 2.

–Zalpez 1, 2.

–Etxauri 15, 17.

Gainerako atariak ez zaizkio proiektuari atxiki. Dena dela, esku-hartze orokorreko proiektuaren indarraldian zehar, noiznahi jakinarazten ahalko diote etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari proiektura bildu nahi dutela, eta hori nahikoa izanen da proiektua atari horietan ere aplikatzeko. Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabe-erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen erkidego onuradunek hala eskatuta.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen erkidegoei, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudioari, Orkoiengo Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.vivienda.navarra.es), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 18an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2213894