213. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

557E/2022 EBAZPENA, irailaren 5ekoa, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatzen baita Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren gobernu batzarraren berritzea eta haren estatutuen aldaketa.

Barneko zuzendari nagusiaren ekainaren 17ko 958/2003 Ebazpenaren bidez agindu zen Nafarroako Lanbide Elkargoen Erregistroan Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala inskribatzeko, eta haren estatutuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Lehendakaritza eta Justiziako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 30eko 80/2015 Ebazpenaren bidez, elkargo horren azken gobernu batzarra inskribatu zen, zeina erregistro horretan jasota baitago, eta 2014-2018 aldirako hautatu baitzen.

2022ko ekainaren 24an, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak estatutuen aldaketa inskribatzeko eskaera aurkeztu zuen Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan. Egiaztatu denez, aldaketa hori batzar nagusiak erabaki zuen, 2021eko azaroaren 12an eta 2022ko ekainaren 23an egindako bilkura berezietan, estatutuetan ezarritako prozedurari jarraituta. Horrela jaso da elkargoko idazkariak, elkargoko lehendakariaren oniritziarekin, 2022ko ekainaren 24an igorritako ziurtagirian.

Nafarroako Elkargo Profesionalei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean eta haren Erregelamendua onesten duen abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera eskaera aztertu ondoren, zuzentzeko errekerimendua egin zitzaion Elkargoari. Hartan zenbait hutsune aipatzen dira gobernu batzarra berritzeari buruz, eta estatutuetako hiru artikulu.

Elkargoak, 2022ko uztailaren 27an, izapidea zuzendu zuen, eskatutako dokumentazioa aurkeztuta.

Batzarra berritzeari dagokionez, idazkariak 2018ko irailaren 24an lehendakariaren oniritziarekin emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatu da egun horretan bertan hautatu zela batzarra, estatutuen arabera, eta jarraian zerrendatzen diren karguek jasota utzi zutela horiek onartu eta karguaz jabetu zirela.

–Lehendakaria: Ana Isabel Jiménez Lasanta.

–Lehendakariordea: Jone Noain Insausti.

–Idazkari nagusia. Sara Rubio Ibarzo.

–Diruzaina: Edurne Arana Salas.

–I. batzarkidea: Rocío Florido Florido.

–II. batzarkidea: José Antonio Zuzazu Ayesa.

2018-2022 aldirako hautatutako gobernu batzarraren inskripzioa bat dator Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legearen 20. artikuluan eta lege hori garatzeko erregelamendua onesten duen abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoarekin; horien arabera, lanbide elkargoen erregistro-inskripzioan jasoko da elkargoen organoen une bakoitzeko osaera.

Estatutuak aldatzeari dagokionez, egiaztatu da batzar nagusiak onetsitako estatutu-aldaketak bat datozela indarreko legeriarekin. Hain zuzen ere, aldaketen ondoko estatutu berriek betetzen dituzte Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean eta hori garatzen duen abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduan ezarritako baldintzak.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren bidez eman zaizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatzea Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren gobernu batzarraren berritzea, ebazpen honen adierazpen zatian zehazten den moduan.

2. Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa partziala inskribatzea Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan, ebazpen honen adierazpen zatian zehaztu den bezala. Testu osoa, aldaketak barne, ebazpen honen eranskinean ageri da.

3. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila ebazpen hau, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren estatutuak biltzen dituen eranskinarekin batera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau Nafarroako Fisioterapeuten Elkargoari jakinaraztea, eta adieraztea ezen ebazpen honek ez diola amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakiokeela Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Iruñean, 2022ko irailaren 5ean.–Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia, Joseba Asiain Albisu.

Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren estatutuak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2211969