213. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko urriaren 11n hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela, nahitaez desjabetzeko, honako obraren proiektu honek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa: "Lizarra eta Villatuerta arteko bizikleta-zidorraren eraikuntza proiektua eta horren gauzatzea".

2022ko martxoaren 17an, Lizarrako tokiko gobernu batzarrak honako obraren proiektu hau onestea erabaki zuen: "Lizarra eta Villatuerta arteko bizikleta-zidorraren eraikuntza proiektua eta horren gauzatzea", bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Lizarrako Udalak eta Villatuertako Udalak 2021eko urriaren 8an sinatu zuten administrazioarteko hitzarmenarekin, proiektu hori garatzeko.

Obraren proiektuak jasotzen du 2. fasea gauzatzeak ukitzen dituen ondasun eta eskubideen zerrenda, gauzatzea ahalbidetuko duen behin betiko desjabetzeak egiteko.

Lizarrako Udalak, 2022ko ekainaren 2an egin osoko bilkuran, honako hau erabaki zuen: proiektu hori gauzatzearen ondorioz ondasunak okupatzeko (obraren 2. fasekoak) desjabetze-espedientea hastea, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batez onestea, dagokion kreditu atxikipena onestea eta informazioa jendaurrean jartzea hamabost egunez.

Jendaurreko aldia bukatuta, Lizarrako Udalak, 2022ko uztailaren 28an egin osoko bilkuran, aipatutako desjabetze-espedientean ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda behin betiko onetsi zuen, eta onespen horretan modu inplizituan deklaratu ziren onura publikoa eta okupatu beharra. Halaber, ahalmena eman zion alkateari honako hauek sinatzeko: okupatu aurreko aktak, bi alderdiek adostutakoak, ordainketakoak eta okupaziokoak, bai eta desjabetzea egiteko beharrezkoak izaten ahal diren bestelako agiriak ere.

Horiek horrela, 2022ko irailaren 21ean, Lizarrako Udalak eskatu zion Nafarroako Gobernuari presakoa deklara zezala "Lizarra eta Villatuerta arteko bizikleta-zidorraren eraikuntza proiektua eta horren gauzatzea" aipatutako obra gauzatzeko ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioaren presako izaera obren 2. fasea arin egin beharraren ondorioa da (ukitutako lurzatia izan arte ez da posible obrak gauzatzea), bizikleten zirkulazioa errazteko eta erabiltzaileek segurtasuna bermatzeko. Bizikletentzako azpiegiturak eraikitzeak mugikortasun jasangarria eta ekonomia zirkularra bultzatzen ditu, ibilgailu motordunekiko morrontza gutxitzen du, udalerrien arteko komunikazioa ahalbidetzen du eta turismoa sustatzen du.

Espedientean Lizarrako Udalaren kontu-hartzailetzaren ziurtagiria dago, egiaztatzen duena udal aurrekontuan kreditu egokia eta nahikoa kontsignatu dela ordaintzeko bai ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua, baita desjabetze prozeduraren ondoriozko gainerako betebehar ekonomikoak ere.

Nafarroako Gobernuak, Lizarrako Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakoa deklaratzea, nahitaez desjabetzeko, "Lizarra eta Villatuerta arteko bizikleta-zidorraren eraikuntza proiektua eta horren gauzatzea" obraren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Lizarrako Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2022ko urriaren 11n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2213580