213. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CASTEJÓN

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, lorezaintzan eta hilerriko lanetan ere aritzeko

Alkatetzaren 2022ko urriaren 7ko 587/2022 Ebazpenaren bidez onetsia.

Castejonen, 2022ko urriaren 7an.–Alkate udalburua, David Álvarez Yanguas.

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, D mailakoa, Castejongo Udalaren zerbitzura ari dadin, bereziki lorezaintzako lanak eta hilerriko zerbitzuak ere (ehorzlea) barne harturik, lan-araubide finkoan.

1.2. Era berean, deialdi honen xedea da hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, 9. apartatuan ezarritakoarekin bat, izangaien zerrenda bat eratzea, zerbitzuan sortzen diren beharren arabera lanpostuak aldi baterako betetzeko.

1.3. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira Langileriaren Estatutuaren 251/93 Legegintzako Foru Dekretuan D mailako lanpostuetarako ezarritakoak, baita Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari buruzko uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan ezarritakoak ere, eta ordainsari osagarriak, halakorik balego, aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezartzen badira eta Castejongo Udalaren plantilla organikoan zehaztuta badaude.

1.4. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera. Lanaldia astelehenetik igandera bitartean banatu ahal izanen da, eta behar diren jaiegunetan lan egin beharko da. Orobat, lanpostuari berez dagozkion eginkizunak bete beharko dira Udalak antolatzen dituen edo laguntzen dituen ekitaldi guztietan, herriko jaiak barne, urte osoan zehar.

1.5. Plazaren titular izendatzen denak zerbitzu anitzetako berezko jarduerak eginen ditu obra lantaldean, eta horien artean hilerriko zerbitzuari dagozkionak daude. Zehazki eta batez ere lorezaintzan arituko da, eta, lantaldeko arduradunarekin batera, arduratuko da udalerriko lorategien eta berdeguneen kontrolaz, mantentze lanez eta funtzionamenduaz, ureztatzeak barne. Hona hemen horietariko batzuk, aipatzearren eta bestelakoak baztertu gabe:

–Azpiegitura publikoen mantentze-lanak, hilerria, berdeguneak eta lorategiak barne.

–Kudeatzea udalerriko ureztaketak. Automatizazioa eta mantentze-lanak.

–Zuhaitzen kudeaketa, lantaldeko arduradunarekin koordinatuta.

–Izurrite arruntei aurre egiteko bitartekoak kudeatzea eta beharrezkoak diren tratamenduak aplikatzea, betiere arduradunak gainbegiratuta eta metodo jasangarriak, ekologikoak eta ingurumena errespetatzen dutenak aplikatuta.

–Bere jardun-eremuarekin lotutako makineria, erremintak eta lanabesak kontrolatzea, maneiatzea, mantentzea eta konpontzea, bai eta erreminten eta makinen behar posibleak proposatzea eta justifikatzea ere.

–Altzariak eta gauzak lekualdatzea eta paratzea, parkeen mantentze-lanak.

–Berdeguneak, zuhaitzak, loreak eta zuhaixkak mantentzeko lanak (inausketak, soropila moztea, landaketak, ereitea, ongarritzea...).

–Baso-lanak egitea, Udalaren eskumenenen barnean, eta ingurumena babestekoak.

–Jai eta ekitaldi publikoetan agertokiak, hesiak eta bestelako altzariak muntatzea eta desmuntatzea.

–Kaleak garbitzeko eta bide publikoak mantentzeko lanak.

–Azpiegituren, parkeen, lorategien, berdeguneen eta udal-zerbitzuen ohiko mantentze-lanek eskatzen dituzten iturgintzako, oinarrizko elektrizitateko, soldadurako, zurgintzako eta lorezaintzako lanak.

–Igeltserotza-lanak, oro har, eta udal eraikinen eta instalazioen mantentze-lanak.

–Hilerriko zerbitzu integraleko lanak. Gorpuak lurpetik ateratzea eta lurperatzea, eta hilerria kontserbatu eta mantentzeko lanak.

–Bere maila eta kategoriaren barnean agintzen zaizkion gainerako lanak.

2.–Baldintzak.

Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

–Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izaki, haien kontura bizi badira.

–Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituen eginkizunetan aritzeko.

–Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Lanbide Heziketako lehen mailako titulua edo haren baliokidea izatea (espezialitatea: mantentze-lanak, elektrizitatea, iturgintza, igeltserotza, lorezaintza edo eskainitako lanpostuaren adarra), edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

–Izangaiek alegatzen badute badituztela eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak, aipatu beharko dute baliokidetasun hori onartzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena, edo, bestela, aurkeztu beharko dute Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako ziurtagiria.

–Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

–Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinazko kaleratze bidez despeditua ere.

–B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

–Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte bai lanpostua betetzeko izendatua den pertsonak bai aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak edo Udalari baimena ematen ez diotenak horiek kontsultatzeko, plaza bete behar badute, ezin izanen dira kontratatu. Ordura arteko haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautaketa-prozesuak, izendapenak eta kontratazioak iraun bitartean ere bete beharko dira.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu behar dute telematika bidez, mezu elektronikoa bidalita Udalera; presentzialki, erregistro orokorrean, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), I. eranskinean jasotzen den eskabide ereduari jarraikiz.

3.3. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Honako hauek erantsi behar zaizkio eskaerari:

–NANaren fotokopia edo horren baliokidea den agiriarena.

–Deialdi honen 2. puntuan eskatutako titulazioaren fotokopia arrunta, edo parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako hura lortzeko moduan egotea egiaztatzen duen ziurtagiria.

–B motako gidabaimena duela egiaztatzen duen fotokopia.

–Alegatzen diren merezimendu guztien zerrenda eta haien egiaztagirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, deialdiaren 6. apartatuan ezartzen denari jarraikiz.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzita, Alkatetzak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitara dadila aginduko du.

Behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira 6. puntuan jasotako probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: David Álvarez Yanguas, Castejongo Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

Lehen epaimahaikidea: Raúl Malo Sanz, udal lantaldeko arduraduna.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

Bigarren epaimahaikidea: Francisco Javier Vaquero Nieves, Udaleko aparejadorea.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

Hirugarren epaimahaikidea: Castejongo Udaleko langileen legezko ordezkaritzak izendatzen duena.

Ordezkoa: Castejongo Udaleko langileen legezko ordezkaritzak izendatzen duena.

Laugarren epaimahaikidea (idazkaria): Castejongo Udaleko idazkari nagusia.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

Epaimahaiaren bileretara joan ahal izanen da Udalak izendatzen duen legelaria.

Epaimahaiaren bileretara udal talde politiko bakoitzeko ordezkari bat deituko da, eta hitza izanen du, baina botorik ez.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Castejongo Udalari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio epaimahaiaren konposizioa aldatzen bada, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.4. Epaimahaiak ebatziko ditu, gehiengoz, deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza izan dezake, laguntzeko proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.6. Epaimahaiak erabakiak hartzeko behar dituen txosten tekniko eta juridikoak eskatu ahal izanen ditu.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Hautaketa-prozesua bi urratsetan gauzatuko da, hurrenez hurren, lehenbizi, lehiaketaldia, eta bigarrenik, oposizioaldia. Oposizio-lehiaketan, guztira, 100 puntu lortzen ahalko dira.

6.1. Lehiaketaldia.

6.1.1. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean, 3.3 oinarrian jasotzen den bezala, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsaturikoak erabiliz horretarako. Bestela, ez dira kontuan hartuko.

Egindako zerbitzuen apartatuan alegaturiko merezimenduak egiaztatuko dira dagokion administrazio publikoen, entitate eta bestelako enpresa erakunde pribatuen ziurtagirien bidez, eta ziurtagiri horietan jaso beharko dira lan egindako denbora, lanbide-kategoria eta lanaldiaren iraupena.

6.1.2. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdi honetako baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

6.1.3. Aipatu baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia izan beharko dute agiriek. Ez dira kontatuko justifikatzen ez diren merezimenduak.

Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahal ditu lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.

6.1.4. Lehiaketaldiak 20 puntuko balorazioa izanen du, gehienez ere. Honela banatuko dira puntuak:

a) Izangaiaren esperientzia zerbitzu anitzetako langile gisa, lorezain gisa eta/edo ehorzle gisa: 10 puntu, gehienez.

–Tokiko edo foru-erkidegoko administrazio publikoan izandako esperientzia: gehienez ere, 2 puntu urte bakoitzeko.

–Erakunde autonomo, enpresa publiko eta enpresa pribatuen esparruan: puntu 1 urteko.

b) Beste titulazio batzuk eta prestakuntza osagarria: 10 puntu, gehienez.

–Erdi-mailako teknikariaren titulazioa (2. oinarrian eskatzen den titulazioaren betekizuna justifikatzeko aurkezten duenaren osagarri) lorezaintza-loradendan, mantentze-lanetan, elektrizitatean, iturgintzan eta igeltserotzan eta/edo eskainitako lanpostuarekin zerikusia duen bigarren mailako Lanbide Heziketako titulazioa: puntu 1 bakoitzeko, gehienez 3 puntu.

–Lorezaintzarekin eta eraikin, instalazio eta makinen mantentze-lanekin zuzenean lotutako prestakuntza-ikastaroak, gutxienez 20 ordukoak ikastaro bakoitzeko, zentro ofizialek edo erakunde publikoek homologatu edo emandakoak. Titulua edo ikastaroa egin izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta zenbat ordu eman dituen adierazi beharko da bertan. Iraupena zehazten ez bada, 0 puntu emanen dira, eta ikastaro batzuen eta besteen orduak ezin izanen dira metatu, apartatu honetan ezarritako 20 orduko gutxienekoa erdiesteko. 0,50 puntu emanen dira bakoitzeko; gehienez ere 3 puntu.

–Laneko arriskuen prebentzioarekin, lehen laguntzekin, tratamendu fitosanitarioekin, suteen prebentzioarekin, babes zibilarekin eta ingurumenaren babesarekin lotutako ikastaroak, tailerrak eta jardunaldiak, gutxienez 6 ordu ikastaro, jardunaldi edo tailer bakoitzeko, zentro ofizialek edo erakunde publikoek homologatutakoak edo emandakoak. Titulua edo ikastaroa egin izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta zenbat ordu eman dituen adierazi beharko da bertan. Iraupena zehazten ez bada, 0 puntu emanen dira, eta ikastaro batzuen eta besteen orduak ezin izanen dira metatu, gutxienekoa erdiesteko. 0,25 puntu emanen dira, bakoitzeko; gehienez ere 3 puntu.

–Erakunde ofizialek edo gaituek behar bezala homologatutako eta emandako Laneko Arriskuen Prebentzioko oinarrizko ikastaroa gainditzeagatik lortutako titulazioa izatea, gutxienez 50 ordukoa, 39/97 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Honela puntuatuko da: 1 puntu.

6.1.5. Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

6.1.6. Merezimenduen balorazioa egindakoan, emaitzak argitara emanen dira udaletxeko iragarki-taulan eta Interneten ere kontsultatu ahalko dira, web-orrian (www.castejon.com).

6.2. Oposizioaldia.

6.2.1. Oposizioa hasteko eguna adieraziko da onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko alkatetzak ematen duen ebazpenean; bertan zehaztuko dira oposizioko lehenengo proba egiteko lekua, eguna eta ordua.

Oposizioaldiko proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Castejongo Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute.

Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2.2. Oposizioaldiko probak honako apartatu honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eta ordena berean eginen dira.

6.2.3. Oposizioan 80 puntu lortu ahal izanen dira gehienez eta ariketa hauek izanen ditu:

6.2.3.1. Lehen ariketa.

Proba teorikoa izanen da, eta test motako 40 galdera erantzun beharko dira gehienez ere, idatziz, II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko hiru aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Ongi erantzundako galdera bakoitzari puntu 1 emanen zaio, eta erantzun oker bakoitzagatik 0,25 puntu kenduko dira. Erantzun gabe utzitako galderak ez dira puntuatuko, eta haiengatik ez da punturik kenduko.

Kalifikazioa: ariketa horretan gehienez ere 40 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 20 puntu lortzen ez dituztenak.

6.2.3,2. Bigarren ariketa.

Lanpostuarekin zerikusia duten bi proba eta/edo kasu praktiko egin beharko dira, II. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak.

Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 20 puntu erdietsi behar dira.

Halaber, bazterturik geldituko dira, bi probetako eta/edo kasu praktikoetako batean 0 puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.

6.2.4. Ariketak plika-sistemaren bidez eginen dira, salbu eta proba praktikoak egiten badira eta ez kasu praktikoak.

6.2.5. Epaimahaiak ariketa hasterakoan adieraziko du izangaiek zenbat denbora izanen duten proba bakoitza egiteko.

6.2.6. Proben edukiari buruzko alegazioak jartzeko hiru egun baliodun izanen dira, zenbatzen hasita ariketa egin den egunaren biharamunetik edo, test motako ariketaren kasuan, erantzun zuzenen plantilla argitaratzen den egunaren biharamunetik. Test motako ariketari buruzko alegazioei dagokienez, epaimahaiak aztertu eginen ditu, eta ebatzitzat eta erantzuntzat joko dira aldatutako erantzunen txantiloia argitaratzearekin bat edo, hala badagokio, probaren kalifikaziotik ondorioztatzen den erabakiarekin.

6.2.7. Egindako azterketak berrikusteko eskabideak hiru egun balioduneko epean baino ez dira onartuko, dagokion ariketako kalifikazioak argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

6.2.8. Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinduta jarraituz gero, deialdi honen 6. apartatuko bigarren eta lehen ariketetan –ordena horretan– ateratako puntuazioa hartuko da kontuan eta, azkenik, berdin jarraituz gero, jendaurreko zozketa eginen da.

7.–Gainditu dutenen zerrenda eta izendapen proposamena.

7.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian jarriko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioekin, eta lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Gero, zerrenda hori Alkatetzari igorriko dio, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko –eta, beraz, kontratatzeko– proposamenarekin eta espediente osoarekin batera.

Halaber, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda igorriko dio, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda eratzeko. Izan ere, zerrenda horrek indarra duen bitartean egitekoak diren kontratazioetarako erabiliko da. Indarraldia, hain zuzen, urtebetekoa izanen da, baina 4 urtez luzatzen ahalko da.

Izendatzeko proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta Udalaren webgunean argitaratuko da.

7.2. Proposatzen den izangaiak dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 10 egun naturaleko epearen barnean:

–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

–Deialdiaren 2. apartatuan eskatzen diren tituluetako baten fotokopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

–B motako gidabaimenaren fotokopia.

–Osasun txostena, Castejongo Udalaren mutuak emana, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

–Zinpeko edo zinezko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

–Desgaitasuna alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz egina. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

7.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe bere eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

7.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja Alkatetzak, eta harekin aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

7.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Alkatetzak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honetan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

8.–Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

8.1. Alkateak Castejongo Udaleko lan-kontratudun langile finko izendatuko du aurreko apartatuetan ezarritakoa betetzen duen izangaia, eta kontratua sinatuko du bete dezan zerbitzu anitzeko lanpostua, lorezaintzako eta hilerriko zerbitzuko lanak barne.

8.2. Kontratua sinatzearen eta lanpostuaren jabetza hartzearen ondorioz, izendatua nomina eta plantillako lan-kontratudun finko bilakatuko da, indarra duten xedapenek Castejongo Udalaren zerbitzuko langile horiendako ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

8.3. Izendatutako izangaiak 15 egun naturaleko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, kontratua sinatzen duen egunetik hasita, edo 30 egun naturaleko epean izendapenaren egunetik hasita.

Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, Castejongo Udaleko enplegatu izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakorik gertatuz gero, deialdiaren 7.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

Kontratatutako izangaiak bi hilabeteko probaldia egin beharko du, eta kontratuak berariaz adieraziko du hori. Epe horretan, langileak betetzen duen lanpostuari dagozkion eskubide eta betebehar berberak izanen ditu, plantillakoa balitz bezala, eta lan-harremana desegin ahal izanen da probaldia amaitutakoan, alderdietako edozeinek hala nahi badu, inolako arrazoirik alegatu gabe eta aurreabisurik eman gabe.

9.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda bat eratuko da, osatuko dutena hautaketa-prozesuan parte hartu eta gainditu bai baina plazarik eskuratu ez dutenek. Horiek honako hau osatuko dute:

a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

9.2. Alkatetzaren ebazpen bidez onartuko dira bi zerrendak eta zerrenda horiek kudeatzeko arauak.

9.3. Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, jokatuko da bat etorriz xedatzen denarekin abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan (horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

9.4. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuz.

9.5. Baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

9.6. Eskatutako agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek, aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galduko dituzte deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak; betiere, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

9.7. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

10.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdiaren eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

10.2. Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

11. Datuen babesa.

11.1. Xedea: Ematen diren datu pertsonalak Udalak egindako hautapen-prozesuan erabiliko dira, udal eskumenak gauzatzeko.

11.2. Tratamenduaren legitimazioa:

–Tratamendua beharrezkoa da betetzeko eginkizun bat interes publikoaren aldekoa edo botere publikoak erabiliz - abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

–Adostasuna.

11.3. Eskubideak non erabili: Erregistro-bulegoan eta egoitza-elektronikoan erabiltzen ahalko ditu datuetan sartzeko eta horiek zuzendu eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta tratamendua mugatu eta haren kontra egitekoak ere. Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo egoitza-elektroniko honetara: www.agpd.es.

11.4. Datuak gordeko diren denbora: Datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak.

11.5. Datuen hartzaileak: Datuak sindikatuei, langileen batzordeei eta organo judizialei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

I. ERANSKINA

Parte hartzeko eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Castejongo Udala. Kideak hautatzea. Udalaren antolamendua eta eskumenak. Osoko bilkura. Alkatea eta zinegotziak. Informazio batzordeak. Udaltzaingoa.

2.–Castejon: herria eta geografia. Udaleko kale, auzo eta bideak. Zerbitzu publikoak. Instalazio eta ekipamendu publikoak. Lorategi eta parke publikoak.

3.–Matxura eta konponketa ohikoenak igeltserotzan, iturgintzan, pinturan, elektrizitatean, sarrailagintzan, zurgintzan eta lorezaintzan.

4.–297/2001 Foru Dekretua, Hileta-osasunari buruzko erregelamendua (2021/11/26ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala). 772/2011 Foru Agindua, Hilotzak Lurpetik Ateratzeko Protokoloa onesten duena (2011/11/18ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

5.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.

6.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko erregelak.

7.–Oinarrizko ezagutzak laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauez eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauez. Segurtasuna, makineria eta erremintak erabiltzean.

8.–Lorezaintzako kontserbazio-lanak: soropilak eta belardiak kontserbatzeko lanak, zuhaitzak eta zuhaixkak kontserbatzeko lanak, lore-landareak eta erraboil-landareak kontserbatzeko lanak.

9.–Lorezaintzako sortze eta/edo birjartze lanak: soropila birjartzea eta ereitea; zuhaitzak, zuhaixkak eta lore-landareak birjartzea.

10.–Inausketa-lanak: zuhaitzak inaustea, zuhaixkak, muluak eta heskaiak inaustea.

11.–Izurriteak eta gaitzak lorezaintzan.

12.–Ureztatzeko sarea kontserbatzeko lanak: ureztatzeko sareari buruzko oinarrizko ezagutzak, eta ureztatzeko instalazioaren mantentze-lan prebentiboa eta zuzentzailea.

13.–Ibilgailuen eta makinariaren eta bitarteko lagungarrien erabilera lorezaintzan. Erremintak berrikustea, zorroztea eta doitzea. Segurtasun neurriak, ibilgailuak eta makinak erabiltzean.

14.–Matxura eta konponketa ohikoenak igeltserotzan, iturgintzan, pinturan, elektrizitatean, sarrailagintzan, zurgintzan eta lorezaintzan.

15.–Azpiegiturak lorategi zonetan eta egonlekuetan. Ezagutza orokorrak.

16.–Lurzoruaren ezaugarri fisiko eta kimikoak. Eginkizunak. Lurzoru moten azterketa. Lorezaintzan erabiltzen diren lur motak. Lurzorua mantentzea.

17.–Lehen sorospenak. Babes-ekipamenduak, seinaleztapena eta prebentzio-neurriak zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanetan.

Iragarkiaren kodea: L2213504